« ANTON KAIKU (1882) | ARANTZAZU EUSKAL-SINESMENAREN POEMA (1949) » |
ANTZERKI ETA POEMAK (2001)
Jon Iruretagoiena edo Iruretagoiena’tar Jon, bi moduetan agertzen baita idatzita idazlearen izena euskaraz (Zarautz 1899-1982), XX. mendeko euskal literaturan topatu daitekeen idazle ahaztu horietako bat da. Egia esan, baztertzea ez da oso harrigarria, batez ere kontuan hartzen badugu literaturaren alorrean idazlan gutxi utzi zituela. Antza denez, poema pare batek eta hiru antzerki laburrek, ia esketxaren mugatik ere pasatzen ez direnek, osatzen dute egileak literaturan egindako lan osoa, 2001.ean liburu-formatuan Antzerki eta poemak izenburupean argitaratu zena.
Literatur lanez gainera, euskaraz erlijioari buruzko idazki batzuk eta antzerkiarekin edo erlijioarekin erlazionatutako testu batzuen itzulpenak ere aurki daitezke; horietako batzuk oraindik ere argitaratu gabe diraute. Euskaraz egindako lan horiek alde batera utzita, gazteleraz idatzitako testuren bat ere topatu bada egilearen produkzioan, etnologiazko lanak gehienbat, 20ko hamarkadan Barandiaranen kolaboratzailea izan baitzen.
Literatur lanei dagokienez, gehienak 20ko hamarkadan burutu zituen. Hauxe da Antzerki eta poemak liburuan agertzen diren lanen zerrenda osoa:
- “Gau-ostatua”. 1921ean Euskal esnalean argitaratua. Ekitaldi bakarreko drama.
- “Belgundaria”. 1923an Jaungoikozalen argitaratua. Poema.
- “Atso poxpoliña”. 1929an Euskal esnalean argitaratua. Bakarrizketa.
- “Otarka aza”. 1929an Euskal esnalean argitaratua. Antzerki moduan aurkeztutako elkarrizketa laburra.
- “Gazi-gozoak”. 1957an Eganen argitaratua. Poema.
Idazlan horietatik guztietatik interesgarriena, besteak baino asmo sakonagoarekin burututa dagoela ematen duen aldetik, lehenengo idazlana da, “Gau-ostatua” izenburuko antzerki-lana. Lan hori laburra da, ekitaldi bakarrekoa, eta gizonezkoek bakarrik antzeztua izateko pentsatuta dago. Argumentua honela labur daiteke: apartatutako baserri batera gauez iheslari bat heltzen da; etxekoek, aitak eta semeak, ostatua ematen diote, baina berarekin hitz egitean aita konturatzen da iheslari hori erlazionatuta dagoela familiak aspaldi bizi izandako tragedia batekin, ia isilpean gorde nahi izan den tragediarekin, hain zuzen ere, etxeko andrearen hilketa. Sinbolismo leun baten aztarnak aurkezten ditu lan horrek (gau giroak gertatuko denaren zantzuak eskaintzen ditu, adibidez) eta argumentua zuzenki erlijiosoa ez bada ere, bertan agertzen diren zenbait gai idazlearen erlijio kezken ondoriozkoak direla esan daiteke, erruaz, damuaz eta barkamenaz aritzen den antzerki lan baten aurrean baikaude.
“Atso poxpoliña” da bigarren antzerki-lana, bakarrizketa bat baino ez dena. Gaztaina-saltzaile bat da bertan agertzen zaigun pertsonaia bakarra. Gaztainak saltzeko esaten dituen hitzak eta bere pentsamenduaren islak direnak nahasten dituen bakarrizketa baten bidez, askatasunaren aldarrikapena egiten du pertsonaiak, erruki-etxean izango zukeen bizitza ordenatuari kontrajarrita. Gaia pertsonaiaren ikuspuntutik aurkeztuta dago, eta ematen du idazlearen asmoa egoera aurkeztea izan dela, aurkezpen horretatik ikusle bakoitzak bere ondorioak atera ditzan.
“Otarka aza” antzerki-lana are laburragoa da, bi orrialdeko esketx moduko elkarrizketa, besterik ez. Tren batean kokatuta dago, eta baserritarren eta kaletarren jokaera desberdinak azaltzen zaizkigu, baserritarrak kaletarren gainetik geratzen direlarik.
Poesiari dagokionez, “Belgundaria” izeneko testua da idazlearen lehenengo poema. Bertan misiolarien apologia egiten du egileak modu zuzen batean.
Datei erreparatzen badiegu, literaturaren alorrean ia hogei urteko isilaldia datorkigu (tartean, Gerra Zibila, eta gerrak iraun bitartean idazlearen erbesteratze laburra) hurrengo poema agertu arte: “Gazi-gozoak”. Poema horrek, ia-ia sehaska kantu bat balitz bezala, azaltzen du nola denbora igarotzeak aldatzen dituen hasierako ametsak gauza mundutarrei gehiegi emanez gero. Haurtzaroko xalotasunera bueltatzeko gonbidapentzat har daiteke poematxoa, non elipsiak, paralelismoak eta errepikapenak lanketa poetiko handiago baten adibidea eskaintzen baitigute.
Hauxe da idazleak utzitako literatur lan osoa. Eta laburregia bada ere, joerak eta ondorio orokorrak markatzeko nahikoa da; ezen, literaturari dagokionez, egilearen lana bi zutaberen gainean eraiki dela esan daiteke: erlijio-erroak dituen planteamendu morala eta baserritarren mundutik ateratako populismoa.
BIBLIOGRAFIA
IRURETAGOIENA, Jon (2001): Antzerki eta poemak. Olerti Etxea. Zarautz.
ONAINDIA, Santi (1977): “Juan Iruretagoiena Aiestaran”. Euskal Literatura V. Etor
[Interneteko bertsioa: http://zubitegia.armiarma.com/?p=ona-497].
« ANTON KAIKU (1882) | ARANTZAZU EUSKAL-SINESMENAREN POEMA (1949) » |