« EUSKAL ERRIJETAKO OLGEETA TA DANTZEEN NEURRIZKO GATZ-OZPINDUBA (1816) | EUSKALDUNAK (1934) » |
EUSKAL IDAZLAN GUZTIAK (1988)
Koldo Mitxelena euskal kulturaren erdigunean kokatutako pertsonaia dugu. Idazle honek euskal kulturan betetzen duen espazioa kontuan hartu gabe, ezinezkoa da ulertzea euskal ikasketen alorraren eraberritzea nola gauzatu zen XX. mendeko 50eko hamarkadatik aurrera. Baina alde honetatik begiratuta Koldo Mitxelenaren garrantzia gutxitan jarri bada eztabaidan, euskal idazlea (euskaraz idazten zuen idazlea) zen aldetik zein toki bete behar zuen dudazkoagoa izan da. Izan ere, azaleko inpresio huts bati jarraituta, ematen zuen Mitxelena euskaraz gutxi idatzitzako pertsona izan zela.
Gauzak horrela, 1988.ean haren Euskal idazlan guztiak (MEIG laburdurarekin ezagutzen diren idazlanak) bederatzi liburukitan argitaratu zirenean argi geratu zen azaleko inpresio horrek ez zuela funtsik, Jon Kortazarrek adierazten duen moduan (Kortazar 1990: 118-119).
Bestaldetik, liburuki horietan argitaratutakoari erreparatzen badiogu, ikusiko dugu Mitxelenak hizkuntzalaritzaz eta euskal kulturaz gainera, bestelako kezkak ere erakusten zituela, haren idazlanetan askotariko gaiak topatzen baititugu. Izan ere, euskal kulturaz arduratzeaz gainera, kultura unibertsala euskaraz ere azaltzeko ardura agertzen da bere idazketa-praktikan.
Mitxelenaren idazlan guztiak argitaratu ziren liburukiak banan banan aztertuta ikuspegi hau sortzen zaigu, liburuki bakoitzaren azpitituluan adierazten denaren arabera:
- MEIG-I: Bertso berriak, berriketan, zinea eta adabakiak
- MEIG-II eta MEIG-III: Liburuak
- MEIG-IV eta MEIG-V: Literaturaren inguruan
- MEIG-VI eta MEIG-VII: Hizkuntzalaritzaz
- MEIG-VIII eta MEIG-IX: Artikuluak eta beste
Eta Mitxelenaren euskal idazki hauek, artikulu, hitzaurre zein hitzaldi, hainbat lekutan argitaratu baziren ere, ezinbestekoa da Mitxelenak Egan aldizkariarekin izan zuen lotura aipatzea, 1954.ean haren zuzendaritzan jarri zelarik, aldizkari horren arima izan baitzen Mitxelena, eta berak argitaratutako euskal testu asko aldizkari horren orrialdeetan azaldu baitziren.
Gaiei ohartuta, bederatzi liburu horietatik lau erlazionatuta daude, aldez edo moldez, literaturarekin eta bi bakarrik hizkuntzalaritzarekin. Beste hiru liburukietan miszelanea moduko bat aurkitzen dugu, non askotariko gaiez aritzen diren artikuluekin batera bi atal nabarmentzen diren, biak lehenengo liburukian agertzen direnak, besteetatik pixka bat urruntzen diren alorrak dira-eta: Zine kritikak eta Mitxelenak berak kulturako zenbait pertsonaiari egindako elkarrizketak.
Zineari dagokion lehenengo atal horretan agertzen zaigunak balio dezake kontura gaitezen Mitxelena nola zegoen adi kulturaren arloan gertatzen zenari, zeren 50ko hamarkadan zehar egindako zine kritika horietan agertzen zaigun idazleak erakusten baitigu bazekiela zerbait (eta ez gutxi) zineari buruz, eta alor horretan ikuspegi zabala ez ezik sakona ere azaltzen du.
Adibide batzuk besterik ez ematearren, Egan-en argitaratutako artikuluetan kritikatu zituen filmen artean Akira Kuroshawa-ren Rashomon topatu ahal dugu (1955.ean agertutako kritika) edota Muerte de un ciclista. Baina, baita ere, zine beltzetik hurbil dagoen Más dura será la caÃda (horrela aipatzen du Mitxelenak, gaztelerazko bertsioan) filmari buruz idatzitako artikulua, 1956.ean argitaratua, edota westernei zein komediei buruzkoak. Kritika hauek 1954.etik 1961.era bitartean argitaratu ziren eta azkena El séptimo sello filmari buruzkoa izan zen.
Xabier Altzibarrek hiru ezaugarri hauek nabarmentzen ditu Koldo Mitxelenaren idazlanez hitz egiterakoan (Altzibar 2000: 611-612):
- Erreferentzia pertsonal eta autobiografikoa eta tonu polemikoa.
- Argumentazioaren erabilera.
- Idazkera erretorikoa.
Lehenengoari dagokionez, esan behar da batez ere euskal kulturatik hurbil dauden gaiak aipatzerakoan Mitxelenak ez duela polemika baztertzen, Jokin Zaitegirekin izan zuen hika-mikak erakusten duen bezala.
Argumentazioa dela-eta, Altzibarrek aipatutako lekuan adierazten duen moduan, sendoa da, zehatza, inolako arrakalarik gabea. Logikatik hartutako baliabideak erabiltzen ditu Mitxelenak eta askotan kontraargumentaziora jotzen du arbuiatu nahi duen iritziaren absurdua azpimarratuz. Bestaldetik, esan behar da Mitxelenaren idazkera askotan oso ironikoa suertatzen dela, batez ere planteamenduren bat funtsik gabea iruditzen zaionean.
Eta bukatzeko, Mitxelena maisua izan zen idazkera erretorikoaren erabileran. Bere idazkera kultua da, aipamenez betea. Egia da aipamen hauetako batzuk begi-bistakoak direla, baina beste batzuk oso sotilak gertatzen dira, ia iniziatuek bakarrik uler litzaketen keinuen modukoak, eta irakurleari batzuetan zaila gerta dakioke aipamen horiek identifikatzea.
Laburbilduta, Koldo Mitxelena bere idazlanetan agertzen zaigun moduan ezinbesteko figura da euskal kulturaren modernizazioa ulertu ahal izateko.
BIBLIOGRAFIA
ALTUNA, Patxi (1988): “Aurkezpena”. In MEIG-I: 15-33.
ALTZIBAR, Xabier (2000): “El ensayo del XX”. In Urkizu 2000: 589-627.
ASKOREN ARTEAN (1987): K. MITXELENA. Gizona eta Hizkuntza. Egan XL (Ale berezia). Maiatza-Abendua 1987.
IBARZABAL, Eugenio (2001): Koldo Mitxelena. Erein. Donostia.
JIMÉNEZ DE ABERASTURI, Juan Carlos; KNÖRR, Endrike (1997): Koldo Mitxelena Elissalt (1915-1987). Gipuzkoako Foru Aldundia. Donostia.
KNÖRR, Henrike; Haritschelhar, Jean; Ugalde, Mikel (1994): Koldo Mitxelena (1915-1987). Eusko Jaurlaritza. Gasteiz.
KORTAZAR, Jon (1990): Literatura vasca. Siglo XX. Etor. Bilbo. 118-119. orr.
KORTAZAR, Jon; ROJO COBOS, Javier (2013): Egungo euskal saiakeraren historia. UPV-EHU. Bilbo.
MITXELENA, Koldo (1988): Euskal idazlan guztiak (9 liburu) (MEIG). Euskal Editoreen Elkartea. Donostia.
ROJO COBOS, Javier (2013): “Sarrera”. In Kortazar, Rojo Cobos (arg.) 2013: 13-47.
URKIZU, Patri (ed.) (2000): Historia de la literatura vasca. UNED. Madril.
« EUSKAL ERRIJETAKO OLGEETA TA DANTZEEN NEURRIZKO GATZ-OZPINDUBA (1816) | EUSKALDUNAK (1934) » |