« ETIOPIA (1978) | EUSKAL IDAZLAN GUZTIAK (1988) » |
EUSKAL ERRIJETAKO OLGEETA TA DANTZEEN NEURRIZKO GATZ-OZPINDUBA (1816)
Bartolome Madariaga (1768-1836) ezagunagoa izan da euskal literaturan Frai Bartolome de Santa Teresa izenarekin. XIX. mendearen hasieran, literatur euskalkiaren mailara igo zuen bizkaiera, beste idazle zenbaitzuk bezala. Mogel eta Añibarrorekin batera, euskalki bizkaieraren oinarri klasikoak eraiki zituen, eta bide eman zion ordura arte literaturan nahiko erabilera marjinala izan zuen bizkaieraren ibilbide indartsuari.
Gazteleraz eta euskaraz idatzi zuen Frai Bartolomek, eta sermolari sutsuaren ospea zuen. 1816an eman zuen argitara Euskal Errijetako olgeeta ta dantzeen neurrizko gatz-ozpinduba izenburuko liburua, sermolari moduan zuen ospearen literatur erakusgarritzat har dezakeguna. Azken urteotan, besteak beste, liburuaren edizio kritikoa etorri da Patxi Altunaren eskutik (1987an, Deustuko Unibertsitateak argitaratua), bai eta idazlan guztiak biltzen dituen argitarapena ere (2000n, Euskaltzaindiak kaleratua). Interneten Klasikoen Gordailuan dago liburuaren bertsio bat, Euskaltzaindiaren argitalpena oinarri duena.
Aipatutako liburu horretan atentzioa ematen duen lehenengo gauza izenburua bera da, batzuen ustez bitxia eta nahiko iluna baita. Patxi Altunak eta Villasantek izenburuaz hitz egin izan dute, eta saiatu dira “neurrizko gatz-ozpindu” horrekin zer adierazi nahi izan den azaltzen. “Un acomodado aderezo de sal y vinagre” azaltzen digu Villasantek (Villasante 1979, 234). Patxi Altunak, berriz, hauxe dio:
“Tituluaren neurrizco delakoa garbi dago hainbestez zergatik den: ibilera eta olgeta batzu santuak direlako. Gatza eta ozpina zergatik eta zerenak diren, aldiz, ez dago hain argi […]” (Altuna 1987, 7)
Baina, bitxikeriak alde batera utzita liburuaren barruari erreparatzen badiogu, zera ikusten da: idazlea bost ataletan zehar euskal dantzen eta, orokorrean, festen inguruan duen iritzia plazaratzen saiatzen da. Gaia ikuspuntu moraletik aztertzen duelarik, argi eta garbi azaldu nahi du halako jardueren aurka duen jarrera, batez ere berak aipatzen dituen dantzetan eta festetan gizonek eta emakumeek elkartzeko eta, beraz, bekatuan aritzeko aukera paregabea dutela-eta. Dantzen aurkako jarrera horrekin ez da harrigarria Iztuetarekin lehian aritu izana gaiaren inguruan, gauza jakina baita gipuzkoarra dantzen zalea zela. Dantzen inguruko lehia euskal literaturan XIX. mendearen hasieran agertutako polemika bat izan zen, eta polemikaren inguruan hainbat idazlek eman zuten euren iritzia. Idazle horietako batzuek dantzen eta jaien kontra zuten jarrera ikusita, polemika hura Elizak Euskal Herriaren bizitzaren alderdi guztiak kontrolatzeko zuen asmoarekin erlaziona daiteke (Aldekoa, 2004, 72).
Hala ere, Frai Bartolomek dantzen eta jaien aurka aritu nahi izan zuenean, ez zuen bere jarrera planteatu soilik. Jarrera argumentatzeko, argi utzi behar zuen zertaz ari zen, eta horretarako, dantzak, jaiak eta horien inguruan agertzen ziren gizarte-ohiturak deskribatu zituen. Bada, gaur egungo irakurleen ikuspuntutik begiratuta, horixe da liburuan gehien nabarmentzen den alderdia. Gizarte-ohituren deskripzio horren inguruan Mikel Zaratek dio Frai Bartolomek deskripzioa argi eta gordin egin zuela; Villasantek, ostera, deskripzioa errealista dela diosku. Bekatu-iturria ikusten zuen Frai Bartolomek dantzetan eta halakoetan, beraz, bekatua zer zen ere azaldu behar izan zuen idazleak. Bada, emaitza kontaera bizia da. Egileak erromeriak eta sarauak deskribatu zituen, bai eta horiekin erlazionatutako ohituren berri eman ere. Kontaketa hori, idazlearen kezka moralak urrun daudelarik, dibertigarria eta batzuetan barregarria ere gertatzen zaio gaurko irakurleari. Gatz-ozpindua aipatzen zuen idazleak izenburuan, eta, Mitxelenak dioen moduan, gatza bazuen, eta, batzuetan, gatz lodia…
Frai Bartolomek dantzen aurka agertzen zuen jarrera bermatzeko, argumentazioan ere antzeko prozedura erabili zuen idazleak, liburuaren bosgarren atalean ikus daitekeen bezala: lehenengo dantzen eta jaien alde zeudenen argumentuak plazaratzen zituen, eta, gero, argumentu horiek guztiak desegiten saiatzen zen, bere jarrera indartzeko. Hori egiteko, estilo gartsua eta aberatsa erabili zuen, (Salaberriren hitzak dira aurrekoak), nahiz-eta idazlearen beste liburuekin konparatuz gero, badirudi dagokigun lana ez dagoela idazlearen gainerako lanak bezain landuta.
Frai Bartolomek bekatua ikusten zuen dantzak eta jaiak azaltzen ziren leku guztietan. Zuzenki bekatu ez baziren ere (jarduera batzuek moralaren aldetik ez bide zuten inolako hutsik), bekatua egiteko aukera iruditzen zitzaizkion; bada, bereizterik ez zegoelarik, guztiak iruditzen zitzaizkion arbuiagarri.
Honela hasten da hirugarren atala, Klasikoen Gordailuan agertzen den bertsioaren arabera, eta bertan idazlearen jarrera definitzeko balio dezaketen hitzak ditugu, eredugarria deritzogularik aipamena hona ekartzea:
“Plazeetan gizon ta emakume naaste egiten dirian dantzaak, abemarijetan tanbolina isilduta amaituten dirianak, Euskal-errijetan usetan dirian moduban, pekatu mortaleko okasinoe urrekuak dira.”
BIBLIOGRAFIA
ALDEKOA, Iñaki (2004): Historia de la literatura vasca. Erein. Donostia.
ALTUNA, Patxi (1987): “Hitzaurrea”. in Fray Bartolome (1987). 5-27. orr.
BIDADOR, Joxemiel (1995): “Dantza euskal literaturan”. Euskaldunon Egunkaria. 1995/05/05, 1995/05/12 eta 1995/05/19 [Interneteko bertsioa: http://zubitegia.armiarma.com/?p=bid-10].
FRAY BARTOLOME (1987): Euskal Errijetaco olgueeta ta dantzeen neurrizco gatz-ozpinduba (1816). Deustuko Unibertsitatea. Bilbo [Interneten aurki daitekeen bertsio gaurkotua, Klasikoen Gordailuan: http://klasikoak.armiarma.com/idazlanak/F/FraiOlgeeta.htm].
MITXELENA, Koldo (2001): Historia de la literatura vasca. Erein. Donostia.
SALABERRI MUÑOA, Patxi (2002): Iraupena eta lekukotasuna. Euskal Literatura idatzia 1900 arte. Elkar. Donostia.
VILLASANTE, Luis (1979): Historia de la literatura vasca. Ed. Arantzazu. Burgos.
ZARATE, Mikel (1970): Bizkaiko euskal idazleak. Derioko Seminario-Ikastetxea
[Interneteko bertsioa: http://zubitegia.armiarma.com/?p=zar-547].
« ETIOPIA (1978) | EUSKAL IDAZLAN GUZTIAK (1988) » |