Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

ETA ORAIN BORROKARENEAN (1972)

Mikel Azurmendi
Iratxe Retolaza

Eta orain borrokarenean poema-bilduma Euskal Literatura 72 (1972, Lur) bilduman argitaratu zuen Mikel Azurmendik. Lehenbiziko poema-bilduma, Euskal hilobia, Euskal Elerti 69 (1969, Lur) bilduman argitaratu zuen. Lehenbiziko poema-bilduma horrek, gainera, Agora saria jaso zuen.

Francoren diktadurapean egoera politiko eta sozialaren kritika egitea helburu zuen korronte poetikoa jarri zen abian, poesia soziala. 60eko eta 70eko hamarkadetan hedatu zen poesia sozial horren bidetik jo zuen Mikel Azurmendiren poesiak, eta, jakina, Gabriel Arestiren eragina nabaria da donostiarraren poesian (Aldekoa, 2008, 265). Arestiren poetikaren eragina hiru alderditan da antzematen: bertso-moldean (bertso librea da nagusi, edo ahozko moldetik hurbil diren neurriak), hizkera soilaren erabileran, eta gaien tratamenduan (langile subjektuaren aldarrikapena eta kale-giroaren agerpena).

Eta orain borrokarenean poema-bilduman agerikoa da izenburutik bertatik poesiaren funtzio soziala aldarrikatu nahi dela. Hala ere, poema-bilduma osoan zehar poetak kontrajarri egiten ditu bi poesia joera: batetik, helburu estetiko eta edertzailea duena; bestetik, gizarte kritika egitea helburu duena. Lehenengo poematik gizarte-kritikaren alde egiten du Eta orain borrokarenean bildumak: “gizonari ez bai zaio ezer hitz ederrez izkutatu behar!” (Azurmendi, 1972, 74). Aitortza poetiko horren ondotik, honako salaketa sozial eta politiko hauek egiten dira poeman: langileen morrontza salatzen da (nekazal girokoa zein industria-girokoa), botere politiko eta militarren indarkeria salatzen da (Francoren altxamendua, Gernikako bonbardatzea…), euskaldun fededunaren iruditeria auzitan jartzen da…

Gai horiek jorratzeko euskal tradizioari erreferentzia egiten dio etengabe egileak, baina, betiere tradizio hori berrinterpretatzeko eta berrasmatzeko asmoz, tradizio horretan bide berriak egiteko asmoz. Ugariak dira poema-bilduma honetan aipatzen diren euskal historia eta kulturako erreferentziak, ahozko euskal literaturarakoak (esaterako, Bereterretxeren kantorea), historiako gertaerak (adibidez, Orreagako gudua), euskal eskultura modernoa (Jorge Oteizaren eskulturari eginiko poema, kasu)…

Imanol Larzabal kantariak musikatu zituen Mikel Azurmendiren poema zenbait, eta Larzabalen disko batek ere bigarren poema-bildumaren izenburua hartu zuen: Orain borrokarenean (Le Chant du Monde, 1973). Album horretako “Ni enaiz poeta” eta “Maiatzeko lehen azen gogoratzen gara” kantuek Euskal hilobia bildumako bi poema dituzte oinarri; eta “Euskadin Castillan bezala”, “…orain borrokarenean”, “George Jackson” eta “Irakaslerik onena: bizitza” kantuek, ostera, Eta orain borrokarenean bildumako hiru poema.

BIBLIOGRAFIA

ALDEKOA, Iñaki (2004): Historia de la literatura vasca. Erein. Donostia. [euskaraz, 2008: Euskal literaturaren historia. Erein. Donostia]

AZURMENDI, Mikel (1972): Eta orain borrokarenean, in ASKOREN ARTEAN (1972). Euskal Literatura 1972. Lur. Donostia.

URKIZU, Patri (koord) (2000): Historia de la literatura vasca. UNED. Madril.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus