« ETA EMAKUMEARI SUGEAK ESAN ZION (1999) | ETA ORAIN BORROKARENEAN (1972) » |
ETA HANDIK GUTXIRA GAUR (2004)
Euskal literaturaren munduan aski ezaguna da Eider Rodriguez. 1977an Oreretan jaiotako idazle hau Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziatua da, eta doktoregoa Madrilgo Unibertsitate Complutensean egina du. Egun Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea den arren, kazetari eta gidoigile moduan ere aritu da oreretarra.
Bere izena entzutean emakume idazle baten irudia etorriko zaie askori burura, baina Rodriguezen ibilbidea ez da hor amaitzen. Izan ere, itzulpen-lanetan ere aritu da. Besteak beste, hainbat autoreren lanak itzuli ditu, bai eta lan propioak ere.
Bere hiru ipuin-liburuetan lehena da Eta handik gutxira gaur izan zen. 16 istorio txikik osatzen dute eta, honekin batera, Joseba Sarrionandiaren hitzaurrea eskaintzen zaio irakurleari.
Liburua bere osotasunean hartuta, ipuin gehienak independenteak direla ikusiko dugu. Nahiz eta denak gai orokor baten inguruan mamitzen diren, ez dago loturarik pertsonaiei eta narrazioari dagokionean. Hala ere, badaude aurretik esandakoarekin bat ez datozen hiru kontakizun: Susana, Gudaria eta Poeta; Anai artea eta Zu eta Iban. Hauek dira, hain zuzen ere, lan honetan lotura zuzena duten ipuin bakarrak. Hirurak istorio beraren inguruan egituratzen dira eta guztietan pertsonaia berdinak dira protagonista (Susana, Iban eta Harkaitz). Ildo bera eta pertsonaia berberak aurkituko ditugun arren, hiru narrazioak kontatzeko ikuspuntua ezberdina izango da.
Lehentxeago esan dugu ipuin gehienak askeak direla, baina, honen harira, badago aipatzekorik. Liburua osatzen duten 16 istorioek gai nagusi bat dute oinarrian: pertsonaien arteko harremanena. Harreman horiek bikote harremanak (homosexualak nahiz heterosexualak), adiskideen artekoak eta familia artekoak dira.
Kontakizunetan aurki genitzakeen pertsonaiengan bakardadea, beldurra, mina, amorrua, ezinegona… nabari ditzake irakurleak. Juanluis eta kilimakurrak kontakizunean, esaterako, protagonistak bikote imajinari bat asmatzen du. Bizitza errealean Oskar izeneko mutil-laguna duen arren, bakarrik sentitzen da, eta egoera honek beste pertsona baten beharra sentitzera darama protagonista.
Beldurra Sexu usaineko gezurrak ipuinean oso agerian dagoen sentimendua da, eta horren isla garbia dugu protagonista bera. Honen mutil-laguna atzerrira joan da lan kontuak direla medio eta emakumeak izua sentitzen du, bere bikotea beste batekin oheratuko dela pentsatzen baitu.
Mina eta amorruaren isla liburua osatzen duten 16 istorioetan da nabarmen. Adibide bat jartze aldera, aipatzekoa da Anai artea deiturikoa. Bertan, kontakizuneko protagonistaren anaiak, bere neska-lagunarekin ezkutuko harreman bat mantentzen du. Nahiz eta bien arteko erlazioa isilpean mantentzen saiatu, anaiak badu honen berri. Egoera horren aurrean mina eta amorru ikaragarria sentitzen ditu protagonistak.
Sentimendu horiek berebiziko garrantzia dute Rodriguezen lanean. Izan ere, idazlea, kontatu nahi duen hori adierazteko, pertsonaiek sentitzen duten mina, amorrua, bakardadea eta beldurraz baliatzen da.
Lan honetan, aurretik aipaturiko gai horietaz gain, politikak eta emakumearen irudiak ere garrantzia handia dute. Lehenengoa zuzenean baino, zeharka ageri da zenbait ipuinetan. Hau da, politika ez da kontakizun batetako gai nagusitzat hartzen eta honen inguruan istorio bat eraikitzen. Aipatutakoa da, adibidez, Politika albisteak ipuinaren kasua. Dena den, politika abiapuntutzat hartuta eraiki ditu Rodriguezek elkarrekin lotura duten hiru ipuinak: Susan, Gudaria eta Poeta; Anai artea eta Zu eta Iban.
Emakumearen irudia zenbait elementuren bitartez antzeman daiteke lanean zehar. Horiexek dira, besteak beste, pertsonaia nagusietatik asko emakumeak izatea, amatasunaren sentimendua agertzea, etxeko-andre diren emakumeen irudiaren agerpena, emakumea objektu sexual gisa agertzea eta liburuko aipu guztiak emakumeenak izatea.
Aipuen gaia gogora ekarririk ezin genezake aipatu gabe utzi Elfriede Jelinek. Idazle horrek eragin handia du Rodriguezengan eta eragin hori aski nabarmena da bere lanetan. Jelinek Austriako idazle feminista ezaguna da. Artearen historia eta drama ikasi zituen emakume honek lotura handia du accionismo vienes izeneko mugimenduarekin.
Accionismo vienes-ean gorputza, odola eta norberaren minarekin egiten da lan. Mugimendu honetan, artea ekintza bilakatzea da bilatzen dena. Azken batean, hauxe da egiten dena: “isilik eta ekintza”.
Mugimendu horrek ere eragin handia izan du Rodriguezen lanetan eta horien artean aurkitzen da Eta handik gutxira gaur ipuin-liburua. Arestian aipatu duguna gogora ekarrita, mina, amorrua, bakardadea eta beldurra bezalako sentimenduak aurki genitzake istorio bakoitzean. Horiek dira, hain zuzen ere, 16 kontakizunetan zehar gorpuzturik ageri diren sentipenak. Gorpuzturik diogunean, sentimendu horiek min fisikoaren bitartez adierazten direla esan nahi dugu. Politika albisteak ipuinean, esaterako, protagonistak lizun bat du zilborrean eta bere irudia pertsonaia nagusiak mina edo amorrua sentitzen duen bakoitzean ageri da. Pasarte batean lizuna odoletan agertzen da, protagonista bizitzen ari den momentu mingarri baten seinale.
Eider Rodriguezek Haragia izenburupean argitaratu zuen bigarren ipuin-liburuan indar handiagoa dute aipatu ditugun gorpuzturiko sentimenduek, eta horren adierazle garrantzitsuena “haragia” bera da, kontakizun bakoitzean horren bitartez islatzen baitira sentimenduak.
Sufrimendua haragiarekin lotzen du, beraz, oreretarrak, eta hori ez da kontakizunetan soilik islatzen, aipuak ere esan nahi duena adierazteko baliagarri baitira berarentzat. Errautsa ipuinean, adibidez, Elisabeth de Fontenay-ren ondoko aipua irakur genezake: “Sufritzen duen gizaki oro da haragia”.
Rodriguezen lehenengo ipuin-liburura bueltatuta, pertsonaiei egingo diegu lekutxoa jarraian. Ipuinetako protagonistei erreparatuz gero, gehienak emakumeak direla konturatuko gara. Horrek, hala ere, ez du esan nahi gizonezkoen agerpena murritza denik. Sexu ezezaguneko pertsonaiak ere ageri dira, hau da, gizon edo emakumeak diren erakusten ez dutenak. Idazleak behin baino gehiagotan darabil aipatutako baliabidea anbiguotasuna indartzeko asmoarekin.
Ezinbestekoa da pertsonaiek istorioetan zehar duten garapenari erreparatzea. Horrela izanik, borobilak eta lauak ezberdintzen dira 16 kontakizunetan. Borobilak garapena jasan dutenak izango dira; lauak, hasieratik bukaerara arte egoera berdinean jarraitzen dutenak.
Pertsonaia bat izan ezik, gainontzekoak borobilak dira. Sufritzen dutenaren ondorioz, aldaketa bat gertatzen da beraien bizitzetan. Hori da, azken batean, kontakizunen haria markatzen duena.
Pertsonaiek garrantzia handia daukate kontakizunetan, beraiengan eta beraien arteko harremanetan jartzen baitu begirada idazleak. Horrela, kontatzen dena bigarren maila batean gertatzen da.
Espazioari dagokionez, zenbait bereizketa egitea beharrezkoa da. Alde batetik, espazio ireki zein itxiak daude. Kalea izango litzateke aipaturiko espazio irekia eta etxeak, kartzelak, lantegiak…, ostera, itxiak. Bestetik, herriak edo hiriak aurki genitzake narrazio bakoitzaren eszenatoki gisa.
Rodriguezen ipuinak lurralde ezberdinetan kokatzen dira. Euskal Herrian gertatzen diren istorioak egoteaz gain, hemendik kanpokoak ere eskaintzen zaizkigu, hala nola, Ameriketan edo Europan kokaturikoak. Lan honen autoreak arrazoi ezberdinengatik aukeratu ditu espaziook. Alde batetik, bere bizitzaren eraginagatik (Hendaian bizi izan zen, Nafarroako Erriberan egin zuen lan, eta abar). Bestetik, internazionalismoa irudikatu nahi duelako (ikuspegi global bat erakutsi nahi digu espazioaren bitartez) eta baita arrazoi ideologikoengatik ere. Chiapasko beroa ipuina da horren adierazle. Kontakizuna bera Chiapasen kokatzen da eta espazio-aukeraketa arrazoi ideologikoengatik egin du oreretarrak.
Estilo berezia da Eider Rodriguezen lana gainontzekoengatik bereizten duen ezaugarrietako bat. Nahiz eta badiren zenbait kritiko idazlearen lanean euskarri falta nabaritzen dutenak, asko dira bere estiloa gustuko dutenak. Autoreak ezin hobeto jakin du isiltasunarekin jokatu eta ezer esan gabe gauzak iradokitzen.
Idazkera metonimikoa eta hizkuntzaren erabilera ere, Oreretako idazlearen estiloaren bereizgarri dira. Azken horri dagokionez, badago zer esanik. Begi-bistakoa da lana euskaraz idatzita dagoela, baina gaztelania, ingelesa eta frantsesa ere ageri dira kontakizunetan zehar. Ingelesa, esaterako, marka komertzialak aipatzen direnean erabiltzen da (Game Boy, Coca-Cola, Windows…). Gaztelania eta frantsesa ere aurki ditzakegu zenbait markatan, hala nola, Bordeaux vif, Loewe, Los 40 principales, Coronitas, eta abar. Bestalde, zenbait elkarrizketatan ageri dira hizkuntzok. Frantsesa euskararekin uztartzen da pertsonaien arteko elkarrizketetan. Eta handik gutxira gaur ipuinean, protagonistak euskaraz hitz egiten duen arren, bere alaba frantsesez zuzentzen zaio. Gaztelaniarekin ez da gauza bera gertatzen. Zenbait ipuinetan gaztelania hutsean mantentzen dira pertsonaien arteko esanak. Horren adibide garbia da Calle de la Providencia kontakizuna.
Zenbait hizkuntza erabiltzearen arrazoia espazioarekin lotzen dela esan beharra dago. Zilegi da pentsatzea, pertsonaiaren bat Madrilen aurkitzen bada, bertako batekin hitz egiterako orduan gaztelania erabiliko duela edo, protagonista euskalduna izanik eta Iparraldean egonik, euskara zein frantsesa erabil ditzakeela.
Espazioaren inguruan hitz egin dugunean aipatu dugu, idazleak internazionalismoa irudikatu nahian lurralde ezberdinetan kokatu dituela istorioak. Hizkuntza ugari erabiltzearen arrazoia ere berbera da.
Orain arte aipaturikoa Rodriguezen lehen ipuin-liburuaren inguruko zenbait zertzelada baino ez dira izan. Lan handia egin duen emakumea dugu eta, hala ere, ez da askorik idatzi bere inguruan. Hori dela eta, garrantzitsua litzateke egungo literaturan zeresan handia duen idazle honen obra aztertzea.
Esanak esan, izaera handi eta bereziko idazlea dugu Rodriguez. Emakumeen literaturan bere bidea hasi eta pixkanaka-pixkanaka aurrerantz doa eta, seguru, zer esan handia izango duela aurrerantzean ere.
BIBLIOGRAFIA
RODRIGUEZ, E (2004): Eta handik gutxira gaur. Susa. Zarautz.
RODRIGUEZ, E. (2007): Haragia, Susa. Zarautz.
http.://kritikak.armiarma.com/?p=1171 (2010/05/05)
http.://kritikak.armiarma.com/?p=1154 (2010/05/05)
http://kritikak.armiarma.com/?p=4191 (2010/05/05)
http://www.blogak.com/katixa/haragiaren-mina (2010/05/05)
CHEVALIER, C. (2000): Diccionario De los sÃmbolos. Taurus. Madril
RETOLAZA, I. (2008): Haragia. http://eibar.org/blogak/sareinak/archive/2008/02/04/haragia-eider-rodriguez. (2010-11-22)
« ETA EMAKUMEARI SUGEAK ESAN ZION (1999) | ETA ORAIN BORROKARENEAN (1972) » |