« ESKALDUNAK (1853) | ESPAINOLAK ETA EUSKALDUNAK (1992) » |
ESKU IZKRIBUA (1564-1567)
Borja Aginagalde dokumentalistak 2004an Madrilen aurkitu zuen Lazarragaren eskuizkribuak 102 orrialde ditu, eta bi multzotan banatua dago: batetik, artzain nobelatxo bukatugabea, guganaino moztua iritsi zaiguna; eta, bestetik, 45 poesia, horietatik 9 gaztelaniaz idatziak.
Lazarragaren (1548?-1605) artzain-nobelatxoak Jorge de Montemayor-en Los siete libros de la Diana (La Diana) (1559) liburuaren ildoari jarraitzen dio, idazlan horrek sekulako ospea izan baitzuen garai hartako europar literaturetan (Fantzian, Italian eta Ingalaterran), gogotik imitatu zuten idazle askok. Juan Perez Lazarragakoaren eskuizkribuak aipatutako generoaren goraldia egiaztatzen du, baina, batez ere, orain artean dakigunez, hitz lauz idatzitako euskal literaturako lehen testua da.
Artzain generoak tradizio bukolikoarekin elkartzen du zalduntzako joera, Virgiliorengandik datorrenarekin, bereziki. J. B. Avalle-Arce-k dioenez, “erdialdeko mendeetan Virgilio literarioki kanonizatu izanak artzain generoa finkatzen eta betikotzen lagundu zuen”. Artzainen xalotasun eta inozentzia proberbialak (Jesusek Belenen izan zituen lehen bisitariak artzainak izan ziren) bilakaera horretan lagundu baizik ez zuen egiten. Erdi Aroko lehen lan dramatikoetan agertzen da jadanik Eguberriko ziklo liturgikoa, eta horri Virgilioren bukolismoa eransten badiogu, “hor hasten da bilbatzen literatura bukolikoak Berpizkundean izan zuen arrakasta paregabea”. Lehendabiziko idazlan arrakastatsua La arcadia da, Jacopo Sannazaro italiarrarena, eta bigarrena, berriz, Garcilaso de la Vega-n gauzatu zen Petrarkaren joera; Garcilasoren Églogas, Salicio eta Nemoroso artzainen arteko maitasuna kontatzen duena, tradizio buliko-pastoralaren gailur poetikoa da.
Lazarragaren narrazioko maitasun-gorabeheren protagonisten izenak bat datoz, aldaketa txiki batzuekin, idazlearen eredukoen izenekin. Hala, artzain musika nabari delarik, Sirenak (Sireno), Silveriok (Silvano), Silviak eta Doridok, nobelako pertsonaiek iturri itzaltsutan eta Dueroren bazterretan zehar, haranetan eta zuhaiztitan, bidean aurrera garamatzate, naturaz gaindiko agerpenak ikusiko ditugu orobat, zaldun-nobelagintzakoen tankerakoak, AmadÃs edo Clarián-en ildokoak, eta testuan azken horren aipamena egiten da haren izena duen artzainaren bitartez. Narrazioa amaiera aldera hurbildu ahala –gure eskuetara iritsi den moduan, behinik behin–, igarobideko erritu bat nozitzen dute protagonistek, zalduntzako fikzioek ohi duten tankerakoa. Marte jainkoaren aholkulari baten fantasiazko esku hartzearen laguntzaz, ispilu magiko bat emango baitie, pertsonaiek proba gaindituko dute eta onik irtengo dira estutasunetik. Nobelak aurrera jarraitzen duelarik, esan liteke narrazioaren etorriak beta ematen diela, behinik behin, gertaera gehiagori, protagonistek maiteminez lanturuka segi dezaten.
Maiteminak jota daude pertsonaiak, eta gaitz horren kontra ezer gutxi egin dezakete giza borondateak eta medikuntzak (Lazarragak ez zuen edabe magikoen sendabidea erabili, ohiko baliabidea izan arren artzain eta zaldun nobeletan). Kupidok eragindako ume-maitasun apetatsuak, patu itsuaren ondorio izanik ere, prestutu egiten du maitalea, eta espiritualtasunez blaitzen du haren kexua.
Ikusten denez, Lazarragaren testua bete-betean dagokio “artzain literaturak gorteko jendearen munduaren errepresentazio ludiko gisa duen arrakastari”, eta haren kantu-estiloko poesia tankeratzen duten motibo, kasuistika eta maitasun-erretorika biltzen ditu. Lazarragaren poesian ez dira falta ez gorte kutsuko galaitasuna, ez manera delikatuak, eta ez maitasun adeitsuaren gainerako zeremonia guztiak; alegia, galai atsegina aztoratuta eta liluratuta utzi behar du bere damaren edertasunak, eta hura goraipatu beharra dauka edertasun, bertute eta zuhurtziagatik; berebat eta hura zerbitzatu beharra dauka, golardoa berari eman diezaion erreguka ari zaion artean. Damaren edertasunari egindako gorazarre orok maitasun-ordain bat dakar, benetakoa edo itxuratua. Gure poetaren kasuan, ordaina ia beti izaten da itxuratua, benetakoa bainoago. Esan dezagun, gainera, Lazarragaren poesietan dontzeilei egiten zitzaiela maitasun-eskea, espainiar trobadore-lirikan gehienbat gertatu bezala. Eta ze poesia klase idazten zuen Lazarragak? Bada, bere poesia XV. eta XVI. mendeen hasierako kantutegietan argitaratzen zen maitasunezko poesia da. Poesia gortesaua da, Proventzako poeten bidez Europa osora hedatu eta halako kode estu batera errenditzen zena: damaren begiak bi gezi dira, eta poetaren bihotza zauritzen dute; damaren edo, Lazarragaren kasuan, dontzeilaren begiak ikusi ondoren maiteminduko da galaia, edo beste modu batera adierazita, damaren begietatik jaurtitzen ditu geziak Kupidok, eta harrezkero poeta damaren edo dontzeilaren gatibu geratuko da eta hari eskatuko dio bere zauria senda dezala bere erregua betez. Poesia gortesauaren maitasun-kodea Proventzako poeten tradiziotik dator, eta Erdi-Aroko eredu feudala inbertituz gauzatzen den harremana da: zalduna edo poeta da zerbitzaria, eta damari zor zaio gizarte feudalean jaun feudalari zor zaiona:
Poderioa andia dozu,
Zeruko jaunak emunik,
Zure begiok ekusiz gero,
Banago katigaturik.
Pentsamentuok altuan ditut
Zuk ala merezidurik (119. or.)
Lazarragarentzat, berak idatzitako maitasun poesia ez da, pentsatzekoa denez, gorte eta gazte jolas apaindura hutsezkoa baizik. R. Lapesak dioenez:
“Poesia, funtsezko alderdi batzuetan, denbora-pasa zen, musikaren eta jaien kidea, gaztaroak berezko zuen zerbait”.
Kontuan hartu beharra dago XV. mendeko eta XVI. mendearen hasierako kantu-lirika kantatua izateko idatzi zela, ez bakarrik errezitatu eta irakurtzeko, baina horrek ez du esan nahi olerki guztiek halakoak izan behar zutenik.
Asko dira Erdi Aroko kutsuko kantu-poesiaren tradiziotik Lazarragak hartzen dituen motiboak eta maileguak: Flordelisa (“flor de lis” edo lore-lisa); MacÃas-en elezaharra, maitasunaren martiri eta maitaleen eredu izan baitzen MacÃas; Pantasilea-ren aipamena, Troiako elezaharraren Erdi Aroko bertsioek ezagutarazi baitzuten amazonen erregina hori; erregearen, jaunaren, hiri baten edo erresuma baten laudorioa, edo, Lazarragak egiten duen bezala, bere herriarena. Espainiako Urrezko Mendean bat egin zuten, alde batetik, kantutegietatik zetorren arteari jarraitzen zion tradizioak eta, bestetik, italiar kutsuko poesia petrarkatar eta klasikoak. Aipatu beharra dago, hala ere, XVI. mendeak gero eta interes handiagoa agertu zuela genero herrikoi eta Erdi Arotik etorritako batzuekiko, nola diren gabon-kanta eta erromantzea. Joera ugariko giro aberats hartan egin zuten bat poesia kultu eta estilizatuak, Petrarkaren sonetoetan arragotuak, eta tradizio herrikoiko poesiak. Lazarragaren poesia ez zen sekula abiatu Cetina, Boscán edo Garcilasoren bide italiar kutsukotik; ez zuen haren poesiak, ezta ere, Ausias Marchen espiritualtasuna izan. Lazarragaren VI. kopla zordun zaio Gutierre de Cetina sevillarrak kantu bati egiten dion glosari; hona kantua: “Zagala, cuán libre estás, / cuán soberbia, dura y frÃa, / pues yo espero que algún dÃa / casarás y amansarás”. Hala eta guztiz ere, Lazarragak ondutako poesia ez zuen XVI. mendearen poesiarik gailenari nagusitu zitzaion espiritualtasun artistiko berriak ernaldu. Molde tradizionalekoagoa da haren poesia, nahiz batzuetan kutsu klasikoko irudiak tartekatzen dituen: Kupido, Garaipenaren Orga, Fortuna jainkosa… Zentzu horretan, bide erdian geratzen da Lazarraga, bai Oihenartengandik urrunxko ere, haren italiar eraginak galduxea baitu Petrarkaren garaitik Berpizkundean nagusitutako neoplatonismoa, eta tresna poetiko fin-fina bilakatu baita. Oihenartek eduki espiritualez gabetu du bere poesia, baina zilargin bikainaren kontzientzia artistikoz leundu ditu bere bertsoak, eta estilizazio-maila handi-handi bat iritsi du horrela. Baldin eta platonikoa baldin bada Dolce stil novo-ko poesiari darion ideia, zeinaren arabera damak arazte eta hobekuntza morala eragiten baitio berari begira dagoen gizonari, Petrarkaren eskuetan ideia horrek berak “esan nahi du bertso leunduak ontzea, bertsook ospearen betikotasuna irabaz dezaten poetarentzat eta bere maitearentzat”. Lazarragaren poesia, ordea, oso urrun dago italiarraren poesiatik eta hark arimaren nahitasunak aztertzeko duen modu sotiletik.
Inguruko izadiarekiko erabateko ezaxolatasunean aipatzen ditu Lazarragak maitasun-liskarrak, eta ezaugarri horrek bere jatorri tradizionala erakusten du. Hori bezain antzinako ezaugarria da Jainkoari etengabe egitea deiak, Lazarragaren poesian behin eta berriz gertatzen dene gisan. VIII. kantua eta kopla, adibidez, egoeraren poesia da; hasieran, digresio batzuk egiten ditu maitasunaz eta, gero, Erdi Aroan eta Berpizkundean lilura handi-handia sortu zuen alegieako baten glosa egiten du (Antonio de Villegas, Jorge de Montemayor): Piramo-ren eta Tisbe-ren alegiarena.
1562ko Montemayor-en Dianari –seguruenik Lazarragak gertutik jarraitu zuen eredua– El Abencerraje y la hermosa Jarifa istorio moriskoa erantsi zitzaion, eta baita eranskin gehiago ere, esate baterako, Petrarcaren “Triunfo de Amor” idazlana, eta baita “Historia de PÃramo y Tisbe”. Eranskin horien muina Lazarragaren eskuizkribuan dago bilduta.
BIBLIOGRAFIA
ALDEKOA, Iñaki: (2008): Euskal literaturaren historia. Donostia. Erein.
AVALLE-ARCE, Juan Bautista (1996): “Estudio preliminar”. In MONTEMAYOR, Jorge: La Diana. CrÃtica. Barcelona.
CHEVALIER, Maxime (1976): Lectura y lectores en la España de los siglos XVI y XVII. Turner. Madrid.
LAKARRA, Joseba A. (2004): “Juan Perez Lazarragakoren eskuizkribua (XVI. mendea): lehen hurbilketa”.
LAPESA, Rafael (1971): De la Edad Media a nuestros dÃas. Gredos. Madrid.
MONTORO, Juan (1996): “Prólogo”.
MONTEMAYOR, Jorge: La Diana, , XLVII.
URKIZU Patrizio (ed.) (2004): Pérez de Lazarraga. Dianea & Koplak Erein. Donostia.
« ESKALDUNAK (1853) | ESPAINOLAK ETA EUSKALDUNAK (1992) » |