« ESCU-LIBURUA, TA BEREAN EGUNEANGO CRISTIÑAU-CEREGIÑAC (1802) | ESKU IZKRIBUA (1564-1567) » |
ESKALDUNAK (1853)
1853an Jean Martin Hiribarrenek (1810-1866) Eskaldunak izenburuko liburua argitaratu zuen. Poema luze horretan idazleak euskaldunen loriak kantatu nahi izan zituen, ehun urte geroago Orixek berriro egin nahiko zuen bezala; hark ere antzeko izena jarri zion bere poema luzeari, halako moduz non Orixek egindakoa Hiribarrenen lanaren isla edo oihartzuntzat ere har litekeen.
Orduko argitalpen horrez gainera, Hiribarrenen liburua behin baino gehiagotan argitaratu da, eta, gure klasikoekin gertatu ohi denaren kontrara, liburuaren edizio asko topa daitezke. Gutxienez argitarapen hauek ditugu: 1971ean, argitalpen faksimila, Auñamendin; 1979an, faksimila, Hordagon; 1997an, Patxi Altunaren ardurapean egindako argitarapen berritua, Labayruren eta Euskal Idazleen Elkartearen eskutik; 2006an, Hirian; Interneten ere topa daiteke bertsio bat, Klasikoen Gordailuan.
Poema luzea da, bost mila bertso baino gehiago ditu. Egilea ohiko metrikaren jarraitzailea dela esan daiteke, Salaberrik adierazten duen bezala: hamahiru silabako bertso-lerroetan oinarritzen da Hiribarrenen bertsogintza, lerroek 7/6 silaba-banaketa dute; binakako hoskidetasuna daukate, eta askotan lau lerroko multzoetan bilduta agertzen dira, zenbaitetan sail luzeagoetan antolatuta agertzen diren arren. Iñaki Aldekoak bertsolarien metrikarekin parekatzen ditu idazlearen bertso-moldeok.
Dagokigun poema luze honetan euskaldunen loriak kontatu eta kantatu nahi izan zituen egileak, baina badirudi ez dagoela liburuaren izaeraz adostasunik: Salaberriren hitzetan, poema epiko-didaktikoa da Hiribarrenena; Urkizuk, ostera, liburuaren izaera apologetikoa nabarmentzen du. Mitxelenak, bere aldetik, hauxe adierazten du liburuaz hitz egitean:
“No es una pieza épica y mucho menos una epopeya, sino una relación amena y familiar de cosas y personas, llena de detalles y datos interesantes.” (Mitxelena 2001, 123).
Hain zuzen ere, Mitxelenak bere hitzetan iradokitzen duena da liburua irakurtzean nabarmentzen dena. Izan ere, liburuak osagai oso heterogeneoen bilduma dela ematen du, Euskal Herriaren historia, orotariko herrietako ohiturak, herriko pertsonaia ospetsuei buruzko gorabeherak, jolasak… horrelako gauzak agertzen zaizkigu poema-liburuan jasota, era interesgarrian kontatuta, baina osagai horiekin guztiekin benetako narrazio epikorik eraiki gabe.
Villasantek, bestalde, idazlearen erudizio handia azpimarratzen du, eta baita haren abertzaletasun sutsua ere. Baina haren bertsoez hitz egitean lirismoa falta duela adierazten du. Alde horretatik, esan behar da ez dirudiela idazlearen asmoen artean zegoenik poeta lirikoa izatea. Edonola ere, bertsogile moduan jario handia duela aitortu behar zaio Hiribarreni, bertsoak erraz ateratzen baitzaizkio; eta, batzuetan,satirikoa ere izaten badaki, Salaberriren arabera.
Egilearen literatura-langintzan joera biko ezaugarriak aurki ditzakegu: alde betetik, herriaren loriak kantatzean eta kostunbrismoarekin lot daitekeen ohiturak-eta erakusteko asmoa duelarik, erromantizismoaren ezaugarriak erakusten dituela ematen du; baina, bestetik, Salaberriren hitzetan, “korronte klasiko eta ilustratuei” ere (Salaberri, 2002, 165) atxikita mantentzen da. Hori dela-eta, Hiribarrenen literaturgintza bi joera horien arteko erdibidean geratu dela dirudi.
Egileak euskaldunen loriak kontatu nahi izan zituen poema luze batean, baina XIX. mendearen literaturaren ibilbidea ikusita, euskal literatur sistemaren bazterrean kokatzen du Aldekoak J.M. Hiribarrenen poesia, joera nagusietatik alde batera gelditu baitzen.
BIBLIOGRAFIA
ALDEKOA, Iñaki (2004): Historia de la literatura vasca. Erein. Donostia. 85. orr.
HIRIBARREN, J.-M. (1853): Eskaldunac [Argitarapen faksimila: Hordago. Donostia. 1979]
__________ [Interneteko bertsioa Klasikoen Gordailuan: http://klasikoak.armiarma.com/idazlanak/H/HiribarrenEskaldunak.htm].
IBINAGABEITA, Andima (1953): “Hiribarren’en “Eskaldunac””. Gernika. 24 zenb. Uztaila-Iraila. 142-144. orr.
MITXELENA, Koldo (2001): Historia de la literatura vasca. Erein. Donostia. 123. orr.
ONAINDIA, Santi (1973): Euskal literatura II. Etor
[Interneteko bertsioa: http://zubitegia.armiarma.com/?p=ona-327].
SALABERRI MUÑOA, Patxi (2002): Iraupena eta lekukotasuna. Euskal Literatura idatzia 1900 arte. Elkar. Donostia. 165-166. orr.
URKIZU, Patri (ed.) (2000): Historia de la literatura vasca. UNED. Madril. 314-315. orr.
VILLASANTE, Luis (1979): Historia de la literatura vasca. Ed. Arantzazu. Burgos. 166-167. orr.
« ESCU-LIBURUA, TA BEREAN EGUNEANGO CRISTIÑAU-CEREGIÑAC (1802) | ESKU IZKRIBUA (1564-1567) » |