« ERACUSALDIAC (1803, 1850) | ESCU-LIBURUA, TA BEREAN EGUNEANGO CRISTIÑAU-CEREGIÑAC (1802) » |
ERREFAUAK
Literatur bizkaiera edo bizkaiera klasikoa batik bat XVIII. mende amaieratik aurrera gorpuztu eta garatu zen arren, mendebaleko euskararen aro zaharreko (Erdi Arotik Larramendiren lanak kaleratu artean) testigantzak izan, badira. Lazarragaren testuez gain, esan liteke material zahar horiek lauzpabost multzotan bana daitezkeela: erlijio lanak, hau da, dotrinak, katiximak, otoitz laburrak eta abar; prosazko testu laburrak (elkarrizketa bat edo beste, gutunen bat, eta antzekoak); hiztegi luze-laburrak; eta herri-literatura, hots, kanta herrikoiak eta guri hemen gehien interesatzen zaizkigunak: errefrau edo esaera zaharrak.
Hego Euskal Herrian bi dira garai zahar hartako errefrau-bilduma garrantzitsuak: Refranes y sentencias (Iruñea, 1596) eta Esteban Garibaik jasotakoa. Bigarrena izango dugu hizpide hemengoan.
Esteban Garibai (1533-1599) arrasatearra XVI. mendeko kultur gizon garrantzitsua izan zen. Historia ikasi zuen, eta historiari lotutakoak dira haren obra nagusi eta mardulak. 1571n Amberesen berrogei liburukitan argitaratu zuen, Espainiako Erreinua osatzen zuten herrialdeen historia luzeena (eta kronologikoki lehenbizikoa): Compendio historial de las crónicas y Universal Historia de todos los reinos de España. Haren ostean, Grandezas de España idatzi zuen, baina zati batzuk baino ez ziren kaleratu. Dagokigun egilea Felipe II.aren liburuzain eta kronista izan zen.
Guri interesatzen zaizkigun materialez denaz bezainbatean, jakin badakigu Garibaik Juan de Idiakez-i bi errefrau bilduma bidali zizkiola. Honela azaldu zuen arrasatearrak:
“El Señor don Juan de Idiaquez, del Consejo de Estado de su Magestad, deseó otros refranes en su lengua vascongada sobre los que dà ante sen un quaderno, y en 18 de julio de este año de 92, le envié otro dellos a Valladolid con su interpretación interlinear, palabra por palabra, y ene l sentido de ellos para su mejor declaración. Recibiólos en Valladolid, yendo en compañÃa de su Magestad al viaje que se dirá abaxo en suma y respondióme con mucho gusto de su recibo” (Urkixo [1919] 1976: 505).
Zoritxarrez, Idiakezek ez zituen argitaratu; are gehiago, ez daukagu aurreko aipuan aipatzen diren bildumen bertsio originalik, hau da, ez daukagu Garibaik berak idatzitako dokumentuaren kopiarik ere. Hori dela eta, errefrauen egiletasunaren inguruko zalantzak eta eztabaidak baten baino gehiagotan agertu dira.
Jakin badakigu Espainiako Liburutegi Nazionalean XVII. mendeko dokumentua dagoela, G139 kodearekin, eta Refranes en Bascuençe compuestos por Esteban de Garibay y Çamalloa daukala. Badakigu, halaber, XIX. mendean Benito Maestrek Francisque Michel-i XVI. mendeko koadernotxoa oparitu ziola. Bertan, Garibairen errefrauekin batera, hilabeteen eta egunen euskal izenak eta zenbait adizki ageri ziren. Michelek Oihenarten atsotitzen edizioan eranskintzat sarturiko errefrauak dira aipatutako koadernokoak. Esan nahi baita, Garibairen bigarren bildumakoak, Espainiako Liburutegi Nazionalean Cc79 kodearekin sailkaturik zegoelarik desagertutako koadernokoak.
Maestre eta Michelen arteko gorabeherak gorabehera, bigarren koaderno horren inguruan baino, lehenengoaren inguruan sortu izan dira egiletasun-zalantzak. Julio Urkixok bazekien Garibaik orotara bi errefrau-bilduma zituela prestaturik, baina hemen aipatu dugun lehenengoa (G139) Garibairena ez zela defendatu zuen. Hori horrela balitz, bada, zein izan litekeen lehenengo bilduma hura? Urkixok argi zekusan, Refranes y sentencias zen:
“A mi juicio la colección p. G139 podrÃa ser de algún vascófilo muy posterior [a Garibai] (…) que la compuso teniendo a la vista la de Garibay, pues no parece probable que este enviara a Idiáquez por segunda vez 26 refranes” ([1919] 1976: 510).
Bilduma batean nahiz bestean zenbait errefrau agertzeari (26 idatzi zuen Urkixok, baina 37 dira orotara) nahikoa zeritzon Urkixok bilduma biak Garibairenak ezin zitezkeela izan esateko. Kronologikoki (bilbotarraren argudiatzea ez zen kronologian geratu, dena dela), gainera, Refranes y sentencias bildumak ederki betetzen zuen edo bete zezakeen G139 hark “utzitako hutsunea”. XX. mende hasieran Gerrak bat egin zuen Urkixoren proposamenarekin, eta Azkue ez zen erabat kontra agertu, nahiz eta Refranes y Sentencias bildumako hizkera Orozkokotzat jo zuen. Kontua aldatu egin zen, ordea, 1986an eta 1996an Joseba Andoni Lakarrak argitaratutako ikerketekin. Izan ere, arratzuarrak Urkixoren eta haren jarraitzaileen hipotesia baliogabetzen duten lanak argitaratu zituen. Lehenengoan, Urkixoren hipotesiaren kontrako zenbait argudio baliatu zituen:
- Bildumaren tamaina: G139 nahiz Cc79 tamaina bertsukoak dira; lehenengoak 12 orrialde ditu eta bigarrenak 28 (gogoratu dezagun bertan egunen eta hilabeteen euskal izenak nahiz adizkiak ere agertzen direla). Errefrau-kopurua ere parekoa da: lehenengoan 64 eta bigarrenean 63 ageri dira. Errefrauok emateko bidea ere bera da bilduma bietan: lerroz lerroko gaztelaniazko itzulpenak eta ohar laburrak era berdintsuan ematen dira.
- Izenburua: bitxia litzateke beste batek eginiko lanaren izenburuan compuestos por Esteban de Garibay y Çamalloa agertzea.
- Bata eta bestearen arteko erkaketa egin ostean (Lakarra, 1986: 45), ez dirudi G139 bilduma osatzeko Cc79a erabili zenik. Lakarraren esanen alde egiten du, gainera, 37 esaera berdintsu agertu arren, Cc79 errefrau bi jarraian behin ere ez agertzeak.
- Hizkuntza- eta idazkera-ezaugarri zenbaitek (G139 bildumako kopiagilea giputza izateak, grafiak eta abar) ez dute Urkixoren hipotesien alde egiten, baina kontra.
Lakarraren hitzak berreskuratuz:
“Orain arteko gogoeten arabera W (A-ren [G139] orijinale galdua) eta B [Cc79] –ez R[efranes y]S[entencias]– dira Garibaik egin zituen bi errefrau bildumak; Urkixok zeukan kontrako iritziaren arrazoi nagusia –bietan 37 errefrau errepikatzen direla– aski ahula iruditzen zait kontrakoa mantentzeko” (1986: 60).
Mintzagai ditugun errefrau-bildumen egiletasuna argiturik, bada sasoia esaera zaharren euren gaineko zerbait esateko. Bilduma batean 64 eta bestean 63 errefrau daudela, baina bietan 37 errepikaturik agertzen direla kontuan hartuta, ez dira ehunera iristen (93) orotara Esteban Garibaik bildutako errefrauak. Euskal atsotitzak liburuan, paremiologian aditu Gotzon Garatek atsotitzen sailkapen-mota ezberdinak eman zituen, eta horiei jarraikiz aipatuko ditugu guk hemen Garibairenak, lehendabizi:
Alde batetik, izaerari gagozkiolarik, arrasatearraren bilduman apotegmak, atsotitz denotatibo-konotatiboak eta figuratiboak agertzen dira. Lehenengoak “esanahi zuzena, erreferentzia hutsa duten esaerak” dira (Garate, 2002: 25), hots, ondokoak bezalakoak: Jaun Santi Laurenti, escuvatean euri vestean ilinti; Guiçon necatua Gogo ush; Eguzqui eta euri, Marti eguraldi; Martian çenbatetan, Aprillean aynbatetan; Vichioc eder, verori ez eta abar.
Denotatibo-konotatiboak ditugu, bestalde, Goiz salsa osha, verandu varazcaria; Gure mandoa urac engarren eta urac aroa; Vestec eç leguez Pieruc surra; Mila urte igarota, vra vera videan; Aoa veroa, bolsea oç; Say-ac picua eçaun eç; Nolaango lecua, Alaango cobrua; Axea nora, Capea ara bezalakoak.
Azkenik, figuratiboak, hau da, esanahi denotatiboa ia ezabaturik daukatenak, dira, ondokoak legezkoak: Martiac buztanaç, Aprilac bularraz; Tresne-ac jabea dirudi; Axeri-ac manturio-ari, palabras; Geçurrac buztana labur.
Errefrauetako gaiez den bezainbatean, orotarikoak daude: pertsonen izaera eta jokamoldeei buruzkoak (Guiçon utra ederra. Gueiaenean alperra; Eder valiz, on ez eiliz; Guiçon necatua Gogo ush), lanari, beharrari, txirotasunari eta aberastasunari buruzkoak (Ez euguia, gorde vsh; Guiçon beti naguia, Esa galçay garria; Asi-ac, eguina dirudi), jendearen esanei buruzkoak (Ayceriac maturioari içac; Geçurrac buztana labur), gizarte-mailei buruzkoak (Andiac andiro), eguraldiari buruzkoak (Gox gorric euri daidi, Arras gorric eguizqui), herri-egutegiari eta santuei buruzkoak (San Simon eta Juda negua elduda; San Simon eta Judaetan, onçiac ancoraetan) leku zehatzei buruzkoak (Bilbao, an vere, dongueac virao; Villareal de Vrrechu, veti guerrea darraiçu), animaliei buruzkoak (Ardi chipia, veti vildos), pertsona handikiei buruzkoak (Edrigu de Villandran, Egun even, eta viar an; Jaun done Martin-en çaldia-ri, oloa emon eç) eta abar.
Bada, jada Garibaik XVI. gizaldian jasotako esaera batzuk bizirik daude oraindik orain, hala nola: Vsteac, alde erdia vstel; Mila urte igarota, vra vera videan, Valizco oleac, burniaric eguin, eçtaroa; Axea nora, Capea ara edo Asi-ac, eguina dirudi.
Esteban Garibairen errefrau-bilduma bien arteko antzekotasun formal nagusietako bat arestian aipatutako esaeren aurkezpena da: euskal errefrauen gaztelaniazko itzulpena (zeharo hertsia, sarri) eman zuen arrasatearrak:
Ez jan eta ez lan
Ni comer, ni trabajar
Arçaiac aserra çiteçen. Gastac aguiri çiteçen
Los pastores rinieron, y los quesos parecieron
Norc vere gozoç echa guinean
Cada vno segun su pensamiento haze su casa
Aita gurea bein eliçara eta orduan nequez
Nro padre vna vez á la yglesia y entonçes con trabajo
Trae buey, O ojo
Ecarc idia, Edo beguia
Gaztelaniazko itzulpenekin batera, gainera, atsotitzaren azalpen laburra, kontestua, eman zuen Garibaik, bai eta, beharrezkotzat jo zuenean, hizkuntza- eta historia-oharren bat ere:
Por los que comiençan temprano las cosas, y las acaban tarde, dizen:
“Temprano salsa ruido, Tarde comida
Goz salsa osa, Verandu varazcaria.”
A la comida llaman ‘varazcaria’ y á la cena ‘afaria’, deribados de los verbos ‘varazcaldu’, que es comer á medio dÃa, y afaldu, cenar, y ‘gosaldu’, armorzar, deribado de ‘gosea’, que es hambre.
Porque cada uno haze mejor sus negocios por sà que no por terceras personas, dizen que el lobo tiene á su cabeça por el mejor mensajero:
Lobo el su cabeça mensajero mejor
Osho-ac vere burua mandatariric onaena.
En este lugar, y en otros muchos de esta lengua, se ha de herir mucho la S; y porque ayude algo, se pone aquà la haspiración, sin otra necesidad.
Porque en los mesmos tiempos el doctor Gonçalo Moro del consejo del mesmo rey, varon recto y riguroso, hizo algunas justicias contra los que inquietarean la tierra con los vandalos y parcialidades de Oña y Gamboa, y puso gran espanto en ella, dixieron:
Gonçalo Moro tate tate, Malo castigar save
Gonçalo Moro tati tati, Gaxtoa gaxtigeaetan daqui.
Quiere dezir: Guarte de Gonçalo Moro, que sabe castigar á los malos.
Esanikoak esanda, argi dakusagu Garibairen errefrauen balioa; garai hartako hizkera zaharraren testigantza zuzena eta, are garrantzitsuago, herrikoia izateaz gain, aipatzekoa da errefrauotako edukiak izan dezakeen balio etnografikoa, antropologikoa nahiz literarioa, gogora ekarririk Hego Euskal Herrian euskaraz dagoen esaera-bilduma zaharrenetarikoa dela.
BIBLIOGRAFIA
AROCENA, F. (1960): Garibay, Itxaropena. Zarautz.
ARZAMENDI, J. Eta ZUBIAUR, J.R. (1976): “El Léxico vasco de los Refranes de Garibay”.ASJU. X. 47-145. or.
GARATE, G. (2002): Euskal atsotitzak (2. argit.). Deia. Bilbo.
LAKARRA, J.A. (1986): “XVI. mendeko bizkaierazko errefrauez I. Garibairen bildumak”. ASJU. XX-1. 31-65. or.
____________, (arg.) (1996): Refranes y sentencias. Ikerketa eta Edizioa. Euskaltzaindia. Bilbo.
URQUIJO, J. (1919): El refranero vasco I. Los Refranes de Garibay. Imprenta Martin, Mea y Comp.. Donostia. 2. argit. RIEV. 27. (1976).
« ERACUSALDIAC (1803, 1850) | ESCU-LIBURUA, TA BEREAN EGUNEANGO CRISTIÑAU-CEREGIÑAC (1802) » |