« ELORRI (1962) | ERACUSALDIAC (1803, 1850) » |
ENBEITA OLESKARIA (1966)
Beti da korapilatsua bertsolari baten lanaren argitalpena, eta gutxi batzuen lanak bildu izan dira, batez ere Gerra Zibilaren aurrekoa baldin bazen. Kepa Enbeitaren (1878-1942) lanak izan du ezagutza zabalena, Santiago Onaindiaren lanari esker. Enbeita oleskaria izenburupean bildu zituen Muxikan jaiotako bertsolariaren lana. Liburuaren izenburua argitaratzaileak emana da, garbi baitago ez zuela Kepa Enbeitak libururik argitara eman. Gainera, bertsolariaren goitizena erabili du liburua izendatzeko. Aurretik beste argitalpen bat ekarri zuen: Gure Urretxindorra, Argentinan. Baina Enbeita Oleskaria Zarautzen argitaratu zuenez eskuragarria gertatzen da, nahiz eta lehen liburu haren ondoren etorri zen.
Kepa Enbeitaren sona, Bertsolari dohainez gain, nazionalismoaren propaganda egin zuen neurrian handitu zen. Santiago Onaindiak dion miresmena ere, ildo horretatik ulertu behar dugu. Juan Mari Lekuonak erdi-ahozkotasuna deituriko generoan sartuko litzateke Kepa Enbeitaren bertsogintza lana. Juan Mari Lekuonak egiten duen teorizazioan, bertsolaritzaren barnean erdi mailako kultura batean mugitzen den aho-testuari deitzen dio “erdi-ahozkotasuna”, ez da goi-maila idatzira iristen, baina ez da soilik aho mailan geratzen. Garbi dago formulario horretan goi maila maila eskolatuarekin lotzen dela, idazkiarekin, eta behe maila, geroago eta zailago zen hutsezko ahozkotasunarekin. Kepa Enbeitaren testuak aztertuz gero, garbi geratzen da idatzizkoarekiko lotura handia zuela muxikarrak, bere bertso asko eta asko garaiko aldizkarietan agertu ziren, eta ez zaio olerkari zena falta, nahiz eta berea bertso zaletasun argi-argia izan. Beste alde batetik, hiztegi garbizalea erabiltzen zuen neurrian, Kepa Enbeita ez da soilik nazionalismoaren zabalkuntzan arituriko bertsolaria, baizik eta argitalpenetan egiten duen lanari esker, idazle gisa ere onartua izan zen, abertzaletasunaren ideiak eta hizkera bertsolaritzara eramanez.
Kepa Enbeitaren gai nagusiak abertzaletasunaren ideologian agerturikoak dira:
Euskara, hizkuntza da bere bertsoetako gai nagusienetako bat, Kepa Enbeitaren ustez hizkuntzaren deuseztapena kaltegarria litzateke aberriarentzat, euskal identitatearentzat. Gutxitan metaforizatzen du euskara, eta gehiegizko alabantza egiten du, gaia bera sarri agertzen delarik. Asier Barandiaranek errotik aztertu zuen bertsolaria eta joera garbizalea bertsotan hasi ostekoa dela dio. 1904. urtea berebizikoa da bere garapenean, urte horretan joera tradizionala eta hizkera herrikoia utzi egin baitzituen, eta garbizalekeriaz zipriztindu moldeak.
Aberriak, askotan lurrarekin baturik agertzen denak, toki handia du bere lanean, eta “Ama Euzkadi” gisa pertsonifikaturik ematen du bere lanetan. Sabino Aranarekin liluraturik, nazionalismoaren zabalpena egin zuen, beste bertsolariek ez bezala. Gainera, euskara garbiaren aldeko joera nagusitzen zaio aldi honetan.
Erlijioa ere lantzen du Kepa Enbeitak. Erlijioa lehen lehenik idazlearen tradizio kontserbatzailearen bidetik nabarmentzen da bere lanetan. Euskara erlijioarekin batzen badu ere, deboziozko bertsoak dira gehientsuenak, Ama Birjinaren edo santuen irudiari lotuak. Enbeitaren pentsamolde abertzalean euskaldunak fededuna izan behar du.
Estilo aldetik bertsogintzan tradizio baten sortzailea izan dela esan dezakegu. Zortzikoaren bideari jarraiki, Kepa Enbeitaren bertsogintza ezaugarri hauen bidez definitu dezakegu: ahozko zenbait baliabide erabiltzen baditu ere (hoskidetza da horietan nagusia), ahozko tradizioan ugariak diren epitetoak murritzak dira bere lanetan; pilaketak oso gustukoak ditu, eta noiz edo noiz pilaketen bidez formula propioak sortzen ditu, bertsorik bertso errepikatzen diren pilaketa moldeak sortuz; badu erromantizismoak utzitako formulazio sentimentalak erabiltzeko joera, eta horrela, poza, kexa, eta samina maiz agertzen dira bere lanetan, entzulearen sentimenduak berpizteko asmoz; Kepa Enbeitaren bertsogintza aberatsa da kontrajarpenetan; sentiberatasuna maite du, asko dira familiakoei eskainitako bertsoak, bai jaunartze egunetakoak zein urtebetetzeetakoak; bere bertsoetan solaskideak izatea maite du, eta debate edo elkarrizketetan oinarrituriko bertsoak ezagun dira Enbeitarengan, maiz gauza abstraktuen pertsonifikazioa egiten duelarik, hain zuzen ere solaskideak sortzeko asmoz; sinbologiaren aldetik, topifikazioara jotzen du, eta sinboloak beti dira ideologiaren eusgarri.
BIBLIOGRAFIA
BARANDIARAN, Asier (2003) : Kepa Enbeita eta Balendin Enbeita: Bi bertsolari-belaunaldi ahozkotasunaren harian. Euskal Herriko Unibertsitatea. Argitalpen Zerbitzua. Bilbo.
« ELORRI (1962) | ERACUSALDIAC (1803, 1850) » |