« ELGETA (1995) | ENBEITA OLESKARIA (1966) » |
ELORRI (1962)
Bitoriano Gandiaga (Mendata, 1928 – Arantzazu, 2001) Ibilbide poetiko eta biografikoarengatik, nahiz beste zenbait ezaugarriren ondorioz, kritikoek behin eta berriro elkartu dute Gandiagaren izena Joan Mari Lekuonarenarekin eta Jean Dihartze “Iratzeder”ekin, euren obraren nortasunarengatik eta mintzaira dotore landuarengatik. Poetika sinbolistak eraginda hiruek sorturiko poesia ereduak balore unibertsalekotzat har daitezke. 1970ko hamarkadatik Jorge Oteizaren teoria estetikoen eta Arestiren poesia sozialaren eragina nabarmen daiteke Gandiaga eta Lekuonaren poesian, baina nortasun propioa duen harrera egiten asmatu zuten, lehendik poetika sinbolistaren bidetik literatura-lan baliosak eginak baitzituzten. Gandiagaren Elorri da hain zuzen ere horren lekuko garbia. Elorri liburuan irudikaturiko Arantzazuko arkadia geldi eta mistikoa kontrastean dago 1974ko Hiru gizon bakarkako euskal herri gatazkatsuarekin. Paradoxaz, bigarren horrek arrakasta handia izan bazuen ere, kritikoek bereziki goraipatu dute beti Elorri obraren dentsitate liriko bikaina eta Gandiagaren obretan denboraren joanak gutxien higatu duena dela esan daiteke.
1952-57 bitartean idatziriko poemak dira Elorrin bildurikoak. Joxe Azurmendik bakandu, sailkatu eta argitaratu prestatu zituen, baina hiru urtez zentsura, itzulpen eta beste atzera-aurrera ibili behar izan zuten 1959rako liburua egina zegoen arren. Sarrera Villasantek egina da. Liburuaren zortzi atalak elkarrekin loturarik gabeak dira edo egitura jakinik gabeak. Giza kezkak, haragiaren eta espirituaren arteko borroka, euskal herria badena eta izan gura duena. Arantzazuko amak eta natura bera den amak maitasunez hartzen du inguru natural guztia, gizakia barne. Testuinguru horretan, gizakiak, elorriak bezala, itxaron eta sufritu egiten du, itxaropenez loratzen da udaberriro.
Lehen pertsonan adieraziriko poesia da eta Arantzazuko soiltasunean errotua dago. Harkaitza eta lurra dira materia, baina ni poetikoak era estilizatuan bereganatzen du errealitate objektibo hori. Egilearen iritziz (1985, Argia) Elorri da bere lanik osoena, poesia erlijiosoa bere sinpletasunean. Arantzazun isolaturik bizi ziren eta hurbil zituen esperientzietatik abiatu zen, orduko hartan beretzat besterik ez zegoelako, hango bizitza, liburuak eta natura. Ondorioz, osagai espiritualak eta materialak denak han bertan errotuak dira.
Liburuetatik harturikoari dagokionez, gudaurreko idazle sinbolistak datozkio irakurleari gogora berehala, bereziki Lizardi eta Lauaxeta. 1949ko S. Mitxelenaren Arantzazu poemaren eragina ere nabarmena da. Klasiko espainolek (San Juan de Cruz, Fray Luis de Leon) eta modernistek (J.J. Jimenez eta Machado) osatu zuten Gandiagaren ikaskuntza literarioa, baina Horazio eta Virgilio ere bereziki garrantzitsuak dira bere poetikaren eraikuntzan.
Liburuko zenbait poema egile jakin batzuen eredua imitatuz eginak dira egileak aitortu zuenez; “Gauza ederrok baino”, esaterako, Lauaxetaren “Maitale kutuna”ren antzera egina da. Arantzazuko bizieratik heldu dira asko, bere esperientzia zuzenetik, hala nola, “Arrizko amabirgina”. Inoren eredurik gabe bere-bereak ditu “T’euria” edo “Ementxe dago arkaitza”, “Zarpil”, “Arima”. Zinezko Gandiaga dira dagoeneko, hots, “sinbolista izateaz gain, intimista” den poeta baten sorkari biribilak. Kontenplazio xume eta arretatsua da bere poesiaren gunea.
Berezko nortasun eta jaiera horri garaian nagusi ziren isolamendua, etsimendua eta zentsura erantsi zitzaizkion esparru sozialean eta politikoan. Adierazi zuenez, “Poemako protagonista ez nintzen neu bakarrik, gizateria osoaz ari nintzen, beste guztientzat ere balioko zuten lanak egiten niharduen, ustez”. Beragan erroturiko izakiaz ari zen eta nekaldi eta urraduren eroapen kristaua islatzen saiatzen zen: “Jainkoarren eta pakearren”. Herritar xumeen konformidadea eta halabeharra eramaten erakutsiak ziren gizakien ikuskera islatu zuen.
Liburuko sinbolismoa ageri-agerikoa da, Gandiagarentzat “elorria da gure biziera, batzuetan zarpil, bestetan ederraren sinbolo, bere betiko arantza eta udaberrietako loratze dena betekoan.”(Hegats 1991, IV, 209-218). Elorri poemako sinboloak esplizituak dira: elorria/bizitza, arantza/samintasunak, lorea/pozak, harkaitza/ziurtasuna eta basamortua, bidea/aszetismoa, orbela/zalantzak, ipurtargia/itxaropena, erroia/atsekabea. Funtsean giza bizitzaren drama da bere gaia. Poemaren isotopia nagusiena ere izenburuaren sinbolizazio horren haritik dator: Elorriaren lorea edertasuna eta poza da: garbi, leun eta zuri. Arantzak, erroiak, zarpil, lakar, apal, bakun, zurtz eta gorri dira. Formalki ere paralelotasun eta simetriek adierazten dute bikoiztasun hori.
Lehen pertsonan idatzia da poema, bere giza bizitzaren isladura barnekoiaren lekukotza ematen du. Lekukotza hori ematea kostatu egiten zaio nekez eta minez dihardu. Baliabideak ditu begia eta intuizioa: kontenplazio intentsoa eta emotiboa da. Irakurleak aldiz, urrun samar dagoen espiritualtasunaren zantzuak sumatzen ditu poema horietan. Arkadia lakar bat, kontenplazioaren arreta eta estilizazioa gailentzen dira eta isolamendua garaiko mundu arruntetik.
Esan bezala, Elorriko hizkuntza sinbolikoa da, itzulinguruz espresatzen da eta traszendentea da beti. Arantzazu inguruko natura erabiltzen du konparaburutzat eta espiritualitate frantziskanoa mamitzen da bere obran: izadian dago Jainkoa, mundu honetako materia guztietan. Lizardiren eta S. Mitxelenaren sinbolismo modua ageri da Gandiagaren Elorriko mundu ikusmoldean. Bestela esanda, tankera modernista dauka liburuak, amets giroak eta erlijio elementuek ere garrantzia handia dute.
Liburuko samurtasuna eta espiritualtasuna dira aipagarrien. Egileak erantzi egiten du bere burua liburuan, bat egiten du intentsitatez ni poetikoarekin eta ez du distantziarik jartzen. Poesia laburrak eta estilizatuak, indartsuak dira, izen eta izenondo zehatzek egiten dute berba, xehetasun xumeei ohartuz sakonera jotzen dute.
Metrikoki berritzaile da Gandiaga liburu honetan eta arretaz bilbatzen ditu ahapaldiak. Moldeen aukeraketan ez da herri-eredu metrikoen zale, S. Mitxelena bezala. Lizardik bezala, bertso eredu motzak ditu gogoko, 6,7,8 silabakoak, baina ez molde tradizionalean emanak. Barnetik sortzen zaizkio, doitasunez, kopla zaharren eta dekorazio-olerkien baliabideak baina modu berrian integratzen ditu poemetan. Gairaitsuan sortu zen poesia sozialak irudi tradizionalez baliatzea hautatu zuen moduan, Gandiagak modernitatearen alde egin du: irudi berrituak.
Hitzen sonoritatea, erritmoen garrantzia dira bere ezaugarri estetiko nagusiak. Poesia oso elaboratua da soiltasun itxuraz emana. Ez dauka erromantizismo kutsurik edo sonoritate bilaketa diztiranterik. Adjektibazio zehatza da poesia honen ezaugarri agerikoa, estilo baten ezaugarri bilakatuko dena, denboraren joanean, Joan Otaegiren tesiak (1997) nahiz Amaia Iturbideren azterlanek (199) nabarmenarazi dutenez. Azken honen iritziz, Elorri “benetan aberatsa eta klasiko egiten duena bere adjektibazio ugaria da, ugaria zentzurik zabalenean: egiten duen aukeran, erabileran, adjektiboei ematen dien musikalitatean, adjektibo jokoetan, kontrastean”. Zehaztasun harrigarria du adjektibazioak eta erabilera bikaina egiten du izen sintagmaren egiturarekin jokatuz. Errepikapenez baliatzen da sarritan: izena errepikatu eta adjektiboa aldatuz, ala izena aldatuz. Bi izen aposizioz edo juntagailuz elkartuak kalifikatzen dituen adjektibo bat bakarra. Ahozko literaturan bezala erabilita dago adjektiboa askotan: errepikatuz eta erritmoa emateko erabilita. Adjektibo jokoak: “Ta xirimiriak, geldo eta geldi”.
Adjektibo piktorikoen matizatze fina egiten du Gandiagak. Iturbidek dioenez, koloreetan zuria da nagusi, baina ondotik datoz gorriaren eta beltzaren kontrasteak. Kolore berriak identifikatzen ditu poetak “Urki kolorez ibaia”, “Zugaitzen orri oriak, ilun/aize morea, beltzago”. Elorriko giro epel, mistikoa, adjektibo finez oratua dago eta sinestesiaren indarrez blaitzen du giro osoa sinbolismoz. Adjektibo arruntak dira sarri, exotismo lexikorik gabeak, baina errepikapenak eta anaforak bilakatzen ditu konnotatibo, eta sinbolo bihurtzen elaborazio erritmikoz.
BIBLIOGRAFIA
Aldekoa, Iñaki (2004) Historia de la literatura vasca. Erein. Donostia.
Aulestia, Gorka (1991) “S. Mitxelena eta B. Gandiaga Arantzazuko”. Muga. 79 zbk. 45-59 or.
Gandiaga, Bitoriano (1991) “Nire obraz”. Hegats. IV. 207-218.
Iturbide, Amaia (1991) “Adjektibazioa Bitoriano Gandiagaren Elorrin”. Jakin. 67. 119-132.
Kortazar, Jon (2000) Euskal literatura XX. mendean. Pramés. Zaragoza. 183-194.
Lasa, Mikel, (1974) “Hitzaurrea” in Hiru gizon bakarka. Gero. Bilbo. 7-12.
Lekuona, Juan Mari (1977) “Sarrera modura”. XV-XXIX in Uda batez Madrilen, Jakin. Oiñati.
Otaegi, Juan (1999) Adjektiboa Euskal Literaturan, (tesia, 1994). UD/DU, Bilbo.
Uria, Iñaki& Zubiria, Pello (1985) “Elkarrizketa Gandiagarekin, esperantza urratu nahi eta ezinean”. Argia. 1985-II-24. 25-28 or.
« ELGETA (1995) | ENBEITA OLESKARIA (1966) » |