« EKAITZPEAN (1948) | ELGETA (1995) » |
EL BORRACHO BURLADO (1764)
1765. urtean Sociedad Bascongada de los Amigos del PaÃs “Zientzia, Letra Ederrak eta Arteetarako joera lantzeko (…): ohiturak zuzendu eta garbitu, alferkeria, jakineza eta bere ondorio latzak uxatu eta Euskal probintzien arteko batasuna estutzeko” (Elkarteko estatutuen lehen artikulua, 1765) sortu zuen Xabier Munibek (1723-1785) lan txiki bi utzi zizkigun literatura arloan: Gabon Sariak (Azkoitia, 1762), eta El borracho burlado (Bergara 1764).
Zuberoako pastorala alde batera uzten badugu, hauxe dugu P. I. Barrutiaren Gabonetako ikuskizunarekin batera euskal antzerkiaren lehenengotariko testigantza eta, ziur asko, euskara eskenatokira igo zuen lehen antzerki lana. Berrargitaratu gabe egon zen luzaro, RIEV aldizkariak (1907 – 1909) 1-3 zenbakietan agertu zuen arte. Handik kopiatu zuen Arestik Auspoa liburutegiaren “Teatro zaarra” alean (1965) ateratzeko. Azterketa honetarako erabiliko dugun alean P. I. Barrutiaren Gabonetako Ikuskizuna, Sor Luisaren (Muniberen ezizena) Gabon Sariak eta El borracho burlado batera ditugu, Arestiren ustez, era horretan “lengo gauza solteak gorputz bat hartzen dute” eta (Aresti 1965: 10). Lotura hori azpimarratzeko Barrutiaren pertsonaia barregarria eta Sor Luisak Gabon sariaken hitzaurrean (Teatro zaarra: 51 orr.) aipatzen duen “Martin beltz”delakoa “pertsona bakar bat” (1965: 12 orr) izan daitekela dio. J. Juaristik (1986:50) eta J. Kortazarrek (1983: 146) ere ikusten dute Barrutiaren lanarekiko lotura, bietan agertzen baitzaigu senar mozkortuaren eta emaztearen arteko errierta, eta bietan ageri baita emazteak senarra zentzatzeko asmoa.
Idazlanaren azalean halaxe zehazten da: “El borracho burlado. Opera comica en castellano y bascuence. Escrita y puesta en musica por un caballero guipuzcoano”. Beraz, euskaraz eta erdaraz osaturiko opera barregarria dugu, eta idazleak berak jarri zion musika. Hizkuntzari buruzko zehaztasunari garrantzitsu deritzogu, euskarazko atalak kantatzekoak baino ez baitira, eta horrek J. Juaristiren ustetan (1987: 63) diglosiko bilakatzen du antzerkia, elebidun baino hareago. Baliteke hala izatea, baina idazleak berak ematen du hizkuntza erabilera horren arrazoia antzerkiaren aurreko oharrean: hasierako asmoa dena euskaraz egitea zela zehazten du baina, erabili beharreko euskalkiaren zailtasuna zela eta, abestutako tarteak baino ez zituen euskaraz utzi. Horrez gainera, Azkoitiko hizkeraz baliatuz gero, beste herrietan eta Frantziako mugan ez omen zuten erabaki hori ontzat hartuko “Goi-erri”aldeko euskalkiaren aurkako joera zela tarteko eta beste hizkuntza molderen bat aukeratuz gero antzezleak barregarri agertuko liratekeelako, ezinezko izango litzaieke-eta hura imitatzea. Horregatik gordetzen du euskara kanturako, eta erdaraz esatekoa dena. Idazlearen aitormena ikusita, ez dirudi honen asmoa euskara gizarte maila bakar batetara, herri xehearen mailara, mugatzea denik. Beste alde batetik, euskara zein erdara ageri dira antzezlan osoan, eta pertsonaia guztiek erabiltzen dituzte biak. Egia da, ordea, pertsonaia gehienak behe-mailakoak direla. Baina bada bat, D. Diego jauregizaina, alegia, besteen aldean hizkuntza maila jasoagoan darabilena. Hau ere hizkuntza bietan mintzo da, baina euskaraz hikako aditzak eta konfidantzako erregistroa darabiltza, bera baino xumeagoekin ari baita beti. Gainerako otseinek, aldiz, erregistro arrunta eta hika darabiltzate bere mailakoekin, eta zuka D. Diegorekin (103 or.). Ez dezadan honekin bukatu Txanton Garroteri buruzko zehaztasun bat egin gabe: pertsonaia hori ere hizkuntza bietan mintzo da, baina bere burua Trapisonda-ko markestzat duenean gaztelaniaz arituko da batez ere, ez beti ordea, dendariekin euskaraz eta kantatu gabe ari baita (133 or.).
Hogeita hamabost eszenatan antolaturik ageri zaigun lan hau antzerki neoklasikoaren adibidetzat jo izan da, hiru unitateen araua -denbora, espazioa eta ekintza- nahiko zuzen gordetzen duenez gero. Baina ez da hori arrazoi bakarra, ezen garaiko ohiturari jarraiki, Munibek ez du gai mitologikorik aukeratuko, baizik eta neoklasizismoaren bideari ekinez eta hiru urte beranduago sortu zuen elkartearen estatutuetan ageri den bezala, “ohiturak zuzendu eta garbitu, alferkeria, jakineza eta bere ondorio latzak uxatu” asmotan ariko da, eta aitonen semeak herri xehearen hezitzaile bilakatu behar direla erakusteko ihardunean. J. Juaristiren ustez (1987:63), argumentuak zein izenburuak Tirso de Molinaren Los tres maridos burlados dakartza gogora, biotan ageri baita aiton-semeen laguntzaz senarra zentzatu nahi duen emakumea. Ikerlari beraren ustean, neoklasikoek ez zuten baztertu Urre gorrizko Mendearen literatura guztia, eta ondare hori bahetu ondoren literatura hartako ezaugarririk onenak hartu zituzten. P. Urkizuk, bestalde, Santxo Panzari Insula Baratarian jazotako gorabeherekiko lotura ere ikusten du.
Muniberen lanean asmo hezitzailea dago beste edozeren gainetik, eta hari horretatik datorkigu, hain zuzen ere, azken eszenako irakaspena: “Direnak munduan/ Orditzeko usuban,/ Eskarmenta bitez/ Txantontxoren buruban” (160 or.); eta Txantonen barkamen eskaera: “Ta ala, arren, barkatu/Nere zorakeria.” (160 or.). Ilustratu zintzo legez aisialdian ere irakats eta ikas daitekeela uste du, horregatik erabiltzen du antzerkia ardurapean dituenak hezteko. Are gehiago, sortutako lana planifikazio zehatz baten ondorio da. Argi du nolako gaia aukeratu behar duen: ez da maitasuna izango, ikusleentzat erakargarriago izan arren, nahiago du asmo hezitzailea agerian uzten duen komedia, Jovellanosen El delincuente honrado lanean bezalaxe. Itxuraz arrunta den gaia eta egoera aukeratuko ditu, beretzat antzezleak eta euren goera soziokulturala erabakiorrak direlako lanaren emaitzarako. Gaiaren aukeraketaz gain, asmo hezitzailea (Carnero 1983:19) beste bi premisen gainean oinarritzen da: ikuslearen psikologiaren ideia primitiboa, eta Antzinako Errejimenaren ideologia hedatzeko eta mitifikatzeko asmoa. Horrela zurruntasunez mailakatutako gizarte bat erakusten da idazlanean, eta horregatik Txanton zentzatzeko asmoz asmatutako iruzurra benetako zigor bilakatzen da, markes izatea oinazea baita eta jauregia ifernua, ezen pertsonaia eta pertsona bakoitzak bere lekua du gizartean; tokitik ateratzeak lekutu gabeko iluntasunean murgiltzea dakar. Barrokoaren ondorea den munduaren ikusmen arkaiko bat aurkezten da, nahiz eta haren anabasa eta pilaketari ilustrazioaren moldea eta berezko oreka ezarri eta forma mailan neoklasizismotik harago doan estilo modernoago baten bila abiatu. Barrokoaren erakusgarri diren beste idazlan batzuen antzera (Calderonen La vida es sueño eta Quevedoren Los sueños) errealitatea eta itxurapenaren arteko trukaketa eta nortasunaren iraun gabetasuna agertzen du.
Mezua ikusleengana helarazteko asmo zuzena duen lan honetan zertzelada ohitura zaleak zein ilustratuen asmoz herri jakituria eta herriarekiko lotura eta adierazten duen esaerarik ez da falta. Arestian aipaturiko planifikazio gogoak badu eragina estiloan: lana bertsoz idatzia dago, idazlearen esanetan, molde errazean, “he puesto mi cuidado en que sea un romance llano”(85 or.), mezuak ez dezan oztoporik izan. Ez da, beraz, bertsokera ez eta hizkera korapilatsurik izango, errima errazak erabiliko dira, bertso pareak edo bikoak osatuz. Gauzak errazteko aukerari kontrajartzen zaio, ordea, doinuen aukeraketa aberatsa; ugaritasuna nabari da, doinu, erritmo, eta bertso moldeetan : aria, arieta, bikoteak, hirukoteak, tonadillak, “jacara”, “seguidilla”… Aberastasun horrek agerian uzten du idazleak musikarako duen zaletasuna eta gustu fina.
BIBLIOGRAFIA
ARESTI, Gabriel (1965): “Itzaurre moduz” in Teatro zaarra. Auspoa liburutegia. Donostia
CARNERO, Guillermo (1983): La cara oscura del siglo de las luces. Juan March/Cátedra. Madrid.
JUARISTI, Jon (1986): “El borracho burlado: Transizioko komedia bat.” Euskera. 31zb.47-53.
KORTAZAR, Jon (1997): Euskal literaturaren historia txikia. Erein. Donostia
KORTAZAR, Jon (1983): Pedro Ignacio de Barrutia: Gabonetako Ikuskizuna. Argitalpen kritikoa, itzulpena eta zenbait ikerlan. Arabako Foru Aldundia. Argitalpen Saila. Gasteiz. 129-166.
LASAGABASTER, Jesus MarÃa (1996): “El conde de Peñaflorida, ¿un soñador para un pueblo?” in Los escritores, hitos de la literatura clásica euskérica. Besaide bilduma. Fundación Sancho el Sabio. Gasteiz.
MITXELENA, Koldo (2001): Historia de la literatura vasca. Erein. Donostia
ORPUSTAN, Jean-Baptiste (1996): Précis d´histoire litteraire basque 1545-1950. Editions Izpegi. Baigorri
URKIZU, Patri (1984): Euskal antzertia. Antzerti. Donostia.
« EKAITZPEAN (1948) | ELGETA (1995) » |