« 100 METRO (1976) | EL BORRACHO BURLADO (1764) » |
EKAITZPEAN (1948)
Jose Eizagirre (Tolosa, 1881 – Donibane-Lohizune, 1948) idazle eta politikari abertzaleak Euzkadi, Euskal Esnalea eta Gure Herria aldizkarietan ekin zion ibilbide literarioari, antzerkia eta euskarari buruzko artikuluak kaleratuz. Segurako Euskal Jaietan Basotarrak operaren libretoa saritu zuten (1911). Eskualzaleen Biltzarra eta Instituto Gernika elkartetako kidea izan zen. 1948an Buenos Airesen Ekaitzpean eleberria argitaratu zuen.
Eizagirre gerra osteko lehenengo belaunaldikoen artekoa dugu, Ameriketara erbesteratu behar izan zuen belaunaldikoa. Erbestealdi horretan euskal ekoizpen literarioa liburu eta aldizkarien artean banatu zen. Buenos Aireseko Ediciones Vascas-Ekin eta Mexikoko Pizkundia argitaletxeek bete zuten argitalpenak kaleratzeko lana erbestealdiaren lehenengo urteotan. Gerrak ekarri zuen eten bortitz eta isiltasun luzearen ondoren 1946an ekin zitzaion atzera ere eleberriak argitaratzeari. J. A. Irazustaren Joañixio dugu lehena, Ameriketan argitaratua. Ostean etorri ziren Eizagirreren Ekaitzpean (1948) eta Irazustaren beraren Bizia garratza da (1950). 1946a mugarritzat ikusi nahi izan dute batzuek euskal eleberriaren bilakaeran. Lasagabasterrek erbesteko eleberri gisa definitu zituen eleberri guzti horiek, segidan ohar eginez erbestekoa izatea argitaratze lekuari baino ez dagokiola, eta ez eleberri mota jakin bati. Izan ere, Eizagirreren Ekaitzpean, Irazustarenak eta, hala nola, ostean Euskal Herrian bertan argitaratzen hasi zirenak ere lehengo lepoko eleberriak ziren, joera ohiturazalekoak. Gotzon Garatek, berriz, errealismo xume baten aztarnak ikusi ditu horietan. Ezin da esan, baina, eleberriok eleberri errealistak direnik, ezta gutxiagorik ere. Esaterako, Ekaitzpean eleberriak gerra zibilaren gaia jorratu arren, gatazkak ez du baldintzatzen ez narrazioa ez haren azpian dagoen ikuspegi manikeoa. Euskal eleberrigintzak defendatu nahi zen ideologia existentzialista izaten jarraitzen zuen, klerikala eta tradizionalistaren babesleku gotorra. Bestalde, elementu errealistak azalduagatik ere, eleberriok ez dira garaiko euskal gizartearen kronika eta. Iritzia ematen duen narratzaile orojakileak jarraitzen zuen, eta pertsonaiak agente hutsak ziren, batere eboluziorik gabekoak, kontzientzia modernoaren gorabeheren berri ez duen mundua islatzen duten horietakoak. Soilki esan genezake joera ohiturazale nabarmen horretan tematikak ugaritzen direla eta, batez ere, gerrak biztuarazi duen ikuspegi hits eta ezkorra gailentzen dela.
Eizagirrek Ekaitzpean eleberrian, edo berak dioen moduan, ipuinberrian, euskarari indarra ematea du helburu; kontu arrunta ordura arteko euskal idazle guztietan. Liburuaren hitzaurrean honela diosku:
“Euskera galduko ba`litz Euskal-Erria zearo galdua litzakela ziur ba dakigula, gure izkuntza maiteari iraupena eman nai genioke; beraz, mintzatu ta irakurri bearrean gara, eta irakurtzeko irakurgaiak bear ditugu noski. Orregatik, aizkenengo gure gudate izugarrien zipristin beltzak mendi-mendian izkutatuta dagon baserri bateraño nola iritxi diran, gaitzat artuta, “Ekaitzpean” deitzen detan ipuinberri au asmatu eta argitaratzen det. Euskeraz irakurtzeko zaletasuna pixtu-arazi eta errezago irakurtzeagatik egintza onen geiena alkarrizketa-eran antolatu det. Eta ala, alkarrizketaz egiña dagona arturik, antzokirako ere errez antzeztu liteke”.
Hala ere, bistan da Eizagirreren asmoa haratago doala. Gaurkotasun handia zuen gai batez idatzi zuen, gerra zibilaz, hain zuzen. Hamar urte eskas ziren gerra amaitua zela eta herabeki baino ez bazen ere, gaia tabua izateari utzita zeuden euskal idazleak. Sasoi hartan apal-apal hasi ziren gerra ingurukoez idazten. Eizagirrek ez ditu zuzenean gerraren ondorioak jorratzen, baizik eta gerrak zer nolako eragina duen familia jakin baten bizimoduan. Familia hau baserrian bizi da, eleberri mota honetan ohi zen lez, era idilikoan deskribatzen zaigun baserri batean: familia euskaldun petoa eta kristau zintzoa, natura oparo eta basatiaren erdian. Ekaitzpean erdi eleberria erdi antzerkia da, honezkero jakina zaigu Eizagirreren antzerkiarekiko zaletasuna. Horri lanari darion asmo eta helburu didaktikoa gehitu behar zaio ezaugarri gisa, egileak berak hitzaurrean aitortzen duen legez. Horregatik, elkarrizketa dramatikoa gailentzen da lan honetan. Elkarrizketetan ugari dira akotazioak eta elementu deitikoak, benetako antzezlana bailitzan. Horrela, pasarte narratiboetan, beti atal bakoitzaren hasieran eta amaieran, nagusitzen den narratzaile orojakilearen ikuspegia ezabatzen da elkarrizketetan. Narratzaileak narrazioari heltzen dioenean, pertsonaiak bizi diren giroaren eta inguruaren deskribapena egiten digu. Deskribapen horietan nabarmen-nabarmena da ohiturazaletasunaren ideologia: “Euskaldun nekazarien sendi jator, zintzo au, pakean ta zoriontsu kristautasun ederrean bizi zan”.
Ekaitzpean lanean gerraren une batean ematen den eguneroko bizimodua kontatu nahi du egileak, nolabaiteko barne historia egiten du. Hiru ataletan banatzen da: “Guda-otsak”, “Babes goxoa” eta “Ekaitz izugarria”. Horietan Aitzondo-garaiko baserriko familiaren deskribapena ageri da, gerra zibilaren atarian. Gerra hasita familia tradizionalista horretako seme nagusia gerrara joango da Nafarroako erreketeekin. Borrokan hasi baino lehen gerra istripuz hilko da, eta familia eta baserriaren etorkizuna kolokan geldituko da. Horrek ere eragingo du familia honek euskal abertzaleen alde egitera. Gerra baserrira hurbildu ahala, halako batean euskal gudariek zauritu bat gorde beharko dute baserrian. Zaurituaren eta baserriko alaba gaztearen artean maitasun istorioa biztuko da, eleberri ohiturazaleen maitasun idilioa. Baina etxeko alaba gazteari ere korte egin dion auzoko arlote batek, jelosiak jota, salatu egingo du familia soldadu frankisten aurrean. Erbestealdiaren gaiari bide eginez, azkenean, familiako gerraren sufrimendua jasaterik ez daukan aitonarekin batera ere ihes egin beharko dute. Amaiera latz horrekin batera egileak liburuak eskatzen ez duen itxaropenerako deia egiten du, etxean gelditu direnei aurrera egin dezaten egiten die dei, baserrian eta euskal ohituretan errotuta tinko iraun dezaten. Ekaitzpean lanaren ikuspegi ez hain manikeoak —sarritan baserriko lana ere ez da hain idealizatuta agertzen— eta elkarrizketa arin eta ugariak —ahozko gipuzkera ederrean idatziak— lana irakurterraza eta atsegina izatea lortzen dute.
BIBLIOGRAFIA
EIZAGIRRE, Joseba (1948): Ekaitzpean. Ekin. Buenos Aires.
GARATE, Gotzon (2001): Euskal eleberrien kondaira. Gero. Bilbo.
KORTAZAR, Jon (1990): Literatura vasca Siglo XX. Etor. Donostia.
LASAGABASTER, J.M (1981) “Euskal nobelaren historia” in Euskal linguistika eta literatura. Bide berriak. Deustuko Unibertsitatea. Bilbo.
OLAZIREGI, Mª Jose (2002): Euskal eleberriaren historia. Labayru Ikastegia. Bilbo.
ONAINDIA, Santi (1975): Euskal literatura IV. Etor. Donostia.
« 100 METRO (1976) | EL BORRACHO BURLADO (1764) » |