« EHUN BAT SAINDUEN BIZITZEA (1876) | EKAITZPEAN (1948) » |
100 METRO (1976)
100 metro izenburua duen eleberria Ramon Saizarbitoriaren eskutik sortutako bigarrena da, Egunero hasten delako lehenengoaren ondoren argitaratua. 100 metro-k 1976. urtean izan zuen lehenengo argitarapena, baina antza denez, 1973.erako idatzita zegoen. Hortaz, frankismo garaian idatzitako nobela dela kontuan hartu behar dugu, argitaratzeko idazleak Franco hil arte itxaron behar izan zuen arren. Franco hil ondoren argitaratu zen lehenengo aldiz, baina honek ez du esan nahi zentsurarekin arazorik izan ez zuenik, zeren plazaratu zenean epailearen aginduz bahituta egon baitzen lehenengo argitarapen hura.
Nobela honetan kontatzen den argumentuaren ardatza ETAko militante batek Donostiako Konstituzio Plazan (nobelan “18 de Julio” du izena plazak, garaiko izen ofiziala alegia) pairatzen duen jazarpena da, apenas bizpahiru minutu irauten duen jazarpena, eta poliziaren tiroen ondorioz haren heriotzarekin amaitzen dena. Gaiaren muinean, beraz, euskal gizartea hainbat urtetan astindu duen gatazkaren adibide bat eskaintzen zaigu, eta alde horretatik begiratuta, ez da harrigarria halako istorioa kontatzen duen nobela batek bere garaian agintarien susmoak piztea.
Edonola ere, nobela honek ez zuen bakarrik oraindik ere frankismoaren itzalpean mugitzen ziren agintarien susmorik piztu. Euskal irakurleen artean harrera bikoitza izan zuela esan daiteke. Batetik, nobela arrakastatsua izan zen, hitz horrek gure esparruan dituen mugak kontuan hartuta, baina Mikel Hernadez Abaituak ondo zehazten duen moduan, best seller baten arrakasta baino long seller batena izan zen nobela honena (Hernandez Abaitua, 2008). Izan ere, hainbat argitarapen izan ditu liburu horrek eta urtetan zehar saltzen (eta suposa dezagun irakurtzen) jarraitzen den testua da. Izan ere, argumentuaren ardatza gure errealitate gatazkatsuarekin erlazionatuta egoteak azal lezake neurri baten arrakasta hori.
Baina harrera ona izan bazen ere, garaiko kritikaren aldetik ez zuen hain arrakasta handia izan, hasiera batean behintzat. Eta arrazoia nobelan erabiltzen den hizkuntzan aurkitu behar dugu. Nobela hau idazterakoan Saizarbitoriak gizartean ohikoa den diglosia islatu nahi izan zuen diskurtsoan erabiltzen den hizkuntzan, eta hori dela-eta gaztelaniak presentzia handia du nobela honetan. Literaturan euskal hizkuntzaren garapenerako euskarri bat bakarrik ikusten zutenek nobela honen kontrako iritzia plazaratu zuten, egoera diglosikoa islatu baizik ez baitzuen egiten. Gaztelaniaren presentzia euskararen kaltetan ari zela pentsatzen zuten. Izan ere, hizkuntza bera argumentuan agertzen zaigun osagai problematikoa izanik, Saizarbitoriak historiaren mailan agertzen den hizkuntza-aniztasuna diskurtsoan islatzen zuen, hizkuntza desberdinak erabiliz. Literaturaren ikuspuntutik aztertu behar zen jokaera hau, ordea, garaiko kritikoen artean soziolinguistikaren arabera aztertua izan zen.
Bestaldetik, esan behar da 100 metro oso nobela laburra dela, nobela baten eskema ia. Baina nobela diskurtsoa hain laburra izanda, teknikaren aldetik aniztasun harrigarriarekin egiten dugu topo bertan: narratzaile mota desberdinak, kronologiaren apurketa, diskurtso mota desberdinen presentzia… Honelako osagaiek diskurtso polifoniko konplexu baten adibidea eskaintzen dute, non nobela osatzen duen diskurtsoaren barruan, zazpi azpi-diskurtso agertzen zaizkigun, collagea gogoratzen duen eraikitze teknikaren bidez. Hernandez Abaituak aipatzen dituen moduan hauexek dira zazpi azpi-diskurtso horiek (Hernandez Abaitua 2008: 195):
- “A: Haur bat fraide-ikastetxe batean
- B: Polizia batzuek estudiante bati egiten dioten itaunketa
- C: Iheslariaren hilketaren albistea
- D: Iheslariaren jazarpena eta hilketa
- d: Iheslariaren analepsiak
- E: Donostiako kaleetako giroa hilketaren ostean (eta hurrengo egunean)
- F: Donostiari buruzko informazio turistikoa”
Azpi-diskurtso hauetatik nobelaren argumentuaren ardatza osatzen dutenak D eta d dira.
Bestaldetik, diskurtsoa honela aurkezteak, zatikatuta eta collagearen teknika erabiliz, nobela honek zinemarekin duen lotura aipatzera eraman du. Eta 100 metro berez nahikoa “zinematografikoa” delarik, idazlan hau izan da zinemara eraman den euskal nobela bakarretako bat, Kortazarrek analizatzen duen bezala (Kortazar 2009b).
Saizarbitoriaren lanak zinemarekin izan duen harremanarekin batera, nouveau roman delako mugimenduarekin izan zuen erlazioa ere aipatua izan da. Saizarbitoriak mugimendu horren oinarriekin egiten du bat neurri batean, batez ere, ikuspuntuaren objektibotasuna bilatzen duen aldetik. Izan ere, nobelan gauzak erakutsi egiten zaizkigu, narratzaile desberdinen aldetik bestelako interpretaziorik aurkeztu gabe. Baina edonola ere, bere nobela honetan eskaintzen duen begirada, oraindik ere gizatiarregia da modu estu batean literatura mugimendu horrekin egiteko.
Nobela honetan, narratzaile aniztasunarekin, azpi-diskurtso aniztasunarekin eta hizkuntza aniztasunarekin Saizarbitoriak egiten duena gure ingurua islatzea da. Gatazka politikoa eta diglosia egoera begien aurrean jartzen dizkio irakurleari, baina idazlearen jarrerak neutro ematen du, ez du iritzirik eskaintzen, ez dio irakurleari interpretaziorik inposatzen. Iritziak, interpretazioak, beraz, irakurleen esku gelditzen dira. Nobela honek 70ko hamarkada ezagutu zuten irakurleengandik oso hurbil dagoen mundu sinboliko bat eskaintzen duenez, honelako irakurleek bertan agertzen diren osagaiak arazorik gabe identifikatzen dituzte. Eta identifikatzen dituzten heinean, beren esperientzia pertsonala nolabait islatuta ikus dezakete mundu horretan. Honek azal lezake nobela honek irakurleen aldetik jaso duen arrakasta.
BIBLIOGRAFIA
ALDEKOA, Iñaki (2004): Historia de la literatura vasca. Erein. Donostia. 175-180 orr.
HERNANDEZ ABAITUA, Mikel (2008): Ramon Saizarbitoriaren lehen eleberrigintza. Argitarapen Zerbitzua UPV-EHU. Bilbo. 182-273 orr.
KORTAZAR, Jon (1990): Literatura vasca. Siglo XX. Etor. Bilbo. 123-128 orr.
KORTAZAR, Jon (Zuz.) (2009a): Egungo euskal nobela eta zinema. Argitarapen Zerbitzua UPV-EHU. Bilbo.
KORTAZAR, Jon (2009b): “100 metro. Munduaren bira”. In Kortazar 2009a: 29-39.
OLACIREGUI, MarÃa José (2000): “Un siglo de novela en euskera”. In Urquizu 2000: 504-588.
OLAZIREGI, Mari Jose (2002): Euskal eleberriaren historia. Labayru Ikastegia, Amorebieta-Etxanoko Udala. Bilbo.
URQUIZU, Patricio (ed.) (2000): Historia de la literatura vasca. UNED. Madril.
« EHUN BAT SAINDUEN BIZITZEA (1876) | EKAITZPEAN (1948) » |