Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

EGUIA CATHOLICAC

Bernard Gazteluzar
Iratxe Retolaza

Bernar Gazteluzar jesuitaren Eguia catholicac liburu aszetikoa 1686an argitaratu zen, Pauen. Lapurdin XVII. mendean garatu zen deboziozko literaturaren korrontean kokatzen da liburua, eta hartara, lapurtera-nafarreraz idatzi zen.

1545ean Trentoko Kontzilioa (1545-1563) abian jarri zenetik, Eliza katolikoak protestantismoari aurre egiteko bide ideologiko, politiko eta militarrak indarrean jarri zituen, eta XVII. mendean zehar ere iraun zuen hedatze katolikoak eta ikasbide katolikoak. Garai hartako Eliza katolikoaren jokabideak eragin handia izan zuen euskal kulturan, orduko erabakiek zeharo baldintzatu baitzuten euskal tradizio literario eta kulturala. Izan ere, kristau-ikasbidea herritar elebakarrei helarazteko asmoz, Kontraerreforma katolikoak beharrezko ikusi zuen tokian tokiko hizkuntzan aritzea. Erabaki horren ondorioz, Eliza katolikoak euskal testuen argitalpena bultzatu zuen, batik bat testu-modalitate hauek argitaratuz: kristau ikasbide elebidunak, debozio-liburuak, hagiografiak, klasiko espiritualen itzulpenak…

Dagokigun liburu erlijiosoa Lapurdiko marinelentzat eta arrantzaleentzat idatzi zuen Gazteluzarrek. Liburuak 500 orrialde inguru ditu, eta horietarik gehienak (400 inguru) bertso-moldean egin ziren, eliza-ikaskizunak erraztasun handiagoz hedatzeko asmoz.

Patxi Salaberrik (2002, 94) Gazteluzarren sentsibilitate poetikoaren aurrekaritzat du Argaignaratz. Edonola ere, Bernard Gazteluzarren ekarpen poetikoa garrantzitsua izan zen, ordura arteko literatura erlijioso-didaktikoan ezaguna ez zen ekarpen estetikoa egin baitzuen. Pierre Lafitte-ren ustez, esaterako, XVII. mendeko poetarik finena da (Urkizu, 2000, 176), eta Koldo Mitxelenak (1988: 82-83) ere XVII. mendeko poemarik landuenak atzeman ditu Gazteluzarren obran. Ahozko bertso-eratik hurbil zegoen tradizio literario hori poesiarantz hurbildu zuen (Salaberri, 2002, 95). Santi Onaindiak Gazteluzarren poema zenbait bildu zituen Mila euskal olerki eder antologian (Onaindia, 1954 223)

BIBLIOGRAFIA

ALDEKOA, Iñaki (2004): Historia de la literatura vasca. Erein. Donostia. [euskaraz, 2008: Euskal literaturaren historia. Erein. Donostia]

MITTXELENA, Koldo (1988): Historia de la literatura vasca. Minotauro. Madril.

ONAINDIA, Santi (1954): Mila euskal olerki eder. Karmeladar idaztiak.Larrea-Amorebieta.

SALABERRI, Patxi (2002): Iraupena eta lekukotasuna. Elkar. Donostia.

URKIZU, Patri (koord) (2000): Historia de la literatura vasca. UNED. Madril.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus