« DICCIONARIO TRILINGÃœE (1745) | DOTRINA CHRISTIANA (1596) » |
DORDOKAK ETA ELURRAK (1989)
Antzinako erlojuak, hainbat orduzdun gurpilekin egidako haiek, kateari eman behar zitzaion haiek baten batek izango ditu gogoan. Demagun haietako bati “tripak” atareratzen dizkiogula, eta pieza bat hemen, beste bat hor, barruko elementu guztiak errotik atera eta itxurabako pilatxo batean paratzen ditugula. Horren antzeko zerbait da Iñigo Aranbarriren poesia, konparazio mugatu bat zilegi bazait. Poesia-liburu hau ere halakoa da, edozein pentsaera logikoren kontrakoa.
Erlojulari ez denarentzat, hauxe litzateke txarrena: pieza-pilatxoko horretako kateak, katebegiak, gurpiltxoak eta gainontzekoak hartuta berriro erlojua egin behar izatea. Bada, horrelako zerbait egitea egokitu zaigu orain, jakinik betiere, egilearen asmoa ez dela erlojuaren logikari eustea, ez bada piezen pilatxo desordenatua gogara antolatzea, beren beregi bilatutako desorden batean (edo orden poetikoan): hizkuntzaren elementuak eta hizkuntzaren esanahiak beste era batean kokatu nahi ditu egileak, harremanetan konnotazio berriak jaio daitezen. “Jaioko dira berriak” delako leloak esanahi berezia hartzen du testuinguru horretan.
Gauzak esateko edo adierazteko modu berezia liburuaren izenburutik hasten da. “Dortokak eta elurrak” dugu izenburua. Poesia liburu hau hermetikotzat hartua izan den arren, badakigu (nahiz eta bere esanahi osoak ihes egiten digun, jakina) zein den dortokak “aipatzeko” aitzakaia pare bat. Bata, Leopoldo MarÃa Panero poeta dugu, bere poemetako batean agertzen direlako (Tortugueante la tortuosa tortuga/ Borrando sus huellas/ En sendero no verde venció a Aquiles). Beste arrazoia edo aitzakia, Benjamin Moloiseri egingako aipamena da, liburuaren hasieran agertzen den “Eskaintzak” delako lehenengo atalean agertua: “Benjamin Moloiseri, inoiz/ dordokekin amets egin zuelako” (Aranbarri, 1989).
Biak dira poetak, eta euren ibilbide poetikoak zein bizitza pertsonaleko gorabeherak oso bereziak dira. Lehenengoa zenbait psikiatrikotan ingresatuta egon zen eta drogekin zenbait arazo izan zituen. Ideologiaz muturreko ezkerraren ideologiak liluratua. Bigarrena apartheidaren kontrako militantea eta poeta izan zen, 1985ean Hego Afrikan exekutatua.
Dordokaren irudia edo sinboloaren justifikazioa azalduta dago nola edo hala, beraz. Eta elurra? Eta elurraren eta dordokaren arteko lotura? Hara Josu Landak egindako arrazoiketa:
“Negu gordinean bizi gara. Neguak inguratu eta mugatu egiten gaitu. Akiles partikular hori menperatzeko, zein egokiago dordokaren estrategia erabiltzea baino. Dordoka, armatutako apoa, izaki antidilubianoa, arriskurik eta baldintzarik gogorrenen gainetik bizirik irten den animalia. Itsuak baina memoria haundikoak” (Landa 1989).
Hortaz, izenburuko irudi bion arteko sarea ostatuta dago, hainbat “arrain urdin” harrapatuko duen sarea, poesiazko arrainketa honetan.
Dordokaren bertuteetako bat memoria dugu, eta memoria da zoroek ondoen daukatena –memoria hori nola prozesatzen duten, beste kontu bat da–. Eta zoro (Panero) zein gartzelaratutakoekin (Moloise) halako atxikimendu bat erakutsiko du liburuan zehar egileak –beste poesia-liburuetan hori nola gauzatzen den edota gai honen ikuspegi konparatiboa aztertzeke ei dago– eta horregatik batere logikarik ez duen zoroen hizkera bere egiten du Aranbarrik, aldi berean, memoriaren galera salatzen duelarik: “ahazturaren ibai hauen hegietan” (Aranbarri 1989).
Liburuaren hasierara itzuliz, “Eskaintzak” delako hasierako atalean beste aipamen bat ageri zaigu, portugesez:
O inverno prevalece
mas sinto que ficou
alguma coisa por escrever.
Sim, é isso
–J. Oliveira–
Norena da? Bada, badirudi Joaõ Olivierarena dela, Angolan jaio eta portugesez idazten duen poetarena (oso argibide gutxi ageri da sarean, zerbaiten seinale). Ez da munduan izugarrizko ospea eta sona duen poeta, alderantziz baizik. Baina horrelakoa da Iñigo Aranbarriren joera. Poesiari dagokionez, badirudi malditismoaren bide alternatiboa eta sistemaren kontrakoa hartzea gogoko duela.
Hirugarren poeman bere deklarazioa agertzen zaigu:
Lizar bat itsasoaren erdian ernetzen da […] (Aranbarri 1989)
Honelako irudi ezinezkoak dira Aranbarriren poemetan jaun eta jabe. Aurreratxoago, poema berean, hauxe aitortzen du: “Ez naiz argi mintzatzen, eta badakit”. Berariaz bilatutako iluntasuna da berea eta, era berean, poema hau egilearen printzipioen deklarazioa dugu. Poema horretan berean, beste erakuspen batekin ausartzen da: “Itsaso bat lizarraren erdian ernetzen da”.
Iñigo Aranbarrik surrealismoaren lurralde lainotsu eta langartsuetan mugitzen dela erakutsi nahi digu behin eta berriz, han-hor-hemen zenbait arrasto sinboliko utziz. Esate baterako, agertzen diren animalien artean errinozeroa dugu giltzarietako bat: “[…] eta euriak oskolak dakartza / errinozeroaren garaian daude –dira/ zure lehenbiziko hitzak” (Aranbarri 1989). Gutxi izango dira –askoz gutxiago euskal irakurleen artean–, baina, errinozeroa sinbolismoarekin lotzen dutenak. Horrek istorio luzea duen arren hemen zertzelada pare bat baino ez dugu emango: ernazimenduan, jakina denez, antikitate erromatarren hainbat irudi eta sinbolo berreskuratu ziren, tartean, zesar batzuen monetetan agertzen ziren errinozeroak. Ernazimenduan, halere, hizkuntzaren ausardiaren edo indarraren sinbolo bilakatu ziren errinozeroak. XX. mendean, berriz, 70eko hamarkadan, lila koloreko errenozeroa gay eta lesbianen mogimenduaren sinbolo bilakatu zen. Adibide bat baino ez da, beste askoren artean. Arrabiten aipamena ere bitxia da oso: “Eztiz betetzen dira arrabitak”, edo “Begira nola datorren langarra / Arrabitak umelduz”. Azken finean, irakurleak poesia langai bezala har dezan interesatzen zaio Iñigo Aranbarriri: “Hori da interesatzen zaidan literatura, dena mamurtuta eman beharrean irakurleak berak osatzen duena” (Gaztelumendi, 2008). Poesiaren balio profetikoa dordokaren oskola surrealistapean gorde nahi duela ematen du, nahiz eta jakin bere profezia aldarrikatu gabe geratuko dela betiko.
Surrealismoa, dena dela, ez da oztopo poetaren aldarte goibela iradokitzeko. “Tristezia”, “negarra”, “nostalgia” eta antzerako erreferentzia hitsak han hemenka agertzen dira; izan ere, oroimenaren jabe izateak bakardadea ekartzen du askotan, eta kontu tristeen akordua: “[…] Lagun hilak ditut gogoan zurekin nagoenean” (Aranbarri 1989). Adierazle eta, batez ere, adieraziekin egiten dituen jolasak ez dira inola ere egilearen arima jostalari eta xaloaren isla; munduarekiko kexa dira horiek guztiak, komunikatzeko ezintasuna salatu nahi dutenak, poesia madarikatu eta erreboltari bidez burutuak.
Hori bai, hizkuntzaren joko horrekin, Iñigo Aranbarrik ustegabeko esanahiak aurkitu eta sortzen ditu, oso bereak eta errepikaezinak agian, baina aitorpen bat merezi dutenak, ziur aski. Espresionismoa deitu izan zaio joera honi: “Ez du deskribatu, errealitatea, barne errealitatea sortu du. Ez du ebokatu, sugerikorra da bere lana, eta irudien aurkikuntza ilogikoan sortu da bere edertasuna” (Kortazar 1997: 394). Sinestesiak honetan ez du zeregin makala betetzen: aipatutako malditismoaren adierazpeide bat dugu (“iluntasunaren lau ertzetan”, “erre ezan ene beitetako belarra”, “ukimena zuria da”…); izan ere, “badira otsoek eta zoroek baino/ ahoskatzen ez dituzten silabak” eta poeta haiekin identifikatzen da, haien aldamenean egon nahi du eta beren hizkuntza erabili, haiekin batera iraultza egitea amesten du agian, “oraindik iraultzaren bidez egoera aldatzea posible dela uste” duelako (Kortazar 1997: 388).
Eta bidaiak. Eta munduko lekuak. Toposak sinbolo izkutuak bilakatzen dira Iñigo Aranbarriren mapa sentimentalean. Abenturazko bidaiak eta esplorazioak aipagai edo erreferentziagai dira, Joseba Sarrionandiaren etengabeko bidaia poetikoa iradokiz edo: “Drake deituriko kapitain” bat hemen, “Azken orenetan nabigatzen dian” haipamena hor, “abiadore irlandar” bat han… Kanpoko bidaia bat iradokitzen duelarik, barne bidaia poetikoari ekiten dio zalantzarik gabe, bere irudimenezko jarraipen pertsonalari eta ahots propioari eutsiz, zama sinboliko ukaezina duten lekuak mugarri bilakatuz: Erroma, Nüremberg, Praha, Bavaria, Viena, Zorrozaurre, Pretoria, Bidankoze… Agian bizitzaren hondarrean –eta adierazpide poetikoan– baino oroitzen ez diren “geografia miragarriak” dira, poetarendako gogokoak.
Arestian aipatutako kosmopolitismo hori, baina, azkoitiarrak baliatzen dituen erreferentzia literario eta irakurketen ondorioa izan daiteke. Izan ere, zerbait baldin badu Dordokak eta elurrak liburuak, aipamen literario, artistiko edota egileen erreferentziak dira. Literatura unibertsalekoak gehien-gehienak –oso-oso gutxitan euskal literaturakoak, esan nahi baita–. Liburuaren hasierako “Eskaintzak” atalekoez gain, badira beste asko. “Muxuka nazak Paul Celan”en, adibidez, poeta judutar, surrealista eta ezkertiarraren aipamena egiten da, oso irudi surrealista bat erabiliz, bide batez, bi euskal idazleren aipamena eginez: “Muxuka nazak Paul Celan/ muxuka itzak denboraren krisantemoak,/ Lauaxetaren alua, Lizardirena […]”. Mark Twain eta William Butler Yeats dira, besteak beste, Aranbarriren poemetan muturra erakusten dutenak, munduko literaturan Aquiles bezain bizkor eta jakintsuak, agian, baina ez dortoka tristea bezain eroapen handikoak.
BIBLIOGRAFIA
ARANBARRI, Iñigo (1989): Dordokak eta elurrak. Susa. Zarautz.
GAZTELUMENDI, Patxi (2008): “Iñigo Aranbarri – Idazlea”. Kontaizu. 2008-VI-01.
ITURBIDE, Amaia (1990): “Poesia objetu maitagarria denean”. Hegats. 1990-10.
KORTAZAR, Jon (1997): Luma eta Lurra. Eusal poesia 80ko hamarkadan. Bilbao Bizkia Kutxa-Labayru Ikastegia. Bilbao.
LANDA, Josu (1989): “Dordoka bidaiarien ildotik”. Argia. 1989-11-19.
« DICCIONARIO TRILINGÃœE (1745) | DOTRINA CHRISTIANA (1596) » |