Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

DEBOCINO ESCUARRA (1635)

Jean Haranburu
Iratxe Retolaza

Jean Haranburu frantziskotarraren Debocino escuarra, mirailla eta oracinoteguia debozio-liburua 1635ean argitaratu zen lehenengo aldiz, Bordelen. Liburu erlijioso-didaktiko horrek beste hiru bat edizio izan zituen XVII. mendean bertan (1642?, 1660, 1690).

Lapurdin XVII. mendean garatu zen deboziozko literaturaren korrontean kokatzen da liburua, eta hartara, lapurtera-nafarreraz idatzi zen. 1545ean Trentoko Kontzilioa (1545-1563) abian jarri zenetik, Eliza katolikoak protestantismoari aurre egiteko bide ideologiko, politiko eta militarrak indarrean jarri zituen, eta XVII. mendean zehar ere iraun zuen hedatze katolikoak eta ikasbide katolikoak. Garai hartako Eliza katolikoaren jokabideak eragin handia izan zuen euskal kulturan, orduko erabakiek zeharo baldintzatu baitzuten euskal tradizio literario eta kulturala. Izan ere, kristau ikasbidea herritar elebakarrei helarazteko asmoz, Eliza katolikoak beharrezkoa ikusi zuen tokian tokiko hizkuntzan aritzea. Erabaki horren ondorioz, Eliza katolikoak euskal testuen argitalpena bultzatu zuen, batik bat testu-modalitate hauek argitaratuz: kristau ikasbide elebidunak, debozio-liburuak, hagiografiak, klasiko espiritualen itzulpenak…

“Irakurtzailleari” zuzenduriko hitzaurre labur baten ondoren, Harizmendi poetaren bertso bat ere bildu da, liburuaren egitasmoari gorazarre eginez. Harizmendiren bertso horretan adierazten den moduan, Debocino escuarra liburua hiru partetan zatiturik dago, hirukotasun sainduaren ispilu, eta hiruko horretara bildu dira otoitz mota zenbait: Ama Birjinari eskainitako otoitzak, San Frantziskoren Hirugarren ordenari eskainitako otoitzak, marinelentzat espresuki eginiko zenbait otoitz, besteak beste.

Otoitz-liburu honek oihartzuna izan zuen XVII. mendean bertan, A. Oihenartek aipatu egiten baitu L’Art Poétique Basque-n (1665), eta baita

Haranbururen talentu poetikoa goraipatu ere (Arkotxa, 2011). Bestalde, XVIII. mendean Manuel Larramendik aintzat hartu zuen Haranbururen debozio-liburua.

BIBLIOGRAFIA

ARKOTXA, Aurelia (2011): “XVII. mendea: Iparraldeko euskal letren garapena eta edizioa”. basqueliterature.com

MITXELENA, Koldo (1988): Historia de la literatura vasca. Minotauro. Madril.

SALABERRI, Patxi (2002): Iraupena eta lekukotasuna. Elkar. Donostia.

URKIZU, Patri (koord) (2000). Historia de la literatura vasca. Uned. Madril.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus