Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

CONNEMARA GURE BIHOTZETAN (2000)

Julen Gabiria
Albaro Rabelli

Connemara gure bihotzetan eleberria (Elkar, 2000) Julen Gabiriaren (Galdakao, 1973) lehenengo argitalpena izan zen. Eleberri honek Lehenengo Igartza saria jaso zuen, 1998an, hain zuzen. Horixe izan daiteke eleberri honen aurreneko berezitasuna. Igartza saria Elkarlanean Fundazioak, Beasaingo Udalak eta CAF (Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles) enpresak eratu eta lagundutako sariketa da. Sari honen helburua egile berriak deskubritu eta promozionatzea da. Lan originalak saritzen dira, ez itzulpenak. Sariketa honen berezitasuna, besteak beste, saria liburua idazteko beka ematean datzala da, liburuaren proiektua da saritzen dena, eta beka horren onuradunak ezin dira hogeita hamabost urte baino gehiagokoak izan. Idazle gazteentzako sariketa da, beraz. Eta “idazle gaztea” izan da Igartza saria jaso izan duten idazle guztien lehen adjektiboa, tartean fruitu helduak egon badaude ere. Sariketa honen beste berezitasun bat aurretiaz kalean liburu bat duen idazlea onartzea da. Hori dela eta, badira Igartza saria birritan jaso izan duten idazleak. Julen Gabiriak berak Bosgarren Igartza saria atzera ere jaso zuen Han goitik itsasoa ikusten da (Elkar, 2004), bere bigarren eleberria, idazteko.

Julen Gabiria Connemara gure bihotzetan idatzi aurretik ezaguna egiten hasia zen ipuin lehiaketako zenbait sari dela medio. Lehenengo eleberri honekin, berriz, arrakasta lortu zuen, gehiago irakurle gazteen artean, batez ere eleberri hau irakaskuntza zirkuituan ondo sartu zelako, liburua, berez, zehazki gazte literatura alorrekoa ez bada ere. 2005erako hamalau edizio zeuden kalean. Arrakasta horren beste erakusle bat da 2001ean jasotako Liburu Eguneko Zazpi Kale saria da.

Connemara gure bihotzetan eleberrian Gabiria estilo gazte eta arina eskaintzen ahalegindu zen, gazteen harreman eta maitasunaren gaineko kezkak eta jokabideak azalduz.

Txemak, bere neska laguna zen Eider auto-istripu batean galdu ostean, Eiderrek urtebete lehenago Irlandara egindako bidaia bera egitea erabakiko du, Eiderren gelan “Eire” ipintzen duen disketea aurkituta. Diskete horretan Eiderren egunekoa dago, Irlandara egin zuen bidaiakoa. Egunerokoa gako sekretu batez babestuta dago, eta Txemak gakoak asmatu ahala, Eiderren egunekoaren pasarteak izango dira eleberria osotzen duten korapilo nagusiak, eleberriaren hasieran iradokitzen direnak. Eguneroko horretan Txemak espero ez zuen hainbat egia aurkituko du. Eleberriak Lehenengoz Eiderrek, eta gero Txemak, Irlandara egindako bidaia deskribatzen digu. Horixe da eleberri honen argumentua.

Eleberriaren abiapuntua oroimena bilatzea da. Txemak neskalagunaren oroimenaren zati bat nahi du, benetan maite zuela esango dion zer edo zer, neskaren galera ahaztu eta berriro hasten lagunduko dion zerbait. Eta horren bila abiatuko da Irlandara. Baina bilaketa berehala bihurtuko da ihesaldi, irauli egiten da, Eiderri irauli zitzaion bezala. Txemak bidaia hasieran zuen neskaren oroimen idealizatua astiro-astiro lausotuz joango da, erabat galtzeraino, Eiderren benetako sentimenduak deskubritzeaz batera.

Izan ere, eleberri honen gai nagusia engainua da, areago, esan genezake liburua ahalegintzen dela engainua zer den azaltzen. Kezka horretatik sortua da, behintzat. Pertsonaiak muturrekoak dira antza, inork ez dio inori egia esaten, ez neskak mutilari, ez mutilak neskari, ez eta bestelako pertsonaiek ere. Gainera, denek engainatzen dute euren burua. Engainu mota askoren gaineko liburua da Connemara gure bihotzetan. Neskak dio Irlandara bere buruaren bila joango dela, baina ez da egia, gogoko ez duen egoera batetik alde egin nahi du, itzultzean are gogorrago egingo zaio. Mutilak, berriz, maite duela dio, baina neskaren benetako sentimenduak ezagutu ahala, maitasun hori zalantzan ipiniko du. Engainuaren ardatzari bestelako gaiak harilkatzen zaizkio: bakardadea, sufrimendua, konfiantza eza, mendekua eta heriotza, berbarako.

Bigarren gai nagusi gisa bidaia bera dugu, biek Irlandara egindako bidaia bera. Honetan ere, pertsonaia nagusien ikuspuntu kontrajarriak nabarmenak dira, kasu honetan bakoitzaren bihotz-gogoak eraginda. Eiderren ikusmiran Irlanda idealizatu bat agertuko da, tabernak, musika eta paisaia berde infinituak. Txemaren begietan, ostera, paisaia horrek ez du idealizatutik ezer edukiko. Honetan, Connemara eskualdeak esanahi berezia lortzen du, Eiderren helburu bilakatzen da, eta ondorengo gertaera guztien sorleku. Connemarak eleberriaren korapilo guztien gakoa dakarkigu. Irlandako testuinguruan, bestalde, ez da falta irla horretako egoera politiko gogorraren berri, eta giro horretako pertsonaiak ere ageri dira. Eleberriaren ekintza 90eko hamarkadaren erdialdean gertatzen da, IRAk su-etena iragarri baino lehen, beraz, artean gori-gorian zegoen egoerak marrazten du bidaiaren testuingurua; batez ere Eiderrena.

Connemara gure bihotzetan eleberriak zortzi kapitulu ditu, eta kapitulu bakoitzaren amaieran ipuin bat, argazki batekin lagunduta. Zortzi ipuinok eleberriarekin lotura zuzena ez badute ere, modu esanguratsu batean kapitulu bakoitzaren laburpena egitera datoz. Laburpen horrek zerikusi handia du kapituluak uzten duen zirrararen uherrarekin, esan baitaiteke neurri handi batean indartzen dutela utzitako sentsazioa. Bakoitzak sentimendu bat islatzen du, eta eleberrian sentimenduok agertzen diren hurrenkera berberan garatzen dira. Argazkiak, ipuina irudiz deskribatzeaz gain, indartu egiten du kapitulu bakoitzak irakurleari uzten dion arrastoa. Sinbolismoz beteriko ipuinak dira, oro har, eta euren arteko haria denek uzten duten sentsazio sentibera eta goibela da, zalantzarik gabe, eleberriaren tonuarekin bat datorrena. Ipuinok oso atal interesgarriak dira, eta eleberriarekin alderatuta, esan genezakeelako balio literario handiagoa dutela, behinik behin eleberriari sakontasun eta sentiberatasun handiagoa gehitzen diote. Bidenabar, ipuinok tartekatu izanak, agerian uzten du egileak lan literario handia egiteko duen asmoa. Ipuinek, ondorioz, kontakizunean eragiten duten etena baliagarria da irakurketa arintzeko.

Ipuina ez da, hala ere, Gabiriak eleberrian tartekatzen duen genero bakarra. Eiderren egunerokoa aipatu beharrekoa da. Egunerokoak, irakurleari atalka emanda, osotzen du kapitulu bakoitzaren alde nagusia. Eiderren ahots propioaz, lehenengo pertsonan, kontatzen zaigu egunerokoa, iraganari dagokion denboran kontatu ere. Esan liteke Eiderren ahotsa eta protagonismoa gailentzen dela kontakizunak aurrera egin ahala. Txemaren ahotsa dakarren zatia, ostera, lehenengo eta hirugarren pertsona tartekatuz ematen da. Kanpoko narratzaile zehaztugabearen ahotsa nagusitzen da Txemari datxezkion atalotan. Atalok orainaldian kontatzen zaizkigu.

Eleberriaren antolaketari kontaeraren egitura borobila gehitu behar zaio. Lehenengo atalean iradokitzen dira gako nagusiak, era atzenengo ataletan hasieran iradokitakoaren argibide eta konponbidea, modu garbian.

Kontaera teknikei gagozkiela, bi aipatu behar dira nagusiki. Batetik, kontrajarpena; bestetik, iraulketa. Kontrajarpena muturreko pertsonaien eta eurei dagozkien sentimendu dibergenteetatik dator. Bestalde, iraulketak zerikusia du pertsonaiek bizi duten barne aldaketa bortitzarekin. Nor bere burua engainatzen egotetik errealitate gordina nekez onartzera pasako dira, bien ala bien sufrimendu egoerak aldatuz eta nahastuz. Eleberrian ez dira falta elementu melodramatikoak. IRAko ekintzaileen atentatuak, Eiderren maitasuna ekintzaile horietako batenganakoa, eta azkenean Eiderren suizidioa umedun zegoelarik. Hala ere, Gabiriak egoera melodramatiko horiek arintzen dituzten ironiazko elementuak ere tartekatzen ditu.

Gaia eta balio literarioa alde batera utzita, Gabiriak darabilen hizkera arina da irakurle gazteak erakarri izanaren beste gakoetako bat. Gaurko hizkera bizia darabil Gabiriak, koherentziaz. Gainera, elkarrizketa zuzenak eta ukitu kolokialak ematen dizkio idatzitakoari. Julen Gabiriak Connemara gure bihotzetan eleberrian ironia eta samurtasuna nahastea lortu zuen ukitu dramatikoak darizkion istorio batean.

BIBLIOGRAFIA

GABIRIA, Julen (2000): Connemara gure bihotzetan. Elkar. Donostia.

URKIZA, Ana (2000): “Connemara gure bihotzetan”. Egan. 52. 3/4,.211-213 or.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus