Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

CANCIONERO BASCO: POESÃAS EN LENGUA EUSKARA (1877-1880)

Jose Manterola
Axun Aierbe

Jose Manterolak Cancionero Vasco deritzan kantutegia hiru liburukitan eman zuen argitara 1877 eta 1880 urteen artean. Lehen liburukia lau zatitan eman zen argitara, 1877ko azarotik 1878ko otsailera –hileko bat, hain zuzen–. Argitaratzaile ugari izan zituen kantutegi honek: lehen liburukiaren lehen eta bigarren zatiak, Donostian Juan Osesen inprimategian eman ziren argitara; hirugarrena, berriz, Donostian (Juan Oses) eta Parisen (Maisonneuve et Compagnie); eta laugarrena, Donostian (Juan Oses), Parisen (Maisonneuve et Compagnie) eta Londresen (Williams et Norgate). Bigarren liburukia 1878ko apiriletik uztailera eman zen argitara Donostian (Juan Oses), Habanan (La Propaganda Literaria), Parisen (Maisonneuve et Compagnie) eta Londresen (Williams et Norgate) aldi berean. Eta hirugarren liburukia, berriz, 1880an eman zuen argitara Donostiako Baroja argitaldariak.

1981ean Sendoa argitaldariak argitaratu zuen berriro lan hau eta Lino Akesolok egin zuen aurkezpena.

Kantutegia liburukiz liburuki harturik, Manterolak azalean bertan ohartarazten duen gisara, euskal olerkiak bildu eta sailkatu ditu eta gaztelaniazko itzulpena dute aldamenean, eta horrez gain, badira ohar kritikoak, egileen biografiako datuak eta baita filologiazko eta gramatikazko oharrak ere. Nabarmentzekoa da liburuki bakoitzeko zati bakoitzak duela hitzaurrea. Ugariak dira hitzaurre horietan irakurleari emaniko azalpenak. Lanaren zergatikoa eta zertarakoa lehen liburukiaren lehen zatiaren hitzaurrean nabarmendu zuen Manterolak berak; izan ere, adierazi zuen euskara eta euskal literatura –eta bereziki, herri-poesia– berreskuratzearren hartu zuela kantutegia osatzeko lana, euskal literatura baztertuta zegoela ikusten baitzuen. Lan hau osatzeko helburu aberkoia zuela ere adierazi zuen. Manterolaren xedea ez zen izan, ordea, zegoen guztia bere kantutegian sartzea, baizik eta genero bakoitzeko onena biltzea, euskalki guztietan, moralaren aginduak zainduz betiere. Bestalde, euskal literatura ulertua, onetsia eta aztertua izan zedin, itzulpenen beharra sumatu zuen, euskaraz ez zekitenen edo oso gutxi zekitenen eskura ere ipini nahi baitzuen bere lana.

Alabaina, euskara itzulitako hainbat alegia, poema eta kantu ezagun ere biltzea izan zuen xede Manterolak. Euskara itzulitako lanak jasotzeak adierazten du Manterolaren iritziz, euskal literatura-sistemakoak direla itzulpen horiek, jatorrizkoak beste hizkuntza eta literatura-sistema batekoak izan arren. Alde horretatik, esan daiteke oso ikuspegi irekia eta zabala zuela euskal literatura eta kantutegia ikusteko moduaz.

Nolanahi ere, Manterolak badaki ez dela berea lehen kantutegia eta badirela xede berarekin argitara emanikoak, egin nahi duena bezain luze-zabalak ez badira ere. Hori dela-eta, ordurako argitara emaniko kantutegien egileekin duen zorra aitortzen du, hain zuzen, Michel-ekin, Santestebanekin eta Sallaberryrekin; baina, era berean, kantutegi horiek dituzten gabeziak nabarmentzen ditu. Manterolaren xedea gabezia horiek gaindituz kantutegi osatua egitea da, aitzindarien lana osatzea, hain zuzen.

Lehenengo liburukiaren lehen zatian amodiozko olerkiak bildu zituen Manterolak, eta garai hartako giroak kutsaturik-edo honako eskaintza ezin eztiago hau du liburukiak: “Euscal-erri Maite Maitagarriari bere seme baten amoriozco oroipena”. Honako egile eta olerki hauek hartu zituen mintzagai Manterolak: Iparragirreren “Nire maitiarentzat” gipuzkeraz, Oihenarten “Argia darizanari” zubereraz, Iztuetaren “Kontxesiri” gipuzkeraz, Giberten “Andregeia” lapurteraz, Bilintxen “Juramentuba” gipuzkeraz eta Belzuntzeren “Gabazkoa kantua” behe-nafarreraz. Bigarren zatian, berriz, askotariko olerkiak jaso zituen: Etxepareren “Kontrapas” eta “Sautrela”, Serafin Barojaren “Ai au dolorea!”, Ormaetxeak eginiko “Oda de Sapho a Phaon”en euskararako itzulpena, “Xori erresinula” zubererazko herri-kanta, Iparragirreren “Nere etorrera lur maitera”, “Agur” bertso-sorta eta beste poema batzuk: “Amardun”, “Oroitz bat Calderon aundiari” eta bi kantu labur. Hirugarren zatian, kantu satirikoak eta jai-girokoak bildu zituen: Bilintxen “Zaldi baten bizitza”, “Edalen elheak” sorta herrikoia, Larralderen “Muthil zaharra”, Aita Meagerrek “Ardoari jarritako itz neurtuak”, “Ezkontzako kontsultazionea” satira herrikoia, Bilintxen “Ja-jai” eta Artolaren “Erariyaren bertuteak”. Laugarren zatian alegoriazko olerkiak eman zituen argitara, eta horien artean sartu zituen apologiak eta alegiak ere: “Ereilearen parabola”, Bonaparteren eskariz zortzi euskalki eta hamabi azpieuskalkitara euskaratua eta Iturriagak, Goietxek, Artxuk eta beste hainbatek euskaraturiko hainbat alegia –“Esnesaltzailea”, “Otsoa eta arkumea”, “Azeria eta akerra”, “Belea eta azeria” eta “Astoa eta txerria”– hainbat euskalkitan.

Bigarren liburukiak ere lau zati ditu, eta zati bakoitzean egile edo genero bat biltzen saiatu zen liburuki honetan ere. Lehen zatia Bilintxi eskainia da eta haren olerki argitaragabeak eman zituen argitara Manterolak: “Gaztetan jarriak dama bati”, “Neskatxa bati mutil batek jarriak”, “Izazu nitzaz kupira”, Villegasen “Al Cefiro”ren euskararako itzulpena, “Doloresi”, “Bertsolarien gudua” eta hitz lauzko hainbat lan. Bigarren zatian askotariko olerkiak bildu eta aztertu zituen: Iparragirren “Viva Euskera!”, Salaberriren “Solferinoko itsua”, Elizanbururen “Nere etxea, edo laboraria”, Bilintxen “Kontzesirentzat”, “Xoriñua kaiolan” herri-kanta, Eusebio Azkueren “Antzinarik ona!”, “Eperraren kanta” herrikoia eta gipuzkerazko eta bizkaierazko hainbat kanta. Hirugarren zatian kantu historikoak izendatu zituenak bildu zituen: “Leloren kantua”, “Altabizkarko kantua”, “Beotibarko gudua” kantuaren zatitxo bat eta Iparragirreren “Gernikako Arbola”. Laugarren zatian, berriz, denetarik bildu zuen: kantu mistiko eta erlijiosoak (Etxepareren “Hamar Manamenduak”, Ziburuko Etxeberriren “Iainkoaren manamenduak”, Pouvreauren “Iainkoaren manamenduak”, Eusebio Azkueren “Dies Irae, Ies illa”ren bizkaierarako itzulpena, eta “Munduko gauzen funts gabetasuna”), Gabon kantak, kantutegiaren lehen liburukian argitara emandako alegia batzuen beste idatzaldi batzuk eta euskaratutako zenbat kanta.

Hirugarren liburuan, berriz, Eusebio Azkueren poesia alegorikoak, alegia ugari, Iturriagak eta Guilbeauk euskaraturiko Virgilioren poesia bukolikoak, euskarazko poesia bukolikoak, maitasun-kantak (Bilintx eta Elizanbururenak, eta Klaudio Otaegiren itzulpen bat: “Silbiaren eriotzan”), Eusebio Azkueren eta Serafin Barojaren olerki satirikoak edota ziri-bertsoak, olerki mistiko eta erlijioso itzuliak –tartean Sor Juana Inés de la Cruzen “Cántico a la Virgen de Aranzazu” dago, nagusiki gaztelaniaz idatzia bada ere, euskarazko bertso-lerro batzuk dituena”– eta denetariko olerkiak, batzuk euskaraz idatziak eta beste batzuk euskaratuak. Hirugarren liburukian, bestalde, hiztegia bildu zuen eta gaztelaniazko eta frantsesezko ordainak emateaz gain, hainbat azalpen emanez hornitu zituen hiztegi-sarrerak; eta aurkibideak hainbat eratara antolatu zituen: gaika, egileka eta euskalkika.

Aipatzekoa da Manterolak kantutegian bildutako hainbat olerki eta kantu Lore Jokoetan sariturikoak direla.

Manterolaren lana kokatzerakoan askotarikoak dira eman diren iritziak. Mitxelenak lan hau XIX. mendearen azken hamarkadetako giroan eta testuinguruan kokatzen du, hain zuzen ere, bigarren karlistaldia amaitu eta foruak galdu ondorengoan, beste hainbat lanekin batera (1988: 137-140). Akesoloren iritziz, berriz, Manterola lan hau egitera eraman zuen arrazoia izan zen euskaldunek euskal literatura gutxi ezagutzen zutela eta hori zela euskal literatura gutxiesteko arrazoia (1981). Bestalde, Akesolok nabarmendu du Manterolaren lana argitaratzen hasi zela Iparragirre Euskal Herrira itzuli berritan, eta gainera, kantutegiari Iparragirreren bertsoekin hasiera ematea adierazgarria dela.

BIBLIOGRAFIA

AKESOLO, Lino (1981): “Aurkezpena”. In: Jose Manterola (1877-1880): Cancionero Basco: Poesías en lengua euskara. Sendoa. Donostia. 1981.

MITXELENA, Luis (1960): Historia de la literatura vasca. Erein. Donostia. 1988.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus