Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

AGIRRE ZAHARRAREN KARTZELALDI BERRIAK (1999)

Koldo Izagirre
Iratxe Retolaza

1999an argitaratu zen Agirre zaharraren kartzelaldi berriak nobela; Agirre’tar Nikola agurearen kartzela-aldiak ditu kontagai. Agirre’tar Nikola pertsonaia literarioa 1991ean sortu zuen Koldo Izagirrek, Metxa esaten dioten agirretar baten ibili herrenak liburuan. Metxa zaharra ibiltari nekaezina eta ipurtarina da, han-hemenka muturra sartzeko eta bazterrak nahasteko prest dagoena.

Agirre zaharraren kartzelaldi berriak nobelan, Agirre’tar Nikolak, Metxak, lurrean barrena pasabideak eginez bere burua kartzelaratzen du, eta kartzelaz kartzela ibiltzen da nobelan zehar. Metxak askatasunaren bilaketari ekitea erabaki duenez, horretarako biderik egokiena preso boluntario izaeran antzematen du. Erabaki horrek eramaten du bateko eta besteko borondatezko kartzela-aldiak abiatzera, eta are gehiago, epaiketa eta zigorra lortzeko ahaleginak egitera. Nobelaren abiapuntua, jakina, gatibutzaren eta askatasunaren ohiko kontzeptuak azpikoz gora jartzen dituen ekintza ukatzailea da, askatasunaren mitoa kolokan jartzen duen ekintza.

Agirretartasunaren kontzeptuak gidatzen du Metxa zaharraren nortasuna eta unibertso literarioaren nolakotasuna. Izan ere, dagokigun nobela agirretartasun kontzeptuaren gauzatzea da, agirretartasunak zeharkatzen baitu unibertso literario osoa (pertsonaiak, ekintzak, espazioak…). Honela definitu da agirretartasuna Metxa esaten dioten agirretar baten ibili herrenak nobelan: “Agirretartasuna ez baitu sorlekuak ematen, baizik eta erorikoen minak” (1991, 7). Hortaz, agirretartasunak nolabait sorlekuak emaniko tasunak (eta mugak) ezeztatzen ditu, eta, era berean, sorlekuaren ideia du abiaburu. Ondorioz, agirretartasunaren kontzepzioak euskalduntasunaren eta abertzaletasunaren diskurtso zenbait jartzen ditu auzitan.

Bide horretatik, nortasun paradoxiko eta ironikoa du Metxa zaharrak. Izaera paradoxiko hori bateraezinak diren bi munduren artean mugitu beharrak eragin duela iradokitzen da nobelan: norbanakoaren mundua (mendebaldeko kulturaren diskurtsoa, askatasunaren bilaketarako eremua), eta giza taldearen edo gizartearen mundua (norbanakoaren askatasun horri nolabaiteko mugak ezartzen dizkion esparrua). Hartara, aldi berean bi aukeraren artean kulunka dabil pertsonaia: askatasuna eta determinazioa. Alde batetik, ekin eta hautatu egin ahal du; eta, beste alde batetik, arauak eta mugak ditu. Ondorioz, nobelak askatasuna du hausnarketa-gai nagusi.

Jarrera ironikoak gizarte diskurtsoen izaera gatazkatsua eta paradoxikoa azalarazten du. Zuhurtzia, lañotasun eta disimulu arteko jolasak sortzen du ironia, eta Metxa agurea zuhur, inozo eta itxuratia da aldi berean. Agureak babesgabea dirudien arren, zuhurtzia eta umorea ditu arnasbide. Hartara, Metxak anbiguo bihurtzen du edozein egoera eta edozein adierazpide.

Askatze-prozesua edo ahalegina irudikatu du nobela honek, eta bide horretan, hizkuntzak eta sinesmenek ere jendea gatibatu egiten dutela adierazi da. Horregatik, hizkuntzaren eta kode diskurtsiboen kate horietatik ere askatu egin nahi du Metxak, eta, horretarako, hizkuntzaren erabilera berriak proposatu dira nobelako diskurtsoan. Hizkuntzaren mugak hausteko asmoa maila gehientsuenetara hedatu da: diskurtsoaren mailara, perpausaren mailara, eta baita hitzaren mailara ere. Kartzela barruko hizkera sortzeko asmoz, eta baita ijitoak omentzeko asmoz (“Aitorpena” hitzaurrean egileak adierazi bezala), erromintxelaren hiztegitxoa txertatu du egileak nobelaren hasieran, erabilitako hitz horien adieraren berri emateko. Baliabide horren bitartez, kartzelaren espaziorako hizkera egokia eta berezia bilatzeko nahia nabari da, asmaturiko espazio berritzaile horri dagokion hizkera berritzailea irudikatzeko asmoarekin. Bestalde, sintaxi mailako konbentzioekin jolas egiteaz gain, hiztegi mailako jolasak ere etengabeak dira. Hitzen ohiko formak itxuraldatzen dira, eta hitz berri bitxiak sortzen dira: esaterako, “ezintza” (Izagirre, 1999, 28), “hagindu” (Izagirre, 1999: 29), “irritzi” (Izagirre, 1999, 53), “izugile” (Izagirre, 1999, 72), “arraultzale” (Izagirre, 1999, 78)

Metxa agure ibiltaria pertsonaia literario interesgarria eta erakargarria da, itzulpenek eta sormen-lanek erakutsi duten moduan. Lehenik, gaztelerara itzuli dira Metxa protagonistatzat duten bi nobelak: Malandanzas de un Aguirre llamado Mecha (1997, Hiru), eta Nuevas prisiones del viejo Aguirre (2001, Ttarttalo). Bigarrenik, beste sormen-lan batzuen iturri bihurtu da Metxa pertsonaia literarioa: batetik, Metxa (2003) antzerki-lana zuzendu zuen Eneko Olasagastik, AEK-TENTAZIOAk ekoizturik, eta, bestetik, Pablo Sastrek atonduriko lagunen zerrenda luzean, Eguzkipekoak (2003) lanean, Metxa pertsonaia literarioa ere aipatzen da. Zalantzarik ez, nortasun handiko eta nortasun bereziko pertsonaia literarioa sortu du Koldo Izagirrek.

BIBLIOGRAFIA

IZAGIRRE, Koldo (1991): Metxa esaten dioten agirretarraren ibili herrenak. Elkar. Donostia.

IZAGIRRE, Koldo (1997): Malandanzas de un Aguirre llamado Mecha. Hiru. Hondarribia.

IZAGIRRE, Koldo (1999): Agirre zaharraren kartzelaldi berriak. Elkarlanean. Donostia.

IZAGIRRE, Koldo (2001): Nuevas prisiones del viejo Aguirre. Ttarttalo. Donostia.

SASTRE, Pablo (2003): Eguzkipekoak. Alberdania. Irun.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus