« BURUXKAK (1910) | CANCIONERO BASCO: POESÃAS EN LENGUA EUSKARA (1877-1880) » |
CAMEMBERT HELBURU (1998)
Sormen-lana eta haren inguruko hausnarketarako bidea nabari da Jon Alonsoren ibilbidean: fikziozko liburuetan literaturaren, fikzioaren nahiz errealitatearen eta artearen inguruko gogoeta bideratzen du batetik, eta narrazio eta nobelez gain, saio literarioen egilea da Alonso bestetik.
Camembert helburu (EEF-Susa, 1998) argitaratu zuenerako, bi liburu zituen plazan Alonsok. Idiaren eraman handia (Euskaltzaindia-BBK, 1995) lehenenengo saiakeran honezkero plazaraturik zituen hurrengo lanetan behin etaberriro agertuko ziren egilearen obsesioak: literatura-lanen originaltasuna, plagioaren zilegitasuna, sortzaileen ustezko jenialtasuna… Funtsean, idazlearen irudi erromantikoaren eta idealizazioaren kritika egin nahi izan zuen Alonsok. Urte berean argitaratutako Katebegi galdua (Susa) thriller-kutsuko kontakizuna da, non euskal literaturaren historia irauliko lukeen euskal liburu klasiko baten desagertzeak ezartzen duen aitzakia narratiboa.
Gerora plazaratutako lanak ere saiakeraren eta nobelaren esparrukoak ditu gehien bat Alonsok, baina 1998ko honek badu berezitasunik, izan ere, “nobelaz mozorrotu den saiakera” legez definitu baitzuen egileak. Azpitituluak argitzen du liburuaren nondik norakoa: “Tououse-Lautrec mende bat geroago”: Henri Toulouse-Lautrec margolari postinpresionistaren inguruko saiakera da Alonsorena, nobela-itxurapean datorrena, narrazio-marko baten barruan aurkezten dena. Joseba Jaka bekari esker argitaratu zen liburua, eta egileak pintorearen inguruko Albiko museora egindako bisitaldia du oinarri, orduan sortu baitzitzaion Toulouse-Lautrecenganako interesa Alonsori. Generoen banaketa zurrunetan nekez kabitzen den liburua da Alonsoren hau; beraz, egilearen beste zenbait bezala (2001eko Euskal karma, esaterako, “rapsodia” gisa aurkeztu zuen egileak).
Etengabeko krisian dagokeen nobelari irtenbide berriak proposatu izan dizkio Alonsok, nobela bestelako generoekin hibridatuz; liburu hauxe da lekuko. Hibridazioaren alde egindako apustu hori da dagokigun liburuaren balio garrantzitsuetako bat, euskal literaturan nobela eta saiakera bateratzeko beste ahaleginik egin den arren (Pedro Alberdiren Satorrak baino lurperago, 2000n; edo Fito Rodriguezen Jeu de Paume, 2006an).
Liburuaren marko narratiboari dagokionez, egilearen lehenengo nobelan bezala, thrillerraren osagaiak baliatu zituen Alonsok, saiakera nobelatuari intriga eta jakin-mina eransteko eta irakurlea gidatzeko, nahiz eta liburuaren azken xedea ez den korapilatuz doan trama askatzea (edo ez nagusiena, bederen). Enekoitz RamÃrez du protagonista lehenengo pertsonan emandako kontakizunak, 1970eko hamarkadan zenbait urtez kartzelan egondakoa da Enekoitz RamÃrez, arrazoi politikoak medio, eta baita 1980koan ere, ordukoan arte-faltsifikazioarekin lotutako delituen ondorioz. Enekoitzek ziega-kide izan zuen Imanol aspaldiko lagunaren deia jasotzen duenean hasten da eleberria. Madrilera joan behar duela jakinarazten dio lagunari, han adiskide batzuek lan bat proposatu behar diotela-eta. Desagertuta dagoen Toulouse-Lautrecen obra bat merkaturatu nahi duten bi lagun frantses ezagutzen ditu Madrilen RamÃrezek: Yves Carreaux eta Margot Lasalle. Bada, haiek proposatzen diote egin beharrekoa: halako koadro batek adituen artean zer harrera izango lukeen ikertzea. Horretarako, pintorearen obran eta bizitzan barneratuko da Enekoitz apurka-apurka, eta harekin batera, irakurlea.
Marko orokorra kontakizun-hari horrek ezartzen du, eta lau atal nagusiak osatzen dituzten kapituluak egitura bertsuan ondu ditu Alonsok: eskuarki, elementu narratibo batek irekitzen du kapitulua, eta marko narratibo horrek aitzakia ematen dio egileari gai baterako jauzia egiteko eta pertsonaiak dena delako gaiaz eztabaidatzen edo hausnartzen jartzeko. Kapituluaren amaieran, ostera errekuperatzen du hari narratiboa egileak, irakurleari jakin-mina pizteko eta hurrengo kapitulurako lotura egiteko. Narraziotik saiorako jauziak justifikatzeko, bestalde, hainbat teknika narratiboz baliatzen da Alonso: pertsonaia nagusiak egin behar duen dokumentazio-lanean irakurritako liburuak eta dokumentuak, pertsonaiek elkarri idatzitako gutunak, euren arteko elkarrizketak, interneten topatutako artikuluak… Horien guztien bidez ia oharkabean barneratzen du Alonsok irakurlea Toulouse-Lautrecen eta artearen munduan.
Liburuko lehenengo kapituluak “Ez da zerua, ezta urdina ere” izenburua darama: Argensolaren soneto ezagunari egiten dio erreferentzia, eta nobelan behin et aberriz agertzen den gaia aurkezten du. XVI. mendeko poemak, guk hala ikusi arren, zerua ez dela ez zeru eta ez urdina dio, baina hala ere ez diola eder izateari uzten. Nobelan, etengabea da itxuraren eta benetako izaeraren arteko gatazka, eta soneto hartan bezala, ezer ez da dirudiena: ez artelanak, ez pertsonaiak, ez eta gertaerak ere. Artelanen kopia eta faltsutzea da nobelaren argumentu-ardatzetako bat, baita etengabeko gogoeta-iturria ere. Ez da kasualitatea liburuan leit motiv gisa Orson Wellesen Fake filma aipatzea, artelan faltsutuen inguruko pelikula, alegia. Nobelako pertsonaiak ere, itxuraldatuta edo mozorrotuta agertzen dira maiz, berriro ere itxuraren eta egiazko izatearen arteko muga zabaltzen delarik, benetakoaren nozioa lausotzeraino: drag queen gisa janzten da Albiko museoko diruzaina, Enekoitzek berak beste itxura eta nortasun bat hartzen du museoan infiltratu ahal izateko, Beliakoven izena eta izana ere anbiguoa… Eszenatokiak eta objektuak ere egiazkoak ala faltsutuak diren ez dago beti argi: nobelan maiz aipatzen den Enekoitzen Rolexa, dirua edo Yves Carreauxen galeria, besteak beste. Protagonistak eleberriaren amaiera aldera bisitatzen duen Van Goghen koadro faltsuen erakusketak, azkenik, simulakroak errealari gain hartu dion gizartearen karikatura-funtzioa beteko luke.
Toulouse-Lautrecen inguruan protagonistak egiten duen ikerketa-lanak, bestalde, askotariko gaiak jorratzeko aitzakia ematen dio egileari, eta, maiz, pintorea eta haren obra aitzakia da arteaz edo arteaz kanpoko gaiez hausnartzeko. Toulouse-Lautrecen biografia eta garaiaren aurkezpen laburra eskaintzen zaigu liburuaren lehenengo partean, pertsonaia pintorearengana hurbiltzen hasi ahala; Baudelaireren Bizitza modernoaren artista obrako teorizazioa aplikagarri litzatekeela ematen da aditzera. Toulouse-Lautrecen garaiko arte-adituek eta kritikariek izandako jarrera kontserbatzailea, pintorearen aurkakoa, hartzen da halaber aipagai, haren pinturetako gaiak ahalkegabeak jo baitzituzten. Liburuko bigarren atalean, berriz, inpresionismoaren aurkezpena eskaintzen da, eta mugimendu hark ekarritako aldaketak aztertzen. Halaber, karikaturari eskaintzen dio Alonsok bigarren atalaren parte handi bat: karikaturaren sorrera, karikaturaren arte-estatusa edo gaur egungo mundua irudikatzeko karikaturak duen baliagarritasuna aztertzen dira besteak beste. Karikatura bezala, fotografia ere hartzen da hizketa-gai gisa hirugarren atalean, asmakuntza horrek artearen historian eragindako iraulia aztertzeko. Gaur egungo artearen estatusaz ere egiten du Alonsok gogoeta, eta diruarekiko duen menpekotasuna salatzen: “artea, gero eta gehiago, bere gisako burtsa paralelo moduko zerbait da, eta kasik ohiko burtsak bezainbeste bete ditzake inbertsioa, diru-garbiketa edo dirua erruz irabazteko helburuak” (161. or.)
Arte-gaiekin batera, gizon-emakumeen arteko harremanak eta generoen arteko komunikazioa dira liburuaren beste gogoeta-gai garrantzitsuetako batzuk, liburuaren lehenengo atalean bereziki. Toulouse-Lautrecek modelotzat prostitutak hartzen zituela aitzakia hartuta, orduko prostituzioaz zein oraingoaz, emakume-figura arketipikoez, edo emakumeen irudikapen artistikoaz egiten da gogoeta, nagusiki Enekoitzen ikuspegitik. Emakumeez aritzean, baina, badirudi Alonsoren asmoa gehiago dela Enekoitzek irudikatzen duen maskulinitate-eredu klasikoan arakatzea emakumearen irudikapenean murgiltzea baino. Parodiara eramana ageri da, izan ere, gizon heterosexualek emakumeekin harremanak izateko, afektibitatea kudeatzeko dituzten ezinak, emakumeak “puta eta señora” kategorietan baino banatu ezin dituen protagonistaren ikuspegitik.
Parodiara jotzen du Alonsok, maskulinitate-ereduaz jarduterakoan bezala, euskalduntasunaren eta naziotasunaren inguruko auziak hizpide direnean. Enekoitzek (Madrilen, Parisen edo Albin delarik) maiz gogorarazten du bera euskalduna dela, ez espainiarra, ingurukoen indiferentzia eta ezjakintasunaren aurrean. Elementu anekdotikoa, txisterako gaia da, asko jota, Enekoitzen euskalduntasuna gainerakoentzat: “zuek, euskaldunak, eroturik zaudete”(195), “Ez dut espainiarren umorea ulertzen. Espainiarra ez, euskalduna, nik. Orduan bai, orduan uste dut erremediorik gabeko txoropitotzat hartu ninduela” (110). Alabaina, liburuaren amaieran, aurrez anekdotikoa zirudien Enekoitzen euskalduntasunak pisua hartzen du, eta nobelan azken ustekabekoa ematen da, bai eta pertsonaiaren patua irauli ere.
Estiloari dagokionez, sinplekeria saihesten duen prosa zaindua da Alonsorena, batzuetan irakurleari ahalegina eskatzen diona, estilo zuzeneko pasarteak elkarrizketa-marka diren gidoirik gabe tartekatzen dituenean, esaterako. Narratzaileak, bestalde, maiz jotzen du metafikziora, eta kontakizunaren norabidearen inguruko hausnarketak txertatzen ditu sarritan, sinesgarritasunari buruz edo narrazioaren egituraketari buruz ari denean besteak beste.
Edizio zainduan argitaratu zen Alonsoren hirugarren liburu hau, liburuan aipatzen diren Toulouse-Lautrecen zenbait koadroren koloretako erreprodukzioak tartekatuta ageri dira hiru atal nagusien artean. Halaber, fikzioaren traman giltzarri den balizko Toulouse-Lautrecen Camembert lanaren bertsio bana egin zuten espresuki libururako Simonides, Vero Petit, Absurde Xabi Alonso eta Jokin Larrea artistek.
« BURUXKAK (1910) | CANCIONERO BASCO: POESÃAS EN LENGUA EUSKARA (1877-1880) » |