Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

BOTOILETAN (1998)

Antton Luku
Iratxe Retolaza

1998an argitaratu zen Botoiletan (Maiatz, Baiona) ipuin-bilduma, Antton Lukuren (1959, San Frantzisko) lehenengo ipuin-liburua. Hamabi ipuinez osaturiko bilduma da. “Botoiletan” izenburua du lehenengo ipuinak, eta ipuin horretan gainerako ipuin guztien marko narratiboa irudikatzen da, honako hauxe: kontalaria Errobi ibaian arrantzan ari dela, Ezterenzubi inguruan, hamaika botila topatu ditu ur-bazterreko harri-pilatan, eta botila horietariko bakoitzak istorio bat gorderik duela ohartzen da. Hamaika botila horiek, bada, “Errobi gainekaldeko memoria”-ren (Luku, 1998, 10) gordailuak dira. Hartara, bildumako ipuin guztiek Ezterenzubiko mendi altzoa dute kokaleku. Geografia erreal hori oinarri hartuta, geografia literario berezia sortu du Antton Lukuk. Geografia literario horren paisaia ezin hobeto sortu da, deskribapen fisiko eraginkorrez gain, paisaia horietako usainak, giroak eta soinuak ederki irudikatu baitira.

Paisaia horretan, uraren inguruko sinbologiak garrantzi handia du Botoiletan bilduman, ibaiarekin harreman estua duen giza komunitatea irudikatu baitu egileak. Narratzaileak ere horixe adierazten du lehenengo ipuinean: “Nire gogoan herri hau gehienik sinbolisatzen duen gauza da ura” (Luku, 1998, 7). Geografia sozial eta kultural konkretu bat irudikatzearekin batera, Errobi ibaia ere joan doan uraren sinbolo da, alegia, denboraren iragatearen sinbolo. Denboraren igarotze horrek ere gizarte eraldaketa iradokitzen du, eta hain zuzen ere, aldaketa-aro bat irudikatu nahi dute narrazio horiek guztiek, giza komunitate txiki baten krisia irudikatzen baitute. Belaunaldi eta ikuspegi sozial ezberdinen artean sorturiko tentsioek eragindako krisiak dituzte kontagai. Horretarako, jendearen memoria pertsonalez osaturiko memoriaren mosaiko bat irudikatu da, eta talde-memoria hautsi eta urratu horrek, jakina, askotariko ahots eta erregistroak egin ditu bere.

Hainbat gai jorratzen dituzte ipuinek: erruduntasuna, gorroto-gosea, ezkongabetasuna, iragan-mina, gizarte herstura…. Azken batean, mugako jendearen zauriak eta ezinak dira kontagai narrazio guztietan. Edonola ere, mugako jende horren zaurien berri emateko, tonu tragikoaren alde egin ordez, umorearen eta begirada zirikatzailearen alde egin du Lukuk. Umore beltza eta ateraldi zirikatzaileak dira nagusi, begirada zorrotzarekin batera. Edorta Jimenezek (1998) eta Aingeru Epaltzak (1999) umore beltzaren tratamendua hanpatu dute, besteak beste. Epaltzak (1999) adierazi bezala, neorruralismo beltzetik hurbil kokatzen dira narrazio horiek, nekazaritza-giro gatazkatsua irudikatzea baitute helburu.

Bestalde, Botoiletan bildumako “Xinaurri-jalea” eta “Zakur-ziloa” narrazioak komiki bihurtu zituen Marko Armspachek, eta Maiatz aldizkarian argitaratu.

BIBLIOGRAFIA

EPALTZA, Aingeru (1999): “Errobi gainaldeko memoria zapartatua”. Hegats. 1999-1.

JIMENEZ, Edorta (1998): “Maiatzekoak”. Jakin. 106. 114-115.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus