Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

BORDAXURI (1952)

Piarres Larzabal
Ur Apalategi

Hegoaldean Antonio Labaien izan zenaren pareko, Piarres Larzabal (1915-1988) azkaindarra euskal antzertiak eman duen autore emankorrenetakoa dugu, ez bada emankorrena (bere antzezlanen kopurua –ehunetik gorakoa– definitu ezina izateraino). Gerra aurrean idazten hasi arren, gerra ostekoa da bere jardunaren zati mardulena. Alemanian, Polonian eta Txekoslobakian preso egon ondoren Euskal Herrira itzuli eta Erresistentzian sartu zen, aldi berean euskararen aldeko militantzia politiko zein kulturalean sartzen zelarik, batik bat antzerkigintzaren eragile handienetakoa bihurtuz. Euskal kultura eta euskara bera ere biziraupen egoera dramatiko batean zeudeneko idazle engaiatuaren figura ezin hobeto gorpuzten du Larzabalek, Iparraldeko berezitasun bat gehituz paradigma horri : antzertiaren generoan mugitzea, hots ipar Euskal Herriko genero bizienean.

Gerraondoan Hazparnen bikario zela idatzitako lehen lanetan irri eginarazteko xedea nagusitzen bazen –ikus Kontrabandistak, Lau donadoak, Ferrando, Eiherazainaren astoak…–, pixkanaka gai serioagoei helduko die Larzabalek. Hala, euskal gizartea da Larzabalen 50eko hamarkadako obra oparoan —Okilomendi, Nork hil du Oihanalde?, Herriko bozak, Hiru ziren, Mugari tiro…– etengabe miatzen dena, gai minberenei beldurrik ez dielarik eta beti ere sentsibilitate sozial batetik tratatzen dituelarik –apaiztegian Piarres Lafitte “apez gorria” irakasle izanak izan bide zuen eraginik berarengan. Suma daitekeenez, Larzabalentzat antzertiak funtzio sozial garbia dauka. Gure Herria aldizkarian argitaraturiko artikulu batean bere poetikaren gakoa ematen digu zera esanez: “euskaldunei erakuts diezaiegun nolakoak diren eta direnarekin zer egin dezaketen”. Matalas bere beste obra famatuenetako batean bezala, Bordaxuri antzerkian Larzabalek gai historiko bat hartzen du arazo garaikideez zeharka hitz egiteko.

Bordaxuri 1782an sortu eta 1821ean zendutako Martin Larralde Ithurbideren goitizena da. Kronika historikoak dioenez, Hazpandar honek –Plumagaine etxaldearen premu edo oinordekoa izanki– aitari etxea eskatu zion; aitak ezetza eman ondoan aitari tiro egin omen ziolakoan, galeretara eraman zuten (arreba eta osabak ere Martinen aurkako konplotean parte hartu bide zutelarik), bertan hilko zelarik urte batzuk beranduago. Mito literario bihurturiko gertakizun honen aztarna ederrena Larraldek berak idatzitako “Galerianoaren kantu” famatua da, zeinaren pasarte batzuk Larzabalek bere obran txertatzen dituen, euskal testuartekotasunaz baliatuz.

Larzabalek 1815eko gertakizun hau hartu eta tragedia eta dramaren arteko antzezlan trinko bezain gordina burutuko du, belaunaldien arteko gudu biologikoari klase borrokaren geruza konnotatiboa –etxetiarren eta bordatiarren arteko desberdintasun soziala– gehituz. Bestalde, Iparraldeko gizarte tradizionalaren ikuspegi etnografiko mamitsua ematen du idazleak obra osoan zehar –etxaldearen antolakuntzari edo ehorzketari loturiko ohiturak eta galarrotsak, besteak beste, xeheki erakutsiz.

Larzabalen moldakuntza edo bertsioan –benetako historiarekiko aldaketa zenbait egiten ditu autoreak, hala nola osaba jatorriz benediktinoa “amerikano” aberats bihurtzen duenean–. Bordaxuri sendia etxe berean bizi diren hiru belaunaldik osatzen dute. Ganix aitatxia, Bordaxuri etxekojauna, zeina alargundua baitago, eta Terexa Piarresen arreba. Piarres bera, jakina, dramaren ardatza bada ere, preso dagoenez ez da agertzen. Berezitasun horrek indar berezi bat eta nolabaiteko modernotasuna ematen dio obrari. Kontrapuntu soziala sortzeko Katxotegi familia kontrajartzen die Larzabalek Bordaxuritarrei. Pumagainea baserriko Bordaxuritarrak boteretsuak dira herrian, eta elizkoi bezain diruzale eta itxurazale agertzen zaizkigu. Katxotegitarrak, berriz, Bordaxuritarren izen onik gabeko bordatiar xumeagoak izanagatik, funtsean, euskal ohiturei atxikiago, zintzoago agertzen dira antzezlanean –bere garaiko “politikoki zuzena” denaren aurkakoa eginez hartara Larzabalek.

Lehen gertaldian Piarres Paueko auzitegian epaitua izateko hiru egun falta direla esaten zaigu. Bitartean, herriko gazteek Bordaxuri etxeko jaunaren aurkako galarrotsak prestatzen dihardute, azken horrek Katxotegiko alaba gazte Klotildarekin ezkontzeko asmoa baitu –semeari neska horrekin ezkontzeko oniritzia ukatu diolarik (Oedipo alderantzizkoa) eta hain zuzen hori delarik tiro egin izanaren zioa. Bigarren gertaldian, biharamunean, Katxotegiko jauna Bordaxuri konbentzitzen ahalegintzen da semeari barkamena eman diezaion, baina alferrik. Erdeinuz hartzen du Bordaxuri etxetiarrak Katxo bordatiarra. Hirugarren gertaldian Ganix aitatxia zendu berria da eta ehorzketaren prestakuntzak ematen dira. Katxo eta Klotilda alabak Bordaxuriri erregutzen diote Piarres askaraztea. Bordaxurik ezer egiteko asmorik ez duela ikusirik, Klotildak haren izen ona zikinduko duen egia –alegia, Bordaxurik berak nahi izan duela Klotildarekin ezkondu– zabalduko duelako mehatxua egiten dio. Laugarren gertaldian galarrotsak jasaten ditu Bordaxurik, anaia “amerikanoa” eta Terexa azken aliatuek batak bestearen ondotik abandonatzen dutelarik. Bosgarrenean Katxo eta Bordaxuri, hurrenez hurren erretorearengana doaz laguntza eske eta azken honek, ez dio ez batari ez besteari entzun nahi zutena esaten. Seigarren eta azken gertaldi tragikoan, Bordaxuri hilerrira abiatzen da, ohorea galdurik hil nahi duelako. Bertan, beste munduko ahots batekin azken eztabaida bat izan eta Piarres semeari barkamena eskatu ondoren, azken hatsa botatzen du.

Larzabalena antzerki sendoa da, apaingarri gutxikoa, baina zehatza eta zuzena.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus