Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

BIZIAREN OLERKIA (1983)

Jean Diharce, "Iratzeder"
Ur Apalategi

Gabriel Arestik Maldan behera (1959) olerki nitzschear luzean omentzen dituen euskal olerkarien artean aurkitzen da Jean Diharce “Iratzeder” (seigarren atalari “Iratze ederra” deritzo, laugarrena “Lizardia” izendatu zuen moduan). 1920ean sortutako idazle donibandarra obra poetiko zabal bezain homogeneo baten jabe da. Gerra zibila bukatu eta Bigarren Mundu Gudatea hasita dagoen urteetan hasi zen bere burua ezagutzera ematen, 1941ean Pindar eta lano olerki bilduma argitaratuz. Fraide bizitzak bermatzen dukeen erregularitateaz, ez dio inoiz utziko idazteari eta mende erdi baten lekuko izatera iritsiko da, 1995eraino bederen olerkiak egiten jarraitzen duelarik. Halere, iradoki dugunez, ezin esan bere poetikak aldaketa handiegia jasan duenik hastapenetatik gaurdaino. Fede giristinoa abertzaletasunari uztarturik bizi duen poeta liriko baikor, single eta dotorea da Iratzeder, gerraosteko urte ilunetan betetako hutsuneagatik ondorengo belaunaldi garaikideagoen esker ona jaso duena.

Biziaren olerkia izeneko olerki bilduma aurretiko lan poetiko ia guztien berrargitalpen sinoptikoa dugu. Bertan, arestian aipaturiko Pindar eta lanoz gain, Zeru-menditik, Argiz argi, Uhaineri nagusi eta Jaunaren hegala olerki liburuetako poemak eta baita zenbait prosazko testu autobiografiko —Orroitzapen purruxkak azken atalean jasoak– biltzen dira.

Gerra aurreko olerkari post-sinbolisten ildoa sakondu eta heldutasunera eraman duten poeten artean sailkatu izan da Iratzeder –Lekuona eta lehen aldietako Gandiagarekin batera– baina beste modu batera ere irakur daiteke bere obra. Iparraldeko hizkera literarioa baita Iratzederren lanabes poetikoa –ordura arte iritsi gabeko fineziara eramana, hori bai, forma eta ahapaldi laburrak zein hiztegi sinplea hobetsiz–, eta ez mugaz bestaldeko idazle abertzaleen hizkera neologismozale eta trinkotua. Iratzederren melodia garbian ez dago ezkutuko tolesdurarik, ez dago Lauaxetak “zadorra” izenez aipatzen zuen berariazko lausotasunik. Iratzederren poesiaren xarma bere gardentasunetik dator, itxurazko naturaltasunetik. Ederra bezain lortzeko zaila da poeta lapurtarraren singletasuna. Darabilen nafar-lapurteraren sonoritateak ezin hobeki menperatzen ditu, eta dotorezia fonetiko harrigarria mantenduz euskalki honek eskaini dezakeen zuku estetiko guztia bereganatzen du. Lantzen dituen gaiek, tarteka kidetasunik badute ere, post-sinbolistek zerabiltzatenekin –zein poetak ez du hitz egin izadiaz?–, ez die tratamendu bera ematen. Zenbait olerkitan itsasoaren tratamendu sinbolista proposatzen badu (originaltasun gehiegirik gabe Jainkoarekin alderatuz), gehienetan egunerokotasunaren begirada xaloa da hainbat olerki autobiografikotan nagusitzen dena eta metaforak gaineratiko sofistikazio modernistak bezain urriak dira olerkiotan. Hala arreba baten komenturatzeaz, nola bigarren arrebaren ezkongaitzeaz nahiz adiskide batzuen heriotzaz ala gerra zibilaz ari dela, betiere begirada amultsua eta horizontala eskaintzen die gauzei.

Horrela, gerra aurreko Lizardi, Lauaxeta eta Orixerekin bat egitekotan, planteamendu ideologikoetan gertatzen da hori. Eta horretan letzake, gainera, Iparraldeko panorama poetikoan Iratzederrek suposatzen duen berrikuntza. Aurreko belaunaldietako Iparraldeko idazleen hiztegi eta erretorikatik urrundu gabe, ikuspegi abertzale “kartsu” batez indartzen du bere poesia, eta Aitzol, Basarri eta Monzonena bezalako izenak hizpidera ekarriz bere burua Hegoaldeko “olerkarien” jarraitzaile gisa aldarrikatzen du. Bere poemagintzan dauden transzendentzia bakarrak Jainkoarena eta aberriarena dira eta, Iratzederren Jainkoa bera bezain amultsua denez, ez da tentsio unerik sortzen. Ilunpe eta goibeltasunei bizkar ematen dien idazle argizalea da Iratzeder. Maitasun egiazkoz blaituriko ikuspegi poetikoa da berea, inoiz artifizialtasunean edo sentimentalkerian erortzen ez dena. “Betiereko Euskal-Herrira Jainkoak oro helaraz gaitzan kopeta-gora eta kantari!” dio poetak Zeru-menditik (1941-1946) bildumaren epigrafean, eta bere poetikaren sintesi gisa irakur daiteke aldarri hau.

Izan ere, musikaltasuna (harmoniatsua, jakina) da Iratzederren jomuga poetikoa, eta ez gaitu harrituko, beraz, egoitza zuen Belokeko abadiako Lertxundi aitarekin batera kantikoak sortzen igaro zuela bere idazle denboraren zati handi bat. Musikarekiko lotura honek, bidenabar, utziko du arrastorik kutsu erlijiosoa inoiz erabat galtzen ez duen bere poemagintza “zibilean”, Jon Kortazarrek azpimarratzen duen antifona edo errepikaren erabilerarako joera nabarmena lekuko.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus