Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

BIZIA LO (2003)

Jokin MuƱoz
Ibon EgaƱa

“Literatura arina, Europako beste herri batzuetan egiten den entretenimendu hutsezko literatura hori luxua litzateke gurean”. Premisa hori gogoan idatzi zituen Jokin MuƱozek (Castejon, 1963) Bizia lo osatzen duten bost narrazioak, XX. mendeko azken hamarkadetako Euskal Herriko giro sozio-politikoa oso kontuan hartzen duten narrazio errealistak. Idazleak, sortzaile den neurrian izan behar lukeen konpromisoa aldarrikatu nahi izan zuen MuƱozek liburua kaleratzearekin batera, alegia, idazleari biolentziazko eta heriotzazko giroaren erdian ikuspegi kritikoa, deserosoa baina gizatiarra eskaintzea dagokiola. Hala, idazleak bere inguruko errealitate politikoari begira jarri eta haren ondorioei buruzko gogoeta egiten du liburuan, eta Bizia lo bildumak belaunaldiz belaunaldi biolentzia politikoarekin eta haren ondorioekin bizitzen ikasi behar izan duen gizartearen erretratua eskaintzen du.

Gerraosteko giro larritik hasi, trantsizio politikoaren garaiak irudikatu, eta idazlearen etorkizunarekiko ikuspegi ezkorra azaleratzen duen narrazioarekin amaitu, bost narraziotan barna, sasoi historiko desberdinak sinesgarritasun eta errealismo handiz birkreatzen ditu MuƱozek. Izan ere, gaiari heltzeko moduari dagokionez, errealitatearekiko fideltasuna defenditzen du MuƱozek, alegia, hura ahal bezain modu errealistenean irudikatzea: “euskal literaturak, errealismoaren bidetik joko duen bide bat hartuko duela iruditzen zait”. Denbora, espazio eta erreferente zehatzak aipatuz edo gertaera errealetatik fikziora lerratuz lortzen du egileak ipuinetan errealismoa eta sinesgarritasuna adieraztea.

2004ko Euskarazko Euskadi Literatura Saria irabazi zuen liburuak, eta bertako narrazioetan, euskal gatazka politikoaren ondorioak sufritzen dituzten pertsonaiak dira protagonistak. Heroismorako aukerarik gabe, gehiegizko biktimismoa saihestuz eta ideologia politikoen gainetik kokatuz, bortxazko egoera baten ondorioak erakusten dizkigu MuƱozek. Tragedia bat irudikatzen du, tonu hits eta malenkoniatsuak (Joan zaretenean egile beraren nobela gogora ekarriz) blaitzen duelarik liburua. Gatazkari heltzeko ikuspegiari dagokionez, Aritz Gorrotxategi idazleak inflexio-puntu bat ikusi zuen MuƱozen narratiban (Xabier Montoiaren urte bereko Denboraren izerdia eta Anjel Lertxundiren Zorion perfektua lanekin batera), eten bat euskal literaturan ordura arte egiten zenarekiko: ordura arteko liburuek “bortxakeriak eragindako ondorioei baino, gehiago erreparatzen zioten bortxakeriaren jatorriari, kausei alegia.” MuƱozen literaturak lekarkeen ekarpena, beraz, bide horretatik lihoake Gorrotxategiren ustez, kausei bainoago biolentziaren ondorioei erreparatzea, biolentziak eta egoera politikoak eragindako tragedia azaleratzea. Ez dira, baina, egunkarietako azalak hartzen dituzten tragedia handiak eta ikusgarriak irudikatzen MuƱozen lanean, ezpada haien inguruan edo haien ondorioz gertatzen diren tragedia txikiagoak, intimoagoak, oharkabean igarotzen direnak, baina giza izaeraren muineraino iristen direnak. Izan ere, egoera politikoak eta indarkeriak eguneroko bizitzan, harreman intimoenetan, eragindako zaurietan jartzen du idazleak begirada, alegia, tragedia handien atzeko urradura kotidianoetan.

Egoera soziopolitikoak eragindako testuinguru mikatz eta mingotsa dute dagozkigun ipuinek eszenatoki, baina bada, nolanahi ere, xamurtasunerako tarterik liburuan. Pertsonaiek, haien arteko maitasunak eta haiei darien gizatasunak kontrapuntua ezartzen diote testuinguru gogor eta bortxazkoari. Haurrak dira protagonista ipuin zenbaitetan (Xantilli, Mekanoa) eta beraien xalotasunak, inozentziak, kontraste bortitza egiten du hondoan duten gizarte biolentoarekin. Kontraste horrek sortutako talka da hain zuzen ere narrazio hauei hunkitzeko aparteko gaitasuna ematen dien osagaietako bat. Izan ere, narrazioetako pertsonaiak, karakterizazio eta eraikuntza psikologiko oso landuen eta biribilduen ondorio dira. Gizakien barne mundua eta sentimenduak zein giza harremanak arakatzeko eta irudikatzeko trebezia apartekoa erakusten du MuƱozek Bizia lon.

Fisikoki hurbil izanagatik, elkarrengandik oso urrun, komunikaziorik gabe aurkezten dizkigu idazleak pertsonaiak zenbait ipuinetan, leize bat balego bezala euren artean. Hala, egoera berberen aurrean pertsonaiek dituzten jarrera eta pentsamolde desberdinak eta diferentzia politiko-ideologikoak azaleratzeko, kontrapuntuaren teknika baliatzen du maiz MuƱozek. Narrazioaren fokua txandakatuz doa pertsonaia batetik bestera, bien ikuspegiak aurrez aurre jarriz eta pertsonaien arteko inkomunikazioa agerian utziz. Hala teknika horren erabileragatik, nola hunkitzeko duen gaitasunagatik, liburuko gailurretako bat den Isiluneak narrazioan, esaterako, egoera berean amak eta aitak dituzten ikuspegi eta sentimendu desberdinak txandakatuz ematen dira, orain batarengan orain bestearengan fokua ezarrita. Antzera gertatzen da Azterketa ipuinean ere, non bigarren pertsonan mintzo den narratzaileak zuka eta hikako tratamendua bereiziz desberdintzen dituen bi pertsonaia eta bi ikuspegi.

Narrazioek abiapuntu eta xede oraina (zentzu zabalean) badute ere, iragana etengabe dago presente; ez, baina, joandako denboraren akordu bezala, ezpada orainean txertatu eta haren parte bihurtzen den denbora bezala. Liburuko narrazio gehienek, denbora-tarte murritza eta presentea dute abiapuntu: mekanoa eraikitzeak eskatzen duen denbora Mekanoan, telefono dei biren arteko denbora Isiluneaken, azterketa baten iraupena Azterketan. Guztietan ere, hala ere, apurka-apurka iragana azaleratuz joango da, iragana bihurtzen delarik egoera presentea ulertzeko gako. Iragana oharkabean bezala, inoiz behartu gabe, azaleratzen da pertsonaien orainean, orainaldi horren parte zatiezin bihurtzeraino. Zenbait ipuinetan, analogia ikus daiteke ipuinaren egituraren eta ipuinaren gai eta motiboen artean. Hala, Mekanoa ipuinean, mekanoa eraikitzea ipuina eraikitzearen ispilu litzateke, ipuinak mekanoa eraikitzen behar den denbora-tartea hartzen baitu. Berdin Azterketa ipuinean, non unibertsitateko azterketa (etsamina) bat narratzaileak bi pertsonaien azterketa (analisia) egiteko baliatzen duen.

MuƱozek Hemingway-ren ipuinari buruzko ikuspegia bere egiten du, eta ipuinak izebergaren punta baino ez duela erakutsi behar defenditzen eta praktikara eramaten du. Hala, Pello Lizarralde –geureen artean– edo Raymond Carver –atzerrikoen artean– idazleen estilo minimalistaren bidetik, esan gabe uzten duenarekin esandakoarekin baino gehiago iradokitzen duen estiloa da MuƱozena. Esaldi laburrak, neurtuak, limatuak erabiltzen ditu, ahalik eta hitz gutxienekin ahalik eta emozio gehien eraginez. Pertsonaien artean ere isiluneak (hala du izenburua ipuin batek, Isiluneak) dira ugariagoak elkarrizketak baino, isiluneek ematen diote tentsioa eta indarra pertsonaien arteko harremanei. Inoiz esplizituegi izan gabe, inoiz irakurleari informazio gehiegi erakutsi gabe, zertzelada txikiz ematen die forma MuƱozek bere narrazioei. Erabat itxi gabe uzten ditu, halaber, zenbait ipuin kastejondarrak, interpretazioetarako ateak irakurleari zabalik utziz (liburua ixten duen narrazioan nabarmena da, esaterako).

Ipuinen gaiak, tonuak eta egiturak batasuna, homogeneotasuna eta trinkotasuna ematen diote MuƱozen liburuari, emaitza gertuago dagoelarik ipuin-liburu tematiko eta trinkotik ipuin-bilduma soiletik baino.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus