« BITARTEAN HELDU ESKUTIK (2001) | BIZIA GARRATZA DA… (1950) » |
BIZI PUSKAK (1996)
Gaupasak (1991) lehenengo poema-bilduman bidaia baten itxurapean nitasunaren bilaketa-saio bat egin ondoren, nitasun hauskor eta iheskor baten bilaketak gutasunari uzten dio lekua Juanjo Olasagarreren (Arbizu, 1963) bigarren poemategian. Poesia garaikideak lehenengo pertsonan eta tonu autoerreferentzialean hitz egiteko ezintasunaz jabetuta, idazleak uko egiten dio lehenengo pertsonari, bere hitzetan, “lehengo pertsonan hitz egiteko pertsonaiak asmatu eta horien atzean” ezkutatuz. Hala, fikziozko pertsonaiak dira jorratzen ari garen liburuko poemetako protagonistak eta haiei ahotsa jartzen dietenak. Poesiari antzerki kutsua ematen dio Olasagarrek, eta poema-liburuari antzezlanarena. Hegazti errariak (1996) teatro-lanaren egile, arbizuarrak hurretik ezagutzen du genero dramatikoa, eta haren teknikak eta diskurtsoak poesiarenera ekarri zituen Bizi puskak lanaren bitartez. Liburua teatro-lana balitz bezala, hastapenean ekintza garatuko den espazioa irudikatzen du idazleak: Nafarroa iparraldeko herrixka, tradizioaren eta berrikuntzaren arteko tentsioen lekuko; eta, ondoren, ekintzan parte hartuko duten pertsonaien aurkezpen laburra eskaintzen du Olasagarrek. Aurkezpenen ondoren poesia formako monologo laburrak datoz, edo monologo itxurako poemak, non pertsonaiek euren arteko harremanez, denboraren joanaz, euskalduntasunaz eta beste hamaika gaietaz hausnarketa egiten duten.
Hala kritikak nola egileak berak E. L. Masters-en Spoon River Anthology poema-liburua ikusi dute liburuaren egituraketaren eragileen eta iturrien artean. Izan ere, Masters-ek ere fikziozko berrehun pertsonaia ingururen ahotan jartzen ditu bere bildumako poemak, antzerkitik edaten duen diskurtso narratiboaren bidez. Ez da, nolanahi ere, egituraketa eta antzerkiarekiko antzekotasuna Mastersen poesia eta Olasagarrerena elkarrenganatzen dituena. Poesia narratiboranzko joera, ironiaren erabilera edo hizkera arrunt eta batzuetan kolokialerako zaletasuna dira bi idazleek batzen dituzten ezaugarrietarik zenbait.
Liburuko poesiak antzerkiarekin duen zorra agerikoa bada ere, kontuan izatekoa da Olasagarrek poemategian poesiaren eta narratibaren artean proposatzen duen elkarrizketa. Bizi puskakeko pertsonaiak, egon ere, hari narratibo finez elkar josirik daude; alegia, pertsonaiak euren bizitzako istorio txikien protagonistak dira, eta irakurleak, poemaz poema pertsonaiek diotena kontuan harturik, haien atzean dauden istorioak eta bizi atalak berreraiki beharko ditu. Badu, beraz, poema-bildumak narrazio-bildumaren traza ere. Nolanahi ere, gogora dezagun definizio klasiko eta zaharkituaren arabera nobela gizarteko ahots guztiak jasotzen dituen kaxa dela, eta dagokigun liburuan poemen bidez horixe egiteko ahalegina sumatzen dela: gizarte bateko (izenik gabeko herri nafarreko) ahotsak biltzea, haien arteko dialektikak azaleratzea. Horregatik irakur daiteke Bizi puskak poesia formetan egindako nobela bezala ere. 2004an Ezinezko maletak kaleratu arte, Olasagarrek ez zuen bete aspaldi iragarritako nahia: 1980ko hamarkadaz nobela egitea; alabaina, poema-liburu honetan badira geroago nobelan garatuko diren gaien kimuak. Olasagarrena ez ezik, E. L. Mastersen bilduma ere nobela bezala irakurtzeko aukera iradoki izan du, bestalde, kritiko batek baino gehiagok.
Mastersek Spoon River fikziozko espazioa eraikiz, makrokosmos bat birsortu zuen herrialde baten, bizitzaren metafora bezala jokatzen zuena. Olasagarrek ere, aurrekoaren antzera, antzerki-poema honetan Nafarroako herri izengabea eszenatoki gisa erabiliz, Sakanako errealitatea Euskal Herriaren errealitatearen eskala txikiko erreplika bezala agertzen du; hots, eskualde zehatz bateko errealitatea irudikatuz euskal gizartearen tentsioez eta kontraesanez mintzo da poeta. Bizi puskaken kokalekua kontraesanez eta kontrastez betetako gizarte konplexu eta anitza da, tradizioaren eta modernotasunaren arteko talkak bere gorian bizi dituena. Landa eremuko gizarteak eta urbanoak batera bizi behar dute espazio horretan; elkarrekin bizi behar dute tankera guztietako pertsonaiek: poetek, etxekoandreek, gay militanteek, filosofia irakasleek edo igeltseroek. Koldo Izagirreren hitzetan esateko, “gure poesian parekorik ez duen tragikomedia honek anti-Euskadi bat paratzen digu begi-bistan, bateko eta besteko erretorika ofizialek ezkutatzen duten euskal herri erreala.” (IZAGIRRE 2002). Gizarte baten kontraesanak norberaren interesen arabera limatzeari uko eginez, Olasagarrek paradoxak, nahiak eta ezinak bere horretan, euren gordinean, azaleratzen ditu, geografia zehatzetik abiatzen den gogoetari dimentsio unibertsala emanez, eta Bizi puskak bizitzaren eszenaratze konplexu bihurtuz.
Anitzak dira liburuan mintzo diren ahotsak eta pertsonaiak, baina, horien guztien atzean “ezkutaturik”, egilearen beraren ahots poetikoa aditzen da, bai baitira Olasagarreren liburuan poemaz poema errepikatzen doazen joerak eta gaiak: ikuspegi beti ironiko eta maiz umoretsua, liburua goitik behera blaitzen duen ikuspegi etsitu eta pesimista (ironiak arindua) edo denboraren joanarekiko obsesioa.
Guztiarekin, pesimismoa, abaildura, dario pertsonaien bidez mintzo den ni poetikoari; izan ere, 1980ko hamarkadan utopian, Euskal Herri berrian eta iraultzan, sinetsi zuen belaunaldiari gainera jausi zaio eraikitako guztia. Abertzaletasunak eta utopia sozialistak, bi metaerrelatu nagusiek, errealitatea azaltzeko eta hura eraldatzeko gaitasuna galdu ostean, aterperik gabe geratu den belaunaldi hori da Olasagarrek erretratatzen duena, beranduago Ezinezko maletak nobelan egin bezala, modernitate ostean norbanakoak identitate indibiduala eraiki beharraz gogoeta eraginez.
Poesia narratiboa da, beraz, nagusiki liburukoa, eguneroko gertakari xumeetatik bizitzaren eta heriotzaren inguruko gogoeta sakonetara zabaltzen dena. Philip Larkin eta W. H. Auden euskaratu dituen poetak badu zorrik haiekin, eta baita Jaime Gil de Biedma bezalako poetekin ere. Alabaina, tradizio euskalduna ere ez du ahanzten Olasagarrek, eta bada euskal tradizioko poesiarekin egindako elkarrizketarik ere poema hauetan bezala egilearen hurrengo liburuan ere, Puskak biziz (Susa-EEF 2001) izenekoan, zeina funtsean, Bizi puskaken jarraipena den hala egiturari eta tematikari nola tonuari dagokionez. Hala azaldu du Ur Apalategik:
Olasagarreren testua, neurri handi batean, diskurtso identitario gisa har daiteke. Alde horretatik euskal poetengan ernatu den azpi genero baten tradizioan kokatu beharko litzateke. Olasagarre inspiratu bide duten aitzindarien artean Aresti, Gandiaga eta Xalbador jarriko genituzke. (APALATEGI, 2009: 220)
Funtsean, beraz, Olasgarrek, XX. mendeko euskal poeta askok egin bezala, euskalduntasunaren inguruko gogoeta plazaratzen du liburuan, horretarako poesia koralera joz. Hala, identitate berri, kosmopolita eta kulturanitz bat euskalduntasunean, Nafarroako herrixka horretan, sintetizatzearen zailtasunek eta horik pertsonaiei datorkien abaildurak osatzen dute diskurtsoaren muina.
BIBLIOGRAFIA
APALATEGI, Ur (2009): “Bizi puskak” in KORTAZAR, Jon (zuz.) Egungo euskal poesiaren historia. EHU. Bilbo. 215-222
EGAÑA, Ibon (2003): “Juanjo Olasagarre: voces desde la periferia”. Quimera 234: 29-32.
IZAGIRRE, Koldo (2002): “Sarrera” in OLASAGARRE, Juanjo XX. mendeko poesia kaierak: Juanjo Olasagarre. Susa. Zarautz.
MASTERS, Edgar Lee (2004): AntologÃa de Spoon River. Cátedra. Madril.
« BITARTEAN HELDU ESKUTIK (2001) | BIZIA GARRATZA DA… (1950) » |