« BIOZKADAK (1929) | BIZI PUSKAK (1996) » |
BITARTEAN HELDU ESKUTIK (2001)
2001. urtean argitaraturiko poema liburua da Bitartean heldu eskutik, harrera aldetik oso arrakastatsua. Kirmen Uribek (Ondarroa, 1970) liburuaren hiru argitalpen saldu zituen oso denbora laburrean. Baina argitaratu aurretik, generoen loturan sinetsita, hainbat aurkezpenetan eman zuen ezagutzera bere proposamen poetikoa: lehenik, oso ezaguna ez den plaquette batean, Ekografia, 1999, ondoren, zenbait poema Bar Puerto, eta azkenik, Bazterreko ahotsak, 2001, ikaskizunean azaldu ziren. Liburua agertu zeneko ongi babesturik heldu zen plazara.
Jokabide honek agerian uzten ditu postmodernitateak agertu dituen zenbait ezaugarri nagusi: generoen arteko nahasketa; arteen arteko elkarrizketa, poesia eta musika, pintura eta bideoa, eta poesiarentzako maite den errezitaldia eta plazarako joera.
Liburua zazpi atal nagusitan banatuta dago, eta atal bakoitzean liburuak aipatu nahi duen gai bakarra agertzen da. Hauek dira gaiak: gorputza, memoria, sexua, besteak eta “ni” multiplikatua, hizkuntzaren mugak, literaturaren eta artearen arteko elkarrizketa, bizitza.
Gaiari dagokionez, postmodernitateak begi bistan jarri dituen arazoak agertzen dira: gorputzaren eta sexuaren garrantzia izaera eta nortasuna sortzeko eta adierazteko; bestetasunaren garrantzia ; izen handiko idealen desagerpena eta sinesgaiztasuna. Ideia eta utopia nagusien desagerpena gertatzen den unean, Kirmen Uribek gizakiaren memoria eta drama pertsonal eta intimoen agerpena egin ohi du, nahiz eta errealitate soziala ez duen alde batera uzten. Baina eguneroko minak adierazten dituzte bizitzan sortzen diren jokabide kontraesankorrak.
Heriotzaren agerpenaren inguruan egindako liburua bada ere (“Bisita” poeman drogazale baten heriotza fiktizioa irudikatzen da, aldiz, “Aparte-apartean” poemak aitaren heriotza hartzen du gaitzat), liburuak azken poeman bizitzaren aldeko joera agertzen du. Liburua ixten duen poemak, “Maiatza”-k, bizitzaren aldeko erronka luzatzen du, eta liburuaren azken aldean jarri delarik, egilearen estetikaren manifestu gisa har dezakegu. T. S. Eliot poeta handiak idatzi zuen “apirila zela hilerik krudelena”, maiatzak krudelkeriarekin bukatu nahi duela, eta honela, bizitzak barnean gordetzen dituen unerik gozoen alde egingo luke. Atseginaren alde egiten delako daude liburuan horrenbeste une gozotsu eta hedonista. Aitak heriotzaren unean ematen duen aholkua ere bizitzaren aldekoa da, liburuaren izenburuak ere mezu bera igortzen du. “Bisita” poematik harturiko bertso-lerroak bere txikitasunean “maitasun keinua” adierazten du, damu eta promesa izen abstraktuen artean kokatzen du egileak maitasun keinu hori. Poetika horretan gordetzen du idazleak idazkeraren giltza: keinuen metonimia, gorputzak duen espresatzeko ahalmenaren garrantzia eta hitzik gabeko komunikazioa.
Hau guzti hau loturik dago postmodernitatean hitzek adierazteko eta komunikatzeko duten ahalmenari buruzko mesfidantzarekin. Gauzak eta hitzak bananduta baldin badaude, eta hitzak gai ez baldin badira gauzak esateko, poesiaren bidea da, Uriberen ustez, komunikazio bide berriak asmatzeko modua, hots, ibaiaren gainetik zubiak eraikitzea, edo gorputzen keinuei balio berria ematea.
Gorputzaren eta hotsaren arteko joko bihurtzen da, horrela, liburua. Ahotsa “nitasun” txiki baten ahotsa da. Eta hori ere oso duina da.
Poetikaren bideak aztertu ondoren, idazkerara jotzen badugu, hona hemen Kirmen Uriberen poesiaren zenbait ezaugarri:
a) Hizkera argikoa da Uriberen poesia, ahozkoari eta ahozkotasunari lotua, paralelismoetan oinarritua, musikalitatea eta aliterazio ugariduna. Ez da barrokoa, abangoardiaren ukaziotik sorturiko hizkera poetikoaren agerpena da. Ez da oharkabean agertu Aresti eta Duchampeken arteko xake partida liburuko seigarren atalean, eta ez zaio zoriz kontrajarri poesia “argia” abangoardiako pertsona nagusia bati.
b) Uriberen poesia kontagintzatik hurbil dago, eta horregatik, kontagintzako hiru eremu narratibo nagusiak; tokiak, denborak eta pertsonak, marrazturik agertzen dira poemaren hasieran, irakurlearentzako mugak garbiak direlarik. Baina argitasunak ez du ukatzen konplexutasuna, hain zuzen ere ekintzetan gordetzen delako metaforaren indarra. Poesia molde horretan egoerak eta ekintzak metaforatzen dira, eta ez soilik izenak.
c) Zatiaren nagusitasuna nabarmena da Uriberen idazkeran. Unea da poesiaren neurria, eta une gogoangarriak ekartzen ditu poetak liburuko orrialdeetara. Dena dela, Kirmen Uriberen poemek badute osotasuna agertzeko joera nabaria, eta poema luzeak idazteko tendentzia ere nabarmen agertzen da testuan.
BIBLIOGRAFIA
KORTAZAR, Jon (2002). “Gorputzak eta ahotsak”. Bitarte. 28. 2002ko abendua. 73-108.
« BIOZKADAK (1929) | BIZI PUSKAK (1996) » |