Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

BIOZKADAK (1929)

Luis Jauregi, "Jautarkol"
Jon Kortazar

Biozkadak poema liburua 1929. urtean argitaratu zuen Iruñean Luis Jauregik, ondoren Koldobika gisa sinatuko duenak. Biozkadak gerora etorriko zen olerkarien mugimenduan oihartzun handia izan zuen liburua da.

Lore jokoetan eta poesia lehiaketetan irizpide poetiko erromantikoa nagusitzen ari zen, esaldi eta poema luzeak hobesten ziren. Hasierako puntu batean Luis Jauregiren poesiak bide hori erakusten badu ere, laster joko du Gustavo Adolfo Bécquerren bidera, eta noiz edo noiz, poesiaren alde estuagoa adieraziko du Jautarkolek.

Luis Jauregiren Biozkadak lanaren balio punturik nagusiena Bécquer euskal senera ekartzea da, nahiz eta 1929. urtea oso garai berankorra den poeta andaluziarraren lana agertzeko eta garatzeko. Izan ere, garai horretan 1927ko belaunaldiko poetak barrokoarekin, eta laster abangoardiarekin, lan egiten hastekoak ziren.

Alabaina, liburu osoa kontuan hartuz gero, olerkaria  aurreko mugimendu poetikoek agertutako ezaugarriak ematen ditu argitara. Euskal Esnalea aldizkariko olerki lehiaketetan eman zuen bere burua ezagutzera Jauregik, 1923. urtean saridun izan zen “Bizitza eta eriotza” poemarekin, eta 1927. urtean “Aralar” poemarekin. Urte berean “Aizkorriren oñetan” deitutako poema ere saritu. Argia aldizkariko sariketetan ere parte hartu zuen Jauregik.

Lau ezaugarri nagusi nabarmendu ditzakegu Luis Jaurtakolen Biozkadak poesia liburuan:

Erromantizismoaren bideak, oso bide topikoak, eragiten du Luis Jautarkolen poesia. Izadia, eta mugimenduaren zenbait topikoz beterik dago haren poesia. Honela hasten du idazleak Biozkadak:

“Udazkeneko aize zakarrak

zugaitz-ostoak, ori ta igarrak,

lurreratzen dituenean,

naigabe baten arantz zorrotza,

beazunezko tanto mingotza

nabaitzen det biotzean”.

Ikusten denez, izadiaren alde ilunek bultzatzen dute poetaren irudiaren mundua eta joera dekadentearen aipamenak dira idazlearen ikusmenaren interes puntu nagusiak.

Jautarkolek alegoriarako tendentzia berezia du, kanpoko egoera bat-batean bihurtzen du barne munduaren erakusgarri. Udazkena barne munduaren irudipen bihurtzen du, izadiaren metafora bihurtzeko joeran. Jautarkolek askotan egiten du kontzeptuen arteko kontrajarpena, alegoriari bidea zabaldu asmotan. Horren adibide garbia da gorago ikusitako “Bizitza eta eriotza” poema.

Pertsonaien aukeraketan, Luis Juaregik pertsonaia nagusien balio sentimentala eta jakinduriakoa erabiltzen du bizitzari barne zentzua emateko: “Aitonaren otoitza”, “Amonatxoa… eskean”, “Nekazari gaxoa”, sentiberatasuna eta euskal irudi arruntak batzeko ahaleginaren adibide zehatzak dira.

Luis Jauregiren Biozkadak poema liburuak ideologia tradizionala eta tradizionalistaren zutabeak defendatzen ditu. Alde batetik, Kataluniako Jacint Verdaguer poetak egin zuen moduan, erlijioarekin loturiko gaiak aukeratzen ditu maiz: “Bergarako Jesus gurutzetuari”, “Umetxu batek bere Zeruko Amari”, “Aurtxo batek Mariari”. Poema horiek erlijiosoak dira, pietismoa eta sentiberatsuna biltzen saiatzen direnak. Baina Luis Jauregiren ideologia batez ere poemen bukaeran agertzen da. Poetak bere ideologia, poemak adierazi nahi duen mezu ideologikoa, garbi uzten du azken lerroetan. Ideia nagusia tradizionala izaten da: euskaldunen “benetako” bizitzaren aldekoa, erlijioaren egiaren aldekoa, edo euskararen alde agerturiko ideia, edo Euskal Herriaren aldekoa. Dena dela, poemaren bukaerak garbi utzi behar izaten du ni poetikoaren ideologia. Hona hemen, gazteriak jasotzen dituen arriskuen aurkako aholkua:

“Bañan, ai! asko deabruaren

musua artuta il-oi dira

ta berarekin besarkatuta

betiko sartu illundira”.

Erlijioa eta euskal izaeraren irudi tradizionala batu zituen Luis Jauregik bere poema liburuan, izadia eta sentiberatasuna. Horrela,  garaiko euskal poeten arteko zenbait kezken adibidea eta sintesia eskaini zituen egileak Biozkadak poema liburuan.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus