Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

BIOTZ-BEGIETAN

Jose Maria Agirre, "Xabier Lizardi" (Zarautz 1896 - Tolosa 1933)
Lourdes Otaegi

Lizardiren olerkigintzaren emaitza berrogeita hamalau poemek osatzen dute, baina euskal lirika modernoaren gailurtzat izendatua izateko adinako obra izan da halere. Poema liburu bakarra argitaratu zuen Biotz-Begietan izenburuaz 1932an. Bertan argitaratzeko hautatu zituen 21 poemez gain, gaztaroan sorturiko beste 18 olerki ezagutzen dira, Euzko Deya aldizkarian eta Euskadi egunkarian argitaraturikoak. 1932ko liburuaren ondoren, beste bost poema argitaratu zituen han-hemenka, eta, hil ondoren, “Euskaltzaleak”ek eginiko hilondoko omenaldi gisa argitaratu zen Umezurtz olerkiak liburua. Azken urteko zenbait olerkirekin batera, Maitearen apurñoak izeneko olerki sorta  argitaratu zen bertan, egileak amaitzeke zeukan proiektu zabal baten atal bakanak ziren bederatzi poema. Kontakizun autobiografiko baten atal solteak dira, eskema soilak sarritan eta zertzelada konkretuetan bilduak daude, sinbolizaziori ekin aurretikoak. Lizardik behar bezala landu gabeko poema-gaien eskema hutsak dira.

Xabier Lizardi” edo “Lizardi” ezizenez ezagutzera eman zituen bere idazlanak 1926tik aurrera olerki eta artikuluen azpian, baina gaztaroko lanen argitalpenetan “Samaiko-zulo” eta “Zarauztar Sabin” ezizenez ere izenpetu zituen, Zarauzko herriarekin zuen barren-barrengo loturaren adierazle. 1925 eta 1927ko zenbait poema aldiz, “Txolarre” ezizenez eman zituen ezagutzera.

Biotz-Begietan  osatzeko hautatu zituen 1932ra arteko olerkien artean hoberenak iruditzen zitzaizkionak eta, egitura jakin baten arabera, hurrenkera kronologikoan antolatu zituen. Halere, lehenagotik eta ondotik argitaratu zirenek badute idazlearen bilakaera osoan gai finko batzuen inguruko bilbakuntza: maitasuna, familia, denboraren lasterra, natura, heriotza… Beti iraun zuten arlo horiek bere poesian, baina estilo eta gaiari dagokionez aldakuntza nabarmenak ere nabari daitezke idazlearen bizitza literarioan zehar. Lizardik Urtaroak ene begietan idaztean lortu zuen heldutasun maila eta lirismora iritsi baino lehen, gainditu behar izan zituen mintzaira poetiko soilegi eta sentiberegiz  osaturiko gaztaroko poemak, sinbolikotasun maila arruntekoak, irudi topikoen mende geraturiko asmo poetikoak. Gaztarotik zetorkion Lizardiri zertzelada arrunt eta txikietan sinbolikotasuna bilatzeko gaitasuna, baina bilaketa luzea izan poeta honen idazle-bizitza. Lehen poemetan bertan topa daiteke hurbileko gaietan egiten duen bilaketa etengabea, bere sentimenduen adierazpide izango diren gaien tratamendu gero eta landuagoa, sublimazio poetikoranzko eginahala. Etengabe egingo duen hizkuntzaren azterketak eta euskal idazle klasiko eta garaikideen irakurketak gaitu zuten apurka-apurka idazle gisa, eta bizitzaren esperientziek aberastu eta umotu bere poeta-begirada.

Lizardiren kontzepzio poetikoa 1930eko “El poeta” izeneko artikuluan ikusten da, lehenengoz argi islaturik: poeta ikusmen berezi batez jantzi eta hornituriko gizakia da, bizitzaren panoramako elementuei prisma sublimatzaile batetik begiratzen diena eta modu harrigarrian aurkezten dizkiguna. Horrela azaltzen du Lizardik bere sorketa prozesua. Lizardik hurbileko errealitatearen “panorama”z dihardu bere poesian. Inguruko edo hurbileko elementuak, bere zentzumenen bidez sumatzen dituen errealitateak luzaroan behatu eta ohartuki erreparatu ondoren, bere barrenean hausnartzen ditu. Esate baterako, bere bizitza garatzen den ingurune geografiko zehatza: Tolosa eta inguruko mendiak, Urkizu, Aralar eta Txindoki, Orexa eta Zarautz herria eta bere haurtzaroko kaleak, ibiltzen den tokietako zoko guztiak: amonaren baratza, etxeko elementuak, sukaldea, ezkaratza, balkoia, laratza, sehaska… Mendi ibilaldiak egitera ateratzen den tokiak, basoa, gurdibidea, mendiaren gailurrean eta oinkatzen duen ibilbidean urtaroek eragiten dituzten aldaketak, hori guztia da bere poesiaren gaia. Poemetako protagonistak ere oso hurbilekoak ditu: basokoak, etxekoak, familiakoak edo lagunartekoak dira. Horiek dira, era berean, bere sentimenduen munduko protagonistak, Xabiertxo seme hila, amona, seme-alabak, emaztea, Onuzki adiskidea eta poeta bera ere bai, bere sentimenduek, heriotzaren kezka, edertasunaren txundidura, adiskidantzaren gozamena, maitasun sentimendua, kezka existentzial, politiko eta kulturala, aberria eta hizkuntzaren zortearen kezka, eta abar.

Baina Lizardi poetak errealitate hurbil hori begi sublimatzaileez ikusten duela esaten du. Nola? Biotz Begietan liburuaren lehen lau bertsoetan ematen du erantzuna Lizardik, Lizardiren prisma sublimatzailea begi-bihotzak osatzen dute:

Biotz-begietan zatzaidate sortu:

biotzenago batzuek; besteak

betsein-betseñotan… Biotz-gabe ta itsu

nork, izan ere, bil olerti-loreak?

Lizardi bere poemetan errealitate ezkorrean kokatzen da gehienetan: egoera tamalgarrian aurkitzen ditu bere poesia-gairik maiteenak: aberria, natura, tradizioak, hizkuntza… Galtzorian sumatzen ditu, denbora, ahanztura eta heriotzaren hatzaparretan itotzeko puntuan. Baina K. Otegik argi azaldu zuenez (1993), Lizardiren helduaroko poemetan beti sortzen da egoera ezkor hori gainditzeko bizi indarra, bizi nahi handi batek gainditzen ditu egoera tristeak eta oztopoen aurrean itxaropen eta aurrera egin nahiez erantzuten du. Egoera ezkorraren gainditzea sinbolizatzen dute eta prozesu hori errepresentatzen dute poema askok. Urte Giroak poeman bertan, esate baterako, “Berriro igo nauzu” hasten den poemak konbinatu egiten ditu maldagora fisikoa eta sinbolikoa. Beste batzuetan gainditze psikologikoa gertatzen da “Biotzean min dut” poeman amonaren heriotzarengatiko goibeltasuna gainditzea lortzen du, itxaropen argi bat bizten da eta geroko bizitzaren kontsolamendua iristen zaio. “Izotz-ondoko iguzki” izeneko poeman ere gaindiketa fisikoa, mendizaleena eta aberriaren berpizkundea sinbolizatzen dira, “Gure mintzo” poeman aldiz, euskara/neskatxa erreskatatzen du poetak, bere gazteluko lehotzatik…

Maite dituenen heriotza, tradizioaren, aberriaren edo hizkuntzaren galera, edo naturaren eta gizakiaren behera beharra ditu Lizardiren poesiak mintzagai nagusi. Ez ditu onartzen galera horiek, gainditu, sublimatu egin nahi ditu: zentzu ezkutua aurkitu nahi die. Horretan laguntzen dio naturaren ziklo birsortzailearen behaketak, eta natura udaberrian birsortzen den moduan berak maite dituenak, senitartekoak, lagunak, tradizioak, aberria, eta hizkuntza  ere itxaropena izan dezakete. Poetaren bizi-nahiak hala sinetsi nahi du eta sineste hori fede erlijiosoan apoiatzen da, giza bizitzaz diharduenean. Geroko bizitzaren sinesmenak ematen dio zentzua bizitzari.

Lizardiren olerkigintza berritasuna eta tradizioa erdibidean dagoela esan daiteke, bere aurrekoen tematika eta formak erabiltzen ditu, baina ukitu berrizalea eransten die biei, mundu ikuskera pertsonala da ematen duena, bere kutsua, bere estiloa eta esperientziatik abiturik eraikiriko sinbolizazioak biziberritzen ditu izadia, maitasuna, aberria, hizkuntzaren berpizkundea bezalako gaiak. Lizardiren ideia poetikoak blaitzen ditu modernotasun nahiak, baina Lizardik berrikuntza lan hori euskal tradizio literarioaren ohol zaharrez eraiki nahi izan zuen.

Lizardik poesia modernoa egin nahi zuen, baina aldi berean oreka klasiko bat bilatzen zuen sentimenduaren eta inteligentziak aditzera ematen zion errealitate objektiboaren artean. Lizardik bere garaiko poeta askoren erromantizismo sentiberegia eta puztua atzera utzi nahi zuen. Errealitateak eta norberaren sentimenduen inguruko hausnarketak zentzu zabalagoetara iristeko bidea ireki behar ziotela iruditzen zitzaion, errealitatearen eta sentimenduen azaleko itxura gainditzeko bidea aurkitu behar zuela. Baina Lizardirengan sentimenduak eta nahimenak dira nagusi, heziak eta neurtuak baina, beti lehertu beharrean gihartsuki adierazten ditu. Sentimenduak lirikoki, emetasunez adieraztea bilatzen du, baina edertasun formalaz janzteko bitxituak, adierazkor izateko, tenpleaz landuak.

Sentimenduak neurtuki adierazteko joera horrekin batera, Lizardik estilo kontzeptista edo trinkoan idaztea atsegin zuen. Hizkuntzaren adieraz gaitasunari ahalik eta etekin gehiena ateraz idaztea maite zuen, esamoldeari soberan zuena kenduz. Lirikaren berezko ezaugarria zeritzen soiltasunari eta adierazgaitasunari. Sentimenduak neurtu eta konplexutasunik gabe adierazi nahi zituen, intelektualismoan erori gabe; horretarako mintzaira esanguratsua, iradokiorra erabili zuen, hiztegi aukeratua eta zehatza, adjektibazioa beharrezkoa zena soilik eta ez apaingarri huts modura.

Lizardiren poemagintzaren baliapide estilistikoak bi multzotan berezi daitezke forma edo metrika aldetikoak eta iruditeriari dagozkionak. Biak dira oso aipagarriak bere poemagintzan. Lizardiren poemagintzaren ezaugarri formalak bertso neurtuak eta zehatz arautuak zedarritzen ditu. Mende hasieran Sabino Aranak finkaturiko arau metrikoak zorrozki erabiltzen ditu, lizentzia gutxi batzuez bakarrik baliatuz. J. M. Lekuonak aztertu zituen Lizardiren eskema metrikoak (1983) eta neurri txikiak atsegin zituela ondorioztatu zuen. Gaiaren tankera filosofikoagoa bada edo sakontasun argumentala badu,  berriz, neurri luzea ere erabiltzen du: Zuaitz Etzana, Agur edo Ondar Gorri poemetan, esaterako. Gainerakoan, erritmoa, errepikapenak eta arintasunak markaturiko poemetan, gaia iradokizun den poemetan, neurri motza eta sarri errimatua nahiago du: Neskatx urdin yantzia, Otartxo Utsa edo Oi Lur poemetan bezala. Zazpi edo sei silabatako bertsoak aukeratzen ditu sarritasunez.

Lizardiren poemetako estrofa barietatea azpimarragarria da eta errimen sarritasuna ere bai, bertsoa motza izan arren, errimaz hornitzera jotzen baitu. Ez dira errima kontsonanteak izaten, silaba edo bokal bakarrean oinarritzen ditu hoskidetasunak, baina sarritan bertso barruko aliterazioz edo apoio erritmikoz laguntzen du, errepikapenez, paralelismoz, eta abar. Lizardiren metrika ikasia da, landua, zaindua.

Bertsolarien ezaugarrietatik aldentzen da, nabarmen.Horregatik bere metrika ezaugarrietan ez da harritzekoa bertso batetik bestera salto egitea esaldiak, errima esaldiaren erdi parean emanik, zangalatraba eginez. Gisa berean, atsegin zitzaizkion XVII. mendeko klasiko espainiarrek bezala, hiperbatonak ere erabiltzen zituen bertsoaren neurriaren eta erritmoaren premietara egokitzeko eta sintaxi harrigarria eraikitzeko. Lizardiren olerkian elementu erritmikoek garrantzia berezia dute paralelismoek eta anaforek sendotzen dute bere olerkien egitura erritmiko bikaina. Ezaugarri metriko hauek liluragarri gertatzen badira ere, morfosintaxi aldetik bereziki maite zuen kontzeptismoak zaildu egiten du bere poesia, ahalegin berezia eskatzen dio irakurlearen intelektuari eta hizkuntzarekin modu kreatiboan jokatzeko prest egotea. Izan ere Lizardik poemaren edertasuna gihar huts eginik erakutsi nahi baitzuen, edertasun betean, eta horretarako hizkuntzaren ahalbide lexiko eta morfosintaktikoak ustiatzera jotzen zuen.

Lizardiren  poemagintzaren funtsezko osagarri estilistikoa irudia da zentzu orokorrean hartuta: metaforak, konparazioak eta pertsonifikazioek osatzen dute poemen funtsezko bizkarrezur sinbolikoa. Gaiaren osagarri errealak sublimatzen dituzte, traszenditu arazi egiten dituzte eta zentzu sinbolikorantz hegaldarazten. Pertsonifikazioak bereziki ugariak dira, hainbesteraino non Mitxelenak esan zuen Lizardiren poemagintzan eho zen pertsonaia literario sailak mundu mitologiko pertsonala osatzen duela (1960). Mitologia klasikoan ohi zen moduan, Naturaren elementu bizigabeak “nortu” zituen Lizardik: Eguzkia “Iguzki” da, euria Euri da, “Itzal” eta bere aita “Baso”. Urtaroek ere nortasun berezia dute “Udaberri”, “Negu”, “Udazken” eta “Uda”ren ondoan, “Gau” eta “Egun” pertsonaiak aurkitzen ditugu, eta mendiak, zuhaitzak, pagoak bereziki… Lizardiren mundu pertsonal horretan ez dago pertsonaia fantastikorik, maitagarriak alde batera uzten badira, aipatu ditugun horien aldean, gure inguruko bizidun txikiak daude: otalorea, kilkerra, urretxindorra, armiarma, zuhaitza, hegaztia, huntza…

Lizardik begi-bihotzez begiratzen dienean osagarri horiek nortasun berezia hartzen dute. Bakoitza epiteto batez edo definizio erako sintagma batez janzten du, sarritan poema ezberdinetan zehar irauten duten metaforak izaten dira, idazle klasikoek egin ohi zuten gisako epitetoak eratxekiz: pagoa pertxenta da neskatxa apain baten moduan, armiarma ehulerik zaharrena da, kilkerra olerkari arlotea, udaberria urdinez jantziriko neskatxa da, Uda suzko itsasoa da, Negua agurea… Irudiok elkarrekin harremanetan jartzen ditu, esate baterako, Urtaroak poemaren bigarren zatian, Udaberriaren hasieran eguraldi txarra egin du “Goien sar egin baitu/ Eurik Eguzki giltzapean;/ yaun orail eder, legorteen aita/ katez loturik egona baita/ odei bustien sabelean”.

Pertsonaia horiek mundu autonomo bat osatzen dute, eta poeta bera hartzen dute beren artean basoratzen denean, Lau Urtaroak poeman bezala: Poetari deiadar egiten diote otaloreek, hitz egin hegaztiek, berarekin komunikatzen dira pertsonaia horiek. 

Lizardiren irudien artean metaforak du garrantzi berezia, pertsonifikazioen ondoren, irudiek hegaldatzen dute sarritan poemaren maila sinbolikoa. Lizardiren metaforak kateatu egiten dira elkarren artean eta errealitate alegorikoa osatzen dute zenbait poemetan, esate baterako, urtaroen poeman, uda “suzko itsasoa” da eta poetak basoko itzalaren “untzi lirain”ean zeharkatzen du, baina udazkeneko hondartzara iristen da:

“Uda -suzko itsaso- baitut ibili

gerizpe atsegin bat nuela untzi,

ondoaz legorra yo dit emeki:

ondarreta bat du, soil eta gorri.

Itsasoak bai baitu, urrun-ertzean

urre gorrizko bide-goenean,

legor bat -odol-uts iñularrean-

Eguzki nodik sar atsedenean…)

Aingura bota dut Arratsaldean:

oña dut ezarri Udazkenean…” (Arrats Gorri, 1-10)

Lizardiren metaforetan osagai erreala hurbil izaten da, metaforak aberatsak dira estetikoki, kromatismo aldetik bereziki kasu honetan, baina aditzen errazak eta hurbilak irakurlearentzat. Ez du sofistikaziorik bilatzen materialen aipamen exotikoen aldetik, eta osagai erreala eta metaforikoaren arteko lokera ez da urruntzen irrazionalismoren aldetik.Bestalde, konparazioak ere sarritan erabiltzen ditu Lizardik bere poemetan, batzuek konparazio gardenak, begi bistako irudien arteko lotura adierazten dute, esaterako  tontorrak elurrez lainoen gainetik, itsasoa iduri dute, “ametsezko ontziez” (Bizia lo, 4-8)

Beste batzuetan konparazioak urrunago dauden osagaiak elkartzen ditu eta imajina iradokiorrago da eta beste errekurtsu estilistiko batekin elkartzen da (“loak hartutako basoa”): “ai nik aal banezaik, nik aal (eztiago/loak ar-basoan illargia baiño)/ene oiu au sar biotz illeraño (Agur, 24-27)

Lizardiren poesian bada beste ezaugarri bat bere-berea: poetak hitz egin egiten die poemetako protagonistei, entzuleei, bere buruari… Apostrofe bidez hurbiltzen da poeta mintzakidetzat hartzen dituenengana: eta afektuen adierazbidea aurkitzen du horrela.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus