« BERTSOAK | BI SAINDU HESKUALDUNEN BIZIA (1867) » |
BI ANAI (1985)
Bernardo Atxagak hainbat genero garatu ditu jakina denez, antzerkia, haur ipuinak, kantak, irratirako eta telebistarako gidoiak eta abar. Ipuinak ere lehen liburutik hasita aurki daitezke bere liburuetan, horietatik batzuk Obabakoak liburuan bildu zituen. 1988ko liburu horretatik kanpo geratu ziren halere, giroz hari erreferentzia egiten dioten zenbait testu burujabe eta berezirik argitaratuak, hala nola Bi letter jaso nituen denbora gutxian Old Martin artzain euskaldun amerikanoaren narrazioa. Bat batean Euskal Herritik bi gutun edo eskutitz jaso ditu oso denbora gutxian, bere bi lagun onenak izandakoen heriotzaren berri ematen diotenak eta oroitzapenen maratilari eragiten diotenak. Narrazio honek harreman zuzena du garaitsuan argitaraturiko Sugeak txoriari begiratzen dionean deritzonarekin, zahartzaroari buruzko hausnarketa eta zaharren bizi filosofiaren ingurukoa da, baina azken honen dramatismorik eta magia kutsurik ez du. Nolabait esateko, hizkeraz eta tratamenduz Behi euskaldun baten memoriak liburuarekin jarri behar da harremanetan, eta aurrerago zehatzago azalduko dugun moduan, arbaso eta senideen bizitzaren testigantza hurbiletik abiatuz unibertsalerantz jotzen duen narrazio moduaren barruan koka daiteke, Atxagak mundu ikuskera judua bereganatua duela esanez definitzen duen errealitatearekiko hurbiltasun berria.
Sugeak txoriari begiratzen dionean narrazio laburraz bestelakoa da, Bi anai nobelaren tankerakoa litzateke eta zentzu zabal batean hartuta biak senide dira alderdi askotatik. Esate baterako, protagonistak gazte nerabeak dira, gaztetako maitasunaren ernatzearen lehen sufrikarioak pairatzen dituzte, gainera heriotzarekin egiten dute topo eta irtenbideak hautatu beharrean aurkitzen dira. Bestalde, bietan dago heriotzaren tratamendu berezia. Izan ere Atxagak ez baitu heriotzaz hitz egin nahi, eta hamar urte beranduagokoa den Gizona bere bakardadean nobelan bezala irteera bat ematen dio problema horri. Honela azaldu zuen elkarrizketa batean gai hori: Bi letter liburuan ez da heriotzaz hitz egiten pertsonaietako bat desagertu egiten da eta Terranovaz hitz egiten da, baina ez da jakiten benetan zer gertatu den Bi anaietan berdin. Bat-batean historia bikoiztu egiten da eta amaiera erregistro mitikoan edo errealistan egina dagoen ez da jakiten. Nik nahiago dut mikroskopiora gehiegi ez hurbildu. () Gizona bere bakardadean ere hala egiten dut. Hobe da difuminatzea, momentu horretaz ez baitakigu. Beharbada beldurragatik ez naiz gehiegi hurbildu momentu horretara. Beharbada buruan izango dut antzinako kontsolamendu ideia bat. Eta orain ikuspegi etsikorra badut ere liburuek ateratzen duten nire buruko mikroklima beste hori da eta, nahiago dut gehiago itxaron. (El Semanal. Victoria Prego. Elkarrizketa. 1995-4-23)
Alde honetatik ez ezik, Sugeak txoriari narrazioak harreman zuzenak ditu, denbora eta lekuaren tratamenduaren aldetik Bi anairekin. Funtsean narrazio bi hauek Obabakoak baitira, hots, denbora eta giro mitikoan kokatzen diren kontaera karakteristikoak.
1982an Camilo Lisardi ipuinaz Donostia Hiria saria irabazi eta kritikak prosa-idazle garrantzitsu baten etorrera iragarri zuenetik, 1985eko Bi anai nobelak kritiko gutxiren espektatibak ase zituen. Beharbada, egilearen asmoak eta kritikoen espektatibak izan ziren bidean aurkitu ez zirenak. Egileak 1988an Leer aldizkariari Espainiako Literatura Sari Nazionalerako hautagai zelarik eginiko elkarrizketan aitortu zionez, Bi anai da behin eta berriro irakurtzera jotzen duen bere testu bakarra, bere-berea duen testua da; istorio arrunta bezain dramatikoa kontatzen duela dio, baina ohizko kontatzeko baliabideez adierazi beharrean, haur-ipuina balitz bezala, animalia-istorio bat balitz bezala kontatzea hautatu zuela. Gaztetxoen lehen maitasunen loratzearen gaiaren ikuspuntu iluna dugu oraingo hau, 1984ko urte horretan bertan argitaratua zuen Sugeak txoriari begiratzen dionean izeneko narrazio laburrean bezalaxe. Hangoan ordea, patua ez da Bi anai narraziokoa bezain gogorra, ipuinean marjinatua den pertsonaiaren amaiera berdin-berdina bada ere.
Bi anai narrazioa Obaban kokaturiko beste zenbait narrazioren kidea da, eta, “tonuz”, egileak Sugeak txoriari delakoarekin lotzen du, Camilo Lisardi edo Francisco Javier izeneko pertsonaiekin eta giroarekin duela zerikusia. Bi anai hauek Obabakoak dira; protagonista, Paulo, idazle honek hain bereak egiten dituen pertsonai “ahul” horietakoa da, alegia, barrendik ahul izan gabe, konprenditzen ez duen munduari aurre egin beharrik gertatzen delarik, indarge gertatzen den marjinatua da, eskatzen zaionari egokitu ezinik, oinazez bizitzera kondenaturikoa. Egileak Iñaki Uriari Argian argitaraturiko elkarrizketan esan bezala: “… neretzat dituk oso pertsonaia maitagarriak, eta daukaten akats bakarra duk ahulak direla, ez dutela beste errurik. Ahulak ez bere barruan indarrik ez dutelako, baizik eta beste mundu horretakoak direlako (Obabakoak). Hi beste mundu batekoa baldin bahaiz eta ez baduk mundu berrian sartzeko ahalmenik, bada oso atzera geratzen haiz.(Argia, 1988, IX-4, 41 orr.)
Jon Kortazarrek eginiko iruzkinean esaten zaigu Atxagak Camilo Lisardi ipuinean hasi eta Sugeak txoriarin jarraitutako tratamenduen burutzea egiten duela: “Bi anai istorio miresgarria da: Maitagarrien, haden, ipuinetan oinarritutako istorioa, azken batean. Hasiera: ipuin mitikoetan bezala, abereak ere mintzatzen ziren denbora, urre-arotatik hain hurbil. Bukaera: “Azkenez trenbidera begiratu nuenean bi antzara ikusi nituen trena pasatako lekuan; bat oso handia bestea arrunta”. Bi anaia, antzara bihurturik, antzara nagusiaren atzetik beste erresuma baterantz (agian, Sugeak… ipuinean aitonarekin gertatzen zen bezala, edo beste poema batean aipatzen den bezalatsu: “Eta antzarrek V bat egin zuten zeruan”.
“Garaipenaren ikurra, V liluragarri hori, Zorionaren erresumarantz abiatuko ote dira antzarak urtero? Ez dakit, baina bai, ostera bi anaiok, edozein ipuin miresgarritan gertatzen den bezala, itxuraldaketa izan dutela. Arrazoi gabeko itxuraldaketa ipuinetan bakarrik gertatzen ohi dena”. (148 orr.)
Iñaki Aldekoak Antzara eta ispilua liburuan mintzoaz ari delarik zera argitzen digu: “sugeak” ipuinean hauxe aurreratzen du kontalariak: “Itsasoak eta mendiak baino zaharragoa den lege batek agintzen die, eta erremedio gabekoa zaie obeditzea. () beraz, sugeak txoriari begiratzen dionean, borroka eternal baten episodio nimiño bat baino ez da gertatzen. Aspaldi nion aditua Atxagari antzeko zerbait, belarraren, ardiaren eta tigrearen arteko alegi hartan () aipaturiko borroka eternala eta hazten den ororen parekotasuna. Plano berean daude belarra, ardia eta tigrea, belarrak hitz egingo du ardiak eta tigreak hitz egin dezakeen neurri berean. Txori, katagorri, suge eta antzarek hitzegiten duten modu berean…” (29-30 orr.)
Konbentzio poetikoa da, hain zuzen ere, errealitateko gai guztiak barrendik elkartzen dituen meta-errealitate bat badela konbentziotzat hartzen duena. Luis Daniel Izpizuak dionez, poesiari esker gertatzen den meta-errealitate horretako elkartzearen poderioz, “Horra hor, esaten dugunaren lekuko, sentimendua eta Naturaren artean ezartzen diren harremanak, edo zenbait Naturaren izakiri ematen zaion sinbolismoa (ibai txikiarena, itsasoarena, arrain beltzena, sagarrarena, eta abar) edo animaliek beren hitzetan duten ikuspegi berezi eta nortasunak azaltzeko ahalmena, edo zein ederki erabiltzen diren erritmo ezberdinak nobelaren pertsonai eta egoerak antzesteko” ( 4. orr.)
Xabier Kaltzakortak “Bernardo Atxagaren Obabakoak liburuaren gainean” izeneko Idatz eta Mintzeko iruzkinean Atxagak Bi anai narrazio honetan erabilitako teknika narratiboaz hitz egiten du eta Obabakoaken jasoriko beste zenbait narraziorekin harremanatzen:
“Atxaga edo Robert Browing-en metodo analitikoa. Ezaguna da “The Ring and the Book” (1898) poema luzean hamabi bakarrizketen bidez heriotza baten zerzilidadeak kontatzen deuskuz Robert Browing-ek hamabi ikusmoldetatik, hau da, heriotza egilearen ikusmoldetik, hildakoarenetik… Bardin jokatu eban, berbarako, Marcel Schwob-ek La cruzada de los niños deritxan kontaeran eta “Akutagawa” japondarrak En el bosque ipuinean. Era horretan idatzia dago Bi anai liburua eta Obabakoak liburuan “Gauero aterako nintzateke paseatzera”. (Idatzi-Mintz 38 or.)
Kontatzeko erari dagokionez, Jon Kortazarrek zera azpimarratzen du, Atxagarengan karakteristikoa dela ipuin narrazio baten barruan beste narrazioak itsasteko zaletasuna.
Jon Kortazarren ustez, nobela honek egiten duen gaiaren tratamendua ikuspen ironikoz egina da: “nobela hau ipuin miresgarrien parodia da” (150 orr.) Hada edo maitagarrien munduaz hitzegin ohi den generoaren baliabideak hartzen ditu baina “deabruaren munduaz ari da. Eta deabrukeriaren ikuspegia onartu nahi izan du Atxagak, Euskal Herriak bere buruaz dituen mitoak apurtzeko: ez da hau paradisuen lurraldea, hemen borrokatu egiten da, eta hil. Eta nobelan Obaba oraindik izadi liluragarriz hornitua agertzen bada, ez da ipuin miresgarrietako topikoa jarraitzeko. Baina topikoa, gizartearen krudeltasuna gogorrago salatzeko baino ez da erabiltzen. Ankerkeria gogorragoa, zorionerako aproposagoa den giro batean” (150 orr.).
Xabier Kaltzakortak hizkuntzaren aldetik ipuin marabilosoekiko “Bi anai ipuin honek duen loturaz hitzegiten du Idatz-Mintz aldizkarian Obabakoak liburuari buruz argitaraturiko iruzkin luzean:”Aitatu gura neuke azkenik Obabako ixtorietako eta gertaeretako iturri bat “kontu esaleen” liburuetan ere badagoala, esate baterako “Bi anai liburuan “ba omen zen neska gazte bat gaixotu zena eta medikuarengana eraman zutena. Eta medikuak hala esan omen zuen: -Gona zahar bat adabatuko litzateke, baina hau ez, neskatxa hau ez.” (Bi anai, 9. orr.) Kaltzakortak egoki identifikatu du pasadizo hori Mikela Elizegi-ren Pello Errotaren bizia liburuan. (42 orr.)
Antonia Ormaetxearen ustez, Bi anairen sinbolismoak patuaz eta halabeharraz hitz egiten du: “Denok dugu mintzoa aditzen, denok gaitu bizitzak sare bakarrean lotzen”.Beste era batera esanda, bi anaiek lege beharkor biri erantzuten diete ezinbestean, Paulok aitak agindutakoari men egin behar dio, makurtze hori baitu berezko lege haustezina anai horrek berorrek “ikasitako” munduan”. Danielek aldiz, “haragiaren ikaraz aditutakoa hain itsuki entzun ondoren, zelan uko egin adimenaren harunzko eremuetatik datorkion indar menperaezinaren aginduari?” (94 orr.) A. Ormaetxearen ustez, beraz, nobela honek halabeharraren arabera mugitzen diren munduko izaki ororen jokoa erakusten du:”Xakean legez -Bernardoren irudia erabiliz- lege ezagun eta mugatu batzuren barruan mugitzen garelarik, behin mugimendu bat eginez gero piezaren batekin, mugimendu horrek berorrek patu bat markatuko dio jokalariari, bizitza bera den joko-taula honetan azkenean, tragedia maiz gertaraziz.” (94 orr.)
Luis Daniel Izpizuaren ustez, Naturaren sare horren bi munduen batasuna da nobelaren eduki nagusietako bat: “Naturaren gardentasun eta soiltasunaren garaipena, zeren ankerra izan arren (eta horra hor non ditugun adierazgarritzat animalien elkarrenganako kraskadak eta irensketak), inozentzia eta edertasunaren bitartez gainditzen baititu Naturak bere doilorkeriak, Naturarekin bat eginik, Paulok eta Danielek gaindituko dituzten bezala, munduak euren bizitzan zehar eskeini dizkienak.” (Izpizua, 4. orr.) Naturaren baitango izakien artean ematen diren harreman kupidagabeak gizakumeen artekoaren ispilu dira, “Naturara eramanak dira gizakumeak berak” (5. orr).
Sare edo mundu bakarra osatzen duten bi mundu dira piztiena eta gizakiena eta bigarrenetik lehenengora igarotzen dira trajedia honetako protagonistak, ipuin marabilosoetako itxuraldaketa askatasunaz baliaturik, gizakiek antzara bilakatzea hautatzen dute gizartean bizitzeko ezintasunak eramanik. Hauxe litzateke era berean Camilo Lisardi ipuinean gertatzen dena ere, Xabier mutiko betizuak ezin du herriko jendearen artean burutu eta basurde zuri bilakatzen da, hots basurde ez ezik, zuria da, Moby Dick bezala, eta egileak honela azaltzen dio Amelia Iglesiasi: “Basurde txuriaren ipuina ahozko tradiziotik dator zuzenean. ()Esate baterako basurde arrunt bat hartu, eta basurde txuri txuri bihurtzen dudanean, bere borondate eta adimenarekin, ()Moby Dick daukat gogoan, eta Aveyrongo ume basatiaz idatzi zuena. (12 orr.)
Horrela basurde bilakatu den haur horren nortasuna zertzelatzen du egileak, Moby Dickek bezala, bengantza hartzeko asmo basatia du, eta inuzentea da Aveyrongo haur basatiak elurra ikustean duen alegrantzia primitibo eta irrazional berarekin: Aveyrongo ume basatiaren kronikan, eszena bat badago oso hunkigarria. Victor txikia oso triste dago, eta egun berean elurra egiten du. Saltoka hasten da, oihuka pozaren pozez, galdutako bizimodu basatiaren aztarren bat aurkitu baitu. Ez dezagun ahaztu elurrari, elur purifikatzaileari lotutako poz hori() Elurrak, apur bat basatia bera ere, desordena sortzen du, eguneroko bizitza astuna etetzen du.() Moxkortasun arineko sentimendu bat sortzen du . (8 orr.)
Horra hor beraz, basurde zuriaren jokaeraren eta iturrien azalpen jakingarriak. Egilea ahozko tradizioaz baliatzen da, baina literaturaren beste hainbat iturritako errefentziez osatu eta hornitzen du, hainbat perfil berri erantsiz pertsonaiei.
Jon Kortazarren ustez, Bi anaiko narrazioak patuak Paulori ezarri dion desafio gaindiezinaren berri ematen digu, N. Frye-ren “Anatomia de la crÃtica” deritzan liburutik harturiko zita honek bilbatzen du, bere ustez, liburu honen gaia: “La maquinaria del destino es administrada por una serie de dioses remotos e invisibles, cuya libertad y placer son irónicos porque excluyen al hombre. Exigen sacrificios, castigan la arrogancia y constriñen a obedecer la ley moral natural como un fin en si mismo… El otro polo esta representado por el pharmacos o vÃctima sacrificada, quien debe morir para fortalecer a los demás” (150 orr.)
Baina honelako istorioen era trajikoa hausten duena amaiera “marabilosoa” da, bi haurrak ez dira hiltzen, antzara bihurtzen baizik, Iñaki Aldekoak “Antzara eta ispilua liburuan gogoratzen duen moduan, “ahozko literaturaren korpusean, bizitzaren astuntasunari ihes egiteko heroiak hegan egiten du beste mundu baterantz: ipuin herrikoietan ugari dira, Proppek “Ipuinaren morfologian” erakusten digunez, zaldi hegalarietan, edo txori antzaldatuta… mundutik hegaldatuz zeruratzen diren heroien adibideak” (31-32 orr.)
Bestalde, honelako narrazio marabilosoetan sarritan usnatzen den moralejarik ez du eskaintzen egileak, Jon Kortazarren ustez, eta berriro ere N. Frye aipatuz zera gogoratzen du “El arte irónico no despierta piedad ni temor…La total objetividad y la supresión de cualesquiera juicios morales esplÃcitos son elementos esenciales del método”.
Luis D. Izpizuak ere aipatzen du haur ipuinetako ohizko didaktismorik ez dugula aurkitzen ipuin honetan:
“Bestalde, haurren literaturak didaktismorako joera izaten du. Heroea beti heroe izango da, eta beretzako izango dira haurrentzat hain garantzitsuak diren margo garbi eta dizdiranteak. () gaitzak bada, oso nabarmen eramango ditu bere gainean gaiztakeriaren zantzuak. Zaila zaigu, beraz, haurrentzat zerbait idazten dugunean, polarizazio honetatik ihes egitea eta, nahiz eta, dirudienez, aztertzen ari garen nobela hau haurrentzat idatzia ez izan, behar bada haurren literaturan erabiltzen diren idatz-moetak erabiltzeagatik, kutsatu egiten den zenbait pasartetan aipatzen dugun polarizazio horretaz. Hor dira esaten ari garenaren lekuko, Pauloren zintzotasun eta jakinduri sinesgaitzak, bere trajikotasunik eza, nahiz eta azkenean hain gaizki bukatu. beste aldetik, berriz, Carmenen ñabardurarik gabeko gaiztakeria. Ez dago ez, didaktismorik, baina bai honek erabili ohi duen mekanika” (5 orr.)
Errurik ez duenaren sakrifizioa, gizarte honek aurrera egin ahal izateko beharrezkoa duen biktima horrekiko biolentziaz ari da Atxaga, Jon Kortazarren ustez. Ez du biktima horrek okerrik egin, honelako zigorrik edo zamarik gainera dakion: “B. Atxaga gure herriko biolentzia kontatzen ari da” (151 orr.)
Amaitzeko, esan dezagun Bi anai nobelak “Obabakoak” liburuko beste zenbait ipuinekin loturan mundu ikuskera ber baten berri ematen digula, denbora eta toki beretsuko beste zenbait pertsonaiaren ezaugarriak partekatzen ditu, eta bereziki heriotzari buruzko ikuspuntu bera: “Neretzat “Obaba”ko istorioek zerikusirik ez zeukatek historiarekin. Zeudek beste denbora batean. Horri deitu nahi badiok denbora mitikoa, deitu denbora mitikoa. Nik pixka bat kokatzen diat mende honen hasieran, hori delako inon ez kokatzea bezala. Urrun. Aspaldi. Heriotza ez duk gizonak nozitu dezakeen gauzarik txarrena. Uste diat heriotza baino gauza txarragoak badaudela. Obabako horretan maitasunak horretara behartzen duela. Uste diat hori darabilkidala buruan. Askoz ere penagarriagoa duk neretzat oinazez bizitzea eta konprenitzen ez duan mundu batean bizitzea… Lagunik gabeko mundu batean bizitzeak, bada, zentzu handirik ez dik, ezta? () Gero heriotza beldurgarria duk. Bazekiat. Baina denbora mitiko horretan hori kokatzen diat, ez soluzio ona delako, baino zentzu horretan”. (Argia 1988, IX-4, 42 orr.)
BIBLIOGRAFIA
AGIRRE, J. M.: “Bi anai edo indibiduoen hauskortasuna” in Idatz eta Mintz 12 zb. 28-29 or.
EGUZKITZA, A. (1988): “Literatur hizkuntza: defentsa bat” in Jakin. uztaila-iraila. 48. alea. 149-154 orr.
ISPIZUA, L. D. (1985): “Bernardo Atxagaren Bi anai” in Literatur Gazeta, 2. alea. 3-4 orr.
KALTZAKORTA, X. “Bernardo Atxagaren “Obabakoak” liburuaren gainean” in Idatz eta Mintz. 18-19 zb. 35-43 orr.
KAMINO, I. (1985): Bi anai in Argia. 1985-V-19. 4 orr.
KORTAZAR, J. “Atxagaren ispilu dobleak” in Idatz eta Mintz. 5. zb. 34 orr.
KORTAZAR, J. (1986): “Bi anai errugabearen eskaintza” in Jakin. Apirila-ekaina. 39 zb. 147-151 orr.
ORMAETXEA, A (1985): Bi anai in Susa. 14-15 alea. 94-97 orr.
SAN MARTIN, J. (1987): “B.A. Bi anai” in Egan. 1-2 alea. 119 orr.
XXX (1985): “Bernardo Atxaga. Bi anai” in Argia. 1985-V-19. 4 orr.
« BERTSOAK | BI SAINDU HESKUALDUNEN BIZIA (1867) » |