« BERTSOAK | BI ANAI (1985) » |
BERTSOAK
Pierre Topet, Etxahunena (1786-1862) bertsolaritzari lotutako lana izan da, ahozkotasunean eta bat-batekotasunean izan zen ezaguna, eta baita bertso idatziak eman ere. Zuberoako bertsolariaren lanek luzaro iraun dute pertsona askoren oroimenean eta ahoan, harik eta idazle honen lanean ikerlari nagusi izan denak, Jean Haristchelhar jaunak, Etxahunen bertsoen bilduma egin eta edizio kritikoa paratu, ahozko eta idatzizko bertsoen arteko konparaketak osatu eta testuen nondik norakoak argitu ditu, aldaki desberdinen artekoen artean aukera egin eta bertsiorik osoenak agertu.
Pierre Topet, Etxahunen bizitza mingarria izan zela eta (maitasun samin handiak izan zituen maitatzen ez zuen emaztearekin ezkondu zelako, ekonomia-arazo larriak izan zituen familiakoekin, ondasunak galdu zituelarik hainbat aldiz, etxetik bota egin zuten emazteak eta seme-alabek), pentsatu izan da poeta erromantikoa zela. Agian, hobe dugu pentsatzea bere bizitza erromantikoek interpretatu zutela hala, baina Pierre Topet, Etxahunen lana ezin da literatura jantziaren ildoetan jarri, eta ziurrenik, bere lanean ukitu erromantikoak ukatu ezinezkoak badira ere, ez du erromantizismoaren teoriarik agertzen. Norberaren bizitza mingarria kontatzen duen bertsolariaren lana da berea. Bilintxen kasuan ere aipatu dugu zein erraz nahasten zen Erromantizismoaren garaian herri bertsolariek eta idazle kultuek egiten zutena, hain zuzen ere hauei eskatzen zitzaielako herriaren kultur produktuetara hurbiltzea.
Erdibide kultural hori garbi geratu zen Pierre Topet, Etxahun Abadiak eraturiko Lore Jokoetako lehiaketetara agertu zenean. Ez zuen saririk jaso Etxahunek, eta guztiz mindu zen. Patxi Salaberrik honela agertzen du gertakaria:
“Adierazgarriago izango zen pasadizo hark erakusten zuena. Batetik bat-batekotasunaren esparruko bertsolari huts ziren haietako askok idatzitako mundurantz egiten zuten lehen hurbilpena suertatu zitzaielako sariketena, eta, bigarrenik, bertsolaritzan lantzen ez ziren hainbat alderdi berri (ez derrigorrean originalagoak edota poetikoagoak) balora zitezkeela ikusi zutelako” (2002, 168).
Pierre Topet, Etxahunen lana, esan dugunez, herriaren transmisioan gorde izan da. Horregatik baino ez bada ere, toki berezia hartua du Pierre Topet, Etxahunek euskal literaturaren historian. Baina, era berean, esan beharko genuke lana ez dagoela idazleak atondua eta eratua, baizik eta iturri askotatik batutakoa dela: artez eta moldez, handik eta hemendik, batasunik ez zuena batu zuen, hainbat ikerlarik diotenaren arabera.
Jean Haritchelharrek honela banatu ditu Pierre Topetek egindako lanaren gaiak.
- Lehendabizi, nitasunaren bertsogintza aipatu beharko litzateke. Pierre Topet, Etxahunek maiz kontatu izan du bere bizitza, batzuetan epaiketaren aurretik bere buruaren aitorpena eginez, epaileak sentipenez betetzeko asmoz. Hiru azpi sail ikusten ditu alor horretan. Oinazea, bere buruaz errukia bilatzen duenean eta bizitzaren lazgarria adierazten duenean, gorrotoa, besteek, batez ere bere familiakoek, egin dizkioten zuzengabekeriak salatu nahi dituenean, gordin eta gogor adierazten duela bere barnea, eta pena, galduriko benetako maitasuna gogorazten duenean.
- Satirak. Pierre Topet, Etxahunek begi zorrotza du ingurukoak kritikatzeko orduan, eta horrela mundu ikuskera ironian barneratzen du bere lana. Fartsak pertsonaien arteko elkarrizketez osaturiko poema moldeak ditugu, eta horretan (“Maria Solt eta Kastero”n adibidez) pertsonaiek ezjakintasunaz baliatzen da haietaz trufa egiteko; langintzen kritika, tradizio handiko generoa ahozko euskal literaturan, eta horretan euskal ofizioetan aurkitzen dituen alferkeriak izan ohi ditu mintzagai; emakumeei egindako satirak, eta diatribak, zenbait pertsonen aurka bidalitako esaldi gogorrak.
- Hirugarren sail batean kokatzen dira pertsona ezagun eta boteretsuen alde egindako poemak, askotan mesede bat eskatzeko edo dirua irabazteko eginak, edo pertsonaia laudatzeko.
Bertsolariaren sena zuen Etxahunek, eta haren bertsoak egiteko teknika ere koplari batena dugu, maiz bertsolaritzaren teknikak erabiltzen dituelarik: nitasunaren erabilera ahozko tekniken bidez ematen da, egia esatera doan bertsolariaren papera hartzen du, eta lehen ahapaldian erabiliko duen gaia laburbiltzen du. Baina Pierre Topet, Etxahunen bertsoetan bortxa ageri da esaldietan, oso esaldi latzak dira bereak, azken batean niaren irudiaren eta beste guztien artean eraikitzen den desberdintasuna dela medio, horregatik bai bere konparaketak eta bere kontrajarpenak oso bortitzak dira, esaldi bakar batez adierazten da pertsonaia bakoitzaren izaera, eta deskribapena bizi izanaz aparte gogorra izaten da, beste guztiekin. Ekintzen bidez deskribatzen ditu pertsonaiak Etxahunek eta horrek bizitasun handia eman ohi dio bere bertsoari.
BIBLIOGRAFIA
HARITCHELHAR, Jean (1969): Le poéte suletin Pierre Topet, Etxahun. Musée Basque. Baiona. 583 or.
SALABERRI, Patxi (2002): Iraupena eta lekukotasuna. Euskal literatura idatzia 1900 arte. Elkar. Donostia. 233 or.
« BERTSOAK | BI ANAI (1985) » |