« BERTSOAK | BERTSOAK » |
BERTSOAK
Iparragirrek bere bizitzan zehar idatzi edo idatzi eta kantatu zituen bertsoak hainbat obratan jasota daude –horregatik ipini dugu izenburua kortxete artean–, eta obra horietan Iparragirreren bertsoak ez ezik, bertso horiei buruzko ikerlanak ere badira, eta baita Iparragirreren beraren gutunak eta bestelako agiriak ere.
Iparragirreren obra bi karlistaldien artean gauzaturikoa da nagusiki. Garai horri aro erromantikoa deritza Lekuonak (1982) bertsolaritzan, eta aro horretan kokatzen du Iparragirre.
Iparragirreren bertsoak edota kantuak honako obra hauetan aurki ditzakegu, besteak beste: Manterolaren Cancionero Vasco obran, Luis de Castresanaren Vida y obra de Iparraguirre (1971) liburuan, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak Iparragirreren heriotzaren mendeurrenaren kariaz argitara emaniko Iparragirre: en el centenario de su muerte / bere heriotzaren mendeurrenean (1982) liburuan, Euskaltzaindiak Iparragirreren obrari eskainitako Jagon Saileko Iparragirre (1987) liburuan eta Iparragirre: erro-urratsak (1999) lanean. Monografiko horiek guztiak argitara eman izanak argi adierazten du hainbat lan mardul eskaini zaizkiola Iparragirreren obrari, euskal literaturaren historietan aipatua ez ezik aztertua eta laudatua izateaz gain.
Monografiko horietan zein kantu jaso diren aztertzen hasiz gero, nabarmena da kantu gehien jaso dituena Euskaltzaindiaren lana dela. Izan ere, Castresanak 27 sorta bildu zituen, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen omenezko liburuan XX sorta jaso zituzten eta Euskaltzaindiarenean, berriz, 39 sorta bildu zituzten, eta gainera, lehendik argitaratutako sorta batzuk osatu zituzten. Gainera, kantuen doinuak ere eman dituzte argitara bai Castresanak (1971), bai EAEk (1982), bai Arana Martijak (1987).
Kantuen zerrenda osoa aipatuko ez badugu ere, ezagunenetako batzuk behintzat ez genituzke aipatu gabe utzi nahi: “Gernikako Arbola” ereserkia, “Zugana, Manuela”, “Kantari euskalduna”, “Nere amak baleki”, “Adio Euskalerriari”, “Glu! glu! glu!”, “Nere izarra”, “Ezkongaietan”…
Iparragirrez mintzo garelarik, batzuetan bertsoak aipatzen ari gara eta beste batzuetan haren kantuak. Izan ere, zer zen Iparragirre, bertsolaria ala kantagile eta kantaria, ala poeta zen? Galdera horri eman ohi zaion erantzunaren arabera, Iparragirreren lana ikuspegi batetik edo bestetik aztertu izan da: bertsolaritzaren ikuspegitik aztertu dituzte batzuek haren bertsoak eta poesia erromantikoaren ikuspegitik aztertu dituzte beste batzuek Iparragirreren poemak edo kantuak.
Mitxelenak tartekotzat jo zuen (1988), ez bertsolari huts ezta poeta soil ere. Askotan aipatzen da bien tartekoa zela (Lekuona, Kortazar, etab.), baina Iparragirreren lana aztertzerakoan bata edo bestea nagusitzen da. Euskal kantari eta olerkaritzat du Onaindiak ere (1973).
Bertsolaritzaren ikuspegitik Iparragirre sakonkien aztertu duena Juan Mari Lekuona da (1982, 1987), Iparragirreren lanaren hainbat alderdi jorratu baititu: gaiak (Euskal Herria, emakumea, ziri-bertsoak…), bertsogintza (doinuak eta neurriak), estiloa, arbola ikur gisara, ondorengo bertsolaritzan izaniko eragina… Salaberrik ere “bertsolaritzaren parametroen barnean” (2002) kokatu du, bertsoak kantatuak izateko egiten zituelako.
Poesia erromantikoaren ikuspegitik aztertu dute bai Juan San Martinek (1987) baita Jon Kortazarrek ere (1997). Ikuspegi erromantiko hori aintzat harturik, “sentipen orokorra eta bere niaren adierazpide zuzena” ditu mintzagai (1997: 122)
Berrikiago, Gabiriak (2001) Iparragirreren biografia idazterakoan, ikuspegi biografikotik aztertu ditu Iparragirren kantuak eta kronologikoki aipatuak ageri dira bertsoak biografian barna, Lekuonak aztertua zuen ikuspegia baliaturik, hain zuzen ere.Azkenik, kontuan izanik abestuak izateko sortu zituela Iparragirrek bere lanak, ezin ahantz genezake, azken urte hauetan hainbat euskal kantarik abestu eta grabatu dituztela Iparragirreren kantuak, esate baterako, Urkok. Horien artean aipatzekoak dira Xoxoa argitaletxeak 1981ean Luis Iriondoren zuzendaritzapean eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz plazaraturiko Iparragirre: Zure oroiz diskoa, eta Iparragirre hegalaria ikuskizuna, Gontzal Mendibilek interpretatua.
BIBLIOGRAFIA
ARANA MARTIJA, Jose Antonio (1987): “MelodÃas de Iparragirre” in EUSKALTZAINDIA: Iparragirre. Euskaltzaindia. Bilbo. 323-337.
CASTRESANA, Luis de (1971): Vida y obra de Iparraguirre, Editorial La Gran Enciclopedia Vasca. Bilbo.
EUSKALERRIAREN ADISKIDEEN ELKARTEA (1982): Iparragirre: en el centenario de su muerte / bere heriotzaren mendeurrenean. Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones. Donostia.
EUSKALTZAINDIA (1987): Iparragirre. Euskaltzaindia. Bilbo.
GABIRIA, Julen (2001): Iparragirre. Elkarlanean. Donostia.
KORTAZAR, Jon (1997): Euskal literaturaren historia txikia. Erein. Donostia.
LEKUONA, Juan Mari (1982): Ahozko Euskal Literatura. Erein. Donostia.
LEKUONA, Juan Mari (1987): “Iparragirre eta bertsolaritza” in EUSKALTZAINDIA: Iparragirre. Euskaltzaindia. Bilbo. 109-133.
ONAINDIA, Santi (1973): Euskal Literatura II. Etor. Donostia.
SALABERRI MUÑOA, Patxi (2002): Iraupena eta lekukotasuna: Euskal Literatura idatzia 1900 arte. Elkar. Donostia.
SAN MARTIN, Juan (1987): “Iparragirre literaturan” in EUSKALTZAINDIA: Iparragirre. Euskaltzaindia. Bilbo. 143-154.
« BERTSOAK | BERTSOAK » |