« BERRIRO IGO NAUZU (1997) | BERTSOAK » |
BERTSOAK
XIX. mendeko euskal idazle askorekin gertatu bezala, Indalezio Bizkarrondo (1831-1876), Bilintxen lanek hiru arazo nagusi planteatzen dituzte:
- Erromantizismoaren barnean kokatzen diren ala ez erabakitzea. Mendeak aurrera egiten duen arren, euskal literaturaren barnean, eta ez soilik bertan, Espainiako literaturan beste horrenbeste gertatzen baita gizartearen eraketa eta kontserbadore izaerari esker neoklasizismoaren eragina oraindik oso nabarmena da, eta erromantizismoak Europan sortutako modernitatearen arazoa konpondu gabe dago Espainiako eta Euskal herriko gizarte tradizionaletan. Horregatik, klasizismoak eta neoklasizismoak tradizionalismoari erantzunez, estetikak ideologiaren menpeko dela frogatuz, indar handia dute zenbait idazleren lanetan. Erromantizismoak azpian duen idealismoaren eragina ez da Euskal Herriko literaturan oso berandu arte agertuko. Baina, erromantizismoaren topikoak tokia hartzen joango dira pixkanaka-pixkanaka. Indalezio Bizkarrondo, Bilintxen kasuan, erromantizismoaren alde egiten duen datu garrantzitsu bat bada, egilearen liberalismoa hain zuzen ere, jakina baita liberalak definizioz gertu zirela erromantizismoak ekarritako gizarte aldaketa eta iraultza gogotik. Koldo Mitxelenaren hitzetan, euskal poetarik erromantikoena dugu Bilintx, mugimenduaren zenbait ezaugarri nabarmen agertzen dituena.
- Bigarren arazoa poesia eta bertsogintzaren arteko mugari dagokio. XIX. mendean euskal literaturaren sistemak bere ahulezi guztiak erakusten ditu, artean argitalpen arazoa, eta liburugintzaren aldetik agertzen duen urritasuna, batez ere hegoaldean. Erlijio liburuak aldez edo moldez argitaratzen badira, nekezago agertzen dira lirikako eta literaturako liburuak. Idazleen lanak esku izkribu legez gordetzen dira (Eusebio Azkue), edo bestela zabalkunde egitura xumeak plazaratzen dira, bertso paperak erabiltzen dituzte, berbarako, egileek beren lanak zabaltzeko, edo askotariko aldizkariak, harik eta bilduma lanak (Manterolaren Cancionero Vasco) prestatzen hasi ziren arte. Halakoxea izan zen Indalezio Bizkarrondo, Bilintxen zabalkunde modua ere. Manterolaren Cancionero Vascok ekarri zuen Bilintxen lanaren interes berezia argitara, artean poemak eta bertsoak bertso-paperen bidez egin zirelarik ezagun. Hartara, ez gaude -ezin gintezke egon- “liburu” baten aurrean, aldez aurretik egiten den proiektu baten aurrean, pilaketez osatutako idazlanaren irakurketa ariketa da gurea. Indalezio Bizkarrondo, Bilintxen lana aztertzen badugu, ez du lan osorik inoiz argitaratu, eta Aita Zavalaren edizio mardula heldu arte zatikako ezagutza baino ez genuen Bilintxen lanaz, maiz osotasunik gabea. XIX. mendeko idazle askorekin gertatzen den bezala, Indalezio Bizkarrondo, Bilintxen lanak argitaratzeko eta edizio zuzenak ezagutzeko arazoak ditugu.
- Hirugarren arazoa ere oso kontutan hartzekoa da. XIX. mendean oso zaila egiten da bertsolarien eta olerkarien arteko banaketa egitea, batez ere sistemaren ahuleziak gorago aipaturiko edizio arazoak sortzen dituenean, edo poetek bertsolariek erabiltzen dituzten argitalpen sistemetara jotzen dutenean. Gainera, erromantizismoaren ezaugarrien artean herri literaturara hurbiltzea zegoen, eta herri espresio moldea mirestea eta haren moduan lan egitea. Horrela, bertsolaritzarenak diren zortziko moldeko ahapaldiak, nagusian nahiz txikian, maiz agertzen dira XIX. mendeko lirika lanetan. Egilea kulturaz jantzia den ala ez nabarmentzeak erabakiko luke agian auzia, eta kultura jabedunak (olerkariak lirateke (adibidez, Eusebio Azkue, edo Ipar Aldeko zenbait idazle), eta kultura jantzi gabekoak bertsolaritzatik hurbilago leudeke. Ez dago jakiterik zein zen Indalezio Bizkarrondo, Bilintxen kultura maila. Gazteleraz idazten zuten poetak irakurtzen zituen bai, baina gaur egun bigarren mailako poeten artekoak dira horiek gaztelerazko literatura sisteman, edo Campoamorren kasuan bezala, ez ziren erromantikoak. Juan Mari Lekuonak “erdi-ahozkotasuna” kontzeptua erabili ohi du ahozko literatura eta literatura idatziaren sistemen artean kokatzen den testu produktua izendatzeko, beti ere ahozko literaturaren esparruan, berez Indalezio Bizkarrondo, Bilintxentzat balio ez lukeena.
.
.
.
Arazo guztiok kontuan harturik ere, baieztatu egin dezakegu Indalezio Bizkarrondo, Bilintxen poesia kontzeptu nagusi batzuen inguruan sorturikoa dela. Badirudi maitasunezko poemen sistema bati koherentzia eman ziola, eta bai espresio aldetik zein kontzeptu aldetik espresio molde bat osotasunez adierazi zuela.
Erromantizismoaren barnean subjektibitatearen eta nitasunaren agerpena maila guztietan agertzen da. Nia, nortasunaren habea, lehen planoan aurkitzen da idazle erromantikoen lanetan. Bide horretan ez da zalantzarik Indalezio Bizkarrondo, Bilintxen kasuan poetika osoa niari begira dagoela.
Maitasunezko bertsoetan nabaritzen da Bilintxen poesiaren indarra. Ezintasunaren poesia da berea, maitatu nahi eta maitasuna lortzen ez duen ni poetikoaren ibilbidea. Askotan adierazi izan da ezintasun horren azpian Indalezio Bizkarrondo, Bilintxen bizitzan izandako zorigaitza dagoela: hiru urterekin izandako istripua, zezenak harrapatu izana, aurpegia desitxuratua izatea… Baina bere biografiak justu aurkakoa adieraziko luke: ezkontza luzean bizi izan zen, maitatua, alegia. Beraz, Indalezio Bizkarrondo, Bilintxek sortzen duen irudiak ez du zerikusirik bere nortasunarekin, eta bai erromantizismoaren pean sortzen duen irudiarekin.
Maitearen deskribapena egiterakoan agertzen da maisu gisa. Egia da maitearen gorputz atalen ordena ematerakoan tradizioak eraturiko egitura jarraitzen duela (goitik behera edo behetik gora, Erdi Arotik ezaguna zen topikoari jarraiki), eta maiz deskribapenen azalpenean ere topikoak darabiltzala, baina inork ez bezala josi zituen espresio erritmikoak trabarik gabe luzatzen diren esaldietan.
Maitearen izakia izpiritualtasunez eta batez ere idealismoz ikusten du Bilintxek. Maitatu nahi eta maitatu ezinaren jarreren artean sortzen den tentsioari erantzuteko, ni poetikoak kontrajarpenak erabiltzen ditu. Erabiliena, noski, ni poetikoaren eta maitearen mailen artean egiten den banaketari dagokio. Ni poetikoa ez da inoiz fisikoki deskribatzen, bai ordea, maite idealizatua. Ni poetikoa argitu bidean, Indalezio Bizkarrondo, Bilintxek bi klabedarabiltza: sufritzen ari den izakia da, baina era berean ironiaren bidez ikusitakoa, nostalgia xume batez bustia.
Maitearen irudia, aldiz, metaforizazio prozesuan agertuko luke poetak, haren irudirik idealizatuarena emanez. Metaforizaio prozesu horrek unitate artistikoa ematen dio Indalezio Bizkarrondo, Bilintxen lanari. Bere poemak zortzikoetan emanak badira ere, estiloaren sotiltasuna aliterazioetan, hitz jokoetan eta sintaxi jokoetan agertuko litzateke hein handi batean.
Inoiz adierazi denez, Indalezio Bizkarrondo, Bilintxen lan poetikoan hiru aldi ezberdintzen dira:
- Maitearengan oinarrituriko zikloa. “Maite det dama gazte bat” olerkia izango litzateke, adibidez, ereduetako bat. Maitea fisikoki deskribatzen da, esajerazioa da nagusi, idealizazioak lagundurik.
- Nitasun poetikoan oinarrituriko testuak. Sentipena tenka dramatiko handiagoan dago. Kontrajarpena izango litzateke espresio oinarrikoa.
- Amodio sentipenaren adierazpen objektiboa. Hirugarren pertsonen maitasuna adierazten da: “Juana Bixenta Olabe”, berbarako.
BIBLIOGRAFIA
ELKAR LANEAN (1978): Bilintx. Conferencias y concursos literarios. Caja de Ahorros Municipal de San Sebastián. Donostia.
ZABALA, A. (1986): Indalezio Bizkarrondo, Bilintx” in BIZKARRONDO, I., Bilintx: Bertsoak eta beste. Euskal Editoreen Elkartea. 21-51 or.
ZAVALA, A. (1978): Bilintx, Indalencio Bizcarrondo. 1831-1876. Bizitza eta bertsoak. Caja de Ahorros Municipal de San Sebastián Donostia.
« BERRIRO IGO NAUZU (1997) | BERTSOAK » |