« BELUNA JAZZ (1996) | BERTSOAK » |
BERRIRO IGO NAUZU (1997)
Bernardo Atxagak Gizona bere bakardadean-ekin eman zion hasiera, 1993an, euskal eleberriaren heldutasuneko aro errealistari. Errealismo honen bi ezaugarri nagusietako lehena euskal gizarteari borroka armatuaren ate begitik kirika egitean zetzan; eta bigarrena, berriz, bere tonu desliluratuan. Xabier Mendigurenen Berriro igo nauzu euskal gatazkari buruzko errealismo desliluratu horren lorratzean egin ziren –eta oraindik ere egiten diren, gogoan izan Jokin Muñozen Bizia lo 2003ko ipuin bilduma– obren artean sailkatu behar da, Saizarbitoriaren Hamaika Pauso edo garai bereko beste zenbait eleberri bezala. Mendigurenek kontatzen duen istorioaren berezitasuna pertsonaien maila sozial eta kokapen geografikoan aurkituko litzateke. Atxagarenean Bartzelonan “erbesteraturik” bizi diren militante ohiek osaturiko talde burgestu samarra bada kontagai eta Saizarbitoriarenean euskal gauche divinearen bikaina –intelektualak, intelligentsia alegia–, Mendigurenean berriz gipuzkoako barnealdeko (Goierriko) militantzia errurala edo erdi errurala da protagonista. Eta aukera honek nobelaren tonua aurredefinitzen du. Atxagaren edo Saizarbitoriaren trajikotasunerako joera “noble”-tik urrun, Mendigurenen militante desliluratuaren abenturetan patetismoa –preso izatearen eta preso ohi izatearen giza esperientzia latzari lotua– eta komikotasuna nahasi egiten dira. Erregistro ez noble horren korrespondentzia estilistikoa narrazio nagusian ematen den gorputzaren etengabeko aipamena delarik (gernua, kaka, izerdia) edota pertsonaien hizkera “arrunta” (liburua ixten duen eta Joxeren ahotan behin eta berriro errepikaturik liburuaren leitmotiv bihurtzen den “Kaka zaharra” lekuko). Liburuaren pasarte esanguratsu batean, kasurako, Joxe pertsonaia nagusiak bere omenez antolatu duten ongi etorri omenaldian eutsi ezinezko kaka-larria sentitzen du, bere ezinegon fisikoaren deskribapenak etengabeko interferentzia egiten diolarik ekitaldiaren antolatzaileen diskurtso “ofizialaren” seriostasunari. Aitortu behar da, bidenabar, hizkera arrunta aipatzen dugularik; arrunt hitzaren zentzu biak batera datozela. Izan ere, arrunkeria pertsonaia nagusiaren madarikazio etengaberako joerari badagokio, eleberria idazteko Mendigurenek erabiltzen duen hizkera literarioa ere arrunta dela esan behar da, hots, egunerokoa, ez jasoa. Aukera bat bide da, autorearen partetik –ikusi besterik ez dago bere aurreneko nobelan (Bekatuaren itzala-n) zeinen lan estilistiko iradokorra egin zuen hizkera barrokotasuneraino eramanez–, baita liburuaren mugetako bat, irakurterraza bezain idazterraza baitirudi bertan darabilen prosak.
Bigarren pertsonan idatzitako obra honetan etakide izateagatik 18 urte Espainiako espetxeetan igaro dituen Joxe Garmendia Marmitte-ren itzulera eta itzulera honi loturiko gorabeherak kontatzen zaizkigu. Ekintzak lau eguneko iraupena dauka –paratestuak zatiketa hau berresten eta indartzen du, zati bakoitzaren hasieran epigrafe gisa olerki bat jarriz–: lehen egunean preso ohiak Espainiaren hegoaldetik Euskal Herrirantz gauez eta baldintza txarretan –auto kaxkar batean (Seat 127)– egiten duen bidaiaren bukaera kontatzen da; bigarrenean, kazetarien galderei erantzun ostean, herrian eta inguruetan jendeak eta tokiek jasandako aldaketak neurtzen ditu; hirugarrenean, familiako baserriko bazkarian senideekin elkarturik (edo ez hain elkarturik) erakusten zaigu Joxe eta ondoren, ekintza Tolosara “jaisten” da, non protagonista deseroso utziko duen ongi etorri omenaldia antolatu dioten amnistiaren aldeko batzordeek. Laugarrenean gorroto duen preso ohi batekin –Txaflis goitizeneko damutuarekin– egiten duen Txindokiranzko igoera kontatzen digu Mendigurenek, igotzen ari diren bitartean mantentzen duten eztabaida luzea aditzen dugularik.
Eleberria, esan moduan, errealista izan arren, hainbat osagai sinbolikok egituratzen dute, hala nola igoeraren sinbolo polisemikoak. Nobelaren izenburuko Lizardiren aipamenari beste bi igoerak egiten diote oihartzun –oso modu ezberdinean egin ere– liburuan zehar. Alde batetik gauez familiaren Goierriko baserrira iristean matxuratu zaion auto zaharra utzi eta oinez egiten duen igoera legoke. Narratzaileak berak gurutze-bide kristauarekiko analogia egiten du. Inoiz iritsiko ez dela dirudi –presondegitik atera eta baserrira iritsi artean etxekoek uste izan dute Ertzaintzak atxilotu egin duela, haren berririk ez izanki. Haatik, nahiz eta fisikoki azkenean iristen den bere sorlekura, esan liteke inoiz iristen ez den gizona dela Joxe. Preso izandakoa inoiz ez delako itzultzen ezagutu zuen mundura baizik eta “barruan” zegoen bitartean aldatu egin den mundu batera. Eleberriko bigarren igoeraren sinbolismoa are aberatsagoa da. Txindokira Txaflis damutuarekin abiatzen denean –eta hemen ere kostata iritsiko dira gailurrera– beste gurutze-bide bat biziko du Joxek, bere baitako mamuekin ariko baita solasean Txaflisekin bezainbat, eta aldi berean halako purifikazio errito baten itxura hartzen du ibilaldiak, pertsonaia mamu horiek ere gainetik kentzen saiatuko baita igo ahala. Sinbolismo kristau-ironiko hori azkartu egiten da, esan beharrekoa baita liburua ostegunean hasi eta igande goizaldeko igoerarekin bururatzen dela. Bestalde, Txindoki mendiaren soslai falikoak desiraren eta ezinaren arteko talka frustragarriaren berri ematen digu, Joxe militante garaitu baina ez damutuaren ezina herri oso baten ezinaren metafora bihurtzeko ahalegin batean. Behin gora iritsitakoan, esanahi sinboliko gardeneko pasarte batean, Joxe harria (herria, beraz) ETAren ikurraz markatzen saiatuko da, baina labanak ihes egingo dio harria garbi utziz. “Kaka zaharra” da Joxeren azken esaldia.
Mendigurenen egitasmo literarioa ulertzeko, liburuaren aspektu guztiak aintzat hartzea komeni da, baita azaleko irudia ere. Bertan gerra zibilekoa datekeen zuri-beltzeko argazki bat agertzen da, zeinetan gerrara doan ala gerratik datorren soldadu batek bere ama izan daitekeena besarkatzen duen. Jakina, argazki honek kontrastea egiten du liburuaren edukiarekin nahiz tonuarekin. Eta horrela ulertu behar da, apika, idazlearen xedea: aurretik gai berberaz edo antzekoaz idatzi diren eleberrien tonu serios, duin eta kasu batzuetan tragikoarekin kontrastea egiteko asmo baten fruitu bezala. Eleberria ez da bereziki berritzailea, adibidez, ezker abertzaleko militanteen karikatura egiten duenean –gestoretako Ferminen pertsonaia bezalakoak aurki daitezke hainbat eleberritan (eta bizitza errealean ere, ausaz). Zerbaitetan originala bada eleberri hau, gaiari jasanarazten dion erregistro eta hizkera aldaketan da.
« BELUNA JAZZ (1996) | BERTSOAK » |