Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

ABARRAK (1918)

Ebaristo Bustintza, "Kirikiño"
Miren Billelabeitia

Fisika eta Matematika Zientzietan lizentziatua zen Ebaristo Bustintza (1866-1929) ipuin eta artikulugileak 1928an eman zituen argitara liburu batean urte luzetan zehar idatziriko ipuinak. Ordura arte bakanka eta sakabanaturik agertutako ipuinek Ibaizabal eta Euskalzale aldizkaritan, eta Euzkadi egunkariaren  orrietan ikusi zuten argia. Horregatik agian, gutxienez bertsio bi dituzte ipuinik gehienek, eta aldizkaritik liburuko orrietara batez ere ortografia arloan aldea erakusten duten testuak garai hartako ortografiaren bilakaeraren eta idazlearen idazkera estiloan sakontzeko ispilu dira.

Esan bezala, testuek ipuin solte legez ikusi zuten argia lehen aldiz, eta 1918an Grijelmoren alargun eta semeen moldiztegiak kaleratu zituen Abarrak liburuan 21 ipuin bildurik. Hau da idazlea bizi zela egindako argitalpen bakarra. 1930ean Bigarrengo Abarrak agertuko da Zornotzan Jaungoikozale izeko moldiztegian “Euzko pizkundea” erakundeak egindako argitalpenari esker. Aurreko liburuaren hariari jarraitzen dioten 43 ipuin eta 3 olerki daude bertan. Gráficas Bilbaok Abarrak…eta abar inprimatu zuen Bilbon 1966. urtean Santi Onaindiaren ardurapean. Bertan aurreko liburu bien bildumaz gain, Euskalzale eta Ibaizabal  aldizkarietan kaleratutako idazkiak ere ageri dira. Ondoren, berriz ere Santi Onaindiaren ardurapean eta Geu Argitaldariak gauzaturik Abarrak bilduma agertuko da 1980an. Baina izenburu hori izanik ere “Bigarrengo abarrak” dela zehazten da liburu barneko lehen orrialdeko izenburuan. Oraingoan eta ikerketa honen  azterketarako Euskal Editoreen Elkarteak 1986an eta 1991an “Klasikoak” sailean kaleraturiko argitalpenak erabiliko ditugu.

Aurreko atalean aipaturiko argitalpenak kontutan harturik, Abarrak arrakasta handiko  liburua izan zela esan daiteke, batez ere liburuan bildu aurretik egunkari eta aldizkaritan argitaraturiko ipuinak zirela gogotan hartzen badugu. Idazleak berak argitzen digu lanaren argitalpenari egindako hitzaurrean testuon muina eta asmoa zein den: “Irakurgaitxu oneik be gogo askotan sortu leye euzkeraz irakurteko zaletasuna. Txikijak, meiak, arin-ariñak, errazak, barru gitxidunak, geyenak barre batzuk eragitekuak ixanik, euzkeraz irakurten bape zalia eztanak onakoxiak atsegiñez artu leiz, ta eurok. Abarrak lez, bere goguan sua biztu”. Eta badirudi idazlearen helburua bete egin zela, hau da irakur zaletasuna zabaldu egin zela euskaldunon artean, eta ipuinak ezagunak egin zirela  herritarren artean. Hogeitabi ipuinek osatzen dute Abarrak bilduma eta berrogeitaseik Bigarrengo Abarrak, baina idazlearen esanetan euskaraz irakurtzeko gogoa sortzeko asmotan idatzirikoak izanik erraz antza ematen badute ere “barru-gitxidunak” direla zehazten du, baina ez da baieztapen hau orpoz-orpo sinetsi beharrekoa. Hala dira, bai, gehienak, barregarriak batez ere, eta egoera barregarriaren bitartez bukaerarako ipuina borobiltzen duten esaldia zein aholkua eskaintzen dutenak, heziketa asmoa azpimarratuz: “Zalekerijak eztakar bein be gauza onik eta.” (Abarrak.  “Ardao zaliak poltsia galdu” (140 orr.).

Iritzi horri jarraiki, ez litzateke ipuinotan elkarrizketak duen balioa baztertu behar, bizitasun erakusle baita. Ipuinak ez dira egoera-adierazle, narrazio laburrak,  ekintzak eta ahaleginak dira nagusi, hots, dinamismoa. Arinago aipatu dugu “barru-gitxidunak” direla zioela idazleak, eta egia esan ipuingilea ez da bere testuetan, hala literarioetan nola kazetaritza testuetan, gogoeta luze eta sakonak egin zale. Argi du bere helburua herriarentzako irakurgaiak ematea dela, eta herri xehea, eta ez hain xehea, ez dagoela irakurketa sakonak euskaraz egiteko trebatuta. Ez zuen irakurlegoa etsirik utzi gura, baina ez zuen ezta ere ipuin tradizionalak duen asmo hezitzailea baztertu nahi, eta hori arinago aipatu dugun bukaera esaldietan ikusten da, eta baita ere itxura batean erraz eta arin irakurtzekoak diren antza duten elkarrizketen  bitartez.

Ezaugarriei dagokienez, ipuin tradizionaletan ohi den bezala, egoerak, kokapenak eta pertsonaiak oso azaletik deskribatzen direla esan daiteke, hasiera neutro eta zehazgabeak moldatzen ditu idazleak. Edukia, pertsonaien benetako izaera eta egoeraren aldaketak elkarrizketaren bitartez helduko zaizkigu. Horrela, pertsonaiek elkarrizketetan adierazitakoek beren psikologiaren irudia emango dizkigute. Ildo horretatik, pertsonaiak hurbileko egingo zaizkio irakurleari, ezen idazleak bere garaiko herritar xumeak, hurbilekoak, auzokoak ala ezagun egin daitezkeen pertsonaiak, egoerak, gertaerak baitakartza.

Umorea da idazleak irakurlearekin sortu duen etxekotasunaren beste erakusle bat, Jesus M Agirrek (1981:14) kazetaritza testuetan umorezko egoerak sortzeko hainbat baliabide zehazten ditu, eta gure ustez baliabideok ipuinetan ere aurki daitezke: pertsonaia batzuen zuhurtasuna azpimarratzen du, beste batzuen maldertasuna agerian uzteko, eta neurriz kanpoko jokaerek zenbait egoeraren zentzugabekeria azpimarratzen dute. Pertsonaien karikatura itxura agerian utzi eta uste gabekoaren errekurtsoa ere ageri da.

Bada, hala ere, bestelako saiorik, barre eragiteko asmoa baztertu eta giza-jokabideari buruzko irakaspena egitea bilatzen dutenak. Hauen artean “Aratoste”, edo “Itoxurak ziñaldari” aipa daitezke. Hauxe dugu Itziar Lakaren ustez (“Evaristo Bustintza “Kirikiño”” in Abarrak. E.E.E. Klasikoak bilduma. 29 or.) Kirikiñoren saiorik landuena. Kontakizuna XIX. mendeko folletinaren eredutik hurbil dagoela dio ikerlariak.

Abarraken bildutako ipuinok lortutako ospearen arrazoi nagusietako batzuk ikusi ditugu: bere garaian zabalkunde nahikoa zuten egunkari eta aldizkarietan argitaratuak izatea, idazleak kazetaritza testuei esker herritarren artean ezaguna izatea eta irakur zaletasuna piztu nahi izatea, hurbileko egoerak, sarritan arin barregarri eta ulerterrazak aurkeztea… Baina baliabide guztiok alferrikoak lirateke erabilitako hizkera itxia eta ulergaitza izan balitz.  Neurri batean garbizalea dugu Kirikiño, baina ez garbizaletasuna estuki jarraitzen duenetarikoa, baizik eta irakurlearen gaitasun apala kontutan izanik, zuhurki bigunduriko joera garbizalearen jarraitzaile. Ez du hizkien bestaldean duen irakurle xumea begi aurretik galdu nahi, eta haren irakur zaletasuna pizteko eta indartzeko asmoa duenez, ez du lehen abagunean kikildu nahi, bai ordea jakinmina eta ikasnahia sortu eta hizkuntzarekiko dituen joera ez oso zuzenak aldatzen saiatu. Bere hizkera, beraz, muga horietan ibiliko da, oreka horren lehian, alegia. Hainbat hitz berri aurki daitezke, erdal hitzen ordezkoak; S. Aranaren ildoari jarraitzen dio. Dena den, oharrak egiten dizkio irakurleari, zailak gerta dakizkion hitz eta aditz sintetikoen erabilera argitzeko. Azken hori dela eta, aditz sintetikoen erabilera ugariagoa dela ikus dezakegu liburuaren azken alderantz, progresio bat jarraituko balu bezala, eta irakurleak ikasi duenaz ziur balego legez. Irakurleak trebatu nahiak, baina, ez du idazlearen hizkeraren bizitasuna murriztuko, ez eta ere irakurlearenganako hurbiltasuna.

BIBLIOGRAFIA

AGIRRE J.M. (1981): “Sarrera”. KIRIKIÑO: Egunekoa. Labayru. Bilbo. 9-21 or.

LAKA, I. (1986): “Ebaristo Bustinza Kirikiño”. KIRIKIÑO: Abarrak. EEE. Bilbo. 21-32.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus