Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

BATITA HAUNDIA (1994)

Daniel Landart
Iñigo Barbancho

Daniel Landart (Donoztiri, 1946) antzerki munduan egindako lanengatik da batez ere ezaguna, bai antzezle, bai idazle eta baita zuzendari moduan arituagatik hain zuzen ere. 1967an “Antzerkilariaren Biltzarra” elkartea sortu zuen Baigorrin eta horrez geroztik antzerki ugari idatzi ditu, hala nola, Noiz (1970), Hil biziak (1973), Erranak erran (1981) edo Ama (1997). Poesia eta nobelagintza alorretan ere badu lanik. Lehenengoari dagokionez, 1968an Hogoi urte poema liburua eman zuen argitara. Bigarrenari dagokionez, berriz, 1978an Aihen Ahula eleberri arrakastatsua, 1994an Batita Haundia, zeina Irun Hiria Literatur Sariaren irabazle suertatu baitzen, eta 1999an Anaiaren azken hitzak argitaratu ditu.

Aberastasun linguistikoa da, zalantzarik gabe, Batita Haundia lanaren ezaugarririk deigarriena. Nafarreraz idatzita dago, bere ugaritasun lexiko, fraseologiko eta batez ere onomatopeikoa irakurlea liluratzeko adinakoa delarik. Lengoaia berria darabil autoreak (gutako batzuentzat behinik behin) eta, aldi berean, antigoalekoa. Landarten bertutea estreinako hizkuntza zaharra itxurakeriarik gabe erabiltzea da; narratzailearen ahoan ez dirudi pedantea, inondik ere, “beharrezkoa” baizik. Eta “beharrezko” adjektiboa Vargas Llosak Cartas a un joven novelista entseguan ematen dion zentzuan ulertu behar da. Eleberriak idazteko hamaika modu ezberdin egon daitezke, dio idazle peruarrak, orrialde zuriaren potentzialtasuna neurrigabea baita, baina idazle onek euren eleberriak modu bakarrean idatzi daitezkeela sinistarazten digute (eta modu hori, noski, eurek darabiltena da). Nire ustez Landartek efektu hori bera lortzen du Batita Haundia lanean. Iparraldeko nekazari munduko errealitatea deskribatzeko beste hitz aproposagorik ez dagoela, hori da irakurlearen konbentzimendua nobela esku artean duen artean.

Edukiari dagokionez, hasieran originaltasunik gabea dirudi. “Nekazari munduaren desagerpenaz hitz egiten duen beste nobela bat”, pentsa dezake irakurleak lehen ataletan murgiltzen ari dela, eta berehala antzekoak diruditen beste obra batzuk etor dakizkioke gogora, hala nola, Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea (euskaraz idatzitako literaturaren kasuan), Julio Llamazaresen La lluvia amarilla (espainierazkoan) edota John Bergeren Into Their Labours trilogia (ingelesez idatzitakoan).

Hala da, ezin uka daiteke eleberriaren espazio nagusia nekazari mundua dela, Iparraldeko etxaldeetakoa, hain zuzen ere. Bertan jaio eta bizi izan da –Frantzian gudan, lehendabizi eta Alemanian preso, ondoren, pasatako tartean izan ezik– Batita Haundia izeneko nekazaria. “Iparraldeko edozein laborari-herritako bizimodu eta pentsaeraren islada [da Batita Hanida]” (1994: 8), dio Andolin Eguzkitzak lanaren sarreran.

Eta bai, hala da, gai bera jorratzen duten egungo beste hainbat nobelatan gertatzen den bezala, nekazari mundu hori itzaltzeko zorian dago. Etxaldeak gaixo daude, Batita bera gaixo dagoen modu berberean: eleberria metafora horretan du oinarria (Juaristi 1994).

Zein da etxaldeen gaixotasuna? Batetik, inguruko familia bat baino gehiagok ez du ondorengorik, eta baserriak hustu egingo dira laster:  “Etxetxuria segidarik gabe gelditu zen. Eta hura bezala, badira besteak ere, egun batez, hutsik geldituko direnak. Ez segur arrazoin berarengatik baina bai, etxeko semea ez delakoz ezkondu” (38). Bestetik, Batita Haundia edo haren lagun mina den Bordalandako Manez, alde batetik, eta haien atzetik datozen belaunaldiak (ilobena batez ere), bestetik, bereizten dituen zulo handi bat antzematen da: “Akabo, zaharren hitz-zuhurrak! Akabo, gizaldien arteko lokarria! Bazkari denboran bereziki, ez zuten gehiago funtsezko solas handirik erabiltzen ahal… telebista etengabe bizi zelako eta gainera zein gora!” (41).

Eta zein da Batitaren gaixotasuna? Bada, gaixotasun fisikoaz aparte (horren inguruko zehaztasunik ez du irakurleak) gaitz morala pairatzen duela esan genezake. Aurrerago aipatutako atzerriko urte horietan, Batitak abentura bat izan zuen emakume alemaniar batekin eta haren fruitu munstro itxurako ume hil bat jaio zen hilda. Batitak Manezi aitortu zion bekatua (Batita oso gizon erlijiosoa da), baina Manez heriotzak eraman berri du, eta beste norbaiti helarazteko premiak ezinegona sortzen dio protagonistari. 

Gaixo dagoen munduaren erdi-erdian dago gaixo dagoen gizona ere. Ez lehenengo gaixotasuna –etxaldeen desagerpena– ez eta bigarrena –bihotzean pisu den adulterioa– ez dira berriak literaturaren historian (eta Landarten tratamendua ere ez da berezia). Baina eleberria, atalek aurrera egin ahala, bere moldeko diren besteetatik aldentzen da. Hilzorian dagoen errealitate baten kexa salatzeaz haraindi, Batita Haundia eleberriak gaurkotasuneko premiazko arazoak azaleratu nahi ditu. Hori dela eta, Eguzkitzak eleberri “ausarta” (1994: 10) dela dio.

Narrazioaren amaieran, Batitaren gaixotasuna alferrik izan ez dela deskubritzen dugu; aitzitik, nekazaria eraldatu egin da: “Kolpez, beste gizon bat bilakatu zen!” (157). Zer esan nahi du “beste gizon” bilakatzeak? Batitaren kasuan, “bestea” –bere munduaren ertzetan egon den hori– ikusteko gai izatea eta, batez ere, haren lekuan jarri eta harek bezala sentitzea. “Dohatsu bihotz garbiak”, Biblia-ko hitzok murmuriatzen du Batitak, “dohatsu nigarretan direnak” (159).

“Bestea” bi pertsonaiek irudikatzen dute nobelan: Martin Ibarrek, Batitak hospitalean ezagutzen duen eriak, eta Gabrielek, Batitaren semeak. Martin Ibar Batitaren “bestea” da, bigarren hau nekazari baldin bada, hots, lurra lantzen duen gizona, lehenengo hura intelektuala delako, errealitatea abstrakzioen bitartez ulertzen duena; Gabriel Batitaren “bestea” da homosexuala delako. 

Errepara diezaiogun ikuspegi horri: Batitaren mundua pitzatzen ari baldin bada ere, Batitak “mundu” bat izan du, berea, eta “haunditzat” ere hartu izan du jendeak mundu horretan; Martin Ibarrek eta, batez ere, Gabrielek ez dute zorte bera izan. Batitaren semeak deskribatzen dituen espazioak atzerrikoak dira, urbanoak. Beste hainbat homosexualek bezalaxe, Gabrielek Didier Eribonek aipatzen duen hirietara daraman exodoa bizi izan du, ingurugiro aproposago baten bila, edo gutxienez oharkabe bizitzeko aukeraren bila. Baina han ere ez du Gabrielek etxerik aurkitu: “Uste ukan zuen (…) arrotza zitzaion hiri zabal batean kokatuz, bere zama aiseago jasanen zuela (…). Ezagutu zituen edo hobeki erran, gurutzatu bera bezalakoak, ostatu berezi, dantzatoki eta hiriko baratzezoko batzutan. Gauaz. Beti gauaz” (130).

Batita Haundia-ren berrikuntza nabarmenena hauxe da: nekazari nobela urbano bilakatzen dela bat batean, gizabanako “jatorrei” buruz hitz egiten hasten den narrazioak “pariei” buruz hitz egiten baitu amaieran.

Eleberriaren ataletako batean, Batitak hausnarketa hau egiten du: gaixo dagoenez geroztik ez da gehiago “haundia” “ttipia” (36) baizik. Oso gizon handia dela agertzen du, ordea. Berak sentitzen duen minak –bere traizioak pizten diona– besteen mina ulertzen laguntzen dio; bere munduan sortu berri diren arrailek kanpoan aterperik gabe dauden pertsonak ikusten uzten diote.

BIBLIOGRAFIA

EGUZKITZA, Andolin (1994): “Hitzaurrea”. Batita Haundia. Kutxa. Donostia. 7-11.

ERIBON, Didier (2001): Reflexiones sobre la cuestión gay. Anagrama.  Barcelona.

JUARISTI, Felipe (1994): “Hiltzorian dagoen mundua”. El Diario Vasco.

LANDART, Daniel (1994): Batita Haundia. Kutxa. Donostia.  1994.

VARGAS LLOSA, Mario (1997): Cartas a un joven novelista. Planeta. Barcelona.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus