« BARNE-MUINETAN (1934) | BATETIK BESTERA (1962) » |
BASERRITAR NEKEZALEENTZAKO ESKOLIA (1816)
Juan Antonio Mogelen iloba eta Bizenta Mogelen neba den Juan Jose Mogelek (Deba, 1781 – Markina, 1849) argitaratu zuen Bilbon 1816an Baserritar nekezaleentzako eskolia (Baserritar nequezaleentzaco escolia) izeneko lana. Bere osaba Juan Antoniok Peru Abarkan egin zuen antzera, Juan Jose Mogelek kristau ohiturarik onenen eredugarri hartu zituen baserritarrak eta baserriko bizimodua. Hainbat argitalpen izan duen liburu honetan —Gregorio Arruek gipuzkerara itzuli zuen, eta ezagunagoa izango zen Gasteizen 1845ean Baserritar jaquitunaren echeco eskolia izenburupean erabat berrituta argitaratu zen— Juan Jose Mogelek aita ideal bat deskribatzen digu, seme-alabak kristau bidean hezten dituena. Baserritar nekezaleentzako eskolia liburuak bat egiten du Peru Abarkari darion ideologiarekin, hau da, bat egiten du kristau ohiturarik garbienak, aldaketan murgilduta dagoen gizarte batean, baserri inguruan gordetzen diren ustearekin. Liburua elkarrizketetan taiututa egoteak ere Juan Joseren osabaren liburu ospetsua gogorarazten digu. Hala ere, hau Peru Abarka baino lausotuagoa eta nabarragoa izango litzateke, ikuspegi moral estu eta zorrotz batera errenditzen dena, bada, hemen aurkitzen dugun baserritar jakituna, kristau jardunetan baino ez da jakitun ageri.
Izan ere, Baserritar nekezaleentzako eskolia guztiz liburu erlijiosoa da, familiari zuzendua. Funtsean, baserritarren salbaziorako prestatuta dagoen eredu dialogatua dugu, sermoi didaktiko baten antzera. Liburua hamahiru erakustalditan banatzen da. Horietan Luis izeneko aita batek, elkarrizketa eta ereduen bidez, kristau on baten eginbeharrez eta bizitzan topatuko dituzten bekatuen arriskuez ohartarazten ditu seme-alabak, horiek egiten dizkioten galderei erantzunez. Aita, ekandu eta bertute egokiz jantzita, onaren ispilua da, akats bakoa, eta bide beretik daramatza seme-alabak. Peru Abarka bezala, hura ere idealegia da benetakoa izateko. Garaiko pentsamolde hertsienen islatzat har genezake. Liburua kristaua da, jaiotzetik heriotzarainoko sakramentu guztien gainbegirada eta laburpena, helburua arimaren salbazioa prestatzea litzateke. Horregatik, estu-estu hartzen ditu bizitza honetako gorabehera guztiak, eta beti salbazioa galtzeko arriskua. Inoiz esan izan den bezala, familia baino komentua zirudien Juan Antonio Mogelek marrazten digunak.
Aitaren eta seme-alaben arteko elkarrizketetan pasarte narratibo xumeak tartekatzen dira. Bestalde, hizkuntzari dagokionez, Markinako bizkaiera ereduan idatzita, lanak balio handiagoa lortzen du. Bizkaian berriki sortutako tradizioan, Mogeldar osaba eta iloba tradizio horretako zutabe garrantzitsu begitantzen zaizkigu.
BIBLIOGRAFIA
MOGEL, Juan Jose (1816): Baserritar nequezaleentzaco escolia, edo icasbidiak guraso justu eta jaquitun familija ondo azi ebeneen exemplu ta eracustsijetan. Apraiz. Bilbo.
MICHELENA, L. (1960): Historia de la literatura vasca. Minotauro. Madrid.
ONAINDIA, Santi (1973): Euskal literatura II. Etor. Donostia.
SALABERRI, Patxi (2002): Iraupena eta lekukotasuna. Elkar. Donostia.
ZARATE, Mikel (1970): Bizkaiko euskal idazleak. Derioko Seminario-Ikastetxea. Derio.
« BARNE-MUINETAN (1934) | BATETIK BESTERA (1962) » |