« BALEEN BERBAROA (1997) | BASERRITAR NEKEZALEENTZAKO ESKOLIA (1816) » |
BARNE-MUINETAN (1934)
1934an argitaratu zen Barne-muinetan (Itxaropena, Zarautz), Nikolas Ormaetxea “Orixe”-ren (1888-1961) poema-bilduma; fede kristauari gorazarre egiten zaio bertan.
Bildumako lehen poema –hitzaurrearen aurretik kokaturikoa–, hil berri zen adiskideari eskaini zion Orixek, Xabier Lizardiri (1896-1933). Hitzaurrean, gainera, poema-sortaren argitalpena Lizardiri zor ziola adierazi zuen egileak (Orixe, 1934, 146).
Poema gehienetan, poetak Jainkoari hitz egiten dio eta aitortzen du Jainkoaren zerbitzari dela. Poetak Jainkoaren aurrean txikia dela adierazten du behin eta berriro, bere txikitasun eta hustasun hori izanik poema askoren gai. Jainkoarenganako sinesmen hori gorpuzten du egileak poemaz poema, fede kristauaren hainbat erritu eta diskurtso ekarriz: bataioa, otoitza, elizkizunak, gurutzefikatzea, hirutasun saindua, ebanjelioak… Sinesmen hori denez gai nagusia, pertsonifikaturik ere irudikatu du Orixek; alegia, poetak “Andere Sinesmen” du maite.
Egileak Jainkoa du argi bakar, eta Jainkoarekin bat egiteko, beharrezkotzat du isiltasuna eta gogartea. Izan ere, poema-bildumaren izenburuak —Barne-muinetan–, meditazio eta gogoeta horri egiten dio erreferentzia.
Edukiari eta kontzeptuei dagokienez, ez zen berritzaile izan Orixe, baina, poemaren hizkerari eta neurtizkerari arreta handiz erreparatu zion. Sabino Aranak Lecciones de OrtografÃa del Euskera Bizkaino (1896) lanean proposaturiko arauak izan zituen gidari neurtizkeran, eta neurtizkera-arau zorrotz horiek betetzeko hizkera trinkoaren alde egin zuen (hitz elkartuak, aditz trinkoak, hiru puntu iradokorrak, harridura bilduak…). Hizkeraren eta esaldien erabileran laburtasuna eta zehaztasuna landu bazituen ere, ideien azalpenean ez zuen laburtasun eta zehaztasun hori garaiko beste poeta batzuk bezain ongi garatu (esaterako, Xabier Lizardi maisu dugu trinkotasun bikoitz horretan). Are gehiago, Barne-muinetan poema sortan ez dira baliabide erretorikoak, sinboloak, musikaltasuna edota poemen egitura gehiegi landu, eta sinbolo eta egitura gehienak fede kristauaren diskurtsoetatik mailegatuak dira;, esaterako, argi eta ilun kontzeptuen sinbologia.
Bestalde, euskal poema horien ondoan, lehen argitalpen hartan, gaztelerazko itzulpena eskaini zen. Itzulpenak zentzuari begiratu zion, ez zen testuaren forma edo poema taxuera landu.
Garai hartan, 1930eko hamarkada hartan, Orixe Euskaldunak poemaren sorkuntza-lanetan ari zen buru-belarri. Horregatik, Barne-muinetan bilduman euskalduntasunaren inguruko diskurtsorik edo erreferentziarik ez agertzea aipagarria da (edo beharbada, Euskaldunak poemaren ondorio da erreferentzia falta hori, euskalduntasunaren inguruko gogoetak eta ekarpenak beste poema hartarako gorde zituelako).
Orixeren poesia Euskal Pizkundearen testuinguruan garatu zen. Kultur mugimendu hori batik bat Hego Euskal Herrian garatu zen, XX. mendearen hasieran, eta Pizkunde horretan kokatu behar dira, besteak beste, Lizardi, Lauaxeta eta Aitzolen idazlanak. Euskal Pizkunde haren unerik gorenean poesia izan zen gailendu zen generoa, eta hartara, poeta belaunaldi hura hizkera poetiko berria garatzen saiatu zen. 1936ko gerrak eten zuen poeta horien jarduera literarioa eta haien idazlanen argitalpena (Orixeren Euskaldunak poema, esaterako, ez zen 1950era arte argitaratu, 1936rako jada amaiturik egon arren).
BIBLIOGRAFIA
ALDEKOA, Iñaki (2004): Historia de la literatura vasca, Erein, Donostia. [euskaraz, 2008: Euskal literaturaren historia. Erein. Donostia]
ORMAETXEA, Nicolás “Orixe” (1934): Barne-muinetan. Itxaropena. Zarautz.
URKIZU, Patri (koord) (2000): Historia de la literatura vasca. UNED. Madril.
« BALEEN BERBAROA (1997) | BASERRITAR NEKEZALEENTZAKO ESKOLIA (1816) » |