« ZORION BATEN ZAINAK (1972) |
ZOZOAK BELEARI (1997)
Bi eskutara idatzitako liburua da Zozoak Beleari, Andoni EgaƱak eta Jon Sarasuak idatzia. Alberdania argitaletxeak plazaratu zuen, Saiakera sailean, 1997ko azaroan (lehenengo argitaraldia). “Zozoak beleari, ipurbeltz” esakunearen bigarren zatia ez zuten, baina, idazleek izenbururako baliatu; elkarri `ipurbeltzĀ“ esan ordez, gutunak igortzen dizkiote elkarri bi bertsolariek.
Egileak, bi-biak ere bertsolari ezagunak diren aldetik, iduri luke bertsozaleentzako liburua dela honakoa, baina, bertsolaritza gogoeta askotarako abiapuntu izango bada ere, Joxerra Gartziak idatzitako hitzaurrean esaten den gisan, Zozoak Beleari ez da bertsozaleentzat soilik.
Hitzaurrea atal ezberdinetan dago banatuta, eta ataletako bakoitzaren izenburua argitalpenaren balizko izenburuekin hasten da. Bada, hitzaurrean, ondo adierazirik daude liburuaren nondik norakoak: 1993an sortu zela liburuaren ideia, orduan Sarasua Guatemalara joana zela bertsolari-txapelketa bertan behera utzita, orduko txapelketa EgaƱak irabazi zuela, liburua 1995ean mamitu zela, 1997an argitaratu zela, EgaƱak irabazi zuen hurrengo txapelketa etortzear zela… Esan genezake, hortaz, bertsolari-txapelketaren mediatizazio-olatuak bultzatutako liburua dela, hein batean, behintzat, esku artean duguna.
Liburuaren lehen partean, Zarautz-Guatemala-Zarautz ibilbidea egiten dute gutunek, eta orain arteko kritiketan adierazi gisa (Grandes, 1998; Fernandez, 1998), EgaƱak darama erritmoa. Bigarren zatian, ordea, Sarasua Euskal Herrian delarik, gutunek Aretxabaleta-Zarautz-Aretxabaleta ibilbidea egiten dute, eta norabidea Sarasuak markatzen du.
Gutunen datei erreparatuz gero, EgaƱa bera hasten da, 1995eko irailean, eta Sarasuak jarraitzen dio. Ez dira, baina, beti baten eta bestearen gutunak tartekatzen. Sarasuak, kasurako, bi gutun bidaltzen ditu segidan 1995eko azaroan eta 1996ko martxoan. Hogeita hamahiru gutun ditugu guztira, 1995eko iraila eta 1996ko urria artean.
Gutunez gain, badira bestelako testu-generoak ere. EgaƱak narrazio laburrak tartekatzen ditu –nobela baten zirriborroa–, eta horiei buruzko iritzia eskatzen dio Sarasuari. Balizko eleberriko hainbat atal dira liburua: “Joxaustin `zakurraĀ“”, “Katalina”, “Martin”, “Urtxula”, “Lentes”, “Dilinda” eta “Funes” izenekoak. Guk dakigula, ez dira eleberria osatuz inon agertu kapitulu horiek, baina, Zoazoak Beleari lanean gogoetagai aproposak dira, gutunen harira ondo datozenak, bai eta alderantziz ere, gutunak kapituluon harira baitatoz batzuetan. Hitzaldiak ere badira Zozoak Beleari lanean: EgaƱak, kasurako, Donostiako Kutxan 1995eko urrian emandako “Gu, euskaldun bertsolariak” biografia moduko hitzaldia dakar, 10 argazkitan banaturik. Jon Sarasuak ere hitzaldi bat gehitzen dio gutunetako bati, “Strip-tease laburra” izenburupean; honako atalak ditu: Txapelketa, Militantzia, Musika eta Ospea. Bertsoak ere badira: Sarasuak bertso-sorta bat ekarrita, EgaƱak bertsotan erantzuten dio hurrengo gutunean. Badira, halaber, bertsoak lantzeko egindako ariketa modukoak ere.
Bi bertsolariek hizkuntzarekin jolasten dute, hortaz, baina ez bertsotan soilik. Besteak beste, berba-pare bereziak darabiltzate (txoko/zoko, enbajadore/enbaxadore…), esaterako. Hika darabilte elkarrekin, lagunarteko berbetan ari dira. Horren adibide dira, esaterako, Sarasuak EgaƱa izendatzeko darabiltzan “Tonio”, “Juanito” izengoitiak.
Lagunartean aritzeagatik, orotariko gaiak eta jazoerak ageri dira Zozoak Beleari laneko gutunetan: euren bizipenak dakartzate gogora batzuetan, oroimenaz eta memoria historikoaz ari dira, bai eta indibiduoaren eta taldearen arteko harremanaz (bertsolari eta entzule gisa nahiz gizarteko kide gisa ere). Munduko gatazken berri ere ematen du Sarasuak Guatemalatik, eta Euskal Herrian dela hango gaiei buruzko jarraipena egiten du gutunetako batean. EgaƱak, ostera, azken gutunean, Kubatarren egoeraren berri ematen digu. Bestalde, berezkotasunaz, jatortasunaz, estereotipoez, isiluneen eta liturgien beharraz, loaren garrantziaz, agintearekiko harremanez, arrakastaz eta umoreaz mintzo dira. Kontu pertsonalagoez ere egiten dute berba, emakumeekin izandako harremanez eta bakoitzaren izaeraz, esaterako.
Bertsolaritza mintzagai dute lan honen egileek hainbat pasartetan: beste bertsolari batzuen hitzak eta jazoerak dakartzate batzuetan eta txapelketari buruzko usteak beste batzuetan. Gogoeta egiten dute sarritan: bertsoan zer berritu behar ote den, bertsolari jaio ala egin egiten den bat, zenbateraino kantatzen zaion publikoari edo zenbateraino kantatzen duen nork bere barrutik, bertsolarien gizarte-rola zein ote den… Bertsoaren eta poesiaren arteko mugez dihardute gutunetako batean (literaturan sarri izandako eztabaidagaia da hau). Bertsolarien jokamoldeaz ere ematen dituzte zenbait argibide: oholtza gainean elkarri nola laguntzen dioten, bertsolarien engaiamenduak nolakoa behar duen, nolako krisiak izaten dituen bertsolariak… Bertsoaren alde teknikoagoak ere badira: bertso-ariketa batzuk, errimak zenbateraino uzten dion bidea bertsolariari gura duena esateko… Eta noski, 1995ari oso lotuta, Bertsolari Elkartearen eta EITBren arteko harremana, bertsozaleen belaunaldi aldaketa, bertso-saioen molde aldaketa… ere mintzagai dira. Munduko beste zenbait inprobisazio moduez behin baino gehiagotan hitz egiten dute EgaƱak eta Sarasuak: nazioarteko bat-batekotasunaren berri ematen digute. Liburuaren bukaeran, gainera, bertsolaritza biziaren beraren metafora dela diosku EgaƱak.
Egileek sarri aipatzen dituzte beste idazle eta artista batzuk eta haien lanak; besteak beste, Octavio Paz, George Steer, Ramon Saizarbitoria, Silvio Rodriguez, Xabier Lete eta Atahualpa Yupanki. Testuartekotasuna, ageri-agerikoa da, hortaz.
Jon Kortazarren Postmodernitatea euskal kontagintzan lanean (Kortazar, 2007) zehazten dira Peter Zima-ren ustez postmodernitatearen ezaugarri nagusiak: pluralismo estilistiko eta poetikoa, konstruktibismoa, testuartekotasuna eta polifonia, anakronismoa, narratzailearen agnostizismoa, generoen arteko mugen arteko galera, ziorik gabeko idazkera, alienazioa eta bestetasuna, irakurlearen aurkikuntza eta izadiaren aurkezpen ekologikoa.
Bada, Zozoak Beleari liburuan badira postmodernitatearen zantzu batzuk. Izan ere, sarri agertzen dira egileak egiaren bila barik, errealitatearen adierazpen ironikoa eginez; testuartekotasuna bada, bai eta anakronismoa ere (sasoian-sasoiko gaiak dakartzate bi bertsolariek, baina baita bestelakoak ere, nolabait esatearren, anakronikoak direnak); euren gogoetak erlatibizatzen dituzte; eta genero bati lotu ordez, hainbat genero baliatzen dituzte. Hala ere, postmodernitatea sistema bat den aldetik (ez soilik testu ezaugarri batzuk), ezin genezake lan hau erabateko postmodernitatean kokatu. Azken finean, badute bi egileek, liburuko zenbait gutunetan adierazi legez, identitate kolektiboa, eta sistema postmodernoaren ezaugarrietako bat utopia politikoen indiferentzia da, nolabait esanda. Hala dator jasota Kortazarren lanean (2007: 20):
“Laburbilduz, postmodernitateak, Peter Zimaren ustez, egitura literarioen arteko bereizgabetasuna izango luke, errealitatea eta fikzioa nahastuz, testua munduaren metonimia eta sinbolo bihurtuz. Dena dela, pentsamolde orokor ideologiko eta ez literario horretan, errealitatea azaltzeko ezintasunaz gain, indiferentzian eta utopien galeraren oharmen kritikoan dago postmodernitatearen kontzeptuaren gune nagusia, modernitate berandukotik bereizten baitu.”
Sari nazionalerako txartela izan zuen liburuak, eta argitaratu ez bada ere, El mirlo le dijo al cuervo gaztelerazko bertsioa ere badu.
BIBLIOGRAFIA
EGAĆA, Andoni & SARASUA, Jon: Zozoak Beleari. Alberdania. 1997.
Euskal Kulturaren Urtekaria 1995. Zeruko Argia. 1995.
FERNANDEZ, Jose Jabier: “Edukiak eta iritziak”. Egunkaria. 1998-02-14.
GRANDES, Leticia: “Kritikak eta Erreseinak”. Egan.1998-1/2.
KORTAZAR, Jon: Postmodernitatea euskal kontagintzan. Utrisquue Vasconicae. Donostia. 2007.
« ZORION BATEN ZAINAK (1972) |