Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

ZORION BATEN ZAINAK (1972)

Patxi Zabaleta
Jon Kortazar

Gorka Trintxerpe ezizenaz eman zuen argitara 1972an Patxi Zabaletak (1947) Zorion baten zainak izeneko poema bilduma. Azken poema 1969. Urtekoa da hala ere. Poema liburu zabala da, zortzi ataletan banandua eta garaiko kezkei eta ikuspegiei erantzuten diona.

Modernitatea agerian geratzen denean, Patxi Zabaletak ikusten duen ingurua landu nahi du: askatasun nahia, egoera ekonomikoaren salaketa, existentzialismoa, maitasuna, mundu berri baten agerpena, Nafarroa, identitatea… Baina Zabaletak eskaini duena trinkotasuna da, garai luzean bilduriko lana ematen baitu argitara. Ez dio muzin egiten errimari, ez eta ere bertsolaritzari, poema luzeak ontzen ditu, nahiz eta erretorizismoak maiz agintzen duen. Egileak berebiziko ahalegina egin du joera tradizionalak –aho literaturatik eta bertsolaritzatik ikasitakoak- eta mundu modernoak eskaintzen dituen kontraesanak biguntzen. Kontzientzia abertzalea agertzeko joerak alegorikoak dira, edozein anekdotak balio du poema ontzeko eta osatzeko, eta hortik datorkio hitz pilaketarako ageri duen jokoa.

Garaiko poesian ohikoa zenez, hitz jokoak, errepikapenak, hitz jolasak, soinu onomatopeikoak… toki handia dute espresioaren moldapenean, eta abangoardiako ukitu xumea ere ageri da, maiz erabiltzen baitira, esaterako, hitz bakarreko lerroak. Hitz jostaketan agertzen duen joritasunarekin batera, ironia puntua ere sarri nabari zaio Patxi Zabaletari.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus