Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

ZERGATIK PANPOX? (1979)

Arantxa Urretabizkaia
Iratxe Retolaza

1979an argitara eman zen Zergatik Panpox eleberria, Arantxa Urretabizkaiaren lehenbiziko nobela. Lanaren ekarpena bi alderdi hauetan biltzen da: batetik, narrazio-estrategien modernotasunean, eta bestetik, jorraturiko gaian, berritzailea izan baitzen. Ama abandonatu baten egunerokotasun hitsa eta barne-gatazka kontatzen du eleberriak.

Euskal narratiban lirikotasunak eta intimismoak 70eko hamarkadaren amaieran eta 80ko hamarkadaren hastapenetan hartu zuen indarra, eta gailentze horren erakusle dugu Zergatik Panpox eleberria.

Zergatik Panpoxen diskurtso literarioak ama baten barne-bakarrizketak osatzen du, eta barne-bakarrizketa horrek egun batean amak dituen pentsamenduak, sentimenduak, minak eta gogoak kateatzen ditu. Eleberrian irudikatzen den barne-bakarrizketa eguna argitzearekin batera abiatzen da, eta eguna itzaltzearekin batera ixten.

Protagonistaren pentsamenduak eta sentimenduak azaleratzen dira, eta narrazioaren muina sentimendu eta ahots horiek dira, gertaera hutsak baino areago. Hortaz, pentsamenduaren edo barne-munduaren hurrenkera gailentzen da. Pertsonaiaren barne-ahotsak kateatzen dira nobelan, eta ahots horien hurrenkerak sortzen du zentzua. Are gehiago, protagonistaren pentsamendu eta sentimendu horiek guztiak bat-batean gurutzatzen dira Antxon semearen ahotsarekin, Txema senarraren ahotsarekin edo protagonistaren amaren ahotsarekin. Ahots horiek guztiak protagonistaren ahots nagusi horretan integratzen dira, eta protagonistaren nortasuna garatzeko familiakoen ahotsek eta esanek zein garrantzia duten adierazten da; halaber, argi azaltzen da protagonistak zenbateraino dituen familiakoen ahotsak buruan kolpeka, bere nortasun propioa garatzeko oztopo izateraino. Inguratzen duten senitarteko horien esanek gidatu izan dute emakumearen bizitza, eta ez du garatu ahots propiorik. Senarraren abandonuak dependentzia egoeraz ohartarazten du emakumea, eta nortasun-gatazka bizitzen du, iraganeko bizipen eta sentipen oro auzitan jarrita.

Hartara, Zergatik Panpox nobelaren ezaugarri nagusia ahots-sare konplexua eratu izana da, eta ahots-sare konplexu horren bitartez ama horrek inguruko lagunekiko nolako dependentzia duen agerrarazten zaigu (Txema senarrarekiko, Antxon semearekiko…). Dependentziaren kontzientzia-hartzeak sorturiko mina eta galderak dira nobelan aurkezten direnak.

Zentzu horretan, tonuz tonu jauzika ibiliz, gogoeta-jarioak berezko duen aldakortasuna eta aniztasuna gorpuzten da. Tonu-aniztasun horrek erritmo bizia, azkarra eta urduria sorrarazten du, protagonistaren adierazpen hauek irudikatuz: “Galdua dut eserita patxadan egoteko ohitura” (Urretabizkaia, 1979, 43).

Beraz, nobelan esperimentalismoaren narrazio-teknika zenbait garatu dira: narrazio-estiloen nahasketa, hizkuntza erregistroen aniztasuna, narrazio linealaren haustura…

Narrazio-teknika horien erabilerak zenbait nobelagile europarren lana dakarkigu gogora: besteak beste, Virgina Woolf-en (1892-1941) nobelagintza. V. Woolfen nobela askok denbora tarte jakin batean gertaturiko istorioa kontatzen dute, eta nobelaren egitura pertsonaien ahots-sareek osatzen dute. Dena den, badago ezberdintasun handi bat Zergatik Panpox nobelan. V. Woolfen nobelagintzan ez bezala, Zergatik Panpox-en ez da ageri ia jendarteko espaziorik, nobelako pasarterik gehienak etxean gertatzen dira, espazio intimoetan. Salbuespen bakarra dago: ikastola ataritik lantokira arteko bidean eginiko gogoetak biltzen dituen atala. Baina, etxetik kanpo dagoen arren, ibilian egonda ere, ez dugu espazioen inguruko inolako erreferentziarik, ez dio amak erreparatzen inguruko espazioei, bere barne-mundura kateaturik dugulako. Jon Kortazarrek ere aipatu zuen deigarri zitzaiola amak lantokiko espazio eta denboraren berri eman ez izana (Kortazar, 1979). Bestalde, V. Woolfen nobelagintzan gertaera beraren inguruko ikuspegi anitz aurkeztu ohi dira, perspektibismoaren teknika erabiliz. Zergatik Panpox nobelan, aldiz, pertsonaia bakar baten gatazka kontatzen zaigu, eta ez dakigu gertaera horren aurrean zer den senarrak pentsatzen edo sentitzen duena, edo ama horren senitartekoek pentsatzen edo sentitzen dutena. Ikuspegi eta ikuskera bakar batetik kontatzen zaigu istorioa, amaren begietatik.

Gogoan izan behar da, lehenbiziko euskal nobela modernoak, Txillardegiren Leturiaren egunkari ezkutua (1957) nobela ezkontzaren ondoko bizimoduaz ari dela; era beran, nobela horretan kontatzen da Leturiak Miren andrea abandonatu egin duela. Baina, dagokigun honetan, ezkontideen arteko urruntzea eta emaztearen abandonua emakumearen ahotik kontatzen zaigu, eta abandonatuaren minaz eta sentimenduaz ari zaigu. 50eko hamarkadatik 70eko hamarkadara, dena den, gai hori jorratzeko moduan aldaketa handiak egon ziren Hego Euskal Herriko gizartean. Frankismoaren garaian ezkontideek ezin zuten ezkontza hautsi, Elizaren baimenarekin ez bazen. Garai hartan ezkontzaren instituzioak garrantzi eta pisu handia zuen, bai Frankismoaren gobernu-eran, bai Eliza Katolikoaren erroetan ere. Zergatik Panpox nobela argitaratu zen unean Franko hil berri zen (1976an hil zen), eta trantsizio-garaia bizi zuen Hego Euskal Herriak. Trantsizio-garai horretan Frankismoan erroturiko eta egonkorturiko hainbat diskurtso jarri ziren auzitan, horien artean, ezkontzarena. Emakumeek instituzio horretan zuten rol edo lekua ere jarri zen auzitan, 70eko hamarkadan indarra hartu zuten feminismoen eskutik. Dibortzioaren inguruko hainbat diskurtso sortu ziren, izan ere, Frankismoaren garaian dibortzioa ez zen legezkoa, eta dibortzioa legeztatzearen alde egiten hasi zen, besteak beste, mugimendu feminista. Zergatik Panpox nobelan dibortzioa legezkoa ez zen garai bateko egoera kontatzen zaigu.

Orain arte aipaturiko ezaugarrietan agerrarazi bezala, Zergatik Panpox nobela euskal literaturaren historian mugarri bilakatu da, hainbat eta hainbat arrazoirengatik. Lehenik, nobelan mamituriko idaztankeraren berritasunak izan du oihartzunik. Ahots-aniztasunak gobernatzen du nobela, eta ahots aniztasun horretan pertsonaiaren identitate-gatazka gauzatzen eta gorpuzten da. Bigarrenik, nobelak jorraturiko gaia ere aipagarria da, kontzientzia baten gatazka azaleratzen baitu nobelak, senarrak abandonatu duen emakume baten barne-gatazka edo identitate-gatazka. Hirugarrenik, Mari Jose Olaziregik (1999) modu argian adierazi bezala, nobela honen beste ekarpenetako bat, honako lelo honetan bildurikoa da: “Emakumearen ahotsa euskal eleberrigintzan gorpuztu zenekoa” (Olaziregi, 1999).

Zergatik Panpox nobelan gorpuztu zen lehenbiziko aldiz emakume-narratzaile baten ahotsa, eta eragin handiko gertaera izan zen horixe euskal nobelagintzan. Izan ere, ordura arte ez zen inoiz gorpuztu euskal emakume-narratzailerik (ez behintzat nobelagintzaren esparruan), eta Arantxa Urretabizkaiaren ekarpen horrek eragina izan zuen hurrengo urteetan idatzi zen nobelagintzan, eredu bihurtu zelako, emakume-narratzaileak sortzeko. Arrazoi horiek guztiak direla-eta, nobela honi kritiko literarioek harrera ona egin ez ezik, irakurleek ere harrera ona egin zioten. Horren adibide dira 80ko hamarkadaren hasierako berrargitalpenen kopurua: 1982 eta 1983an Hordagok berrargitaratu zuen, eta 1985ean Erein argitaletxeak berrargitaratu zuen. Film ere bilakatu zen nobela 1985ean, Xabier Elorriagaren zuzendaritzapean. Euskal irakurleen arrakasta hartu zen irizpide gisa nobela telefilm bihurtzeko, eta, ondorioz, gertaera horrek ere nobelaren hedapenaren berri ematen du.

BIBLIOGRAFIA

GUTIERREZ RETOLAZA, Iratxe (2002): Malkoen mintzoa. Arantxa Urretabizkaia eta eleberrigintza. Utriusque Vasconiae.Donostia.

KORTAZAR, Jon (1979). “Zergatik Panpox”. Jakin. 1979ko abendua.

OLAZIREGI, M. J. (1999): “Arantxa Urretabizkaia edo emakumeen ahotsa euskal nobelagintzan gorpuztu zenekoa”. Intimismoaz haraindi: emakumezkoak idatzitako euskal literatura. Oihenart. Cuadernos de lengua y literatura. 17. 39-62.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus