Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

USAURI (1931)

Agustin Anabitarte
Fco. Javier Rojo Cobos

Agustin Anabitarte (1891-1981) euskal literaturaren historian bazterrean geratu zaigun idazle horietako bat da. Nolanahi ere den, guztiz ulertezina gerta daiteke ahaztura hori, gure literaturan goraipatzen diren testu batzuk nolakoak diren kontuan hartuta.

Idazle donostiarrak 1931ean eman zuen argitara liburu moduan Usauri izenburuko nobela. Datak direla-eta zenbait nahasketa gertatzen direnez, komeni da kontua argitzea: liburuak 1929an Euskaltzaindiak antolatutako Schuchardt Saria irabazi zuen, eta hurrengo urtean zatika agertu zen argitaraturik Euskera aldizkarian; liburu formatuan 1931ean argitaratu zen. Argitalpenei buruzkoak bukatzeko, jakin bedi 1986an Anabitarteren euskal idazlan guztiak biltzen zituen liburuan ere agertzen zaigula eleberria (Anabitarte, 1986, 17-101).

Nobelan kontatzen diren gertakariak itsas giroko hiri asmatu batean (liburuari izenburua ematen dion tokian) kokaturik daude; eta, lehenengo begiratu batean, ohiturazko literaturarekin pareka daitekeen kontakizuna burutu zuen idazleak. Izan ere, pertsonaia batzuen gorabeherak kontatu beharrean, komunitate baten izaera deskribatu nahi zuen egileak; hala, ematen du egilea Txomin Agirrek gure artean abian jarritako literatur bideetatik zebilela. Gauzak horrela, eszena “tipikoak” (jaiak, esate baterako) aurkezten zaizkigu liburuan, eta idazlanaren alderdi deskriptiboa nabarmentzen da halakoetan. Iñaki Aldekoaren hitzetan:

“El temperamento narrativo de Anabitarte destaca en la descripción de determinados ambientes y personajes típicos.” (Aldekoa, 2004, 124)

Edonola ere, kontuan hartu behar dugu Aldekoaren hitz horiek idazlearen literatur produkzio orokorrari dagozkiola.

Begi bistakoa da Usaurin osagai kostunbrista agertzen dela, baina esan daiteke idazleak nobela bilakaera-prozesu baten barruan kokatzen duela, eta nobela modernoaren ezaugarri berezkotzat hartu izan diren beste osagai batzuk ere badirela idazlanean. Alde horretatik begiratuta, aipagarria da Jon Kortazarren ikuspuntua. Anabitarte Txomin Agirrerenaren moduko literatura kostunbristatik abiatzen da, baina, errealismora heltzea lortu ez bazuen ere, nobela lirikoaren edo modernistaren zenbait aztarna ditu. Anabitarteren nobeletan ez dago konflikto handirik. Hala ere, nobelaren modernizazio-prozesuan aipagarriak diren hainbat osagai ikusten ditu Kortazarrek Anabitarteren nobelan:

  • Narratzaile orojakilearen presentziarekin batera, narrazio objektiboaren aztarnak.
  • Pertsonaia-narratzailearen agerpena.
  • Narrazio maila desberdinenak nahastea, narrazio bat beste baten barruan sartzen baitu egileak.
  • Egileari buruzko erreferentzia ironikoak.
  • Diglosia.

Gisa horretako osagaiek adieraziko lukete, hortaz, liburua nobela modernoaren bideetan dela.

Dena den, eta Kortazarren iritziarekin jarraituta, badago puntu ahulik idazlanean. Batez ere bi aipa daitezke: kronologia lineala eta pertsonaien deskribapena.

Liburuak aurkezten dituen balioen artean idazkera ere aipagarria da. Donostiar eran idatzita, euskara errazean dagoela adierazten du Juan San Martinek. Bada, ildo horren, Mikel Mendizabalen hitz hauek ere kontuan hartzekoak dira:

“Anabitarteren prosa goi mailakoa da zentzu askotan. Idazkera airosaz gain, badu herri-hizkeraren biperrik berekin.” (Mendizabal, 1986)

Ez dugu ahaztu behar egileak ironia nola darabilen, Juan San Martinek adierazten duen moduan, Anabitarteren umorea Pio Barojarena bezain mina izan ez arren.

Idazleak istorioa aurrera eramateko egin behar duenaz jakitun zen idazlea, eta hau dio nobelaren azken atalaren hasieran:

“Irakurgai batek ez luke azkenik izango aria emanda-eman eta mendez mendeko, ordez ordekoekin jarraitu bear bagenuke. Eta baldin emen aipatutako orietara bakarrik meartu edo estutu bearko bagintzaie, orien il arteko gertaera ta egiteak emen kontatu bearko genituzke. Ta kondar guztiak aipatzekotan gure iturriko emana zikindu, jakingarrien atsegiña atsekabe biurtu ta gure irakurgaia nekagarria ta asperkorra. Orrengatik ez ditugu esan zer oartu ez duten askorik, eta bai, gure ustez, irakurleari atsegin lizaiokean askotxo; zer lasto, zer ale, irakurgaigiñek bae aundia bear. Bear aut eta gera akit, bear ez aut eta ken akit.” (Anabitarte 1986, 99)

Idazlearen funtzioa istorio baten kontu interesgarriak edo gailenak hautatzea da, kontatu gabe geratu behar dena alde batera utzita; izan ere, pertsonaia batzuen gorabeherak kontatzean, hainbat puntu bazterrean geratu beharrekoak dira, testua amaigabea izango ez bada.

Hala, Usauri bukatzean, jarrera hori mantendu zuen azken atalean, solte geratutako hariak ia irudi inpresionisten bidez amaituta. Horren lekuko dira azken esaldi hauek:

Protagonistetako bat guztiz mozkortuta dago, eta beste batek etxera eramatea erabakitzen du:

“– Zuek zerate gañeko emen gertatu danaz –esan zien–. Gizon hau oera daramakit.

“Mozkor-miñak jota oa-zapiak busti-busti egin zituen izardiz.

“Il egin zan.” (Anabitarte 1986, 101)

Horrela bukatzen da nobela, mozkortia lagun batek etxera darama, izerditan pasa du gaua, eta hil egiten da. Elipsi miragarri horretan porrotez porrot joan den bizitza oso bat laburbilduta egongo balitz bezala.

BIBLIOGRAFIA

ANABITARTE, Agustin (1986): Agustin Anabitarteren idaz lanak. CAP. Donostia.

ALDEKOA, Iñaki (2004): Historia de la literatura vasca. Erein. Donostia. 124-125. orr.

KORTAZAR, Jon (1986): “Anabitarteren lan osoa argitaratua”. Eguna. 1986/11/13 [Interneteko bertsioa: http://kritikak.armiarma.com/?p=3669].

KORTAZAR, Jon (1990): Literatura vasca. Siglo XX. Etor. Donostia. 95-97. orr.

MENDIZABAL, Mikel (1986): “Hauts zaharrak noizbehinka harrotu behar”. Argia. 1986/10/19 [Interneteko bertsioa: http://kritikak.armiarma.com/?p=3084].

OLAZIREGI, Mari Jose (2002): Euskal eleberriaren historia. Labayru. Bilbo. 60-61. orr.

SAN MARTIN, Juan (1986): “Hitzaurrea”. In Anabitarte 1986. 9-11.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus