Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

URTECO DOMECA GUSTIJETARACO VERBALDI ICASBIDECUAC (1816 eta 1818)

Pedro Astarloa
Miren Billelabeitia

Pablo Pedro Astarloa (1751-1821) apologiagilearen anaia nagusia zen Pedro Josek  ale bitan idatzi zituen berez izenburu luzeago bat  zuen lan hau: Urteco domeca gustijetaraco verbaldi icasbidecuac, ceinzubetan azalduten dan Erromaco Catecismua. Euretan aurquituco dabe Arima-zain euscaldunac, euren Elextar edo Feligresai predicadu biar deutzen icasbidia; Baita bere Cristinau euscaldunac cer jaquin, eta eguin biar dabeen. Dotrina laburren argitalpen edo berrargitalpenez gain, J. A. Mogelen Confesio ona-ren (1803) ostean, bizkaieraz argitaratu zen lehen erlijio liburua da, eta halaxe dio idazleak berak lehen alearen gomendio testuan: “ezta aguertu oraindio euzuqeraz, onelaco lanic.”

Berrogeita hamahiru azalpenez osaturiko lanak dogma eta moral gaiak garatzen ditu batez ere, baina ahalik eta erarik hurbil eta errazenean, argitasuna izaki ezaugarririk garrantzitsuena. Hori dela eta, gaiak adibide bizi eta errazez josita daude, herri xeheak eta baserritarrek berehala uler ditzaten. Adibideotan, beraz, herri xeheko bizilagunen arteko oker eta gaiztakeriak ematen dira, haiek erakarritako ondorio latzak agerian uzteko asmoz. Sineskeriei aurka egiteko asmoa ere begi bistakoa da, eta hala, ugariak dira arlo horri buruzko aipamenak.

Esan bezala, idazlana ale bitan banaturik dago. Lehen alearen hasieran balizko irakurleei zuzendutako gomendio testu bi ditugu: “Euscaldun arima-zain jaunai” eta “Cristinau euscaldunai”. Lehengoan, liburuaren zergatia eta helburuak adierazten ditu idazleak, eta horretarako Trentoko Kontzilioaren erabakia hartzen du abiapuntu legez:

“Neure  Jaun  veneragarrijac. Trentoco Batzar, edo Concilijuaren gurariric andijena izan zan, berac iracatzirico fede (…) guizon gustijen ezauerara eldu, eta gustijac eguijatzac euquitia (…)Icusiric cembat on ecarri leizan euzqueraz ifinirico Iracasbidiac, atzacabe andi bat emoten euztan (…) gueure errijetan bete baga egotiac. (…); eta alan azartu ninzan euzquerazco lan au artuten (…) Uste izan neban, mesede andi bat eguingo neutzela Arimazain euscaldunai (…) errazago izan leijen Jaiegun guztijetan prediquetia…” (Euscaldun arima-zain jaunai. 1816 1.orr.)

“Cristinau euscaldunai” izeneko bigarren atalean, beste helburu batzuk aipatzen ditu, kristau irakasbiderako lagungarri izan nahi zaie mezatara joan ezin dutenenei eta “arimazainei”, hots, beren menpean gaztelaniarik zein latinik ez dakiten langileak dituzten ugazabei:

“ugazaba eta nagusijac (…) iracurri eraso beijo liburu au iracurten daquijan bati (…) Au eguinagaz echadi, edo familijetan, eztira aurquituco aimbeste ez-jaquite (…), ceinzucaz ascoc eta ascoc eztauquez pecatutzat, pecaturic icaragarri, eta lotzagarrijenac…” (Cristinau euscaldunai).

Gomendio testuon ondoren “Sartaurria” izeneko hitzaurrea dator, berbaldi bitan garaturik. Bertan, liburuaren muinari heldu aurretik, aintzat hartu beharreko bi gairi ekiten die: “Cer dan Cristinauba, eta Curutze Santubaren ganian” eta “Cristinaubac Icasbide, edo Dotrina jaquiteco, daucan bihar, edo obligacinoiaren ganian”. Atal biok, ondoren datozenak bezala, zati bitan banaturik agertzen zaizkigu: alde batetik izenburuan aipatzen den gai edo galderaren azalpen zehatza dugu; eta bestetik, “Erasoguintza”, aurrean azalduriko gaiaren ezinbesteko garrantzia azpimarratzen du.

Sarrera bion ondoren “Icasbide edo Dotrina Cristaubaren lehenengo zati, edo partia”-ren azalpenari ekiten dio, hogeitalau ataletan zehar. Bederatzi atal erabiliko ditu “Credua” eta haren artikuluak azaltzen eta beste hamabost sakramentuak garatzeko. Hitzaurrean bezala zati bitan banaturik daude atal guztiak: azalpena eta “Erasoguintza”.

Azken sakramentuaren azalpenarekin batera ematen dio bukaera lehen liburuari 275. orrialdean. Amaiera legez aurkibidea eta akatsen zerrenda dugu, baina baita gehigarri bat ere, hain zuzen ere liburuaren izenburuan agertzen diren igandeetarako berbaldiak. “Urteco domequetaco” izenburuaz igandetarako sermoi legezkoak eskaintzen ditu igande bakoitzean irakurri behar den ebanjelio zatia zehazten delarik. Azken atal hori aurrekotik banaturik agertzen da. Idazleak berak jartzen dio amaiera lehen liburuari sakramentuen azalpenarekin, baina ez du aurkibidean jasotzen. Banaketa orrialdeen zenbaketan ageri da, erromatar zenbakitan emanik.

Antolaera bera du bigarren liburukiak. Hasieran eskaintza testua dugu, D. Francisco Longa eta Anchia-ri egina, haren tasun eta merezimenduak aipatzen dira, eta Kantauriko herriek erromatarren kontra izandako gudak gogoratzen dira, haren noblezia jatorria eta egite handiak azpimarratzeko, eta bidenabar, kantabrismoaren mitoa berritzeko. Ondoren, lehen liburuan bezala antolatutako ataletan, fede, itxaropen eta karitateaz ari zaigu, hurrengo hamahiru ataletan Jaungoikoaren aginduei buruz, eta ostean, bederatzi ataletan, elizako bost aginduei buruz. 290. orrialdean ematen dio bukaera bigarren liburukiari, baina ondoren, lehenengoan bezala, aurkibidea dator, idazlearen baimena eta akatsen zerrenda, eta igandetarako berbaldien gehigarria.

Hizkerari begiratu bat emanez gero, I. Sarasolak (1976:131) bigarren alean F. De Anchia eta Longa-ri eginiko eskaintzako hizkera ederraren balio literario handikotzat jotzen badu ere, berehala ikusiko dugu erraztasuna dela ezaugarririk azpimarragarriena. Argia da euskara ugariaren jabe dugula Pedro J. Astarloa, baina ez da berea oso hizkera landua: “Euzqueriari begiratuten bajaca, uste dot edocein  Vizcaico erritan aituco dala. Marquinacua da nire euzqueria, ainche aci ninzalaco” (Euscaldun arima-zain jaunai. 1816 3orr.). Ulergarritasuna du, beraz, kezkarik nagusiena: “Baderitzat, esacune bat, edo beste eztala erri gustijetan aituco, albuan ifinten deutzat beste ordeaco bat…” (op. cit.), nahiz eta batzutan bere anaia Pablo Astarloaren eragin nabaria izan, hark moldaturiko hitz berriak erabiltzen baititu. Dena dela, eta aipaturiko ulergarritasunaren izenean, “edo” loturaren gehiegizko erabilera agerian da, bere ustez ulergaitzak diren hitzen sinonimoak sartzeko, gaztelaniatik hartuak izanik ere: “Irudi bategaz au cerbait  azaldu, edo esplicaduco deutzubet” (“Urteco…” I alea, 44 orr.). M Zarateren ustetan (1970: 67) gehiegizko errepikapen horrek erraztu baino gehiago, etengabeko luzamendutan murgiltzen du irakurlea, testua gogaikarri egiteraino.

BIBLIOGRAFIA

ASTARLOA, Pedro (1816-1818): Urteco domeca gustijetaraco verbaldi ikasbidecuac…  Eusebio Larumbe. Bilbo

ALTZIBAR, Xabier (1992): Bizkaierazko idazle klasikoak. Bizkaiko Foru Aldundia. Bilbo.

SARASOLA, Ibon (1976): Historia social de la literatura vasca. Akal. Madrid.

ZARATE, Mikel (1970): Bizkaiko euskal idazleak. Derioko  Seminario Ikastetxea. Bilbo.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus