« TRAIZIOAK (2001) | UR UHERRAK (1993) » |
TXINDOR (1928)
Tolosan jaiotako Emeterio Arrese olerkariaen bizitzak (1869-1954) merezi du, bai, biografia bat, asko eta askoren gozagarri. Txindor izeneko olerki-liburuai lotu behar gatzaizkio oraingoan, halere. Gozagarritasunean, baina, ez da latengi eskasagoa.
Liburua idatzi zenerako, ez zen hain gaztea Arrese –berrogeita hemezortzi urte beteak, bai behintzat–. Horrek, halere, ez dio freskotasunik eta begirada ameskorrik kentzen bere olerkari-begiei (“[…] lehen bezin ameskor eta zaletsu ibilli” zela dio bere liburuaren hitzaurrean, Arrese, 1928). Egia da, agian, Santi Onaindiak baieztatzen duena: “Arrese’n bizitza etzan samurra izan. Ia beti garraztu xamar zebillen, bere poesi-lanetatik ere agertzen zaigunez. Gizartetik igeska lez ibilli zan, berez biozti ta adeitsu zalarik” (Onaindia 1974). Bihozberatasun eta adeitasun horiek dira, zorionez, behin baino gehiagotan olerkitxo hauetan antzematen direnak.
Bertsolaritza izan zen olerkira hurbiltzeko aurreneko abiapuntua (Pello Otaño bertsolariaren lagunmina izan zen eta berak bertsozaletu omen zuen Arrese –Onaindia 1974–). Berehala konturatzen gara horretaz, Txindor liburuko ahapaldi gehienak bertsolaritzan erabiltzen diren neurrikoak baitira, nahiz eta bestelako ahapaldi-ereduak eta neurriak ere baliatzen eta saiatzen dituen. Eduki narratiboa eta dramatikoa bertso-unitateetan egoki banatuta dago, ahapaldi edo bertso bakoitzak bere autonomia-karga izanik. Neurriak baldintzatzen du (edo ahalbidetzen), beraz, egilearen berbaldi estetikoa.
Txindor liburuko bertso eta olerkietan jorratutako gaiek argia ematen digute Emeterio Arreseren jardun poetikoaren inguruan. Hainbeste bidaiatu zuen gizon honek ezen herriminak jota agertzen baitzaigu bere olerki sentiberatsu eta kontenplatzaile askotan. Sorterria, bere gertuko mendiak, euskal itsas-bazterrak dira, alde batetetik, Arreseren konposizioetan ageri diren gaiak. Izadia eta izadiko elementuak –hegaztiak, txoriak, pinpilipausak, loreak, basoak…– egilearenaldarte poetikoaren konplize dira sarritan. Emetasunaren misterioa zenbait emakume-izentan ageri da sinbolizaturik: Maitiñe, Izartxune, Zorentxu, Maitagar… Amatasuna da, bestalde, emetasunaren beste alderdi bat, geldi ezinean dabilen marinelaren aberri halakoa, egilearen barreneko jarioaren gorengoa jotzen duena. Ezin dugu ahaztu Arreseri ama hil zitzaiola Ameriketan zegoelarik: “[…] il zan amatxo maitea non dan/ galdezka nabil aterik-ate;/ t’adur beltzaren zaunka larriak/ atalondotik uxatze’naute” (Arrese 1928). Bertsoetako ama, baina, ez da haragizkoa izango, soilik. Ama aberria izango da –garai harta bertso eta olerkietan Ama Euzkadi, edo gerotxoago Ama Euskerarengan pertsonifikaturik agiertuko zirenak–, benetako abertzaleren laguntzaren beharrean dagoena: “Arren! utzi ba/ zabarkeriak,/ eldu laster berarengana,/ gure laguntzaz/ alaitu bedi/ Amatxo maite laztana!”.
Ezin dugu albo batera laga, enkarguz edo –hileta bat zela, ezkontza bat zela, eta abar– egindako konposizioak. Arduraz eta karinoz urriak direnik ezin esan daitekeela aitortu behar dugu, egoeraren arabera ezberdintasunak badiren arren.
Elkarrekin harremanetan bizi ziren Pizkunde garaiko euskal idazleak, XX. mendearen hasierako hamarkadetan. Horren adierazle bat, beste askoren artean, “Agur Euzkadi” izenburudun konposizioa dugu. Urte gutxi batzuk geroago, Lauaxetak, fusilamenduaren zain zegoelarik, izenburu hori berori hautatu zuen poema zirraragarri bat izendatzeko. Emeterio Arreserengan berarengan ere orduko zenbait olerkari ospetsuren islak antzematen hasten dira. Lizardi eta Lauaxetaren ukitu existentzialista ez ote dagoen galdetzerik badago, adibidez: “[…] ta antxeta bezin larri/ biotzaren kai billa/ artega dabil/ gere gogoa […]” (Arrese 1928: 21); “[…] Illotzik dago lurra,/ oztaldea goibel,/ nere gogoa berriz/ erdi gaxo…, motel!” (Arrese 1928: 65).
Erromantizismo berantiarrak bizirik dirau, baina naturarekiko liluran edo “goi-behe” delako kontrajarpen ideologikoan. Euskal Herriko goi-alderdiak dira euskaltasunaren mamia edota esentziak (ohitura onak, “kutsatu” gabekoak…) ondoen gordetzen dutenak. Behekaldean, kaleetan, zonalde hiritarretan, ostera, galbidean omen zeuden hainbat joera on. Hara zer dion mendi puntan bizi den artzainak –letra lodia geuk markatua da–: “Mendiyan iñoiz aldarte txarrik/ ez det izan…, lasai nago;/ […] Txindiz aberats ez banaiz ere/ pozez nor aberatsago?; / atsegiñaren ezti jatorra/ an beau ez, emen dago” (Arrese 1928: 28);
Egilearen jarrera hedakorrak, orduko “oleskarien” joerei jarraiki, bertsoak deiadarrez, exklamazioz eta galdera erretorikoz jostera darama Emeterio Arrese, betiere patetismo horrekin irakurle euskaldunaren enpatia bilatu nahian, horri apelazioa egin gurean, euskal kuluturan oraintsura arte oso bizirik izan den ahozko estilo gertukoari eutsiz… nahiz eta ordurako gure inguruko literaturetan indarrik gabekoak bilakatuta zeuden: “[…] Itxaso zabal, Zurriol aundi,/ Alderdi-eder, bulebar, kaya…/ Tolosatikan zetorren mutil/ koxkor batentzat zer ikuskaya! […]” (Arrese 1928: 68). Olerkiarien alderdi dramatikoak ere badu zere zeregina patetismo horretan: batez ere, pertsonaien arteko elkarrizketetan, galdera-erantzunetan edo pertsonaien arteko interakzioan.
BIBLIOGRAFIA
ARRESE, Emeterio (1928): Txindor. Leizaola. Tolosa.
ONAINDIA, Santi (1974): Euskal Literatura III. Etor. Donostia.
« TRAIZIOAK (2001) | UR UHERRAK (1993) » |