« TESTAMENTU BERRIA (1571) | TXINDOR (1928) » |
TRAIZIOAK (2001)
Traizioak Iban Zalduaren (Donostia, 1966) euskarazko hirugarren ipuin-bilduma izan zen. Gaztelaniaz ere argitaratu ditu ipuin-bildumak. Euskaraz argitaratu dituen Ipuin euskaldunak (Erein, 1999), Gezurrak, gezurrak, gezurrak (Erein, 2000), Traizioak (Erein, 2001) eta Itzalak (Erein, 2004) ipuin-bildumak gaur egungo euskal ipuingintzaren adibide nabarmenak dira, oraingo narratiba laburraren elementu esanguratsu guztiak biltzen dituztenak, eta bide batez milurteko euskal narratibaren adibide adierazgarriak. Iban Zaldua genero honen defendatzaile sutsua dugu, maiz narratiba idazleen artean euskal ipuingile petoen gabezia salatu izan du.
Ipuin euskaldunak eta Gezurrak, gezurrak, gezurrak bildumetan jarritako bideari eutsiz, gai baten inguruko ipuin liburua idatzi zuen Iban Zalduak. Hala ere, horrek badu paradoxa handi bat. Izan ere, ipuin guztiak diferenteak dira, eta gero batu egin dira gai nagusi baten azpian. Gezurrak, gezurrak, gezurrak bildumako gai nagusi hori gezurrari buruz hitz egitea zen bezalaxe, honetan traizioari buruz hitz egiten da. Iban Zalduak dakarkigun beste paradoxa bat da lirismoaren aurka azaltzen duen jarrera. Hala ere, olerkigintza narratiboaren alde egiten du, eta bere paradoxa ipuin-liburuak poema bildumen erara moldatzean eta ipuinak poesiaren intentsitateaz idaztean datza.
Traizioak lanean ipuinak bost ataletan banatuta daude: “Errealismoari” (bederatzi ipuin), “Iraultzari” (zazpi ipuin), “Memoriari” (zazpi ipuin), “Aberriari” (zazpi ipuin eta remix bat), “Literaturari” (zazpi ipuin). Batzuk labur-laburrak dira, mikrorrelatoetarako joera handia erakusten dute. “Literaturari” atalekoak dira luzeenak, intentsitate gutxiagokoak badira ere. Bost atal nagusiok bidaia nostalgikoa osatzen dute, izan ginena eta izan gintezkeenaren artean. Idazleak garbi utzi zuen dakartzan traizioak txikiak direla, maila apalekoak eta egunerokotasunean gertatzen diren egoera arruntei egindako traizioak, “Aberria” eta “Iraultza” berba potoloak erabili arren.
Iban Zalduaren ipuingintza lanetan nagusi gertatzen dira postmodernitatearen hainbat ezaugarri. Nagusia subjektuaren neurrien galera litzateke. Ez dakigu nor garen, ezta ere zenbat pertsona bizi den gure barnean. Horixe da postmodernitateak azaltzen duen ezaugarririk behinena. Ez da bakarra, baina. Zehazgabetasuna, haustura, deskanonizazioa, pertsonaren nortasunaren deseraikitzea, errepresentazioaren ezintasuna, ironia, hibridismoa, inauteri zaletasuna, performanceen bidezko ekintzen nagusitasuna, eraketa eta inmanentzia ere aipatu beharko genituzke.
Iban Zalduak horietako asko darabiltza ipuinetan. Alabaina, pertsonaren nortasunaren ugaritasunaren ezaugarria da garrantzitsuenetarikoa. “Argazkia” deritzon ipuinean, “Memoriari” atalekoa, Rakelek, dei bat hartzeko edo egiteko zegoela, argazkiak bota ditu mahaiko kutxatik. Eta han iragana agertu zaio. Mikel —aspaldiko lagunak— eta biek ematen dute, Eñaut semearen gurasoak. Baina bat-batean telefonoak jotzen du. Eñaut poliziak eraman du, eta Rakel Mikelen telefonoaren bila aritu da, Eñauten betiko aita Mikel izan balitz bezala. Rakelek senarra eta adiskidea nahastu ditu idazleak. Horrela errealitatea nahasten da. Berdin gertatuko da espazioarekin (“Adurtzako auzoan”) eta denborarekin (“Saltzailearena”)., mugak ez dira inoiz finkoak.
Idazleak berak aitortzen duenez, Borges, Calvino eta Cortazarren ipuingintzaren eraginak ditu. Horiek denek errealismoak ezarritako legeen kontra jokatu izan dute.
Iban Zalduaren ipuinotan pertsonaia batek beste norbaiten izaera hartzen du, eta patuak aldatu egiten dira. Hala gertatzen da, esaterako, “Hiri-udalekuak” deritzon ipuinean. Protagonistak Aimar deitzen den ume baten tokia hartzen du, eta betiko hartu ere, ezen amak hartu eta berarekin eramango baitu, Aimar betiko bakarrik geratzen delarik. Honelako jokoak bizitzaren kasualitateez ari dira, edota bizitzak duen alde absurdua nabarmentzen dute. Irrazionalismo honetan pertsonaien istant txiki batzuk baino ez ditugu ezagutuko. Baina ipuina amaituta, susma dezakegu pertsonaien bizitza obsesiboak berdin jarraituko duela. Horrela, “Esnearena” deituriko ipuin batean ETAko atxilotuari bisita egingo dio unibertsitateko irakasle batek. Hark esnea har dezan gomendatzen dio tripako giharra indartzeko eta koipea galtzeko, eta pixkanaka-pixkanaka irakasleak presoaren tokia hartuko du, eta berriro bisitan datorkion irakasle bati esnearen erregimena gomendatuko dio, eta horrela gurpilak ez du etenik izango, behin eta berriro zikloa betetzera behartuta daude ipuineko pertsonaiak.
Bestalde, ipuin askok hitz egiten dute orainaz eta iraganaz, kolektibitatearen barnean gertatu izan diren aldaketez, eta batez ere aldaketa horiek pertsonen patuan izan duten eraginez. Esaterako, gure egoera politikoaren sinbolo nagusi gisa har genezake “Kronologia” ipuina. Bertan agertzen da denboraren poderioz nola okertu diren eta nola aldatu diren hiru adiskideren bideak eta bizitzak. Anderrek, Felixek eta Jaimek topo egin dute 1971ean udaleku batean. Harrezkero, hiru bide ezberdin hartuko dituzte. Ander borroka armatuari lotuko zaio eta atxilotuko egingo dute, borrokan jarraituko du bere semeak ere; Felix PP-n afiliatuko da eta autoaren azpian jarritako bonbaz hilko dute; Jaime irakasle izango da, Anderren semearen irakaslea izango da, berak bidaliko dizkio gutunak kartzelara borrokaren zentzua zein den galdetuz, baina ez du erantzunik jasoko.
“Kronologia” ipuinak hiru bide ezberdin eta puntu komun bat adierazten dizkigu: itz egin ezina, pertsonaien arteko isiltasuna eta biolentziaren simetria. Izan ere, azken horri bagagozkio, esanguratsua da joera simetrikoen aipamena. Batzuetan pertsonaia presoen aldeko kontzentrazioetara doa, beste batzuetan ETAren atentatuen aurkakoetara. Beste ipuin batzuetan gai bera jotzen da, batzuetan postmodernismoak berak dakarren indiferentziaren ikusmiratik, eta gehienetan ezintasunez. Isilik geratzea da ezintasunaren patua. Gai politikoak jorratzen dituenean badago sasoi zaharrak gogoratzeko ahalegin bat, eta badago ipuinotan nolabait “Euskadiko Ezkerraren nostalgia” dei genezakeen joera bat, “Trantsizioa”, “Materialismo historikoa” edota “Ospakizuna” ipuinek adierazten duten bezala.
Postmodernitatearen beste ezaugarri bat inmanentzia da, hots, transzendentzia falta: metafisika amaitu egin da, begirada baino ez da geratzen, babes ilun bat besterik ez. Iban Zaldua asko jolastu da inmanentziarekin. Eta hemen ere badira tentsio falta dutela diruditen ipuinak: “Transportes Louriño” edo “Droga” izeneko ipuina, berbarako. Inmanentziak, gertatutakoa kontatzen digun horrek, ipuina tentsiorik gabe uzten du, eta irakurleak irakurri badu ere, ez daki zer dagoen ipuinaren atzealdean, inmanentziaren beraren baieztapena ez bada. Inmanentzia landu izan duen literaturari ohiturazaletasun hiritarra deitu izan zaio, begirada hutsez ikusten diren gaurko elementuak deskribatzen dituelako. Ipuingintza mota horretan, bestalde, elementu dramatikoak ironiaz ikusteko joera handia izan da.
Iban Zalduaren pertsonaiak mundu arruntekoak dira, beharbada egilearen biografiarekin identifika genitzake batzuk (unibertsitateko irakasleak), egileak bere mundutxotik hurbil idazten duelako, eta bere hurbileko mundua fikziora ekarri duelako, errealitatea eta fikzioa nahastuz. Fikzioa eta errealitatea nahasteko joera hori bere-berea du egile honek, gezurraren eta egiaren arteko muga garbi geratzen ez delarik bere lanean. Fikzioaren eta errealitatearen mugak hautsirik daude, ez dago mugarik gezurraren eta egiaren artean. Esaterako, “Aitormena” ipuinak joko horretan hartzen du parte. Ez da erabat autobiografikoa, baina egiazko zertzeladak ipuinetan sartzea ez da bakarrik egiazkotasunaren mesederako baliabide bat, baizik eta jolas bat. Horrela, beste ipuin batzuetan, zenbait pertsonaiaren eta idazlearen bizitzaren arteko pasadizo antzekoak nabarmenak dira. Dela egilearen izena agertzen delako, dela EHUn lan egiten duelako, edo historia maite duelako, edo beste zerbaitengatik, aurreko liburua aipatzen da, edo norberearen lana. Hurbiltasuna da narrazio mota honen ezaugarri nagusia: hurbileko lagunak ditugu, gizaki arruntak… Hala ere, fantasia eta mundu liluragarriak tartekatzen dira mundu logiko horretan. Beste ipuin batzuetan jokoa eta parodia gailentzen dira, ematen du beti dagoela ipuinaren atzealdean norbait guri barrez, ironiaz beteta. Parodia da postmodernitatearen beste ezaugarri bat.
Oro har, Iban Zalduaren literaturan, norberaren bizitzaren inguruan sortzen den errealitatean maiz nahasten dira fikzioa eta errealitatea, beste errealitate bat sortuz, hipererrealitatea dei genezakeena.
BIBLIOGRAFIA
ZALDUA, Iban (2001): Traizioak. Erein. Donostia
??
??
??
??
« TESTAMENTU BERRIA (1571) | TXINDOR (1928) » |