« SANTA GENOBEBAREN BIZITZA (1868) | SATORRAK BAINO LURPEAGO (2000) » |
SARTU, KORRONTEA DABIL (2001)
Ixiar Rozasek 2001n eman zuen argitara Sartu, korrontea dabil liburua, narrazio-bildumaren eta nobelaren artean sailka daitekeen idazlana.
Rozasen idazlanek ezaugarri bereziak dituzte, idazlearen literatura definitzeko balio dezaketenak; bada, horietako batzuk liburu honetan agertzen zaizkigu era nabarmenean.
Lehenengo ezaugarria honelaxe labur daiteke: Ixiar Rozas gehienbat pertsonen arteko harremanez arduratzen da. Bere istorioetan ez dugu abentura berezirik ikusten, pertsonaiek ez dute balentria handirik egiten. Pertsonaiek nahikoa dute eguneroko bizitzarekin, eta eguneroko bizitza honetan pertsonaiek beste pertsonaiekin dituzten harremanak, askotan harreman afektibo direnak, dira idazlana mugiarazten duten ardatzak. Izan ere, esan daiteke gizaki arrunten kezkez aritzen dela Ixiar Rozasen literatura.
Testuinguru horretan, beste ezaugarri batekin egiten dugu topo: hain zuzen ere pertsonaien jokabideari dagokiona. Ixiar Rozasen literaturan pertsonaiak galduta daudela dirudi. Beste pertsonaiekin dituzten harremanak dira gertatzen zaizkien gauzarik inportanteenak, baina harreman horietan, askotan, pertsonaiek ez dakite nola jokatu, bakardadea beti baitago hor, zain. Egilearen narrazioetan agertzen diren pertsonaiek zerbait bilatzen dute, eta nolabaiteko bidaia batean sartuta daude, bidaia fisikoa zein barne-bidaia izan daitekeelarik; askotan erabaki beharrean aurkitzen dira pertsonaiak, baina ez dakite oso ondo zer gertatuko den erabakia hartu ondoren; bada, horra hor pertsonaien ziurtasun ezaren arrazoia.
Estiloa ere Rozasen ezaugarri berezien artean kokatu behar da. Izan ere, idazleak estilo-asmo nabarmena du, baina literatur hizkuntza arazo bihurtu gabe. XXI. mende hasierako euskal literaturan gertatu denari erreparatzen badiogu, ohartzen gara estilo neutroa nagusitzen ari dela, komunikabideetatik aterata dirudien estilo laua. Ixiar Rozasek, halako oinarri baten gainean (idazleak kazetaritza-ikasketak burutu ditu eta gidoigintzan aritua izan da) bere marka berezia utzi nahi izan du. Rozasena “estilo iradokitzailea” dela adierazi du Ana Urkizak (Urkiza, 2001), eta halaxe da: gauzak gehiegi azaldu gabe irakurleak asma ditzan uzten du, elipsia lagun; gauzak kontatzen ditu, baina ezinbestekoa da irakurlearen partehartzea idazleak uzten dituen hutsuneak, isiluneak, osa daitezen.
Horiexek dira Ixiar Rozasen literaturak lehenengo hurbilketa batean erakusten dizkigun ezaugarri orokorrak, eta Sartu, korrontea dabil liburua ezaugarri horien adibide hautatu moduan aurkezten zaigu.
Baina liburu horretaz hitz egitean, aldez edo moldez, aurre egin behar diogu literatura-generoaren aldetik aurkezten zaigun arazoari. Izan ere, liburu hau zer da: nobela ala narrazio-bilduma?
Arazoa izendapenean egongo balitz, ez litzateke benetako arazo izango. Baina kontu nominalista baino garrantzitsuago den gai baten aurrean gaude: arazoa ebazteak idazlanaren “oinarrizko unitatea” zein den zehaztera darama, liburua “oinarrizko unitatetzat” hartzen dugun horren arabera irakurtzen eta ulertzen baita.
Liburuaren jatorrian narrazio bat dagoela esan behar da, “Korronteak” izeneko ipuina. Idazleak narrazio horren bidez “Donostia Hiria” saria irabazi zuen 2001n. Bada, testu hori lehenengo atal moduan agertzen zaigu idazlanean.
Beraz, liburuaren jatorrian sari batean narraziotzat aurkeztu zen kontakizun labur bat dago. Liburuaren formak ere itxura hibridoa nabarmentzen du, liburuaren atal bakoitzak nobela-kapitulutzat zein narrazio soltetzat jotzeko ezaugarriak aurkezten baititu.
Ikus dezagun nola abiatzen den argumentua. Liburuaren lehenengo atalean (“Korronteak” izeneko atala, narrazio labur moduan “Donostia Hiria” saria irabazi zuena) zenbait pertsonaia aurkezten zaizkigu; pertsonaiok Parisera heltzen dira trenez. Testuan pertsonaia horien aurkezpena egiten zaigu: Abdou, Parisera aitaren bila doan afrikarra; emakume bat; musikaria… Momentu hori baino lehenago, pertsonaien artean ez dago inolako harremanik, kasualitatez elkartu baitira tren-konpartimendu berberean. Atal horretan pertsonaia desberdinak aurkezten badira ere, narrazioa Abdourengan zentratzen da. Geltokira heltzean, pertsonaia hori beldur da, paperik ez duenez gero, atxilotuko duten, baina konpartimentuan aurkitu duen emakumeak lagundu egiten dio ataka horretatik ateratzen.
Horixe da lehenengo atalean kontatzen zaigun istorioa. Hortik aurrera, pertsonaiak hirian galtzen dira, eta narrazioa hari desberdinetan zehar abiatzen da. Liburuaren atal desberdinek markatzen dute pertsonaien ibilbidea. Gauzak honela, atal batean Abdou lagundu zuen emakumearengan zentratzen da narrazioa; hurrengoa, aurreko andrearen senarrarengan; horrela, atal bakoitzak pertsonaia bat izango du erdigunean, ardatz-funtzioa betetzen.
Edonola ere, atalak lotuta daudela ematen du: izen bereko pertsonaiak agertzen zaizkigu, ezaugarri berak dituztenak; atal bakoitza protagonizatzen duen pertsonaiak harremanen bat dauka beste atal batzuetan agertzen direnekin; errepikatzen diren gertakari batzuk ere agertzen dira…
Baina kontuan hartu behar dugu testuan bertan idazleak ia ez duela atalen arteko loturarik azaltzen: gertakari xume bat, izen propio berbera errepikatzea, pertsonaia baten ezaugarri bat errepikatzea… horrelako gauzak agertzen dira. Irakurleak osagai horiekin atalen arteko loturak daudela suposatzen du, pertsonaia guztiak biltzen duen sare moduko bat osatuta; irakurleak atal guztiak lotzen dituen hari baten presentzia beharrezkoa du, nolabait, kontatzen dena ulertu ahal izateko. Adibide batekin azaltze aldera: lehenengo atalean, Abdou izeneko afrikarra agertzen zaigu Parisera heltzen, dagoeneko aipatu den bezala; azken atalean, afrikar bat geltokian dago Parisetik aldentzeko; eta irakurleak bi horiek pertsonaia bera direla suposatzen du, liburu osoari koherentzia eta batasuna bilatu nahirik. Idazleak harremanak iradoki baino ez ditu egiten.
Izan ere, argumentuaren aldetik liburua ez dago oso estrukturatuta, zeren praktikan ez baitago argumentu-hari bat liburuaren nondik norako osoa bideratzen duenik. Atalen arteko loturak ahul samarrak dira: kontinuitate hutsezko harremanak dira gehienbat, eta, atal bakoitzak, gehienez, beste atalak kokatzeko testuinguru-funtzioa betetzen du.
Gauzak honela, berriro ere lehengo galdera planteatzen zaigu: nobela ala narrazio-bilduma baten aurrean gaude? Ixiar Rozasen liburua mugan kokatzen da, erdibidean, eta bai batera bai bestera jotzeko arrazoiak daudela esan daiteke.
Izaera zehaztugabea du liburuak, eta izaera zehaztugabe horretan aurkitu behar da liburuaren balioetako bat, testua eraikitzeko bide horrekin liburuaren formak eta edukiak bat egiten baitute. Liburuak mosaikoaren itxura hartzen du, eta, bertan, aldi berean, atal bakoitzak berezko balioa du, osotasunaren ideia eskaini nahi digu. Hiria ere mosaikoa da, eta bertan agertzen zaigun pertsonaia bakoitzak istorio propioa du, besteen istorioekin ia erlaziorik ez duen bakardadezko istorio bat; baina, hala ere, pertsonaia guztiak elkartzen dituen harreman-sare batean bildurik agertzen zaizkigu denak ere.
Liburuko pertsonaiak naufragoak izango balira bezala irudika ditzakegu. Bizitzan naufragoak dira, eta atseden leku baten bila dabiltza. Baina hirira heltzen direnean, ez dira “leku” batekin topatzen, “ez-leku” batekin baizik, pertsonaiak heltzen diren hiria nekez deitu baitaiteke etxea. Etxearen bila dabiltza, baina bilaketa amaierarik gabea bihurtzen zaie, halako leku batera heldu direnean leku hori egiten ari diren bidaiako geltoki bat baino ez baita. Ia konturatu gabe, Ixiar Rozasen liburuan kontatzen dena giza-existentziaren metafora osoa bihurtu zaigu.
Pausaleku bila dabiltzan pertsonaiek lagun leial bat baino ez dute, bidaia osoan abandonatzen ez dituena: bakardadea bera. Pertsonaiak, azken finean, bakarrik daude, eta beste pertsonaiekin harremanak eraikitzea desiratzen badute ere, harreman horiekk azalekoak baino ez dira, eta pertsonaiei besteen muinera ailegatzea ezinezkoa gertatuko zaie. Pertsonaien asmoen gainetik, bizitzaren hari guztiak kontrolatzen dituen indar bat agertzen da, pertsonaien ahaleginak alferrikakoak direla erakusten duen kasualitate orokorra, kasualitatez elkartu eta banandu egiten baitira pertsonaiak.
Hiria, beraz, mosaikoa da. Baina puzzlea ere izan daiteke, pieza bakoitza oso ondo non kokatu behar dugun ez baitakigu. Baita labirintoa ere, bertan pertsonaiak erraz galdu baitaitezke. Pieza bakoitza bere tokian jarri ondoren, atal bakoitzak berari dagokion hutsunea betetzen duenean (pertsonaia bakoitzaren bizitza bere testuinguru orokorrean kokatzen dugunean), ordea, mosaiko edo puzzle horrek ez du irudi garden bat uzten.
Liburuaren bukaeran, pertsonaiak berriro ere geltokian agertzen direnean, hiritik alde egiteko, lehenengo pertsonan hitz egiten du narratzaileak (lehenengo atalean zeharka agertu zaigun musikariak); hitz hauek esaten ditu:
“[…] babesa eskaintzen digu hiriak, bakardade sakon horretan beste norbait bilatzeko beharra apalduz. […] bakarrik ez gaudelako espejismoan murgilarazten gaitu; espejismo goxo bezain maltzurrean, maltzur bezain gezurrezkoan.” (Rozas, 2001, 129).
Eta pixka bat beherago hauxe gaineratzen du:
“Kasualitateak nolabaiteko ordena ematen diote gure bizitzari, azpitik doan ordena, ikusezina, ulermenetik at geratzen dena eta geldiezina dena, bata bestearekin korapilatzen direlako.” (Rozas, 2001, 129).
Jarrera horiek zeharkatzen dute alderik alde Ixiar Rozasen liburua, eta bizitzaren aurreko jarreratzat hartu behar baditugu ere, liburua egiteko erabili duen modua ulertzeko ere baliagarriak zaizkigu hitzok. Pertsonaia bakoitza bakarrik dago, pertsonaia bakoitzak bere istorio propioa du, bere ipuina, beste era batez esateko. Isolatuta dago bere bakardadean. Baina, istorio hori beste istorio batekin dago harremanetan, harremana kasualitate hutsezkoa bada ere. Idazlearen funtzioa kasualitate hutsezko harreman horiei koherentzia minimo bat eskaintzea da, koherentzia hori itxurazkoa baino ez bada ere.
Ipuin-bilduma eta nobelaren arteko muga azaltzeko dialektika bikoitza erabili daiteke: alde batetik, zatien arteko dialektika; betetik, zatiaren eta osotasunaren artekoa. Baina dialektika bikoitz horrek berorrek balio du pertsonaiek metaforizatzen duten bizitza azaltzeko ere: pertsonen arteko dialektika, pertsona bakoitza istorio bat baita; pertsona bakoitzaren eta dena batzen duen kasualitatearen artekoa, kasualitate horrek istorio desberdinak lotzen dituen markoa eraikitzen baitu.
Azken finean, ordena bat bilatzen da kaosa diren gizakien bizitzetan.
BIBLIOGRAFIA
GUILLAN, Oier (2002): “Hiria pertsonek osatzen dute”. Gara. 2002/01/05
[Online bertsioa: http://kritikak.armiarma.com/?p=394].
JUARISTI, Felipe (2001): “Mugimendua eta maitasuna”. El Diario Vasco. 2001/12/01
[Online bertsioa: http://kritikak.armiarma.com/?p=367.
ROJO, Javier (2003): “En torno a la narrativa de Ixiar Rozas”. Quimera. 234 zenb. Iraila.
ROZAS, Ixiar (2001): Sartu, korrontea dabil. Erein. Donostia.
URKIZA, Ana (2001): “Begiradak”. Euskaldunon Egunkaria. 2001/12/29
[Online bertsioa: http://kritikak.armiarma.com/?p=390].
« SANTA GENOBEBAREN BIZITZA (1868) | SATORRAK BAINO LURPEAGO (2000) » |