Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

ROCK’N’ROLL (2000)

Aingeru Epaltza
Ur Apalategi

Aingeru Epaltza eleberrigile trebatua ordura arte zapaldu gabeko lurretan barna abiatu zen Rock’n’roll-ekin. Sasiak ere begiak baditik (1985) izeneko aurreneko eleberriarekin lehen karlistadaren garaiean giroturiko abenturazko intriga bizkorra landu zuen; Ur uherrak-ek (1993) errealismo gordin batetik gaurko nafar herrixka batean eman daitezkeen zenbait marjinazio egoera bortitz salatzen zituen, hats handiko lana osatuz; Tigre ehizan-ekin (1997), trinkotasuna bilatuz, aita-seme erbesteratu batzuen bizitzen paralelismoan oinarrituriko kontakizun labur bezain sinbolismoz betea eskaini zuen. Azken eleberri honetan, berriz, genero literatura landu du, literatura beltza –amerikar tradizioan oinarritua (ikus Raymond Chandlerri eginiko keinuak liburuan zehar)–, hori bai, umorez zipriztindurik. Paradoxa badirudi ere, bere burua dibertimentuzkotzat aldarrikatzen duen eleberri hau dateke autorearen obrarik anbiziotsuena. Hortik, behar bada, han eta hemen aitortu izan duen atsekabea liburuari eman zaion arreta eskasa dela-eta. Agian, euskal literatur sisteman umoreari loturiko edozerk pairatzen duen azpi ebaluaketa aipatuko beharko da egunen batean fenomeno horri, adibidez, azalpen bat emateko. Ezen, duda barik, Rock’n’roll-ek bai Aingeru Epaltzaren bibliografian bai azken aldiko euskal literaturaren ekoizpenean leku berezi bat merezi du, batez ere, beherago esango denez, autoreak bertan burutu duen sorkuntza estilistiko miresgarriagatik.

Eleberria, literatura beltzaren konbentzioei jarraiki, gorpu baten agerpenarekin (edo, kasu honetan, desagerpenarekin) hasten da. 1999ko agorril hasierako egun sargoritsuenetan gaude, zehazki esaten ez zaigun arren Iruñea oroitarazten digun hiri hustu batean. Edu Saragueta kazetari erdi frakasatua Josu anaia gaztearen etxean bizi da Kristina emazteak etxetik bota duenetik, eta astia hiriko taberna zornatsuenetan ematen du, alkohola lagun bakar duela, eta Unai semea tarteka baino ikusten ez duela. Abuztuaren 23an bukatuko den istorioari Fernando Soria “Ximurra” aspaldiko lagun talde edo koadrilako kidearen agerpenarekin ematen zaio hasiera. Garbitegi-kate baten jabe bihurtu den lagun burgestuak aspaldiko partez Edurengana jotzen du laguntza eske. Izan ere, Mediterraneo aldean familiarekin oporretan zegoela izeba hil eta maletategian sartu omen du, garraio kostuak ez ordaintzearren. Autopistako geldialdi batean maletategian zegoen guztia, gorpua barne, ostu diote. Lagun taldeko partaide guztiak –Karlos Ripodas “Charly” porro-moto-neskazale dirauena, Anjel Urtxipia “Ttipi” obserbatzaile misteriotsua eta Edu bera– “Ximurren” autoan elkartuko dira, rock musikaz hornituriko pertsekuzio sekuentzia bizitzeko. Hortik aurrera intriga korapilotuz joango da liburuaren 400 orrialdeen amaieran argitzeko. Edu kazetaria izanki, pausuz pausu jarraituko dugu inkesta, gorpu berrien agertzea, sekta sataniko batzuekiko sortzen den susmoa eta abar luze bat.

Generoaren arauak eta topikoak –hilketak, desagerketak, lapurrak, poliziak, kazetariak, mozkortiak, sektak, sexua, bortizkeria, traizioak, alkohola, suspensea hori guztia aurki daiteke eleberrian zehar– ondo barneratu ditu Epalzak lana hasi aurretik eta xehetasun gehienak arreta handiz zaindu ditu, hari gutxi utzirik zintzilik). Baina intriga ondo eramana badago ere laster antzematen da intriga “poliziakoa” bigarren planoko zerbait dela. Alfred Hitchcok maisuak zioenez, “Mac Guffin” hutsa dugu gorpuena, alegia, istorioa kontatzeko aitzakia bat. Epaltzari benetan interesatzen zaiona, agi denez, sasoiz kanpoko bigarren mailako hiri batek udako sapan izan dezakeen giro erdi lokartu erdi eldarniotsua da –atmosfera edo giro eleberritzat jo dezakegu Rock’n’roll–, edo lagun talde baten gorabeherak direla medio belaunaldi oso baten portreta egitea. Mac Guffin narratiboaren erabilpen horretan, beste gauza askotan bezala, Itxaro Bordak bere 90eko hamarkadako trilogia detektibeskoarekin egin duenarekiko antzekotasuna nabarmena da. Hala, Bakean ützi arte, Munduan bizi nizano eta Amorezko pena baño eleberrietan idazle baxenabartarrak, lehen pertsonan –Epaltzarenean bezala– eta euskalki periferikoen ekarpenaz bustitako oso hizkera pertsonalean bermatuz eramaten du ikerketaren kontakizuna, bidenabar, mundu edo mikrokosmo sozial marjinatu bat ezagutzera ematen duelarik. Bordarenean bezala, bestalde, Epaltzak hainbat digresio umoretsu edo sasi existentzialak luzatzen dizkigu testuan, intrigaren aurrerapausoak tantaka bezala, astiro-astiro, ezagutarazten zaizkigularik. Esaterako, liburuaren atal bakoitza hiruzpalau orrialdetaraino luza daitekeen Eduren gogoeta batekin hasten da, eta gogoeta honen ondotik baino ez diogu berriro, emeki eta ia oharkabean, helduko nobelaren hari nagusiari.

Digresio narratiboen irakurlearengandiko onarpenean datza, dudarik gabe, idazlearen erronka nagusia. Irakurleak digresiook dastatuko ez balitu eleberriaren porrota bainarik gabea litzateke. Baina, eta horretan asmatzen du Epaltzak, digresioei –eta oro har bigarren planoan aurkitzen diren elementu tematiko guztiei, hala nola Eduren emaztearekiko harremana, bere abstinentzia jasanarengatiko obsesio sexuala, zeina anaia gaztearen neskalagunekin apartamentua konpartitu beharrak areagotzen baitu, eta abar– agian intrigari baino zapore gehiago hartzen die azkenean irakurleak. Dibertigarriak suertatzen dira, zinez, hiriaren arima sentiarazteraino iristen diren digresioak, edota lehiakide ala adiskide dituen beste kazetariekiko gorabeherak (nabari da kazetaritzan lizentziatua den Epaltzak esperientzia pertsonalaren adabakiz osatu dituela zenbait pasarte).

Eta eleberriak ondo funtzionatzearen arrazoietako bat, nagusiena apika, autoreak liburu honetarako sortu eta erabili duen hizkera literarioaren sinesgarritasuna eta freskotasuna da. Besteak beste goi nafarrerari eta beste zenbait euskalkiri eginiko maileguei esker hizkera malgu eta ezin espresiboagoa osatu du autoreak, pasarte dialogatuetan batik bat txinpartak ateratzen dituena eta alboko hizkuntzetako argotaren inbidiarik ez duena.

Nobelaren “porrot” publiko-kritiko erlatiboa aztertzerako orduan hipotesi bat egitekotan, honako hau egingo genuke: belaunaldi baten erretratu autoironikoa egin nahi izan du Aingeru Epaltzak, eta gizonez bakarrik osaturiko talde antiheroiko bat da begien aurrean jarri diguna. Garbi dago nork bere buruari hazka edo kritika egitea ariketa masokista bezain atsegina bihurtu daitekeela idazle on batek heltzen dionean. Gertatzen dena da kritika edo kitzikapena besterengandik datorrenean, eskuarki gaizkiago onartzen dugula. Hain zuzen, nobelak eskaintzen duen emakumeen irudia –behar bada belaunaldi horren bizipen eta mundu ikuskera “mutilzaharristan” oinarritua– nahiko negargarria da, objektu sexual soil gisa –Josu anaiaren harrapakinak, zeintzuei Eduk kutsu sexualdun goitizenak ezartzen baitizkie– ala “etsai” inkordiatzaile modura –Eduren emazte Kristina edo Isabel Sanjosé kazetaria– erakusten baitira ia liburu osoan zehar. Eta gauza nahiko zabaldua da gaur egun euskal literaturaren irakurlegoaren gehiengoa, garai batean ez bezala, emakumeek osatzen dutela.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus