Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

POEMAGINTZA (1969)

Ibon Sarasola
Jon Kortazar

1969. urtean Ibon Sarasolak (1946) Lur argitaletxeko eta Gazte naiz tribunako partaideak Poemagintza liburua argitaratzen du. Berez, liburuak argi uzten duenez, parodiak eta ironiak marrazten du liburuaren alde nabarmenena. Poesia sozialaren aurrean jarrita, egileak poemak “eraikitzeko ” metodoa proposatzen du Erromantizismoak zabalduriko bideari ukazioa eginez eta bide berriak planteatuz. Poemaren lehen puntuan “Agroman” eraikin etxea aipatzen da, poemak eta etxeak era berean egingo balira legez. Garaiko aldizkari batek esan zuen moduan, “Joyce irakurri ondoren” egindako poema liburua ematen du, abangoardiaren bidetik doana.

Alde horretatik ulertu beharko lirateke testuan egiten diren zenbait berritasun testual: bakarrizketa askeak, molde berriko aipamen testualak… Tipografia molde desberdinen erabilera testuaren errepresentazio desberdinen agerbidea izango litzateke.

Egilearen zaletasun musikalak aztarna handia utzi du liburuan, estetizismoari bidea pixka bat zabalduz. Musika garaikidearen aipamenarekin garaiak erakusten zuen aldakortasunaren adierazpidea eman zuen Ibon Sarasolak lan honetan.

Prosaismoarekin batera, eguneroko arrunkeria antzeman izanik, Sarasolaren hizkuntza poetikoan nabaria da esperimentalismoan jarduteko gogoa. Liburua agertu zenean, polemika txiki bat sortu zen poemategiak omen zuen elitismo gogoa zela-eta.

BIBLIOGRAFIA

GARMENDIA, Elixabete (1977): “Egoerak eraginda literato”. Zeruko Argia. 766 zb. 1977-12-25. 19-22.

SAN MARTIN, Juan (1970): “Sarasolaren “Poemagintza” dala ta, Zotaletari erantzuna”. Anaitasuna. 1970-3-15. 6.

ZOTALETA, Eñaut (1970): “Ibon Sarasolaren “Poemagintza” dala-ta, zenbait eritxi”. Anaitasuna. 1970-2-28. 6.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus