Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

BACCHABUNDA (1993)

Luigi Anselmi
Jon Kortazar

Bacchabunda. Catulusen omenez (1993) Luigi Anselmiren estetikaren adibide ederra dugu. Luigi Anselmik (1954) erakutsia zuen poesiaren barnean bide berria egiten ari zela. Liburu honen bidez argitasuna lortu zuen estetikan. Txikitasunaren poesia eraikitzen duelarik, Anselmik iradokizunarekin lan egiten du, beti ere bertso lerro labur eta urrien bidez, bizitzari buruzko ikuspegi mingarria azaldu nahi du.

Liburuak epigramaren bidea jarraitzen du, poema labur bezain ziztadatsuen bidea. Ezaugarri estetiko bi darabiltza egileak: errealismo intimista dei dezakegun poesia joera, esan nahi da, norberaren esperientzia, norberaren bizitza, hartzen dela mundu ikuskera sortzeko oinarri gisa; eta klasizismoari egindako omenaldia. Katulo, poeta erromatarrak bere poesiaren bidez irriarentzako eta satirarentzako toki handia lortu zuen historian. Luigi Anselmik idazle horri egindako omenaldi gisa, tituluan haren izena jarriz. Baina bide klasiko horretan haratago doa, aipamen kulturalei toki asko emanagagatik.

Poesia honen teknika nagusia narratibitatea da: egileak kontatu egiten dizkigu bere eguneroko gertaerak, baina beti ere ekintza minimoari oinarri baino gehiago abiapuntu izatea eskatzen diolarik. Horrela, egunerokotasunari egindako aipamena berez bihurtuko da esperientziaren pausaleku, eta harago joanez, subjetkibizazioak, errealitatearen ikuskera pertsonalak, atea irekiko dio sinboloari.

Aukeratutako hiztegi zehatz bezain finak eta erritmo zainduak definitzen dituzte Luigi Anselmiren poemak. Baina joera horiek beti daude bizitzari buruzko iritzien menpe. Eman dezagun poeta ginebra edanez agertzen zaigula bere poema batean, eta horixe dela bere poesiaren abiapuntua, barrendik azalduriko esperientziaren bidez, ginebra hori bere egoeraren metafora bihurtzen du, bakartasunaren eta etsipenaren metafora. Sinbolizazio prozesua errealitatetik sortzen da, horren hausnarketa egiten den heinean.

Joera kulturalista indartua ere agertzen da liburuan. Alkohola, eta ardoa bizi minaren adierazgarri dira. Inoiz esan izan da joera hedonista agertu duela idazleak bere lanetan. Zentzu hori indartsuago adierazi du maite kantetan, edanari buruzko poemek, aldiz, etsipenaren sinbolo nagusi bihurturik agertu du liburuan.

Agian Jon Miranderen etorria sumatzen zaio zenbait testutan. Ardoa, maitasuna, adiskideen presentzia ahaztezina, bizitzaren irudi bohemioaren agerbidea… hona hemen liburuko zenbait gai tematiko errepikakor.

Baina Luigi Anselmik erabiltzen dituen gai nagusiak bizitzaren, heriotzaren eta maitasunaren inguruan kokatzen dira. Baina gai nagusi horietara egiten duen bidea ez da hitz klabez eta sentimendu tragikoz egindakoa. Hitz xumez eta larriz idatzitako poesiaren bidez, tratamendu apala egitea lortzen du Luigi Anselmik, egunerokotasunez betea, eta oso pertsonala, baina joera pertsonalaren azpian gorde du unibertsala izateko joera, sentimendu arrunta den neurrian.

BIBLIOGRAFIA

KORTAZAR, Jon (1997): Luma eta lurra. Euskal poesia 80ko hamarkadan. . Labayru-BBK Fundazioa. 569-584.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus