Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Kalkoen Behatokia

HITZAURREA

 

 

1. Testuingurua: UE08/05 ikerketa-proiektua (UPV/EHU)

Ikerketa-proiektu baten emaitza da Kalkoen Behatokia. Hain zuzen ere, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHUk) eta Euskal Irrati Telebistak (EITBk) finantzatutako ikerketa-proiektu honen emaitza: “UE08/05, Inguruko erdaren interferentzia eta kalkoak hedabideetako hizkeran (Interferencias y calcos de las lenguas vecinas en el euskera de los medios de comunicación)”.

 

Ikerketa hartan kalkoen ikuspegitik aztertuko genuen hedabideetako euskara. Alde batetik, argitalpen batzuetan bildu genituen ikerketa-proiektuaren emaitza teoriko zenbait (ikus beherago 3. UE08/05 ikerketa-proiektua (UPV/EHU): argitalpen batzuk). Beste alde batetik, testu eta adibide ugari genituen bilduak, eta bururatu zitzaigun aberasgarria izan zitekeela aztertutako testuetako adibide batzuk datutegi batean biltzea eta zabaltzea. Are gehiago, pentsatu genuen kalko multzo “itxi” bat baino emankorragoa gerta zitekeela datutegi bizi bat sortzea: behatoki bat, alegia. Hala sortu zen Kalkoen Behatokia.

 

2. Egileak

Hona hemen Kalkoen Behatokiaren egileak:

 

Xabier Alberdi —koordinatzailea— (UPV/EHUko Euskal Hizkuntza eta Komunikazioa saila)

Xabier Altzibar (UPV/EHUko Euskal Hizkuntza eta Komunikazioa saila)

Julio Garcia (UPV/EHUko Euskal Hizkuntza eta Komunikazioa saila)

Asier Larrinaga (EITBko Euskara Zerbitzua)

Josu Landa (Ametzagaiña)

 

Ikerlanaren hasieran, batez ere, UPV/EHUko Euskal Hizkuntza eta Komunikazioa saileko hiru irakasleok jardun genuen lanean, hedabideetako testuak aztertzen eta bibliografia arakatzen. Gero, behatokiaren ideia garatzeko orduan bereziki, Asier Larrinagarekin (EITB) jarri ginen harremanetan gure datutegiko adibide eta proposamenak elkarrekin aztertzeko eta adosteko. Josu Landari  (Ametzagaiña) zor diogu, azkenik, internetetik eskaintzeko eta kudeatzeko moduko datu-base hau prestatu izana. Funtsezkoa izan da UPV/EHUko Euskara Institutuaren lankidetza ere.

 

3. UE08/05 ikerketa-proiektua (UPV/EHU): argitalpen batzuk

4. Kontzeptuak: kalkoa, mailegua eta interferentzia

Ezinbestekoa da, aurrera egin baino lehen, kalkoaren kontzeptua zedarritzea, eta mailegutzatik eta interferentziatik bereiztea.

 

Mailegutza terminoak, adiera hertsian, kanpoko elementu —gehienetan, lexiko— baten transferentzia oso edo erabatekoa adierazten du; eta, beraz, kanpoko adierazle bat eta adierazi bat “inportatzea” edo hartzea esan nahi du (Gómez Capuz 1998: 18-43).

 

Kalko eta kalkatze terminoak, berriz, zentzu honetan erabiliko ditugu: kalkatzeak esan nahi du kanpoko elementu bat “itzulpen bidez kopiatzea” eta “ordeztea”; bestela esanda, imitazioz, eta hizkuntza hartzailearen adierazleak edo elementuak erabiliz, kanpoko hizkuntzaren elementu baten esanahia erreproduzitzea. Gai honi buruzko literaturan (Haugen 1950, Deroy 1956/1980: 223), honelako aurkakotasunen bidez aurkeztu ohi da mailegutza/kalkatzea kontzeptuen arteko bereizkuntza: inportatzea/ordeztea, mailegutza osoa/partziala.

 

Interferentziaren kontzeptua, berriz, zabalagoa da, Ipar Ameriketako hizkuntzalaritza-tradiziotik datorkigu eta hizkuntzen arteko ukipen-gertakarien berri emateko sortu zen. Estrukturalismoaren ikuspegitik, honela definizen du Weinreich-ek interferentzia (1953/1968/1974): “The term interference implies the rearrangement of patterns that result from the introduction of foreign elements into the more highly structured domains of language, such as the bulk of the phonemic system, a large part of morphology and syntax, and some areas of the vocabulary (kinship, color, weather, etc.)”.

 

Interferentziak, beraz, berregituratzea esan nahi du eta ez soilik inbentariora elementu solteak ekartzea: alde batetik, kanpo-elementuak transferitzen edo eskualdatzen dira hizkuntza hartzailera; bestetik, analogia dela medio, identifikatu egiten dira hizkuntza-sistema bietako elementu batzuk eta, identifikazio horren ondorioz, berregituratu egiten dira hizkuntza hartzaileko azpisistema batzuk. Izatez, termino neutroa da hizkuntzalaritzaren eremuan. Baina orobat erabili da interferentzia terminoa, beste ikuspegi batetik, hiztun elebidunen hizkuntza-gaitasun eskasari lotuta (García Yebra 1981: 353), eta, orobat, atzerriko hizkuntzen ikaskuntzaren eremuan, errakuntzaren ideiari lotuta (ikus Domínguez 2001).

 

5. Kalko motak

Kalkoei buruzko bibliografia aztertu ondoren, sailkapen hau proposatu genuen geure ikerlanerako eta Kalkoen Behatokian erabiltzeko (kalko mota bakoitzari buruz ikus Alberdi 2009, Alberdi 2010a):

 

1. KALKO SEMANTIKOA

kolpatu ("zauritu"):  atea kolpatu / atea jo

2. HITZEN JOSKERA: KALKO LEXIKO-SINTAKTIKOAK

Agurtzen naiz lagunengandik (gazt. despedirse (de)) / lagunak agurtu, lagunei agur esan…

3. HITZEN MORFOLOGIA: KALKO LEXIKOAK

3.1 Eratorpena

3.2 Hitz-elkarketa

3.3 Hibridoak (mailegua + kalkoa)

3.1. Emendakin (gazt. "enmienda") / zuzenketa

3.2. Errege katolikoak / errege-erregina katolikoak

3.3. Konposagile / konpositore, musikagile

4. KALKO MORFOSINTAKTIKOAK

4.1 Izen-sintagma

4.2 Aditza

4.3 Perpausa

4.4 Perpausaren mailatik gorakoak

4.1. Eduki desberdinak landuko ditugu. / Askotariko edukiak landuko ditugu.

4.2. Horma eusten du. / hormari eusten dio.

4.3. Ez zait ezer gustatzen filma. /
Ez zait batere gustatzen filma.

4.4. Kolpe bat eman zion, hilda utziz. /
Kolpe bat eman zion, eta hil.

5. KALKO DISKURTSIBOAK

5.1 Diskurtso-markatzaileak

5.2 Kohesioa

5.3 Bestelakoak

5.1. Hobe esan / Hobeto esan

5.2. 'Hemen' anafora gisa erabiltzea

5.3. (…)

6. HITZ MULTZO EGINAK EDO FINKATUAK: KALKO FRASEOLOGIKOAK

6.1 Lokuzioak

6.2 Kolokazioak

6.3 Hizketa-formulak eta paremiak

6.4 Bestelakoak

6.1. Guardia ez jaitsi / erne egon

6.2. Arreta deitu / atentzioa eman…

6.3.  (…)

6.4. Egitezko bikote / izatezko bikote

7. BESTELAKOAK

(…)

 

6. Kalkoen Behatokia datutegia

Jende askok besterik uste badu ere, lexiko-sorkuntzarako mekanismo emankor eta oparoa da, berez, kalkobidea edozein hizkuntzatan; are gehiago, beren terminologia garatzen eta normalizatzen ari diren hizkuntza gutxituen kasuan. Euskaraz, esate baterako, etengabe ari gara hitz eta termino berriak sortzen, eta haietako asko eta asko kalko bidez sortuak ditugu (ikus Alberdi 2009, Alberdi 2010a, Alberdi 2010b): bereziki, kalko semantikora, lexikora eta fraseologikora jotzen dugu euskarazko termino berriak sortzeko (hiztegi orokorrak eta bereziki espezializatuak arakatu besterik ez dago jokaera horretaz jabetzeko).

 

Nolanahi ere, oraingoz, kalkobideari zor zaizkion erabilera oker eta dudazkoak baizik ez ditugu bildu kalkoen behatoki honetara, datutegiaren izen generikoa gorabehera (Kalkoen Behatokia deitu diogu, eta ez, esaterako, Kalko Okerren Behatokia).

 

Izan ere, euskara etengabe aldatzen eta garatzen ari den honetan, zailtasun handiak ditugu askotan, berria begitantzen zaigun erabilera jakin bat kalkotzat jotzeko. Eta are zailtasun larriagoak, erabilera berri horietako batzuk okertzat jotzeko. Hots, nahiz eta kalkobidez sortuak diruditen erabilera badaezpadakoak ditugun aztergai, zuhurragoa iruditu zaigu Kalkoen Behatokia izen zabalagoaz bataiatzea gure datutegia.

 

Gure iritziz, Kalkoen Behatokia izen generikoa hobeto uztartzen da datutegi honen “espirituarekin”. Izan ere, zentzu zabal batean izan nahi dugu arauemaile: hots, debekatzaile izateko baino areago, bide-erakusle izateko asmoz osatu dugu tresna hau, ‘euskara hobean, hobe’ irizpide zuhurraren arabera.

 

Beraz, gure datu-basean hitz edo esapide bat gorriz agertzeak ez du esan nahi, nahitaez, erabilera hori gaurko euskara estandarrean okertzat hartu behar denik, dudazko zenbait erabilera ere markatu baititugu gorriz (esaterako: hau erakuslea balio anaforikoz erabiltzea; bere balio anaforikotik kanpo erabiltzea; adibideak emateko bezalako erabiltzea…). Gainera, askotan (‘baimendu/aukera eman, modua egin’ fitxan, adibidez) testuinguru jakin bati loturik ulertu behar dira gure zalantzak eta hobetzeko proposamenak.

 

Bestalde, hobetzeko proposamen gisa ulertu behar da gehienetan fitxa guztietan ematen den testu hobetua, eta ez irtenbide bakarra balitz bezala. Betiere, kalkoaren iturria hedabideetako albistegiak izan zein ikasliburuak izan, euskara zaindua dugu ikusmiran, eta erregistro hori gogoan dugularik egiten dugu kasuan kasuko proposamena.

 

Fitxa bakoitzean sei eremu hauek ageri dira:

 

KODEA: fitxaren kodea

KALKOA: aztergai dugun kalkoaren adierazpen laburra

HOBETZEKOA: hobetzeko testua

HOBETUA: testua hobetzeko proposamena

KALKO MOTA: kalkoen sailkapena (ikus gorago: 5. Kalko motak)

AZALPENA: arazoaren adierazpen laburra

 

Iturri nagusi hauek erabili ditugu kalkoen datutegia osatzeko: a) EITBko albistegiak (irratikoak, telebistakoak eta eitb.com web-orrikoak); b) zenbait estilo-liburu (EITBren Euskarazko albistegietarako esku-liburua II, Berria egunkariaren 2006ko Estilo liburua, Juan Garziaren Kalko okerrak, Gotzon Garateren Erdarakadak…).

 

Estilo-liburu horien erreferentzia, beraz, 'hobetua' eremuaren hasieran jarri dugu. Ezer ageri ez bada, testua hobetzeko proposama Kalkoen Behatokiko lantaldearena da. Adibidez:

 

KODEA

1098

KALKOA

X (galdegaia) da + erlatiboa (mintzagaia) [gazt.: es X el que / el que... es X  (fokua adierazteko)].

HOBETZEKOA

Hasi baino ez da egin sagardotegi denboraldia, eta dagoeneko pertsona asko dira Astigarraga aldera jo dutenak.

HOBETUA

Hasi baino ez da egin sagardotegi denboraldia, eta dagoeneko jende askok jo du Astigarraga aldera.

KALKO MOTA

4.4. KALKO MORFOSINTAKTIKOAK - Perpausaren mailatik gorakoak

AZALPENA

• Ikus EiTB: Euskarazko albistegietarako esku-liburua (II) (Hikea): 2.3.5  AHOLKUA: Informazio berria galdegaiaren lekuan jartzen da

 

Azalpenaren eremuan, ahal dugun guztietan iturri fidagarri(ago)etara edo fitxa didaktikoagoetara bidaltzen dugu irakurlea, azalpenak lehen eskutik irakur ditzan. Adibidez:

 

KODEA

1027

KALKOA

bezala konparaziozko esaldietatik kanpo: ... soldadu bezala joan...

HOBETZEKOA

Soldadu bezala joan zen.

HOBETUA

[Juan Garzia: Kalko okerrak, 73. or.] • Soldadu joan zen.

KALKO MOTA

4.4. KALKO MORFOSINTAKTIKOAK - Perpausaren mailatik gorakoak

AZALPENA

• Ikus Juan Garzia: Kalko Okerrak (73-74. or.)

• Ikus EHULKUren aholkua: Bezala ustela

 

Gehienetan, arazo bakoitzaren adibide adierazgarri bat ematen da datutegian. Hala ere, zenbait auzitan (esaterako, “bezala konparaziozko esaldietatik kanpo” aztergaian) kalko berari dagozkion fitxa bat baino gehiago sartu ditugu, arazoaren kasuistikaren adibide adierazgarriak eskaintzearren.

 

‘Behatokia’ izena du datutegiak. Eta, hain zuzen ere, asmo horrekin sortu dugu datu-basea: alegia, datutegia elikatzen segitzea da gure asmoa. Alde batetik, datutegia fitxa berriekin osatu nahi genuke. Beste aldetik, irrikitan gaude datutegiaren erabiltzaileen iritzi, ohar eta ekarpenak (kalko berrien adibideak, esaterako) jasotzeko, ondo asko baitakigu zer orraztu ugari dagoela fitxetan. Hain zuzen ere, horretarako jarri dugu ‘Iradokizunak’ izeneko esteka, irakurleekiko harremana bideratzeko.

 

Ohar bat, azkenik, amaitzeko. Gorago adierazi dugunez, askotan zaila da erabakitzen hitz, esapide edo egitura bat kalkoa den; eta are zailagoa da erabakitzen ‘kalko okerra, desegokia edo badaezpadakoa’ den. Bigarren arazoari dagokionez, gehienetan euskararen gramatikan, literatura-tradizioan eta gaurko zenbait estilo-liburutan oinarritu gara proposamenak egiteko. Dena dela, zenbaitetan irizpideok ez dira erabakigarriak esapide berri batzuk balioesteko, eta halakoetan “garbizaletasun-irizpideen” gainetik gaurko erabilera zaindua izan dugu gidari (gaurko idazleak eta gaurko hiztegiak, besteak beste): esaterako, nahiz eta estilo-libururen batean ‘Akilesen orpo’ eta ‘kiroltasun’ hitzen ordez, hurrenez hurren, ‘ahulune’ eta ‘kirol-lege’ proposatu diren, gaurko prosan eta hiztegietan ageri diren esapideak dira ‘Akilesen orpo’ eta ‘kiroltasun’, eta horregatik erabaki dugu horrelakoak gure datutegitik kanpo uztea. Alegia, burujabetasunez (euskararen legeetatik) jokatzea eta albo-hizkuntzekiko alferrikako mendekotasuna saihestea dira oinarrizko irizpideak, baina baita kalko funtzionalak onartzea ere eta orobat —zuzentasuna eta egokitasuna gorabehera— erabilera zainduan zabaldu direnak.

 

7. Kalkoei buruzko bibliografia

Deroy, L., 1956/1980, L´emprunt linguistique, Paris.

Domínguez Vázquez, M.J., 2001, “En torno al concepto de interferencia”.

Euskal Herriko Unibertsitateko Euskara Zerbitzua, 2006-2009, Ehulkuren aholku guztiak

Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila, 2002, Terminologia-lanaren metodologiako eskuliburua, Eusko Jaurlaritza, Vitoria-Gasteiz.

Garate, G., 1988, Erdarakadak, Gero-Mensajero, Bilbo.

Garzia, J., 2005, Kalko okerrak, Eusko Jaurlaritzaren Argitapen Zerbitzu Nagusia: Vitoria-Gasteiz.

García Yebra, V., 1989, Teoría y práctica de la traducción, Gredos, Madrid [2. argitaraldia].

Gómez Capuz, J. (1997): ‘Towards a tipological classification of linguistic borrowing (illustrated with anglicisms in Romance languages)’, Revista Alicantina de Estudios Ingleses 10 (1997): 81-94 (13/01/2010)

Gómez Capuz, J. (1998): El Préstamo Lingüístico. Anejo nº XXIX de la Revista Cuadernos de Filología. Valencia, Universitat de València.

Gómez Capuz, J. (2000): Anglicismos léxicos en el español coloquial. Cádiz, Servicio de Publicaciones de la Universidad de Cádiz.

Gómez Capuz, J. (2005): La Inmigración Léxica. Madrid, Arco/Libros.

Gómez Capuz, J. (2009): ‘El tratamiento del préstamo lingüístico y el calco en los libros de texto de bachillerato y en las obras divulgativas’, Tonos. Revista Electrónica de Estudios Filológicos nº 17, Universidad de Murcia (21/12/2009)

Gusmani, R., 1981, Saggi sull´interferenza linguistica: volume primo, Casa Editrice, Florencia.

Gusmani, R., 1983, Saggi sull´interferenza linguistica: volume secondo, Casa Editrice, Florencia.

Haugen, E, 1950, “The Analysis of Linguistic Borrowing”, Language, 26, 210-231.

Höfler, M., 1989, “Le traitement des emprunts par substitution léxematique dans la léxicographie historique française”, Traveaux de Linguistique et de Philologie, XXVII, Strasbourg-Nancy, 115-125.

Humbley, J., 1974, “Vers une typologie de l´emprunt linguistique”, Cahiers de léxicologie, 25, 46-70, Didier Erudition,

Lázaro Carreter, F., 1981, Diccionario de términos filológicos, Gredos, Madrid. [3. argitaraldia]

Lewandowski, T., 1986, Diccionario de lingüística, Cátedra, Madrid.

Lewandowski, T., 1990, Linguistisches Wörterbuch, I-III lib., Quelle und Mayer, Heidelberg [5. argitaraldia].

Lorenzo, E. (1996): Anglicismos hispánicos, Madrid, Gredos.

Olmo del, C., 1999, “Oratoria, akatsak, itzulpengintza eta kalkoak”,  Senez 21.

Payratò, Ll., 1984, “Barberismes, manlleus i interferències. Sobre la terminología dels contactes interlingüístics”, Els Marges, 32, 45-58.

Payratò, Ll., 1985, La interferència lingüística (comentaris i exemples català-castellà), Curial / P.A.M.: Barcelona.

Rodríguez González, F. (2005): “Calcos y traducciones del inglés en el español actual”. En Fuertes Olivera, P. Lengua y sociedad. Investigaciones recientes en lingüística aplicada. Valladolid, Universidad de Valladolid, 177-191.

Sala, M., 1998, Lenguas en contacto, Gredos: Madrid.

Terminologia Batzordea (Euskararen Aholku Batzordearen Terminologia Batzorde-atal Berezia), 2004, “Maileguak eta kalkoak terminologia-lanean”.

UZEI, 2002, Terminologia-lanaren metodologiako eskuliburua, Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, Vitoria-Gasteiz.

Weinreich, U., 1953/1968/1974, Languages in Contact: Findings and Problems, Mouton: La Haya. (Lenguas en contacto. Descubrimientos y problemas, Universidad Central de Venezuela, 1974).

Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus