Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Birformulazioa eta birformulatzaileak diskurtsoan

Miren Azkarate
HAIN ZUZEN (ERE)

1. aurkibidera joan Saila > azpisaila

birformulatzailea > zehaztailea

2. aurkibidera joan Balio oinarrizkoa

Haren bidez sartzen den elementuak (dela enuntziatu osoa, dela enuntziatu zati bat) aurreko segmentu baten edukia zehazten du. Zehaztapen-birformulazioan, atal birformulatzaileak ez du baliogabetzen birformulakizunean emandako informazioa, egiazkoa eta zuzena baita informazio hori, baizik eta osatu egiten du, edo xeheki adierazten.

Argiagotu nahi den aurreragoko diskurtso atalari ‘birformulakizun’ esango diogu, eta azalpen berriari ‘atal birformulatzaile’ edo, oro har, ‘birformulazio’. Diskurtsoaren harian birformulazioa geratzen da indartuta edo nabarmenduta; beraz, hura hartu behar da aintzat eta ez birformulakizuna.

(2.1)

Ezkondu zenean, 1968an -hogeita zortzi urte zituen-, munduari itzulia ematera joan zen emaztearekin, eta umetatik zeukan desira bat bete zuen: Kilimanjarora igotzekoa, hain zuzen [[EPD lib.], Antropologo bat Marten, Oliver Sacks / Xabier Olarra (EHU, 2003) Orr.: 58]

Birformulakizuna

Umetatik zeukan desira bat

Azalpena: atal birformulatzailea

Kilimanjarora igotzekoa, hain zuzen

Esatariak, zehaztu gabe, modu orokorrean formulatzen du birformulakizunean adierazitako kontzeptua (umetatik zeukan desira bat) eta han adierazitako ‘desira’ zein zen zehazteko, atal birformulatzailearen bidez beste bat txertatzen du diskurtsoan (Kilimanjarora igotzekoa).

adibide gehiago:

(2.2)

Hori hala bada, neurri batean, Chomskyk XX. mendeko bizitza intelektualaren oinarri bati eraso egin diolako da; hain zuzen ere "Gizarte Zientziaren Eredu Estandarra" deritzonari, zeinaren arabera inguruko kulturak moldatzen baitu giza psikea. [[EPD lib.], Hizkuntza-sena, Stven Pinker/Garikoitz Knörr (EHU, 2010) Orr.: 16]

(2.3)

Planetak ez ziren zirkuluak eginez higitzen, elipseak eginez baizik; erdigune Eguzkia zuten elipseak eginez, hain zuzen [[ZIO] Loroaren teorema, Denis Guedj/Jon Muñoz, (EHU, 2005) Orr.: 174)]

(2.4)

Solairu nagusiko erdiko balkoiaren burdinlanak forma nabari-nabari bat erakusten du behatzaile artatsuarentzat: helize bikoitz bat, hain zuzen [[ZIO] Formen matxinada, Jorge Wagensberg / Juan Garzia (EHU 2007) Orr.: 289]

(2.5)

Chicago-ko Unibertsitatean eginiko ikerketa batek Darwin-en eboluzioari buruzko hipotesietako bat baieztatu du: hain zuzen, ugaltzeko beharra eta presioa direla eboluzioaren motoretako bat [[ZTC] Gene sexualak azkarrenak, “Berriak labur”, Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkaria, (2000)]

(2.6)

Beharrezkoa denean, konbertsio-faktore bat aplikatuko da, balio esperimentalak beste balio batzuetara estrapolatzeko, hain zuzen ere materialak edota produktuak egituran edo lurrean duten portaera adierazten duten balioetara [[EHU] Eraikingintzaren Kode Teknikoa,

3. aurkibidera joan Balioak eta erabilerak

3.1. Zehaztapena: aurretik esandakoa, zehatzago emanaz, birformulatzea, modu batera baino gehiagotara gerta daiteke.

3.1.1. Multzo zabal baten barruan multzo zehatzagoa ezartzen du birformulazioak.  Inklusio erlazioa dago bi atalen artean (ikus 2.3. adibidea):

(3.1)

Algoritmo hau estatistikan oinarritzen da, Bernoulli-ren probabilitate banaketan hain zuzen ere [ZTcorpusa, Ikasteko gai al dira robotak?, A. Zelaia Jauregi (Elhuyar Fundazioa, 1995), aldizkari artikulua]

(3.2)

Kolorearen ikerketa fisiologikoaren muga, gaurdaino, ikusmen primarioan koloreekiko sentibera diren sistemetan dago, V1 eta V4ko korrelazio landiarretan hain zuzen ere [ZIO, Antropologo bat Marten, Oliver Sacks / Xabier Olarra (EHU, 2003), Orr.: 58]

3.1.2. Modu orokorrean formulatua dagoen leku edo uneari edo erreferentzia zehatza ematen dio birformulazioak. Halakoetan ere inklusio erlazioa ikus daiteke birformulakizunaren eta atal birformulatzailearen artean:

(3.3)

Atzo arratsean, seiak eta zazpi minutu gutxitan hain zuzen, aintziraren ertzean paseatzen ari ginen, zuk ondo dakizunez; platano.bidean zehar genbiltzan, Casa Sommariva-tik beherago, hegoalderako bide hartuta [EPD-liburuak, Parma kartusia, Stendhal/Jon Muñoz (Elkar/Alberdania, 2007), 11. orrialdea]

(3.4)

Aurkikuntzarik interesgarriena, ordea, gero etorri zen; hain zuzen ere, haurrek debeku hori nola berengana zezaketen aztertu zuenean Gordonek [EPD-liburuak, Hizkuntza-sena, Steven Pinker/Garikoitz Knörr (EHU, 2010), 154. orrialdea]

(3.5)

MIRek inork pentsatu baino denbora gehiago eman du espazioan, aspaldi igaroa baitu bere iraungipen-data ofiziala; 1991. urtean, hain zuzen [ZTCorpusa, MIRek 14 urte eta bizirik, (Elhuyar aldizkaria, 200)]

(3.6)

Ez zuen esangura berezirik izan espainiarren konkistan, eta, 1655etik aurrera, uhartea Britainia Handiaren eskuetara igaro zen. Bestetik, Kuba Kolonek aurkitutako lehendabiziko uharteetariko bat izan zen, eta beste edozein kolonia baino luzaroago egon zen espainiarren eskuetan, 1899ra arte, hain zuzen ere [EHU, Hiri-formaren historia Industria Iraultza arte, Anthony E.J. Morris (EHU, 2010), 9. kapitulua]

Denbora-erreferentzia zehazten du hain zuzen lokailuak (3.3.) - (3.5.) adibideetan. Hurrenez hurren, atzo arratsean denbora-tarte zabalagoan zehazki zein ordutan ari ginen paseatzen adierazten du atal birformulatzaileak; edo gero zein aspaldi adberbioek adierazten duen etorkizuneko/iraganeko tarte zabala, menpeko denbora-perpaus baten bitartez mugatzen du birformulazioak. Beste horrenbeste ikus dezakegu (3.6.) adibidean ere.

(3.7)

New revelation of the Americans before Columbus liburuaren berri ematen zuen. Granta Books-ek argitaratua, London, 2005. 480 orrialde. Autorea: Charles C. Mann. Ez bat eta ez bi, erostera joan nintzen Antiguara. Hain zuzen, flandriar emakume batek daraman Caxtoan liburu-dendara, berau ingelesezko liburuetan espezializatuta dagoenez [EPD-lib. Horretaz, Txillardegi (Elkar, 2007), 84 orrialdea]

(3.8)

Oraintxe noa, ba, Alemaniara, Branderburgera, hain zuzen, zu askorik entusiasmatzen ez zaituen jardun intelektual batera [EPD-lib. Olatu bat kuartelen gainetik, Xabier Amuriza (Lanku, 2009), Orr.: 135]

Denbora-erreferentzia zehazteaz esan duguna hitzez hitz errepika daiteke adibide hauetan ere lekuari aplikatuaz. Leku-erreferentzia zehazten du (3.7) adibidean atal birformulatzaileak:  Antigua auzoaren erreferentzia, liburu-denda jakin batera mugatzen du. Beste horrenbeste gertatzen da (3.8.) adibidean birformulakizuneko Alemaniara eta birformulazioko Branderburgera enuntziatu-atalen arteko erlazioan.

3.1.3. Birformulakizunak gertakari, objektu, hipotesi bat edo batzuk aipatzen ditu modu zehaztu gabean, -enuntziatu-ataleko bat edo batzuk determinatzaileak dira horren erakusgarri-, eta atal birformulatzaileak zehaztu egiten du zein den gertakari, objektu, hipotesi hori. Izendapen funtzioa du halakotan birformulazioak (Robles 2012): erreferentzia zehatza emanaz kontzeptu bakarrera mugatzen du birformulakizuneko adierazpide zabalagoa (ikus 2.2 eta 2.4. - 2.6. adibideak):

(3.9)

Demagun erreakzio bakar bat gertatzen dela; ur-gasaren erreakzioa, hain zuzen ere [EHU. Kimika fisikoa, Robert J. Silbey et al. (EHU, 2006), 5. kapitulua]

(3.10)

Ekuazioak errazago uler daitezke erreakzioetako pertsonaietariko bakar bati erreparatuz gero: lehen ekuazioan agertzen den kloroari, hain zuzen [ZIO, Eder behar du, Graham Farmelo / Fernando Morillo. (EHU, 2009), Orr.: 192]

(3.11)

Eginkizuna betetzeko, oroimeneko nolabaiteko erregistro batekin alderatu behar zuten partaideek diapositibako letra: hain zuzen ere, letra zutik dagoenean duen itxuraren bertsio arruntaren erregistroarekin, [EPD-lib., Hizkuntza-sena, Steven Pinker/ Garikoitz Knörr. (EHU, 2010), Orr.: 74]

3.1.4. Beste batzuetan birformulazioak pertsona edo objektu baten izen propioari dagokion informazioa emango digu; hau da, pertsonak edo objektuak identifikatzeko balioa du. Estatu Batuetako mediku ospetsu hori edo Belgikako izen alaiko geologo hori nor diren identifikatzen du atal birformulatzaileak hurrenez hurren (3.12) eta (3.13) adibideetan. Eta (3.14)k, berriz, zer izen eman zioten lehenengo satelite artifizialari:

(3.12)

Produktu horien sorrera Estatu Batuetako mediku ospetsu bati zor diogu, John Harvey Kellogg jaunari, hain zuzen ere [ZTCorpusa, Gosariko zerealak, Arantza Lorenzo & Ane Miren Uranga, (Elhuyar aldizkaria, 2002)]

(3.13)

Kretazeoa (kretaren latinezko izenetik) Belgikako izen alaiko geologo bati zor diogu, J.J. d’Omalius d’Halloy-ri, hain zuzen [EPD-lib., Ia denaren historia labur bat, Bill Bryson / Ixiar Iza. (Elhuyar, 2009), Orr.: 83]

(3.14)

Baino, nahiz eta abiadura hauek oso handiak izan, gizakiak abiadura askoz handiagoko aparailuak asmatu ditu. Lehenengo satelite artifiziala, Sputnik izenekoa, hain zuzen, ia 8 kilometro segundoko, hots, 28.000 kilometro orduko baino handiagoko abiaduraz jaurti zen [ZTCorpusa, Abiadurak eta abar, Luis Bandres, (Elhuyar aldizkaria, 1998)]

Birformulakizuneko bi elementuak identifikatzen ditu (3.15) adibidean ere atal birformulatzaileak:

(3.15)

Material berria gain-beroketaren aurrean erantzun adimentsua eman dezaketen bi elementuren nahasketan oinarritzen da, poli (propilen oxido) aren eta estireno eta 2 hidroxietil metakrilatozko kopolimeroaren nahasketan hain zuzen [ZTCorpusa, Eguzki-paneletarako material berria, (Elhuyar aldizkaria, 1995)]

3.1.5. Enumerazioa ere izan daiteke birformulakizunak adierazitakoa zehazteko bidea, aurreko atalaren edukia zein elementuk osatzen duen zerrendatzea:

(3.16)

Orrialde bat zen hondatuena: Ruche jaunak Pitagorasen bizitza, haren bidaldiak, Sibarisera iritsi zenekoa, Krotonan egoitza hartu zuenekoa deskribatzeko erabili zuena, hain zuzen [ZIO. Loroaren teorema, Denis Guedj/Jon Muñoz (EHU, 2005), Orr.: 131]

(3.17)

Ondoren datoz Lyellen epokak -Pleistozenoa, Miozenoa eta abar-, azken 65 milioi urteei soilik aplikatzen zaizkienak (nahiz eta paleontologiari dagokionez jarduera handiko urteak diren), eta, azkenik, azpimultzo xeheenak ditugu, hain zuzen, estaiak edo adinak [EPD-lib, Ia denaren historia labur bat, Bill Bryson / Ixiar Iza, (Elhuyar, 2009) Orr.: 84]

(3.18)

Antzinaroko lehen inperioak eta haien aurreko gizarte primitiboak, oro har, merkatua ezagutzen zuten arren, bestelako oinarrien arabera zeuden antolatuak, elkarrekikotasunean, birbanaketan eta autarkian hain zuzen ere [EPG-lib, Ekonomiaren globalizazioa, Jacques Adda / Koro Navarro, (EHU, 2004) Orr.: 18]

3.1.6. Birformulakizunak adierazitakoa zehatza izan daiteke eta, halakoetan, beste xehetasunen bat ematen du atal birformulatzaileak, kontakizunaren harirako garrantzitsua den daturen bat gehitzen du:

(3.19)

Hala ere, sarjentuak luzaz galdekatu zituen bi zerbitzari bakarrak (Rosannaren salbuespena eginda) etxekoandrearen neskamea eta etxeko neskame burua izan ziren, beren lankide dohakabea etxera iritsi zen egunetik bertatik hura zirikatzen jardun zuten bi emakume haiek, hain zuzen [EPD-lib. Ilargi-harria, Wilkie Collins/Anton Olano (Elkar-Alberdania, 2008), Orr.: 203]

(3.20)

Amuriza ez zaio ari, Uztapide ari zen bezala, “aita” arketipokoari kantari, bere aita konkretu eta bakar horri baizik: Xabier Zamorako espetxean zela hil zitzaion harexi, hain zuzen [EPD-lib. Bat-bateko bertsolaritza, Joxerra Garzia/Andoni Egaña/Jon Sarasua (Bertsozale Elkartea, 2005), Orr.: 151]

(3.21)

Beste batek, berriz, itsasontzi bat hartu zuen errentan, Krotonara joateko; Pitagorasen hirira, hain zuzen [ZIO, Loroaren teorema, Denis Guedj/Jon Muñoz (EHU, 2005), Orr.: 133]

(3.22)

Erosketako gurditxoan sartu ditu produktu ekologikoak, eta hogeita hamar solairuko etxe-orratzerantz abiatu da, supermerkatutik gertu dagoen etxebizitza berrirantz, hain zuzen [EPD-lib, Istripuak, Agustin Arrieta Urtizberea (Alberdania, 2008), Orr.: 105]

(3.23)

Sukaldera jaitsi, Betteredge andrea besoetan hartu -amultsuki,jakin-, eta ez bat eta ez bi han eraman nuen etxeko gelarik onenera, andreak lagunei harrera egiteko erabiltzen zuen salara, hain zuzen [EPD-lib, Ilargi-harria, Wilkie Collins / Anton Olano (Alberdania, 2008), Orr.: 105]

Hurrengo bi adibideetan, ostera, gertakari bat -katolikoen arteko batasuna edo auziaren inguruan lehen ikerketak- une jakin bati, urte zehatz bati lotzen zaio; urte hori zein izan zen adierazten du birformulakizunak. Atal birformulatzaileak, berriz, urte horretan gertatutako beste zerbait adierazten du, aurreko perpausean esandakoa ulertzen lagunduko diguna. Areago, aurreko perpausean adierazitakoaren zergatia edo kausatzat har daiteke birformulazioa; erraz erabil dezakegu izan ere diskurtso-markatzailea hain zuzen (ere)ren ordez (3.24) eta (3.25) adibideetan, edo kausa adierazteko beste egituraren bat (bait-, -(e)lako). Zalantza egin daiteke egiaz birformulazio zehaztailea erakusten duten ala esplikatiboa:

(3.24)

Hartarako saialdi bat egina zen 1910 inguruan, Canalejas Giltzarrapoaren legeari kontra egitearren, baina katolikoen arteko batasunik handiena, 1931n lortu zen; hain zuzen ere, Errepublika aldarrikatzeak auzitan jarri zuenean katolikoek aldezten zuten ordena politikoa [EHU. Euskadi eta Nafarroa XX. mendean, Jose Luis de la Granja et al. (EHU, 2010), 11. kapitulua]

(3.25)

Fiskaltzak eta gurasoen akusazio partikularrek arduradun bakoitzarentzat hiru urteko espetxe zigorra eskatu zuten. Defentsak, ordea, errugabetzeko eskatu zuten. 2003. urtean hasi ziren auziaren inguruan lehen ikerketak. Hain zuzen, guraso talde batek Gasteizko Adingabeen Fiskaltzara jo zuenean [EPD-prentsa, Berria, 2007-01-23]

3.1.5. Definizio zehatza ere eman dezake atal birformulatzaileak, birformulakizuneko neologismo, arkaismo edo adierazpide metaforikoren baten definizio zehatza:

(3.26)

Tenperatura baxuko konposatu kimikoen erregina, ura, hain zuzen, biak ere (eta bat bereziki) oso ugariak diren elementu jakin biren erreakziotik dator: oxigenoa eta hidrogenoa [ZIO, Formen matxinada, Jorge Wagensberg / Juan Garzia (EHU, 2007), Orr.: 78]

Berdintasun balioa dugula esan dezakegu; ez da aurretik esandakoa zehazten, aurretik esandakoaren ordez zehatzagoa, murritzagoa den zerbait gaineratzen. Eta hala den heinean, hau da, hots birformulatzaile esplikatiboen pareko balioa hartzen du hain zuzen ere lokailuak, birformulatzaile zehaztaileena baino areago.

3.2. Ohikoa ez izan arren, adibide batzuetan biformulazio zehaztaile baino areago, laburbiltzailetzat har daiteke hain zuzen (ere) lokailuaren balioa:

(3.27)

Cécile, hemezortzi urteko neska atsegin eta argia literatura-ikaslea, piano-jotzaile bikaina, zure intereseko pertsona mota, hain zuzen [EPD-lib, Ikusezin, Paul Auster/Oskar Arana (Alberdania, 2009), Orr.: 179]

3.3. Bai birformulakizuna eta bai atal birformulatzailea perpaus beregainak direnean, lehen perpausean esandakoa berresten du, oro har, birformulazioak.

3.3.1. Lehen perpausean baieztapen orokorra egiten da ‘multzo’ batez; oroitzapen multzoaz ari da (3.28) adibidea eta multzo horretatik oroitzapen bat atera eta horretaz jarduteko bide ematen du atal birformulatzaileak. Iganderoko gertakariak aipatzen ditu (3.29)k eta hurrengo igandean ere berdin gertatuko dela berresten du birformulazioak.

(3.28)

Aro heroiko baten moduan oroitzen nuen hura guztia: une saminak eta une pozgarriak, betiere bizi-indarrez eta itxaropenez gainezka, borborka; zerbait egiteko gogo hura, bihotz-zabaltasun hura, arrisku hura, eta umore hura, txokolatea bezalakoa. Hain zuzen ere, gogoan iltzaturik dut batzar haietako bat; benetan bitxi eta umoretsu hasi zen. [EPD-lib., Hauts bihurtu zineten, Juan Kruz Igerabide (Alberdania, 2005), Orr.:148]

(3.29)

Axolarik ez halere, igandero etortzen baitira hainbat talde, batzuk urrutitik gainera, han goitik ikusten den panoramaz gozatzera, baita pozik asko itzuli ere nor bere herrira. Hain zuzen, heldu den igandean, eguraldiak eusten badio, jende asko topatuko zenuke han, Erregute eguna baita [EPD-lib., Denbora galduaren bila I. Swann-etik, Marcel Proust/Joxe .Austin Arrieta, (Alberdania-Elkar, 2010), Orr.: 153)

3.3.2. Birformulakizunean adierazitakoaren aldeko argudioak emanaz berresten da, beste batzuetan, lehen perpausean esandakoa. (3.30) adibidean sorgailu guztiek parte ez hartzea berretsi eta indartu egiten du birformulazioak sistemetako batek ere ez duela parte hartzen baieztatuaz:

(3.30)

Automatikoa da hori ere; eta ez dute sorgailu guztiek parte hartzen, hain zuzen ere, auzokoen sistemetako batek ere ez du parte hartzen [EHU, Energia elektrikoaren sistemen analisia eta operazioa, Antonio Gómez Expósito (EHU, 2010) 1. kapitulua]

(3.31)

Aurrealdeko gelan prestatzen zuten janaria, Ekialde Hurbileko gaur egungo jatetxeetan bezalaxe; hau da, sukaldea ikusteko moduan egoten zen beti. Denda arrunta saltoki txikia zen; hain zuzen ere, irekitzen zen “leiho” batek eta ate batek osatzen zuten aurrealde osoa, eta horien atzean, biltegia zegoen, salgaiak pilatzeko [EHU, Hiri-formaren historia Industria Iraultza arte, Anthony E.J. Morris (EHU, 2010), 1. kapitulua]

(3.32)

Herri gogoak dinamikoak dira, zalantzarik gabe; hain zuzen, beraiek dira dinamismoaren iturriak historian, kulturan (EPD-lib, Volksgeist-Herri gogoa. Ilustraziotik nazismora, Joxe Azurmendi (Elkar, 2007), Orr.: 105)

(3.31) eta (3.32) adibideetan esan daiteke aurretik esandakoa indartzera datorren birformulazio horretan, hain zuzen (ere) lokailuaren balioa gertu dagoela izan ere kausazko lokailuarenetik. Argudioa indartzen dugunean erraz uler daiteke aurretik esandakoaren, egindako baieztapenaren zergatia ematen ari garela. Antzeko balioa antzeman daiteke beste adibide hauetan ere:

(3.33)

Orain dela 28.000 urte neanderthaldarrak desagertu zirenean, Homo sapiens-a ez zegoen bakarrik. Hain zuzen, beste gizakume batzuekin batera bizi ziren gure planetan [EPD-lib., Horretaz, Txillardegi (Elkar, 2007) Orr.: 125]

(3.34)

Aquarius zilborreste luze batek lotzen du itsas azalera eta bertan dagoen buiak airez zein elektrizitatez hornitzen ditu ur azpiko biztanleak. Aquarius eta kontrol-zentroen arteko komunikazioa etengabekoa da eta ezbehar larriren bat egonda ere urpekariek badute non babestu. Hain zuzen ere atari hezearen ondoan egoten den eraikin txiki eta txuria Aquarius-ekiko independentea da eta ikertzaileek babesleku gisa erabiltzeko diseinatuta dago. Ez badirudi ere, sei pertsona lasai eserita egoteko lekua dago bertan eta etengabe aire freskoz horniturik dago [ZTCorpusa, Aquarius: itsas hondoetako espazio-estazioa, Eider Carton (Elhuyar aldizkaria, 2000)]

(3.35)

Mundu-ekonomiaren truke-sarean txertatzeko duen modu bereziak definitzen du periferia, edo, zehatzago, mundu-ekonomia horretan nagusi diren herrialde boteretsuenek eragindako lanaren nazioarteko banaketan txertatzeko duen moduak. Garrantzitsua da, hain zuzen ere, periferiaren kontzeptua trukera ez mugatzea. Lanaren nazioarteko banaketa -zentroko eta periferiako eremuen artekoa -, ez da mundu osoko baliabide naturalen edo hornigai-baliabideen banaketa aleatorio baten emaitza hutsa; izan ere, hornigaiguneen eta merkaturatzearen kontrolak eta zentroaren periferiako ekoizpenen gainekoak badute eraginik banaketan [EHU, Ekonomiaren globalizazioa, Jacques Adda / Koro Navarro (EHU, 2004) Orr.: 49].

(3.36)

Esate baterako, P. falciparum bizkarroiaren metabolismoa ulertzea lortu ez badute ere,baliteke haren kontrako estrategia berriak diseinatu ahal izatea. Hain zuzen ere, elikadura-bakuloetan parte hartzen duten bost proteina identifikatu dituzte, eta ustez inhibitzaile espezifikoen bitartez blokea daitezke [ZTCorpusa, Malariaren errudunen genomak agerian, Ana Galarraga & Gillermo Roa (Elhuyar aldizkaria, 2002)]

(3.37) adibidean, berriz, eroankortasun elektrikoaren tarte zabala ideia indartzen du birformulazioak; baina berreste horretan birformulakizunak adierazten duenaren ondoriotzat har daiteke atal birformulatzailean esaten dena:

(3.37)

Material solidoek eroankortasun elektrikoaren oso tarte zabala dute, 27 magnitude-ordenatik gora hedatzen dena; ziurrenik, ez dago halako aldakortasun handirik duen beste propietate fisikorik. Hain zuzen ere, material solidoak sailkatzeko modu bat oinarritzen da korronte elektrikoak eroateko duten gaitasunean; sailkapen horretan, hiru multzo bereizten dira: eroaleak, erdieroaleak eta isolatzaileak [EHU, Materialen zientzia eta ingeniaritza, Jr. Callister, D. Williams et al. (EHU, 2011) 18. kapitulua]

Labur bilduz, birformulatzaileak aztertu dituzten autoreek (besteen artean Barandiaran et al. 2011; Robles 2012) aipatzen dituzten balioak har ditzake hain zuzen (ere) lokailuak gure corpusean ere: izendapena, definizioa, laburbiltzea, enumerazioa, balio-indartzailea. Baina guztien artean nagusia 2.ko adibideetan eta 3.1.ekoetan ikusten dena da: birformulazio zehaztailea, alegia.

4. aurkibidera joan Balio diskurtsiboa: enuntziazioa

Enuntziatzaileak bere aurreko adierazpenaren orokortasunari antzemanda, birformulazioaren bidez informazio zehatzagoa ematen du: oro har, zehaztapen bat gaineratzen du haren bidez.

5. aurkibidera joan Balio diskurtsiboa: informazioa

3. puntuko adibideetan ikusten denez, aurreko enuntziatuan esana zehazten den heinean, beti ematen da informazio berria, dela identifikazio bidez, dela denominazio bidez, dela enumerazio bidez. Nabarmenduta edo indartuta geratzen da hain zuzen (ere) birformulatzaileak txertatzen duen iruzkin edo informazio argigarria (birformulazioa). Sartzen duen informazio zehatzaren oinarri erabil daiteke aurreko enuntziatuan adierazia.

Informazio zehatzagoa ematea galdegaitasunarekin lotua dago askotan. Aurreko enuntziatuko galdegai ez oso zehatzari eransten zaio informazio gehigarri konkretuagoa. Halakoak dira (2.1.) - (2.5) adibideak, edo (3.1), (3.2), (3.4) - (3.6) eta beste asko ere.

Beste batzuetan, aldiz, mintzagaiari informazioa eransteko ere baliatzen da hain zuzen (ere): ikus (3.3), (3.8) edo (3.26).

6. aurkibidera joan Balio diskurtsiboa: argumentazioa

Aurreko enuntziatuan esandakoaren aldeko argumentuak emateko baliatzen den bigarren enuntziatu edo perpaus bati sarrera eman diezaioke hain zuzen (ere) diskurtso-markatzaileak (3.28) - (3.37) adibideetan ikusten den moduan.

7. aurkibidera joan Forma eta jatorria

Haren genitiboaren kontrakziotik dator diskurtso-markatzaile honen lehen osagaia [Mitxelena, Fonética Histórica Vasca, OEH], erkaketaren oinarria agerian azaltzen ez denean erabiltzen dena (Euskaltzaindiaren Hiztegia).

Jatorriz konparazio adierazten duen Hain zuzen egiturak diskurtso-markatzaile balioa hartu zuen XIX. mendearen erdi aldetik aurrera. Ugaritu egin da diskurtso-markatzaile honen erabilera XX. mendearen erdi aldetik aurrera [OEH].

8. aurkibidera joan Aldaerak

Hain xuxen (batez ere Iparraldeko testuetan).

Ere lokailuaz lagunduriko hain zuzen ere egiturak diskurtso-markatzaile balioa hartu zuen Hegoaldeko testuetan XX. mendearen hasieran [OEH].

9. aurkibidera joan Baliokideak

Guztizko baliokide ez izan arren, gainerako birformulatzaile zehaztaileek ere -zehazkiago, zehatzago esanda, zehazki- ordezka dezakete hain zuzen (ere) diskurtso-markatzailea, beti ere aurretik esandakoa zehazten duenean (ez argudio-indartzaile balioa duenean).  

10. aurkibidera joan Euskal gramatikak

Kausazko lokailua (EGLU III, 1990:25).

Bi perpaus elkarrekin lotzen dituen gailu gramatikala, perpaus elkartu bat sortzen duena, eta bigarren perpausa aurrekoaren zergati edo kausatzat hartu behar dela adierazten duena. Kausazko lokailuen zerrendan aipatu baino ez da egiten, berariaz aztertu gabe.

Funtzio determinatiboa: konkrezioa (Agirre, Gramatika deskriptiboa, 964-965):

Maila bereko lotura gauzatzen duen koordinazioaren barruan, funtzio determinatiboa bereizten du Agirrek, diskurtsoaren harian enuntziatua graduaturik ezartzeko baliatzen duguna; eta, honen barruan, konkrezioa. Hor kokatzen du Agirrek hain zuzen ‘elkartitza’, “nabarmentzeko edo konkretatze balioz markatzeko hitz aurkezle”en artean. Bi balio ematen dizkio diskurtso markatzaile honi: a) zehazketa kutsuko lotura adieraztea, enuntziatu hasieran doanean eta enuntziatuaren amaieran ageri denean ere “arestiko jardunari zehaztapen gisa elkartzen zaio, nabariki”; b) enuntziatu barnean azaltzen denean, predikatu atal nabarmenen bat markatzen du; enuntziatua diskurtso osoaren barnean aparteko arretaz nabarmendurik kokatzen da.

11. aurkibidera joan Euskal hiztegiak

[Orotariko Euskal Hiztegia —OEH—: ikus hain zuzen]

HAIN ZUZEN (V-gip ap. Etxba Eib), HAIN XUXEN (H). Precisamente, justamente. "Aiñ zuzen, zeuk diñozu esan gura netsuna" Etxba Eib.

Tr. Documentado desde mediados del s. XIX; su frecuencia crece en el XX, en especial en la segunda mitad. Los autores septentrionales utilizan casi exclusivamente la forma palatalizada hain xuxen, que tbn. emplean los guipuzcoanos Otaegui, Lizardi (ain txuxen) y Lekuona (SClar 117).

Uztarko batez haidorki matrailla hauts ezozu: / haiñ xuxen ferra berriak dakhartzu ere atzetan. Gy 38. Ain xuxen etzegoen basoa urruti. Otag EE 1882c, 510. Bere zitzia zaio / lurrerat erortzen. / Axeria hain xuxen / altxatzeko han zen. Zby RIEV 1908, 759. Hain zuzen, bi hitzez errateko naturala eta surnaturala eta oraino laburkiago hitz batez: apeza. HU Aurp 116. Hain xuxen, bertze anitz bezala, orduan hil zen, sukarra bildurik, Kaskoin pilotari famatu hura. Ib. 162. Ain zuzen, beren aterpetik urten da, orduantxe eioan Anjel be kale batetik besterako malletan gora. Ag Kr 102. Aiñ zuzen orduantxe zegoan Pedro Anton zarra belarra ebakitzen muno baten egian. Ag G 112. Haritz-xilotik gal zitekela ere behi bat, nork erranen zuen sekulan? Eta hain xuxen, Katzo, gure behirik ederrena! Barb Sup 76. Hain xuxen ardu harek zian ezari kapitanaren papua epel epela. Const 33. Orregatik, ain zuzen, errege yuduek gorroto artu zioten. Or Mi 134. Hobe ginuken, gaua ereman baginu Zarauzen berean. Hain xuxen, bada hotel bat hauta, legartzari dagona. JE Ber 79. Hain xuxen presondegian baziren erregearen tropetako bi aintzindari. Zerb IxtS 26. Ta, zer da, ain zuzen, nere adimentuak arroki eskatzen duena? Txill Let 135. Beartu egin bear dituzu, ta ain zuzen zigorraz. Zait Plat 140. Etxera sartu diranak, ez dira ain zuzen eskekoak, billa datozanak baiño. Erkiag BatB 141. Zure kontsulgoan ain zuzen, Poliu, deduzko mende onek asiera duke. Ibiñ Virgil 42. Emen diagu puska baterako [...]. Oraintxe ain zuzen, Gabon-jaiak ondatzeko. NEtx LBB 72. Bainan horra nun hain xuxen heldu zaion Nafarratik berak asmatzen etzuen berria. Ardoy SFran 108. Santa Ana biaramona gaiñera ain zuzen; egun señalea. Uzt Sas 347. Herri batez izanen da solasa. Hain xuxen, Santa Grazi, Basabürü Ibar-exkerrekoaz. Lf in Casve SGrazi 15. Hor baitute hain zuzen hizkuntza-sailean falta zaien indarra. MIH 120.

Aranz 209. Mde Pr 154. Basarri 5. Vill Jaink 32. Salav 100. Gazt MusIx 61. Etxba Ibilt 461. Lab SuEm 186. Hain xuxen: StPierre 22. Etcham 204.

ere). Tr. Documentado desde comienzos del s. XX en textos meridionales, y en Mirande y Xalbador.

Isabel, ain zuzen ere, zure eskutitza iritsi zanean [...] Lasartera joana zan. A Ardi 9. Ain zuzen-be, egun atantxe sartu zan bertan portuan, auzietako Englandar ontzia. Echta Jos 146. Ain zuzen ere, noren mendean egon Santa Cruz eta Ernialden musu-uts utzi zun batalloiaren beraren mendean. Or SCruz 45. Ain zuzen be, Bertoldinen ama une atan etorren urittik. Otx 156. Zer esango dut? Aita, gaizka nazazu ordu onetatik? Baña ain zuzen ere, ortarako etorri naiz ordu onetara. Ir YKBiz 425. Eleizaldek lan ori ain txuxen ere Europako guda (edo gerra) aundia baño leentxeago idatzi zun. Ldi IL 161. Buruko argiaren jabe gara, ta ain zuzen be beste abere guztiakandik, geure buruko argi orrek berezten gaitu. Eguzk GizAuz 26. Ain zuzen ere orretxegatik mintzatu natzaizu. Etxde AlosT 64. Euskaldun guztiz gehienek jadanik badute hizkera komun bat: Erdara, hain zuzen ere. Mde Pr 205. Ain zuzen ere, Atxabal kalean beera etorren Xirdo. Erkiag Arran 80. Ain zuzen ere, bakarrik egoteko etorri naiz Zerubide onetara. Txill Let 21. Eta arrisku orrek bultzatzen omen gaitu gauza bat egitera, zailla eta gaitza denean, eta gaitza delako, ain zuzen ere. Vill Jaink 80s. Ain zuzen ere... emen dator Niko garagardoarekin. NEtx LBB 88. Badirudi aitzitik gaurko edozeinek ontzat hartuko lituzkeen eskabideak direla hain zuzen ere baztertu direnak. MIH 172.

Uzt 88. Zait Sof 14. SMitx Aranz 177. Anab Poli 89. Gazt MusIx 7. Xa Odol 25. Berron Kijote 138. Hain zuzen be: Osk Kurl 114. .

[Euskaltzaindiaren Hiztegia]

[Hain sarreran]

Esaten denari edo erabiltzen den argudioari nolabaiteko indarra emateko, aipatzen dena azpimarratzeko edo biribiltzeko erabiltzen den esapidea. Hori da, hain zuzen, guk nahi genukeena. Eta horixe gertatu zen hain zuzen. Behar bezainbat ezagutzen ez ditugulako hain zuzen. Badirudi aitzitik gaurko edozeinek ontzat hartuko lituzkeen eskabideak direla hain zuzen ere baztertu direnak.

[Elhuyar, Euskal Hiztegi Modernoa]

[1. Hain sarreran]

Aurretik esandako zerbait zehazteko, informazio zehatzagoa edo ulerterrazagoa emateko bereziki, erabiltzen den lokailua. Horixe da, hain zuzen, guk nahi genukeena. Badirudi, aitzitik, gaurko edozeinek ontzat hartuko lituzkeen eskabideak direla, hain zuzen ere, batzar horretan aztertu direnak.

[Euskal Hiztegia]

[1. hain sarreran]

(1852). Esaten denari edo erabiltzen den argudioari nolabaiteko indarra emateko, adierazten dena azpimarratzeko edo biribiltzeko erabiltzen den esapidea. Hori da, hain zuzen, guk nahi genukeena. Eta horixe gertatu zen hain zuzen. Behar bezainbat ezagutzen ez ditugulako hain zuzen. Badirudi aitzitik gaurko edozeinek ontzat hartuko lituzkeen eskabideak direla hain zuzen ere baztertu direnak.

[Lhande]

[XUXEN sarreran]

L.N. -7º p.ext. avec hain: justement, précisément, à point nommé. Uste nuen etxean zela, eta hain xuxen landan zen, je croyais qu’il était à la maison et tout justei l était aux champs

Oharra: Azkueren hiztegian (Diccionario vasco-español-francés) ez dago jasoa hain zuzen (ere) esapidea.

12. aurkibidera joan Posizioa

Atal birformulatzailearen hasieran zein amaieran koka daiteke hain zuzen (ere) 2. eta 3. puntuetako adibide ugarietan ikus dezakegunez. Corpuseko adibideak aztertuaz ematen duen arren sarriago ageri dela atal birformulatzailearen ondoren, estatistika zehatzagoak beharko genituzke kokapen baten eta bestearen maiztasunaz hitz egiteko.

12.1. Birformulazioaren hasieran ageri da (2.2.), (2.5), (2.6), (3.4), (3.7), (3.11) edo (3.24) eta (3.25) adibideetan; baita beste honetan ere:

(12.1)

Gero 1960tik laster, haloperidolak, sintomak erabat desagertarazten zituela frogatu zenetik, Touretteren sindromea (iritzi aldaketa bat-batekoa zela medio) gaixotasun kimikotzat hartu zen; hain zuzen ere, neurotransmisore bat, dopamina, garunean ondo orekatua ez egotearen ondoriozkotzat [ZIO, Antropologo bat Marten, Oliver Sacks / Xabier Olarra (EHU, 2003) Orr.: 92]

(12.2)

Ikusi zuen, bestalde, izarrek, kolapsoraino uzkurtuz gero, bero-kantitate izugarria askatu beharko luketela; hain zuzen, 100 milioi gradu edo gehiago, nukleosintesia deritzon prozesuaren bidez elementu astunagoen sorrera abiarazteko nahikoa [EPD-lib., Ia denaren historia labur bat. Bill Bryson / Ixiar Iza (Elhuyar, 2009) Orr.: 51]

Ohargarria da bai birformulakizuna eta bai atal birformulatzailea perpaus beregainak izanik, birformulazioak argudioa indartzeko, berresteko balioa duenean, atal birformulatzailearen hasieran aurkitu dugula ia beti (ikus 3.3).

12.2. Atal birformulatzailearen ondoren kokatua ikus dezakegu beste adibide hauetan: (2.1.), (2.3.), (2.4), (3.1), (3.2), (3.3), (3.5), (3.6), (3.8), (3.9), (3.10), (3.12) - (3.14) edo (3.18) - (3.23), (3.26) eta (3.27) adibideetan. Atal birformulatzailea luzea izateak ez du eragozten diskurtso-markatzailea amaieran kokatzea:

(12.3)

Kontu Publikoen Euskadiko Auzitegia Eusko Legebiltzarraren menpeko organo gisa konfiguratu da, sektore publikoaren ekonomia -, finantza-eta kontabilitate jarduerak kontrolatzeko erakunde goren gisa, hain zuzen ere [Zuzenbidea, Testu Akademikoak, Administrazio zuzenbidea: atal bereziak, Iñigo Urrutia (UPV/EHU, 2008)]

(12.4)

Ikerketak aurrera egin ahala, ohartu nintzen kasu batean baino ez zituela sarjentuak bere manera onak ahazten, txistu egiten hasteko punturaino: bere gogo lanean erabat murgilduta egon eta bere helburura iristeko egin beharreko bidea urratsez urrats aztertzen ari zenean, hain zuzen [EPD-lib.,, Ilargi-harria, Wilkie Collins / Antton Olano (Elkar-Alberdania, 2008) Orr.: 203]

12.3. Ohikoa ez izan arren, atal birformulatzailea perpaus egiturakoa denean, hain zuzen (ere) koka daiteke aditzaren ondoren (ikus 3.35) edo:

(12.5)

Mapa Logistikoaren bertutea zera zen, laster jabetuko nintzenez: eskura jartzen zigula, hain zuzen ere, pentsamolde berri eta izugarri emankor hari buruzko ideia garbi eta ulerterraz bat [ZIO, Eder behar du, Graham Farmelo / Fernando Morillo (EHU, 2009) Orr.: 78]

(12.6)

Une hau egokia da, beharbada, lehen egin dudan oharra berriro errepikatzeko: zenbakiez ezjakina den irakurleak, oztopo bazaizkio, lasai baztertu ditzakeela liburu honetako pasarte zailak. Hurrengo ataletan, hain zuzen, baliteke halako pasarte bat baino gehiago izatea [ZIO, Zenbakirik gabe bizi, John Allen Paulos / Josu Zabaleta (EHU, 2006) Orr.: 36]

Atal birformulatzaileak birformulakizunarekiko hartzen duen distantziari dagokionez, gehienetan osorik ematen da birformulakizun atala duen perpausa eta ondoren txertatzen da atal birformulatzailea. Hala ikus daiteke (2) puntuko eta (3.1.) edo (3.2) puntuetako adibide gehienetan: (2.1) - (2.6), (3.1) - (3.2), (3.4) -(3.7), (3.9) - (3.13), etab. Bestalde, mintzagai-galdegai egituran, birformulakizuna galdegaia izan ohi da gehienetan (ikus 5. puntua):

(12.7)

Ordurako, nire izkribu eta liburu guztietatik biri ematen nien gehienbat denbora; Nabigaziokoari eta Azeria eta Lehoia zioenari, hain zuzen [EPD-lib., Azeria eta Lehoia, Edorta Jimenez (Txalaparta, 2007) Orr.: 235]

Bi atalak ondoz ondo ere ager daitezke, (3.3.), (3.8), (3.14), (3.19) eta (3.26) adibideetan ikusten dugun moduan. Ohart gaitezen guztietan birformulakizuna mintzagaia dela; ezin ondoriozta daiteke, dena den, birformulakizuna mintzagaia denean bata bestearen jarraian agertzen direla bi atalak. (12.8) adibidean mintzagai hanpatua da birformulakizuna, jaitsierarik handiena, eta, hala ere, aditzaren ondoren kokatu da atal birformulatzailea (hau da, lehen perpausaren ondoren):

(12.8)

Eurostatek emandako datuen arabera, otsailean eraikuntza enpresen ekoizpena %1,8 jaitsi zen eurogunean. 11 herrialdetako enpresek hilabetean izandako bilakaera jakinarazi du estatistika erakundeak. Jaitsierarik handiena Errumaniak izan du, %8,6koa hain zuzen [EPD-prentsa, Eraikuntza enpresen produkzioa %1,8 jaitsi da eurogunean, ERREDAKZIOA (Berria, 2009-04-18)]

13. aurkibidera joan Puntuazioa

Etenaldi artean ageri da gehienetan hain zuzen (ere) diskurtso-markatzailea. Kokagunearen arabera aztertzen badugu puntuazioa:

13.1. Hain zuzen (ere) atal birformulatzailearen aurrean kokatua dagoenean, beti izaten du aurretik eten-markaren bat, dela koma hutsa (ikus 3.17, 3.30), dela puntu eta koma (ikus 2.2, 3.24), dela puntua (3.7, 3.25), eta baita bi puntu ere (2.5), (3.11).

Aurretik puntua azaltzeak ez du esan nahi, nahitaez, perpaus beregainari sarrera ematen diola diskurtso-markatzaileak; izan daiteke birformulakizunari erreferentzia zehatza emango dion perpausetik beherako osagaia ere (3.7), edo mendeko perpausa (3.25).

Ondoren koma izan dezake (3.7) edo inolako etenik ez (3.2).

 

13.2. Hain zuzen (ere) atal birformulatzailearen amaieran doanean koma izan ohi du aurretik: (2.1),  (2.3), (2.4), (3.5.), (3.6), (3.27). Baina inolako etenik gabe ere ager daiteke (3.1) - (3.3), (3.18), (12.7).

13.3.  Erdiko kokagunean, aditz jokatuaren ondoren, ageri den adibide gutxietan, koma artean joan ohi da (12.5), (12.6), (3.35).

14. aurkibidera joan Sintaxia

Modu askotakoak izan daitezke birformulakizunak eta horiei dagozkien atal birformulatzaileak sintaxi-egiturari dagokionez:

a) izen-sintagmak: (2.1), (2.2), (2.4), (3.9) (3.14),

b) postposizio-sintagmak edo adberbio-sintagmak: (2.6), (3.2), (3.3), (3.4), (3.7)

c) perpaus jokatugabeak: (2.3)

d) perpaus osoak ere izan daitezke (ikus 3.3. puntuko adibideak), etab.

Atal birformulatzaileak ere askotariko egitura izan dezake, baina birformulakizuna eta atal birformulatzailea kategoria berekoak izan ohi dira askotan:

a) izen-sintagmak dira (2.4), (3.9), (3.19) edo (3.26)ko atal birformulatzaileak,

b) postposizio-sintagmak (2.6), (3.2), (3.3), (3.7) edo (3.11)koak

c) moduzko perpaus jokatugabea da (2.3)koa,

d) perpaus beregainak (ikus (3.28) - (3.37) adibideak)

Bestelako konbinazioak ere aurki ditzakegu, sintaxi-kategoriari dagokionez,  birformulakizunaren eta atal birformulatzailearen artean:

- izen-sintagma eta izen ardatza isildurik daukan perpaus erlatiboa (2.2) edo (3.16) adibideetan; baina, beti ere biek hartzen dute kasu-marka bera, dela datiboa, dela absolutiboa.

- noiz adierako postposizio-sintagma edo adberbioa eta mendeko perpaus denborazkoa (3.24) edo (3.25) adibideetan, edo ondorengoetan:

(14.1)

Behin bakarrik aldendu zen Einstein erro-errotik bere aurrekoen pentsamendutik: argiaren energiari buruzko ideia berri berebiziko bat plazaratu zuenean, hain zuzen [ZIO, Eder behar du, Graham Farmelo / Fernando Morillo (EHU, 2009) Orr.: 24]

(14.2)

Ikerketak aurrera egin ahala, ohartu nintzen kasu batean baino ez zituela sarjentuak bere manera onak ahazten, txistu egiten hasteko punturaino: bere gogoa lanean erabat murgilduta egon eta bere helburura iristeko egin beharreko bidea urratsez urrats aztertzen ari zenean, hain zuzen [EPD-lib., Ilargi-harria, Wilkie Collins / Antton Olano (Elkar-Alberdania, 2008) Orr.: 185]

- mendeko perpausaren laburbiltzaile den sintagma eta mendeko perpausa (12.5) eta baita (14.3) adibidean ere:

(14.3)

Margaretek uste zuen haien ahotsek ez zutela eraginik Stephenengan, baina nik alderantzizkoa neritzon; hain zuzen ere, erabat hunkitzen zutela [ZIO, Antropologo bat Marten, Oliver Sacks / Xabier Olarra (EHU, 2003) Orr.: 215]

- zehar galdera da birformulakizuna (14.4) adibidean, eta zer esan nahi izan zidan zehazten du zehar galdera egiturako atal birformulatzaileak:

(14.4)

Entzun behar direnak entzuteko, belarri bat eta bera nahikoa! Bada, halaxe jabetu nintzen Antonek zer esan nahi izan zidan. Hain zuzen ere, belarri bik behar zena baino ez ote zuten entzuten, eta ez ote ziren lar, ez ote zen hobe belarri bakarra, entzun behar ez zena ez entzuteko [EPD-lib., Sukar ustelaren urtea, Edorta Jimenez (Txalaparta, 2004) Orr.: 228]

Hain zuzen (ere) diskurtso-markatzailea bera bakarri ageri da ia beti, bai, behintzat diskurtsoko bi atalen arteko harremana zehazten duenean. Baina beste birformulatzaileren bat ere ager daiteke perpaus berean, bakoitza atal birformulatzaile bati dagokiola. (14.5) adibidean, esaterako, bi birformulakizun ditugu - lehenengo satelite artifiziala eta ia 8 kilometro segundoko-. Lehenari izen propio, jakina, ematen zaio birformulazioaren bidez; bigarrenari, aldiz, azalpena, esplikazioa, zenbateko abiadura izango litzatekeen segundoka kontatu ordez orduka kontatuz gero:

(14.5)

Baino, nahiz eta abiadura hauek oso handiak izan, gizakiak abiadura askoz handiagoko aparailuak asmatu ditu. Lehenengo satelite artifiziala, Sputnik izenekoa, hain zuzen, ia 8 kilometro segundoko, hots, 28.000 kilometro orduko baino handiagoko abiaduraz jaurti zen [ZTCorpusa, Abiadurak eta abar, Luis Bandres, (Elhuyar aldizkaria, 1998)]

(14.6) adibidean, berriz, zehaztu egiten da lehenik bestelako itxura birformulakizuna, eta zehaztu ondoren ematen da esplikazioa edo azalpena, zutik izango lukeen itxura da oroimenean gorderik dagoenarekin bat egingo lukeena:

(14.6)

Letra alderantzikatu guztien artetik, buruz beherako bertsioek (180 gradukoak) izan beharko lukete bizkorrenak: aski litzateke “goi” guztien ordez “behe” jartzea eta alderantziz, eta “ezker” guztien ordez “eskuin” eta alderantziz, bestelako itxura deskribatzeko, zutik izango lukeena, hain zuzen, hots, oroimenean gorderik dagoenarekin bat egingo lukeena [EPD lib., Hizkuntza-sena, Stven Pinker/Garikoitz Knörr (EHU, 2010) Orr.: 74]

(14.7) adibidean, berriz, batera ageri dira hau da birformulatzaile esplikatiboa eta hain zuzen ere, birformulakizunean esandakoa esplikatu eta zehaztu, guztia batera egingo balitz bezala:

(14.7)

Lan honetan, Maxwell-ek erreguladorearen ekuazio diferentzialak garatu zituen, oreka-puntuaren inguruan linealizatuz. Era honetan, egonkortasuna ekuazio baten erroei lotuta dagoela frogatu zuen; hau da, aipatutako erroek zati erreal negatiboak izan behar zituztela, hain zuzen ere [ZTCorpusa, Kontroladoreen historia, Julian Florez / Arantza Tapia / Gerardo Tapia, (Elhuyar aldizkaria, 1998)]

Eta juntagailuaren ondoren ager daiteke hain zuzen (ere), baina ez birformulatzaile zehaztaile balioan, baizik aurretik esandako indartzeko, aurretik esandakotik ondoriozta zitezkeena berresteko (ikus 3.3 puntua):

(14.8)

kokaleku liluragarriko eta ia modu miragarrian gordetako erromatar hiri hori Tunisiatik 105 km ingurura dago, hego-mendebaldean, egungo Teboursouk herritxotik hurbil. Erraz babestu zitekeen mendi-mazelako posizio hura, ibar zabal eta biziki emankorrari begira zegoena, hazkunde organikoko finkamendu gisa ezagutu zen antzinatik, eta, hain zuzen, hiri puniko oparo bihurtu zen [EHU, Hiri-formaren historia Industria Iraultza arte, Anthony E.J. Morris (EHU, 2010) 3. kapitulua]

(14.9)

Egitasmo horren aldekoa izan zen, besteak beste, Jokin Zaitegi arrasatearra, Euzko-Gogoa aldizkariaren arduraduna eta, hain zuzen, berak jarri zion izena [EPD-lib., Euskara batua: ezina ekinez egina, Koldo Zuazo (Elkar, 2005) Orr.: 137]

15. aurkibidera joan Maiztasuna

Gaur egun, oso maiz erabiltzen da euskara batuan testu idatzietan bereziki; testu horiek “esateko” direnean, ordea, asko jaisten da maiztasuna. Hala ikus dezakegu ETBko dokumentalen corpusean eta Goenkale corpusean. Hitz batean, gaur egungo euskara estandarrean, bereziki azalpenezko diskurtsoan erabiltzen da hain zuzen (ere) diskurtso-markatzailea. Ondoren ematen ditugun datuak direla eta, hain zuzen formaren azpian sarturik daude ere lokailuz lagundurik ageri den diskurtso-markatzailearenak ere. Bestalde, garrantzitsua da kontuan hartzea datu horietan balio guztiak daudela bilduak: bai hain zuzen (ere) birformulatzailearenak eta bai operadorearenak ere (ikus 18. puntua).

Hain zuzen (Oharra: = 100.000ko)

  agerpenak maiztasuna
(100.000ko)

A1. ZIO corpusa

629

62,90

A2. EHUko eskuliburu itzuliak

1740

31,63

A3a. Zuzenbidea / lege-testuak

814

19,85

A3b. Zuzenbidea / akademikoak

1198

47,92

A4. Pentsamenduaren klasikoak

5848

54,65

B1a. EPD liburuak

2186

21,43

B1b. EPD prentsa

3218

30,64

B2. ZT Corpusa

3185

48,25

C1. ETBko dokumentalak

79

15,80

C2. Goenkale corpusa

494

4,49

Denera

19391

30,97

  agerpenak maiztasuna
(100.000ko)

Jatorrizkoak

8996

25.19

Itzulpenak

10395

38.64

Ondoren ageri direnak, berriz, goiko kopuru eta ehuneko guztietatik hain zuzen ere diskurtso-markatzaileari dagozkionak dira. Corpus motaren arabera aldeak ikusten dira bi formen arteko banaketan: askoz maizago ageri da hain zuzen soila, esaterako, EHUko eskuliburu itzulietan edo EPD-liburuak corpusean, ere lokailuaz lagundurikoa baino. Beste corpus batzuetan, aldiz, ia-ia %50 hartzen du aldaera bakoitzak.

Hain zuzen ere (Oharra: = 100.000ko)

  agerpenak maiztasuna
(100.000ko)

A1. ZIO corpusa

262

26,20

A2. EHUko eskuliburu itzuliak

640

11,63

A3a. Zuzenbidea / lege-testuak

462

11,26

A3b. Zuzenbidea / akademikoak

805

32,20

A4. Pentsamenduaren klasikoak

2369

22,14

B1a. EPD liburuak

867

8,50

B1b. EPD prentsa

1563

14,88

B2. ZT Corpusa

1478

22,39

C1. ETBko dokumentalak

36

7,20

C2. Goenkale corpusa

159

1,44

Denera

8641

13,80

  agerpenak maiztasuna
(100.000ko)

Jatorrizkoak

4363

12.22

Itzulpenak

4278

15.90

16. aurkibidera joan a. Testu Mota
b. Erregistroa (lagunartekoa, zaindua...)
c. Idatzia/ahozkoa

a. Idatziari dagokionez, berriz, alde nabarmenik egon ez arren, maiztasun zerbait handiagoa du itzulpenetan, jatorrizko testuetan baino.

b. Hegoaldeko euskara estandarrean askozaz ere maizago erabiltzen da hizkera zainduan, lagunartekoan baino. Dena dela, badirudi funtsezko bereizketa ez dela erregistroari dagokiona -zaindua/lagunartekoa-, testu- edo diskurtso-motari dagokiona baizik.

17. aurkibidera joan Erdal baliokideak

espainiera

[OEH : HAIN ZUZEN]

Precisamente, justamente

[Elhuyar]

Precisamente, justamente, mismamente

Ohargarria da hiru baliokideak ‘operador informativo’ moduan sailkatzea Fuentesek (2009). Hain zuzen (ere) diskurtso-markatzaileari ere erdal baliokide berak ematen dizkiete hiztegiek.

frantsesa

[Lhande, Elhuyar]

Précisément, justement

ingelesa

[Elhuyar, Morris, Aulestia]

Exactly, precisely; to be exact; precisely, at that very moment

18. aurkibidera joan Ez da diskurtso-markatzaile...

Hain zuzen (ere) aztertu duten autoreen lanetan (Agirre 1991, Larringan 1996, Zabala 1996) eta hiztegietako definizioetan (ikus 11. puntua) ikus daitekeenez, diskurtso-markatzaile honek ez du beti diskurtsoko bi atalen arteko lotura gauzatzen. Askotan enuntziatu bateko atal bat nabarmentzeko, fokua horretan jartzeko baliatzen dugu. Hau da, ‘operadore’ balioa du askotan hain zuzen (ere)k (Martín Zorraquino & Portolés 1999, Garcés Gómez 2008, Fuentes 2009, Alberdi 2011).

Operadore balioa duenean, galdegaia nabarmentzen du ia beti hain zuzen (ere)k eta galdegaiak eta aditzak osatzen duten unitatearen ondokoa du ohiko kokalekua. Bestalde, sarri ikusiko dugu erakuslea galdegaiaren determinatzaile gisa:

(18.1)

Euskalki bateko eta besteko ezaugarriak, inolako neurri eta orekarik gabe nahasteak, anabasa besterik ez zekarren, eta artifizialtasuna izan zen, hain zuzen, Koldo Mitxelenak (1962) eta Luis Villasantek (1963) ikusi zioten akatsa [EPD-lib., Euskara batua: ezina ekinez egina, Koldo Zuazo (Elkar, 2005) Orr.: 137]

(18.2)

Harrapariak ere eboluzionatu egin du, etengabeko arma-lehian sartuz. Horrela, ezaugarri asko, koeboluzio baten ondorio zuzena izaten dira; hau da, izaki talde batek, beste batek jarri dizkion traba eta zailtasunak gainditzearren garaturiko adaptazioak. Ingurumari horretan kokatu behar dugu, hain zuzen, kukuak eta bere ostalariek izan duten eta duten norgehiagoka ebolutiboa [ZTCorpusa, Kukuaren habi-bizkarroitza: norgehiagoka etengabea, Aitor Bengoa (Elhuyar aldizkaria, 1996)]

(18.3)

Normalean, gurasoek beren haurrak zaindu, hazi eta hezteko obligazioak bete egiten dituzte, inork ezer esan gabe; baina, litekeena da aitak edo amak, noizean behin, haurrenganako obligazio horiek behar bezala ez betetzea. Kasu horietarako ezartzen ditu, hain zuzen, Kode Zibilak arauak edo jarraibideak [Zzuzenbidea Testu Akademikoak, Familia Zuzenbidea, Leire Imaz (UPV/EHU, 2009)]

Aurretik esandakoa edo ondoren datorrena biltzen duen erakusle indartua nabarmentzen du maiz hain zuzen (ere)k operadore balioan (Larringan 1996):

(18.4)

Mikrobiologia ikasten duen ororen helburua ez da mikrobiologo bilakatzea noski, baina denok jakin behar genuke zerbait “mikrobiologia-egitateei” buruz; horiexek dira, hain zuzen, beren kontzeptu lagungarriekin batera, liburu hau irakurri ahala ikasiko dituzunak ,[EHU, Mikroorganismoen biologia, Michael T. Madigan et al. (EHU, 2007) 1. kapitulua]

(18.5)

Euskalki guztien artetik eredu jakin bat aukeratzea, eta eredu hori zehatz arautzea eskatu zuen aldakuntza giroak, eta 1968an plazaratutako euskara batua izan zen ahaleginaren ondorioa. Horixe da, hain zuzen, saio honen muina eta mamia: euskara batura iristeko ibili den bide luzea azaltzea [EPD-lib., Euskara batua: ezina ekinez egina, Koldo Zuazo (Elkar, 2005) Orr.: 12]

Kausazko perpausa bada nabarmentzen dena, perpausaren ondo-ondoan ezar daiteke hain zuzen (ere)

(18.6)

Besterik nahi izanez gero ere, ordea, dukesa ezin egon zitekeen gorte hartan ugari ziren txepelen bat mindu gabe. Horretan batere iaioa ez zelako, hain zuzen, zioten higuina kortesano arruntek dukesari [EPD-lib., Parmako kartusia, Stendhal / Jon Muñoz (Elkar-Alberdania, 2007) Orr.: 208]

Hain ohikoa ez izanik ere, aurki daiteke nabarmentzen duen galdegaiaren aurretik, batez ere galdegaiak -(e)lako kausazko perpausaren egitura duenean (aurretik esan denaren zergatia horixe dela nabarmentzeko), baina baita erakusle indartu baten aurretik ere

(18.7)

Oraindik ontzat hartzen da erromatarren aurreko finkamendurik ez zela izan, hain zuzen, Tamesis tribu-gune ezarrien alboan igarotzen zelako [EHU, Hiri-formaren historia Industria Iraultza arte, Anthony E.J. Morris (EHU, 2010) 3. Kapitulua]

(18.8)

Ni sorkuntza faseaz ari naiz, eta fase hori oso garrantzitsua da zeren eta, batzuetan, gurea dena baztertu ohi dugu, hau da, gure baitan daukagun gauzarik propio eta interesgarriena, hain zuzen ere, ez delako besteen sailkapenetan sartzen [EPD-lib., Zortzi unibertso, zortzi idazle, Ana Urkiza (Alberdania, 2006), Orr.: 91

(18.9)

Bazekien Odette ikaratu egingo zela, erantzungo ziola, eta espero ere bai ezen, bera galtzeko beldurrak haren arimari pairaraziko ziòn durduzamenduaren eraginez, artean berari inoiz esan gabeko hainbat hitz jalgiko zitzaizkiola; eta, hain zuzen ere, halaxe eskuratu zituen Swannek Odettek berari inoiz idatzitako gutunik goxoenak [EPD-lib., Denbora galduaren bila I. Swann-etik, Marcel Proust/Joxe Austin Arrieta,( Alberdania-Elkar, 2010), Orr.:312]

Eta edo baina lokailuen ondoren ager daiteke operadore balioan:

(18.10)

Hizkera eta hiztun guztien bilgune izateak denen ondasunak jasotzen ahalegintzea dakar. Ez hizkera guztien ondasun guztiak, jakina, ezinezkoa delako hori, baina bai, behinik behin, eremu zabaletan eta antzinatik erabiltzen direnak. Eta, hain zuzen, horixe egin zuen Euskaltzaindiak deklinabidea arautzerakoan [EPD-lib., Euskara batua: ezina ekinez egina, Koldo Zuazo (Elkar, 2005) Orr.: 177]

(18.11)

Eskaria euskara elkarteen Topagunetik jaso nuen, Manuel Morenoren eskutik, eta ezin uka hasieran nahasi sentitu nintzela, eta noragabe, baina hain zuzen ere ezintasun horrek are gehiago motibatu ninduela baiezkoa ematera [EPD-lib., Mundua lo dagoen bitartean, Patxi Zubizarreta (Txalaparta, 2008) Orr.: 137]

Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus